Edukira zuzenean joan

Martha Jungwirth

Titulurik gabea, Indesit sailekoa, 1976

Info gehiago

Iruzkinak

Sarrera

Ongi etorri Martha Jungwirthen artelan-erakusketa honetara. Erakustaldia Guggenheim Bilbao Museoak antolatua da, Occident etxearen babesarekin. Sortzaile austriarrak mundu fisikoan errotutako lengoaia abstraktu berezia erabiltzen du, eta haren margolan adierazkorrek eta keinuan oinarritutako estilo piktorikoak figura garrantzitsu bihurtu dute arte garaikidearen baitan.

Jungwirth 1940an jaio zen Vienan, eta han jarraitzen du bizitzen eta lanean. Vienako Arte Aplikatuen Unibertsitatean ikasi zuen, eta behin ikasketak amaituta, 1968an, emakumezko bakarra izan zen artista gaztez osaturiko Wirklichkeiten —Errealitateak, alemanieraz— izeneko talde heterogeneoan. Jungwirthek inoiz ez du onartu publikoaren itxaropenen, moden edo unean uneko joeren eraginez bere lana mugatzerik. Agian horrexegatik artearen munduak ez du oso aintzakotzat hartu hamarkada luzez, joan den mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdeaz geroztik, alegia; agian horrexegatik parte hartu izan du erakusketa gutxi batzuetan bakarrik. Dena den, egoera hori abantaila bihurtu zitzaion azkenean; izan ere, etengabe aldatuz doazen joera artistikoen presiorik gabe garatu ahal izan du bere sormen-ibilbide berezia.

Jungwirthen artea ikerketan oinarrituta dago; zehatz-mehatz aztertzen ditu animaliak, giza forma, paisaiak, artearen historia, mitologia eta bidaiak. Artistak nahiago du paper marroia edo kartoia bezalako euskarriekin lan egitea, aldez aurretik beste bizitza bat izan dutela ematen baitu. Jungwirthi interesgarriagoa iruditzen zaio errealitatea islatzea hura erreproduzitzea baino, eta, bere lanean, uztarturik ageri dira espontaneotasun intuitiboa eta trebezia artistikoa: margotzerakoan, keinua, forma, lerroa eta kolorea dira haren ardura nagusiak. Etengabe esperimentatzen du, eta lanaren emaitza zabalik egoten da prozesu osoan.

Erakusketa honetan, 1970eko hamarkadaren erdialdeko lanak izango dituzue ikusgai, Indesit saileko marrazkiak barne;  azken horietan, zenbait etxetresna elektrikoren formak eta barne-egitura arakatu zituen Jungwirthek. Ikusgai izango dituzue, orobat, haren hainbat akuarela, besteak beste, Kanbodian, Yemenen eta Grezian eginiko bidaietan inspiratutako erretratuak eta koadroak. Artistaren piezarik berrienetako batzuk ere ikusi ahalko dituzue erakusketan, hala nola COVID-19aren pandemia garaian sortu zuen animalia-saileko olio-pintura monumentalak, bai eta beste maisu batzuen sorkuntzetan oinarritutako lanak ere, bereziki Goyaren eta Maneten obretan inspiratuak.

EDP Fundazioak babesturiko DIDAKTIKA atalean Jungwirthen sormen prozesuari buruzko informazio osagarria topatuko duzu: artistak lanerako erabiltzen dituen materialak, hamarkadetan zehar izan duen bilakaera artistikoari buruzko azalpenak eta haren lanak artearen historiako maisu handien keinu- eta kolore-ezaugarriekiko dituzten antzekotasunen inguruko hausnarketak.

BESTE ATALAK

Sarrera

Martha Jungwirth, Iruzkina, 2024

Info gehiago

Titulurik gabea, Indesit sailekoa, 1976

Martha Jungwirth, Iruzkina, 2024

Info gehiago

Wanke andrearen erretratua, 1986

Martha Jungwirth, Iruzkina, 2024

Info gehiago

Titulurik gabea, Diru-bilketa sailekoa, 2014

Martha Jungwirth, Iruzkina, 2024

Info gehiago

Titulurik gabea, Nausikaa sailekoa, 2001

Martha Jungwirth, Iruzkina, 2024

Info gehiago

Laurden hutsa, Yemen sailekoa, 2005

Martha Jungwirth, Iruzkina, 2024

Info gehiago

Bihotza bor-bor, Kanbodia sailekoa, 2006

Martha Jungwirth, Iruzkina, 2024

Info gehiago

Titulurik gabea, Spittelauer Lände sailekoa, 1993

Martha Jungwirth, Iruzkina, 2024

Info gehiago

Titulurik gabea, Australidelphia sailekoa, 2020

Martha Jungwirth, Iruzkina, 2024

Info gehiago

Armada handia, 2021

Martha Jungwirth, Iruzkina, 2024

Info gehiago

Tximua, 2021

Martha Jungwirth, Iruzkina, 2024

Info gehiago

Titulurik gabea, Australidelphia sailekoa , 2020

Martha Jungwirth, Iruzkina, 2024

Info gehiago

Titulurik gabea, Francisco de Goya, Sorginen hegaldia sailekoa, 2022

Martha Jungwirth, Iruzkina, 2024

Info gehiago

Titulurik gabea, Francisco de Goya, Txakurra sailekoa, 2022

Martha Jungwirth, Iruzkina, 2024

Info gehiago