Edukira zuzenean joan

Chagall. Urte erabakigarriak, 1911−1919

katalogoa

Marc Chagall-en obrak Im Obersteg Bilduman

Henriette Mentha

Izenburua:
Marc Chagall-en obrak Im Obersteg Bilduman
Egilea:
Henriette Mentha
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao Museoa; La Fábrica, 2018
Neurriak:
23 x 28 cm
Orrialdeak:
133 or.
ISBN:
978-84-17048-76-1
Lege gordailua:
BI-978-2018
Erakusketa:
Chagall. Urte erabakigarriak, 1911−1919
Gaiak:
Artea eta erlijioa | Artea eta literatura | Artea. Merkatua | Erretratua eta autorretratua | Judaismoa | Erbestea | Antisemitismoa
Artelan motak:
Pintura

Juduen hiru erretratu famatuak —Judua berdez, Judua gorriz eta Judua zuri-beltzez— eta Artistaren erretratua, guztiak 1914koak, inolako zalantzarik gabe Marc Chagallen obrako lan gorenak dira, baita Basileako Karl Im Obersteg (1883–1969) bildumagile eta garraio-enpresariaren bildumaren baitako nabarmenenak ere. Im Oberstegek 1935–36an eskuratu zituen obra horiek, ondoren birsaldu zituen beste bi pinturarekin batera —Festa-eguna eta Vitebsken gainetik1, 1914koak biak—; lanak jendaurrean aurkeztu eta handik gutxira kritikariek azpimarratu bezala, trilogia bat osatzen dute eta kohesio eta kalitate artistiko nabarmena erakusten dute, baita konplexutasun handia ere gaiari dagokionez.

Im Obersteg Bildumako hiru artelan nagusi horiei, tamaina handiko beste erretratu bikain bat gehitu behar zaie: Judu gorria (1915); Errusiako Estatuaren jabetzakoa da 1919az geroztik, eta Errusiako Estatu Museoan dago orain, San Petersburgon. Lau erretratu monumental horiek lehen aldiz jarri dira elkarrekin batera ikusgai Mendebaldeko erakusketa batean. Chagallen obra 1915etik 1922an Mendebaldera itzuli zen arte egon zen ikusgai Moskun eta San Petersburgon izandako bi erakusketatan; alabaina, baliteke lau erretratuak behin bakarrik egon ziren batera ikusgai, 1916ko apirilean2.

