Edukira zuzenean joan

Chagall. Urte erabakigarriak, 1911−1919

katalogoa

Hitzaurrea

Josef Helfenstein

Izenburua:
Hitzaurrea
Egilea:
Josef Helfenstein
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao Museoa; La Fábrica, 2018
Neurriak:
23 x 28 cm
Orrialdeak:
133 or.
ISBN:
978-84-17048-76-1
Lege gordailua:
BI-978-2018
Erakusketa:
Chagall. Urte erabakigarriak, 1911−1919
Gaiak:
Artea. Merkatua | Kunstmuseum Basel | Sionismoa | Basilea | Solomon Yudovin
Artelan motak:
Pintura

Noizean behin, museoen eta artisten artean sortzen diren loturak haien obra ikusgai jartzetik edo eskuratzetik harago doaz. Eta bizirik dauden artistekin izaten diren harreman adiskidetsu horiek, hain zuzen ere, ematen diete museoei hazteko aukera. Hala, horren erakusgarri dugu Marc Chagallek eta Basileako Kunstmuseum Basel-ek izan zuten elkarren arteko harremana. Adiskidetasun haren sorburua Chagallen obrarekiko Georg Schmidt-ek erakutsitako interesean eta konpromisoan aurkituko dugu, Schmidt Öffentliche Kunstsammlung Basel-eko zuzendari izan baino askoz ere lehenago. Izan ere, Schmidti interes handia eragin zioten Chagallen obrek arte-kritikari zen aldian Basler Nationalzeitung-en (1921etik 1938ra) eta baita abangoardiako artearen arduradun zenean ere Kunsthalle Basel-en. 1939an Schmidtek Kunstmuseum Basel-eko zuzendari kargua hartu eta handik gutxira, Alemaniatik etorritako arte degeneratua zeritzana eskuratzeko interes nabarmena erakutsi zuen. Chagallen Tabako-hautsa hartzen (Errabinoa) (1923–26) pintura izan zen eskuraketa adierazgarrienetako bat, enkante batean erosia Fischer galerian, 1939ko ekainaren 30ean. Schmidt museoko buru izan zen garaian, Öffentliche Kunstsammlung Basel-eko babesle nagusietako bat Richard Doetsch-Benziger zen1. Hala, haren babes finantzarioari esker eskuratu ahal izan zituen museoak Chagallen bi pintura: Abere-tratularia (1912), 1948an, eta Nire andregaia eskularru beltzekin (1909), 1950ean.

Schmidtek eta Chagallek elkarrekin trukatu izan zituzten gutunak dira bata besteari zioten estimu handiaren testigantza. Museoko artxiboetan, material ugari dago bilduta erakundearen eta artistaren arteko harreman estu haren erakusgarri, eta bat dago bereziki nabarmendu beharko litzatekeena: 1957ko urtarrilaren 23an datatutako eskutitz batean, Chagallek lehenik eskerrak ematen dizkio Georg Schmidti urte hartan bertan Kunsthalle Bern-en erakusketa bat taxutzen lagundu izanagatik. Eta jarraitzen du esanez, “Je voudrais bien meriter [sic] toute cette sympathie mais de plus en plus je doute en mon art. Cependant j’espère encore pouvoir le meriter [sic].” (Nahiko nuke maitasun hori guztia merezi izatea; gero eta gehiago duda egiten dut nire arteaz, ordea. Hala ere, halakorik merezi izatea espero dut oraindik.) Dokumentu horrek agerian uzten du bi gizon haiek elkarri erakutsi zieten konfiantza eta begirune handia, hala iraungo zuelarik haien bizialdi osoan zehar. 1959ko idatzi batean, Georg Schmidtek zeharka erantzun zion, “gure mendeari opari”2 deitu zionean Chagallen obrari. Schmidtek bereziki miresten zuen artistak betidanik erakutsi izan zuen lotura estua txikitan eta gaztaroan bizitako Errusiako herrixka juduetako landa-bizitzarekin eta familia giro erlijiosoarekin, artistaren obra goiztiarreko gaien oinarri.

Schmidten ondorengoak, Franz Meyer-ek, Chagallekin izan zuen harremana are eta zuzenagoa izan zen oraindik, baita konplexuagoa ere. 1952an Chagallen alaba bakar Idarekin ezkondu zen Meyer, eta 1962an Öffentliche Kunstsammlung Basel-eko zuzendari egin zutenean, Chagalli buruz ordura arte idatzi izan zen monografiarik zabalena argitaratu berri zuen3. Suitzako arte-bilduma nagusienaren zuzendari izendatu zutenean, Meyerrek finkatuta zituen jadanik monografia horretan etorkizunean Chagallen obran sakonduko zuten azterlan akademikoentzako oinarriak, kontuan izanik gainera Meyerrek beste inork baino hobeto ezagutzen zuela gertuko harremana zutelako. Dena den, adierazi beharra dago hamarkada batzuk geroago ere (eta izan ere gaurdaino) nekez sailka zitekeela Chagall gerra aurreko mugimendu abangoardisten barruan4.

