Alberto Durero: Städel Museum-en Bildumako grabatuak
Nemesis (Fortuna handia)
Iruzkinak
Sarrera
- Izenburua:
- Sarrera
- Erakusketa:
- Alberto Durero: Städel Museum-en Bildumako grabatuak
- Gaiak:
- Artea eta erlijioa | Ibilbide artistikoa | Lan intelektuala | Sorkuntza artistikoa | Erretratua eta autorretratua | Ingurunea eta natura | Alemania
- Mugimendu artistikoak:
- Errenazimentua
- Teknikak:
- Estanpazioa
- Artelan motak:
- Grabatua
- Aipatutako artistak:
- Durero, Alberto
Alberto Durero Europa iparraldeko aurreneko ‘gizon errenazentistatzat’ hartu izan dute. 1471n jaioa, pintore eta grabatugile bikaina izan zen eta bere jaioterrian, Nurenbergen, fama handiko tailerra zabaldu eta zuzendu zuen. Hegoaldera bidaiatu zuen lehenengo ipar artista izan zen Durero. Hala, Veneziara joan zen bertako giro artistikoan murgiltzera. Gizon intelektuala zen: teoria konplexuak aztertu eta frogatu zituen giza proportzio idealen, perspektibaren eta matematikaren inguruan. Era berean, kristau sinesmen handiko Humanista ere zen. Durero artisau xumea zen hasieran, baina 1528an hil zenean, urteak gaixo egon ondoren, Europa osoan zen ezaguna.
Erakusketa honetan, Dureroren grabatu gailenetako batzuk ikusi ahal izango dituzu, batzuk zur gainean eginak, harialderako grabatuak deitzen direnak, eta besteak metal gainean, normalean kobre gainean, eginak. Erakusgai dauden estanpen artean maisu handi honen grabatu nagusiak, serie erlijioso monumentalak, erretratuak eta animalien irudikapenak ikusi ahal izango dituzu. Eta, teknika monokromoa erabilita ere, hark lortzen zituen argi-itzalen efektu zoragarriak aztertu ahal izango dituzu. Gainera, natura eta paisaia bizkor baina xehetasun guztiak jasoz behatu ondoren, bere obran nola integratzen zituen ikusteko aukera izango duzu bertan.
Durerok aholku hau eman zien bere lankide artistei:
“ez abiatu naturatik nolanahi, zeuk onena aurkituko duzula imajinatuz, horrek engainatu egingo baitzaitu. Artea (hau da, ezagutza) sakon-sakonean dago naturan sartuta; bertatik erauz dezakeenak jasoko du, beraz”.
Bere trebetasun tekniko apartaz gainera, bere garaiko arazo intelektual nagusietako batzuei irtenbide ematen saiatu zen modua ere antzemango duzu lan hauetan. Hala, gai ezagunak berriro interpretatu zituen artearen bidez, eta beste berri batzuk arakatu zituen, ikusleengan oraindik ere zirrara handia eragiten duen artea sortzeko.
Orokorrean, erakusketak Dureroren grabatuak sortutako orden kronologikoan aurkezten ditu. Gainera, 303. aretoan heziketa-gune bat aurkituko duzu. Erakusketa hau osatzeko sortua izan da eta Errenazimentuko ideia eta alderdi nagusiak eta horiek Alberto Dureroren obran izan zuten eragina edo erantzuna ezagutzen laguntzea du helburu.
Erakusketa honekin gozatuko duzulakoan gaude, Frankfurteko Städel Museum-eko bilduma bikainean jasota dauden lan hauek ikusteko aukera izango baituzu bertan.