Im Obersteg Bildumako hiru pintura horiek Georg Schmidt arte-kritikariaren laudorioak jaso zituzten, Kunsthalle Basel-eko Chagallen lehenengo atzera begirako erakusketaren aitzakian; 1933ko azaroak 4tik abenduak 3ra izan zen erakusketa, eta orduko hartan Alexandre Kagan-Chabchayk eta artistak berak utzi zituzten maileguan hiru obrak; Schmidt, gerora Kunstmuseum Basel-eko zuzendari izendatuko zutena, instalazioaren diseinuaz arduratu zen orduan, eta hiru erretratuek Chagallen obraren goren unea adierazten dutela zioen: “Baliteke Chagallek inoiz sortutako ahalmen handieneko obrak izatea, indar handiena erakusten dutenak giza adierazpenaren ikuspegitik. Izan ere, errealitatetik zuzenetik irteten diren obrak dira”. Schmidt izan zen beharbada botere politikoen arteko gatazken eraginpean juduek bizi zuten konfrontazioaren errealitate hori aipatzen lehena: “Judutar horiengan agerikoa da zein zen judutarren halabeharra Tsarren Errusian: jazarpena, Ahasverren patua”3. Baliteke arte-kritikariaren iritziak ondoren Im Obersteg bultzatu izana obra horiek erostera, bereziki kontuan izanik bildumagilea izan zela lehena Chagallen obraren erakusketa garrantzitsu hura abian jarri zuena Basilean, tentsio politiko handiko une batean, eta 1911ko Ezkontza4 pintura maileguan utzi zuena ere. 1927an erosi zuen Im Oberstegek friso itxurako konposizio hau, Chagallen Pariseko hasierako garaikoa eta orain Centre Georges Pompidou-ko bilduman dagoena. Kagan-Chabchayen bildumatik eta artistaren jabetzatik zetozen juduen hiru erretratuek eragin nabarmena izan zuten Basileako bildumagilearengan. Hala, 1935ean Ezkontza pintura Judua berdez artelanaren ordez trukatzea adostu zuen Chagallekin. Im Obersteg ohartu zenez, formatu handiko obra koloretsua Judua berdez pinturaren ordez trukatzera eraman zuen arrazoia izan zen tamainaz askoz ere txikiagoa izan arren hobeto geratuko zela bere gela pribatuetan, baita bere bildumako funtsezko beste obra batzuen ondoan ere. Artistari idatzitako gutun batean, “Chagall tipiko bat”5 jabetzan eduki nahi lukeela aipatzen zuen, bere Picassoaren “parez pare” jartzeko6. 1936ko udaldiaren bukaeran, Judua berdez Kagan-Chabchayren bildumako bi erretratuekin batera kokatzeko ustakabeko aukera sortu zen. Alexandre Kagan-Chabchayk aukera eskaini zion Im Oberstegi Chagallen hamar obra erosteko, 1933ko Basileako erakusketarako maileguan utzi izan zituenak. Alexandre, 1922an Europara emigratu eta 1927tik Parisen bizi zena, Moskuko ingeniari, fisikari eta arte-bildumagile Jakob Kagan-Chabchayen (1877–1939)7 anaia zen, zeinak 1915 eta 1917 urte bitartean artistaren obrak erosi izan zituen Moskun arte juduaren museo bat sortzeko asmotan. Baina, Lehen Mundu Gerrak eta Errusiako Iraultzak zapuztu egin zuten proiektu hura. Testuinguru horretan, Kagan-Chabchayk uste izan zuen Chagallen obra arriskuan egon zitekeela Errusian, eta horregatik, 1922an Chagall Parisera itzuli zenean, Jakobek berarekin bidali zituen obrak, Europan zen haren anaia Alexandreren eskuetan utz zitzan.

1934an, Jakobek Odessako Museo Juduari utzi zizkion bere bilduma zabaletik geratzen zitzaizkion obrak; Bigarren Mundu Gerran bonbardaketa batek suntsitu zuen museoa8. Bere jaioterriko arte juduaren babesle eta sustatzaile, Jakob Kagan-Chabchay Chagallen obra biltzen lehenengoetakoa izan zen; izan ere, artistaren 1914ko obra nagusietako batzuen jabe zen. Bere jarduera anitzen artean aipatzekoa da Arte Ederrak bultzatzeko Elkarte Juduaren (Mosku) lehendakaria izan zela, Chagall ere kide aktiboa zen elkartean hain zuzen. Obrak salgai ipini zituenean, Alexandre Kagan-Chabchayk adierazi zuen Chagallen beste obra-multzo batekin batera baino ez zuela salduko Judua zuri-beltzez, bildumako pieza nagusia, jakina9; hala, Karl Im Oberstegek bost pintura erosi, eta juduen lau erretratu nagusietatik hiru eskuratu zituen. Egun batetik bestera, Chagallen bildumagile garrantzitsuenetako bat bilakatu zen10.