Oso pozgarria da guretzat erakusketa-proiektu honen bidez museoak eutsi ahal izatea Marc Chagallekin izandako sakoneko harreman horri. Hala, Kunstmuseum Basel-eko eta Im Obersteg Fundazioko bildumetako kalitate handiko pintura-multzo paregabea da erakusketa honen oinarria. Karl Im Obersteg, Georg Schmidtekin batera, Chagallek Basilean izandako hasierako jarraitzaile handienetako bat izan zen, eta Kunstmuseum-ek, nahiz eta artistaren bilduma bikain baten jabe izan, ezingo luke aurkeztu haren obra goiztiarraren munduko aurkezpen garrantzitsuenetako bat Im Oberstegen etorkizun senagatik eta artea biltzeko zaletasun izugarriagatik izan ez balitz5. Eta baliteke batek baino gehiagok ez jakitea Chagallen obra ugari bilduma pribatuetan daudela, Basilean. Gainera, mundu osoko bilduma publiko eta pribatuetako maileguen hautaketa batekin osatu eta islatu nahi izan da artista honen lanak biltzeko zaletasun nabarmen hori.

Paris, 1911

Chagallek nazioartean izandako lorpen handien urteetan oinarritzen da erakusketa, haren bizilekuak Paris eta Vitebsk zirenean—bi hiriak ezin desberdinagoak izan, baina biak bilakatu ziren ikono Chagallen obran. 1911n, baliabiderik ez zuela, Parisera joan zen babesle errusiar batek emandako beka bati esker. Artearen abangoardiaren gune nagusian igarotako hurrengo hiru urteak estimulu erabakigarria izan ziren bere pinturaren eta bere ikusmolde artistikoaren garapenerako. Basileako bildumako funtsezko obretako bat, Abere-tratularia, izan zen gailendu zen aurreneko obra, Chagallek bere jaioterri Bielorrusiako landa-bizitza eta herrixka judua irudikatu zituen pinturekin eta paper gaineko lanekin batera. Pinturaren arloan, erretratua eta autorretratua ziren Chagallek garai horretan gogokoen zituen bi generoak, eta horien bitartez garatu zuen bere identitate artistikoa korronte abangoardisten testuinguruan (hasiera batean San Petersburgon eta geroago, 1911tik aurrera, Parisen ezagutu zituenak) adierazpide idiosinkratiko bat aurkitu zuen arte.

Hala, bere pinturetan gero eta sarriago elkartuko zituen Errusiako bere oroitzapenak, bere probintziako bizimoduari buruzkoak, eta Pariseko bizitzako pasarteak. Bere obrari Errusiako herri-artearen kutsua dario, baina bertan nabarmenak dira baita ere Pariseko artista aurrerakoietako askoren eraginpean (Pablo Picasso, Robert eta Sonia Delaunay, eta Jacques Lipchitz, besteren artean) egin zituen saio estetiko berriak. Obra horiek barnean dituzten joritasuna eta poesia, kolore-kontraste nabarmenak eta motibo eta gai piktoriko iradokitzaileak direla-medio aditzera emanak, berehala antzeman eta goraipatuko zituzten bere garaikideek (besteren artean, Guillaume Apollinaire, Blaise Cendrars eta Max Jacob) eta geroago surrealistek (André Breton, Philippe Soupault, Paul Éluard eta Max Ernst, besteak beste).

Gerraren hasiera, 1914

Chagallen bizitza ustekabean aldatu zen 1914an. Uda hartan, Herwarth Walden-ek Chagallen obra osoaren lehenengo bakarkako erakusketa antolatu zuen Der Sturm bere galerian. Erakusketa hari esker berehala zabaldu zen artistaren ospea, Parisetik kanpo ere bai. Ondoren Chagall Berlinera joan eta handik Vitebskera itzuli zen, hiru urtez egon ez zen bere sorlekura. Hala, bertan harrapatu zuen ustekabean Lehen Mundu Gerraren hasierak, Parisera itzultzeko zuen asmoa zapuztu zuenak.

1914an, etenik egin gabe sortu zituen Chagallek Basileako Artistaren erretratua eta lehenbiziko aldiz erakusketa honetan batera ikusgai jarritako adineko gizon juduen lau irudiak, sarritan (eta oker) “Lau errabino handi” izenburua jarri izan zaizkienak. Pintura-sail horrek indargune bat adierazten du Chagallen hasierako lanetan, baina baita bere ibilbide osoan zehar ere. Erretratu horietan antzemango dugu noraino ahalegintzen den artista esperientzia pertsonalek elikatutako barne-emozioak eta irtenbide formal berrien bilaketa lana uztartzen, azkenik biak asmamen handiz laburbiltzea lortzeraino.

