Ikurrak eta objektuak. Guggenheim Bildumako Pop artea
Lucia HierroDenetarik apur bat, 2017–21
Josephine MeckseperAfrikan Spir, 2011
Iruzkinak
Roy LichtensteinIspilu-hormadun barrualdea (Interior with Mirrored Wall), 1991
- Izenburua:
- Roy LichtensteinIspilu-hormadun barrualdea (Interior with Mirrored Wall), 1991
- Erakusketa:
- Ikurrak eta objektuak. Guggenheim Bildumako Pop artea
- Gaiak:
- Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Konposizioa | Publizitatea | AEB | Komikia | Ironia | Pertzepzioa | Herri-kultura | Masa-kultura | Ispiluak | Zinema | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Pop Artea
- Aipatutako artistak:
- Lichtenstein, Roy
Ispilu-hormadun barrualdea Roy Lichtensteinen azken lanetako bat da, eta artistaren beste pieza batzuei egindako keinu sotilak biltzen ditu. Erreferentzia horiek barnealdeko horman ageri dira komikiak berezkoak dituen zenbait baliabideren bidez, besteak beste inprimaketa-bilbearen puntuen bidez irudikatuta. Puntu horiexek dira Lichtensteinen lanaren marka bereizgarria: formatu handiko pinturetan berrinterpretatzen ditu komikien lengoaia eta irudiak, eta, hala, kultura herrikoiaren esparrua txertatzen du ingurune tradizional batean. Hirurogeiko hamarkadan, inprimaketa industrial merkean erabili ohi ziren Ben-Day edo inprimaketa-bilbearen puntuen imitazioa errezeloz hartzen zen zirkuitu artistikoan. Hala ere, Lichtensteinek oso goiz egin zuen arte komertziala babestearen aldeko apustua, disimulurik eta aurreiritzirik gabe, eta aprobetxatu egin zuen diseinu industrialak eta halako diziplinek ekar zezaketena. Haren ekimena bat zetorren Pop arteak publizitatearen eta kultura herrikoiaren unibertsoa legitimatzeko zuen borondatearekin. Hain zuzen ere, Ispilu-hormadun barrualdea lana etxe-barruko paisaien sail batekoa da, egileak aurkitu zituen telefono-gidetan agertzen ziren iragarkietan inspiraturik sortua. Elementu formalek —hala nola kolore primarioen uniformetasunak eta eguneroko bizitzako objektu arruntez osatutako konposizioaren lerro sinpleek— areagotu egiten zuten banan-banan beharrean masan sortutako obra izatearen sentsazioa.
Irudi horien tankera hutsala gorabehera, Lichtensteinek izugarri gustuko zuen ispiluekin jolastea, eta oso gogoko zuen, baita ere, objektu enigmatiko horiek irudikapenean eragin dezaketen paradoxa. Azken hori oso loturik dago mendebaldeko arte figuratiboan behin eta berriz errepikatzen den gai batekin: trompe l’œil deritzonarekin, hain justu. Lichtenstein ezaguna da, orobat, bere lanek izan ohi duten parodia-kutsuagatik eta kontsumo-gizarteari ironikoki begiratzeagatik. Sortzaile-belaunaldi horren aurretik, inoiz ez zen planteatu komikietako, marrazki bizidunetako edo ohiko aldizkarietako pertsonaiak modu ludikoan sartzerik pinturan edo artearen bestelako korronte tradizionaletan. Lichtensteinen lanak dezenteko polemika piztu zuen. Halako perfekzio-maila lortu zuen pintatzeko prozesuan akabera mekanikoaren ilusioa birsortzen, ezen publikoak zalantza egiten baitzuen haren lana ez ote zen izango beste batzuek egindakoaren erreprodukzio hutsa.