Juduen irudikapenak

Garai hartan, Marc Chagall ez zen artista bakarra agure juduen erretratuak sortzen. Motibo hori hedatuta zegoen generoko pintura juduan, besteren artean, Yehuda Penen obran; Chagallek gero eta harreman estuagoa izan zuen harekin gerrak behartuta zortzi urtez Errusian geratu behar izan zuenean. Penen Agurea saski batekin obrarekin batera, Sinagogako elizaina (Der Shammes) izenburuaz ere ezaguna, Rembrandten Judu zahar baten erretratua (Hermitage, San Petersburgo) famatuak ere eragina izan zuen Judua berdez eta Judua gorriz obren konposizio piktorikoan11. Parekotasun batzuk egon arren, Chagallen erretratuak oso bestelakoak dira estetikoki bere aurreko artista haien lanaren aldean, bereziki azken honen irudikapen naturalistekin alderatzen baditugu. Chagallen beraren ekoizpenari dagokionez, artistak gai judutarra landuz lehenago Parisen sortu izan zituen margolanak gogorarazten dituzte erretratu hauek, besteren artean, Judua otoitzean (1912–13, Israelgo Museoa, Jerusalem), Judu zaharra (ca. 1912, Ludwig Museoa, Kolonia) edo Diotenez. Errabinoa (1912, bilduma pribatua) pinturak, guztiak erretratu enigmatikoak, generoko pinturaren tradizioan sustraituak. Diotenez pinturak berebiziko garrantzia zuen Chagallentzat; izan ere, 1923 eta 1926 urte bitartean heldu zion berriro pintura horri eta bigarren bertsio bat margotu zuen, erreprodukzio batean oinarrituta [Tabako-hautsa hartzen (Errabinoa)], orain Kunstmuseum Basel-en dagoena. Kunsthalle Mannheim-en jabetzakoa izan zen erreprodukzio hori 1928 eta 1939 urte bitartean, eta eduki judu esplizitua du; haren halabeharra, beraz, estu lotuta dago Holokaustoaren gertaerekin. Nazionalsozialismoaren goraldiaren ondoren, 1933ko Kulturbolschewistische Bilder (Boltxevismo Kulturalaren Irudiak) erakusketan egon zen obra ikusgai Kunsthalle Mannheim-en. Georg Schmidtek erakusketari buruz Basileako National-Zeitung egunkarirako egin zuen kritikan, 1933ko ekainaren 9an, Chagallen ahalmen handieneko pinturetako bat zela adierazi zuen. Hilabete batzuk geroago, Errabinoa maileguan hartzea lortu zuen Basileako Chagallen atzera begirakorako. 1939ko ekainaren 30ean, Kunstmuseum Basel-erako erosi zuen, artista gailenen zazpi pinturarekin batera, Fischer galeriako “Alemaniako museoetako maisu modernoen pinturak eta eskulturak” enkantean. Rudolf Staechelin eta Karl Im Obersteg, ordurako Chagallen juduen hiru erretratu erosi zituztenak, izan zituen aholkulari erosketa handi hartan.

Judu bizardun baten aurrez aurreko irudi nabarmena, kippa beltz bat eta ile-xerloak (payot) daramatzana, mahai baten inguruan dago eserita, liburu ireki bat ondoan duela, eskuineko eskua aurpegian goratuta, eta ezkerrekoan tabako-hauts kaxa bat duela. Argi dago Sabbath eguneko eszena bat dela, tabako-hautsa hartzea baimentzen den egunean, alegia. Analisi sakonago bat eginez gero, juduaren keinu esplizituagatik eta ikusleari zuzendutako begiradagatik, badirudi lan honek yiddish poeta Jizchok Leib Peretzen Iber a shmek tabek (Tabako-hauts apur batengatik)12 kontakizunari egiten diola aipamen. Lotura are agerikoagoa da, kontuan izanik urte batzuk geroago Chagallek Une prisée de tabac izenburu berria eman ziola obrari, frantses berezi samarra baliatuta. Beraz, irudikatutako gizona istorioaren narratzaile gisa identifikatu liteke; errabino baten istorioa kontatzen du, bere arima arriskatu zuena gizakiaren ahulezia hutsal batengatik: tabako-hautsa. Kontakizun horri aipamen egitean, Chagallek halako hurbilketa ironiko eta urruna erakusten du bere fedearekiko, sinesmendunaren irudia jarduera mundutar batean murgilduta erretratatzean, kontenplaziozko jarduera sakon batean baino. Eszena zeharo iradokitzaileak maisutasunez bateratzen ditu Ekialdeko Europako bere jatorri judu/hasidikoaren irudikapena, eta formaren doitasuna eta kolorearen adierazkortasuna. Gauza bera esan daiteke tamaina naturalean margotu eta mihise osoa hartzen duten 1914ko juduen lau erretratuez; horiek, baina, pauso bat haratago doaz: dimentsio narratiboa alde batera uzten dute, irudi horien monumentaltasuna eta indarra areagotzeko. Chagallen arretagunea aldatu egiten da, bere hasierako konposizioen generoko estilotik “egoera existentzial”13 bat erretratatzera.