Chagallek, zortzi urtez Errusiatik irten ezinik, barne-hausnarketa sakon bati ekin zion; horren erakusgarri ditugu 1914az geroztik sortutako pintura eta paper gaineko lan ugariak. Hala, urtebete eman zuen Vitebsken, probintziako giroa bere artean islatzen erabat murgilduta, eta ondoren Bella Rosenfeld-ekin ezkondu zen. 1915ean, bikotea San Petersburgora (garai hartan Petrogrado) joan zen bizitzera. 1916an eta 1917an zenbait erakusketa egin zituen Moskun eta San Petersburgon Errusiako beste artista aurrerakoi batzuekin batera, eta harrezkero, izen handiko bildumagileek hasi ziren bere obrak eskuratzen.

Urriko iraultzaren ondoren, Vitebskera itzuli zen emaztearekin eta alabarekin. 1918an, Arte Komisario izendatu zuten Vitebsken, eta hainbat zeregin administratibotan jardun zuen, arte-eskola bat gauzatzen, besteren artean. San Petersburgon, 1919an, Chagallen obrak lehen lekua hartu zuen Arte Iraultzailearen I. Estatuko Erakusketan —artistak Errusian lortu izandako arrakastarik handiena gaur arte—. Aldi berean, ordea, erreformaren aldeko erradikalekin (Kazimir Malevichekin eta El Lissitzkyrekin batez ere) Vitebsken sortutako eztabaida ideologikoek baztertu egin zuten Chagall gutxika. Chagallek 1920an utzi zuen hiria eta, azkenik, 1922an irten ahal izan zen Errusiatik.

Solomon Yudovin

Erakusketa honetan, Chagallen lanak argazki batzuekin osatzen dira, oso gutxitan ikusgai jarri izan direnekin, alegia. Argazkiak Chagallen garaikide eta adiskide Solomon Yudovin artistarenak dira. 1912 eta 1914 urte bitartean, Semyon Akimovich An-sky izenez ezagutzen den idazle eta etnografoari lagundu zion hark mendebaldeko Errusiako Inperioan ezarritako herrixka judu ugaritan barrena egindako espedizio batean. Yudovinen argazkiek, luzaroan galdutzat emanak, ikuspegi dokumental bat eskaintzen dute herrixka haietako giroari buruz. Ingurune haiek, Chagallen obran itzal handia utziko zutenak, betiko suntsituta geratu ziren ondorengo urteetako pogromen, gerraren, eta aldaketa ekonomiko eta politikoen eraginez.

Erakusketa hau taxutzen hasi ginenean, gure hasierako asmoa zen Estatu Judu baten sorreraren inguruko era guztietako eztabaidetan Basileak izan zuen garrantzi berezia txertatzea. Erdialdeko Europan gertatutako ezbehar antisemitek eta Ekialdeko Europako pogromek indartu besterik ez zuten egin gutxiengo juduaren ordezkarien aldetik nazio/estatu judu bat eratzeko mundu osoan zehar zabaldutako aldarrikapena. 1897an Basilean egin zen Lehen Kongresu Sionista, eta hiri hura izango zen harrezkero biltzar sonatu haietako askoren elkargunea 1920ko hamarkadako urteak arte. Hala, urte haietan, nazioarteko helmuga diplomatiko nagusietako bat bilakatu zen Basilea, aitzindari juduak (Theodor Herzl, Max Nordau, Martin Buber eta Chaim Weizmann, besteren artean) elkartzen ziren gunea nazioarteko geopolitikan izan den arazo konplexu eta nagusienetako baten inguruan irtenbide bat eztabaidatu eta negoziatzeko, gaur egun ere arazo nagusi izaten jarraitzen duela kontuan hartuta. Dena den, informazio askorik ez dagoenez Chagallek mugimendu sionistarekin izan zuen harremanari buruz, eta Basileako Unibertsitateko gure lankideek gai honi buruzko ikerlan sakon bat argitaratua dutenez, halako gai konplexu bat gure proiektuan ez txertatzea erabaki genuen azkenean.

