Alberto Durero: Städel Museum-en Bildumako grabatuak
Amildegiaren giltza zuen aingerua [Apokalipsia seriea]
Adam eta Eva (Jatorrizko Bekatua)
Iruzkinak
Herkules bidegurutzean (Bertutea eta Gozamenaren arteko borroka Herkules aurrean dela)
- Izenburua:
- Herkules bidegurutzean (Bertutea eta Gozamenaren arteko borroka Herkules aurrean dela)
- Erakusketa:
- Alberto Durero: Städel Museum-en Bildumako grabatuak
- Gaiak:
- Artea eta mitologia | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Sinbologia | Morala | Italia
- Mugimendu artistikoak:
- Errenazimentua
- Artelan motak:
- Grabatua
- Aipatutako artistak:
- Durero, Alberto
Grabatu hau 1498an egin zuen Durero-k. Gai klasiko bat hartzen du, eta emandako tratamendua artistak Italian bizitako esperientziari zor zaio neurri handi batean. Ezkerraldean agertzen den emakume etzana, adibidez, Andrea Mantegna-ren Itsas jainkoen gudua grabatuan, Durerok mirespen handia zion obran, agertzen den irudi batean dago inspiratuta. Hemen irudikatutako istorioak Herkules heroi gazteak bizitako bidegurutze morala aditzera ematen digu. Elkarraldi sinbolikoa izan du oso desberdinak diren bi emakumerekin. Bata xumea, langilea eta zintzoa da. Eta segurua, bihozbera eta atseginzalea bestea. Herkulesi beren bidetik jarraitzea konbentzitzen saiatzen ari dira eta, beraz, bertutearen eta gozamenaren artean erabaki beharrean dago. Hemen, zutik dagoen Diana jainkosa prestuak eta soilak sinbolizatzen du Bertutea. Gozamena, berriz, ninfa sentsual baten irudi etzanak sinbolizatzen du, satiro lizun bat ondoan duela. Gai honen irudikapenetan ohikoa ez den zerbait antzematen da, gatazkak borrokaldi fisiko baten itxura hartzen duelako. Kondairak dioenez, Herkulesek bertutea aukeratu zuen. Dureroren grabatu honetan, heroiaren jarreran aditzera ematen zaigu haren izaera gerraria, sustraiak agerian dituen zuhaitz enbor mehe batekin borrokarako prest, eta buruan kasko apain-apain bat daramala.
Vasari-k, artisten aurrenetako biografo italiarrak, goretsi egin zuen obra hau. Hauxe zioen:
“Maisutasun handiz grabatua dago; Diana, satiro baten magalean eserita dagoen ninfa bati erasoka ari zaio. Teknika honekin lor daitekeen goreneko perfekzio maila erakusten du”.