Benetako topaketen pinturak

1914az geroztik Vitebsken margotu izan zituen pinturak “dokumentuak”14 bezala deskribatu zituen artistak, bere jaioterrian topatu zuen benetako errealitatearen analisi bat adierazi nahian, Parisen bizi zela ikuspegi urrun eta erromantiko batetik Vitebsken oinarrituta sortu izan zituen obrekin edo testuinguru literario bat zuten horiekin alderatuta. Gerrak eraldatu egin zuen Vitebskeko eguneroko bizitza: errefuxiatuak, eskaleak, soldaduak eta elbarriak ziren kaleetan nagusi. 1914ko Gerra tintazko marrazkiak lotura bisual bat ezartzen du eskale zaharraren irudiaren eta gerraren gai topikoaren artean. Eskale baten irudi zentral bizardunaren atzean, antzara-pausoak ematen ari den soldatu-talde bat ageri da eskuinaldean, eta “Gerra 1914” ezkerraldean idatzita.

Aldi hartan Chagallek egindako eskale zaharren erretratuak bizitza errealean aurrez aurre topatu izan zituen pertsonetan daude oinarrituta. Garai hartan, bere senideak eta andregai Bella Rosenfeld izan ezik, eskaleak eta errabino ibiltariak ziren eskura zituen modelo urrietako batzuk. Beratzat arrotzak zirenez, baliteke horrek eman izana lanerako beharrezkoa zuen distantzia, horren falta baitzuen jaioterrian: Parisen bizi ostean, oso probintziala eta hertsia sentitzen zuen Vitebsk.

Bere memorietan, xehetasun handiz deskribatzen ditu Chagallek topaketa horiek, eta erretratuak nola sortu ziren kontatzen du, artistarentzat obra-multzo horrek zuen garrantziaren erakusgarri15. Slutsk-eko sermoilaria —errabino hasidiko ibiltari bat— bere modeloa izan omen zen Judua berdez pinturako irudi higatua sortu zuenean, eta baita ziurrenik ere Judu gorria pinturan; bere larruazal zimurtua, bizar luzea eta jantziak, buru-estalkia barne, berdintsuak dira bietan.

Chagallek gizon zahar isil, muturbeltz bat bezala ezaugarritu zuen Judua zuri-beltzez margolaneko bere modeloa; txanpon gutxi batzuren truke une labur batez jantzi zuen hark artistaren aitaren otoitz-xala, eta hala, judu fededun duin baten itxura eman zion eskaleari. Gerraren ondorioz Parisen zuen bizileku berrira itzuli ezinik, Chagallek beren sustraietatik erauzi eta egotzitako juduengan topatu zuen bere bizi-esperientziaren oihartzuna, eskubideez gabetuta, ogibidea ateratzeko eskean ibili behar izango zuten juduengan, alegia. Zaku bat daraman eskalearen irudiak bizi-errealitate larri bat islatzen zuen, Errusiako juduen populazioaren gehien­goari eragiten ziona. Motibo hori hainbat modutan ageri da ChagaIlen obran, eta horren erakusgarri dugu 1914ko Vitebsken gainetik pinturan ageri den irudia, etxe gainetan airean esekita zaku bat daramana, Karl Im Oberstegen bildumakoa. Luftmenschak hezurmamitzen ditu irudi horrek, jatorrian yiddishezko literaturatik hartutako metafora16, lan diru-sarrera finkorik gabe, airetik eta airean bizi zen jendearena, oinpean lur finkorik ez dutenena. Luftmenschak diasporako juduen bizi-baldintza latzen sinonimo bilakatu ziren: haien existentziaren oinarri oro erauzi zieten, ondasunak eta lan egiteko eskubidea kenduta.