Eskertza

Asmo handiko gure proiektu hau ezin izango genuke inoiz abian jarri mailegatzaile pribatu eta publiko ugarien babesik jaso izan ez bagenu. Eskerrak eman nahi dizkigu bereziki Meret Meyerri eta Pariseko Comité Marc Chagall-eko bere taldeari, hasieratik eman baitigute adorea proiektu hau aurrera ateratzeko, une oro ezagutza, gogo bizia eta aholkularitza eskainiz. Gainera, Errusiako museoetako gure lankideengandik jaso dugun laguntza eskertu nahi dugu, eta bereziki San Petersburgoko Errusiako Estatu Museoko Evgenia Petrova eta Moskuko Tretyakov Estatu Galeriako Zelfira Tregulova. Bestalde, eskerrik asko Pariseko Centre Georges Pompidou zentroko Bernard Blistène, Brigitte Léal, Jonas Storsve eta Angela Lampehain gure lankideei, eman diguten laguntza eskuzabalagatik. Eta gure esker ona adierazi nahi diegu Zentrum Petersburg Judaica-ri, San Petersburgoko Errusiako Etnografia Museoari eta Erlijioaren Historiako Estatu Museoari, haien bitartez jarri ahal izan baititugu Suitzan lehen aldiz ikusgai Solomon Yudovinen argazkiak. Gainera, eskerrak eman nahi dizkiegu gainerako mailegatzaileei, Europako eta Estatu Batuetako bilduma pribatu eta publikoetakoei. Eta gure eskerrik zintzoena ere Suitzako Jüdisches Museum der Schweiz museo Juduari eta Museum der Kulturen Basel-i, haien bildumetako balio handiko zeremoniazko artearen zenbait pieza bikain Basileako erakusketan ikusgai jarri ahal izatea lortu izanagatik. Katja Guth-ek eta Nadja Guth-Biasini-k ere lagundu gaituzte garrantzi handiko zenbait mailegu eskuratzen. Erakusketa taxutzeko prozesuan gure lankideek Chagallen obrari buruzko ikerlan zientifiko bat egin dute erakusketa honi ekarpen bat egiteko. Hala, ikuspegi berri bat eskaini dute Chagallek erabilitako materialen eta pinturen atzean dagoen lan-prozesuaren gainean. Katalogo honetan azterlan horren aurkikuntzen zati bat besterik aurkeztu ezin bada ere, oso ikuspegi zehatza eskaintzen digute Chagallek obra horiek nola sortu zituen ikusteko. Azterlana gure Zaharberritze arloko Sophie Eichner-ek eta Werner Müller-ek egina da, eta nire eskerrik zintzoena helarazi nahi diet proiektuari egin dioten ekarpen handiagatik.

Bai erakusketa bai katalogoa gauzatu ahal izan badira, hainbat lankide, aditu eta bildumagileen laguntzari esker izan da.

Erakusketaren garapen kontzeptualari dagokionez, erabakigarria izan da Basileako Unibertsitateko irakasle eta ikerlari gazteekin izan ditugun hartu-emanak, uneoro aritu izan baikara harremanetan aztergaiaren inguruko informazioa eta ezagutza trukatzen. Eskerrak eman nahi dizkiegu Simon Baier, Alfred Bodenheimer, Thomas Grob, Bettina Keller-Back, Naomi Lubrich, Henriette Mentha, Olga Osa­dtschy eta Benjamin Schenk-i, elkarrizketa horietan eta katalogoan parte hartu izanagatik. Eta esker on hori luzatu nahi diegu Erik Petry-ri eta Ralph Ubl-i ikuspegi berritzaile bat eskaini duen elkarlan horretan parte hartzeagatik.

Gainera, katalogoa osatzeko, zenbait saiakera gehitu ditugu, Heiko Haumann, Shifra Kuperman, Angela Lampe eta Barbara Schellewald egileenak.

Bettina Keller-Back-ek ardura handiz gainbegiratu zituen erakusketa antolatu aurreko lanak, oraindik Houstonen nintzela proiekturako prestatzen hasi nintzenean, eta geroago ikerlari nagusi gisa eikones NFS Bildkritik-en. Olga Osadtschy 2016ko udazkenaz geroztik aritu da argazki materialaren hautaketaz arduratzen eta gogoz aritu da laguntzen erakusketaren prestaketa-arlo guztietan. Nire eskerrik zintzoenak egin duen lan bikainagatik.

Josef Helfenstein
Zuzendaria, Kunstmuseum Basel

[Itzulpena: Bitez.
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Georg Schmidt, Schriften aus 22 Jahren Museumstätigkeit, Basilea 1964, 189. or. [itzuli]
  2. Georg Schmidt, Umgang mit Kunst. Ausgewählte Schriften 1940–1963, Basilea 1976, 226. or. [itzuli]
  3. Franz Meyer, Marc Chagall. Leben und Werk, Kolonia 1961. [itzuli]
  4. Ikus Gottfried Boehm-ren gibel solas bikaina hemen: Franz Meyer, Testfälle der Kunstgeschichte. Von Odilon Redon bis Bruce Nauman, Ostfildern-Ruit, 2005, 445–46. or. [itzuli]
  5. Karl Im Oberstegi buruz Chagallen obraren bildumagile gisa, ikus Henriette Mentha-ren saiakera katalogo honetan, 101. or. [itzuli]