Izenburuak

Ikerketa akademikoetan, erretratuen izenburuak era askotan ageri ohi dira. “Zahar”, “judu” edo “errabino” izenak, koloreen ezaugarriekin osatuak, edo, Judua zuri-beltzez pinturaren kasuan adibidez, irudia otoitz egiten ari delako ohartarazpenarekin. Gaizki-ulertuak ekar ditzakeen arren eta oso zehatza ez bada ere, “errabino” terminoaren erabilerak —frantsesezko testuetan agertu zen lehen aldiz17— irudiaren edukia eta esanahia azpimarratzen ditu. Artistak berak, halako gaien aurrean axolagabe oro har, inoiz ez zuen izenburu hori erabili.

Erretratu horietatik, Judua zuri-beltzez da beharbada gai erlijioso esplizitu bat izan dezakeena, irudia “errabinotzat” hartzeko arrazoia, alegia. Hala eta guztiz ere, termino hori lau obretan aplikatu izan da, 1920ko Diotenez lanari izenburu berri bat eman izanaren emaitza gisa beharbada, Mendebaldean aurkeztu izan zenean. Urte hartan, Cicerone aldizkariaren otsaileko alean agertu zen obrari buruzko idatzi batean, Theodor Däubler-ek Errabino izena eman zion, eta izenburutzat hartu zen harrezkero; hala, obraren harrera Peretzen kontakizunaren zeharkako aipamenetik aldendu zen, zilegizko erantzuna, aipamen hori Ekialdeko Europan yiddish literatura ezagutzen zuen publikoak bakarrik uler baizezakeen. Mendebaldeko publikoarentzat askoz ere ulergarriagoa zen Errabino izenburua, juduen gaiaren oihartzun zuzena zelako, eta kasu honetan nahiko egokia gainera. Chagallek 1923 eta 1926 urte bitartean margotutako bertsioa ere, orain Kunstmuseum Basel-en dagoena, Kunsthalle Mannheim-en egon zen garaitik —bertako inbentarioan “Rabbiner” izenarekin ageri zen sarrera-erregistroan— izenburu horrekin ezagutzen da, edo horren aldaerekin: Errabinoa (Tabako-hautsa hartzen) edo frantsesez La prisée (rabbin). 1920ko urteen amaiera aldera, terminoa gizon juduen lau erretratuetan (Judua gorriz, Judua berdez, Judua zuri-beltzez eta Judu gorria) aplikatu izan zen zenbaitetan, batzuetan “Large Rabbis” (Errabino handiak) izenez; hortaz, ez da jatorrizko izenburu bat, Mendebaldeko Europan eman zitzaion izenburua baizik eta, izan ere, Chagallen arte monumentala aintzatetsi izanaren emaitza dela esan daiteke.

Chagallen maisulan goiztiarrak

Hasiera-hasierako garaian, mendebaldera heldu baino lehen ere, juduen lau erretratuak Chagallen obra esanguratsuentzat hartu izan ziren, besteren artean. XX. mendearen bukaerako ikuspegitik, pintura horiek are eta hunkigarriago eta zirraragarriago bilakatu ziren, historiak agerian utzi baitzuen juduei gertatutako halabeharraren tragedia latza, 1914an artistak aurreikusi ezin izan zuen dimentsioa, alegia. Chagallek Pariseko abangoardiatik (Kubismoa eta Fauvismoa) jasotako hizkuntza artistikoarekin konbinatu zuen juduen gaia, bere aztergai errealista eta garaikideari esanahi atenporal bat emanez. Hala, ondo asmatu zuen artistak judu haien halabehar tristeari —pogromek lekualdatuta, bizibiderik gabe eta haien existentzia bera arriskuan zela— irudi sinesgarri eta monumental bat ematean.

Izan ere, lekualdatutako milaka juduen ordezko irudi dira eskaleak, etxerik gabeko Israelgo herriarena. Judua zuri-beltzez pinturan nabarmentzen da judutar praktikante bati fede bereko behatzaile batek egindako erretratua dela, nazioarteko korronte artistikoetan ikasitako margolariak hain zuzen. 1925eko Koloniako erakusketan, “erakusketa koroatzen duen loriatzat”18 jo zuten. Hortaz, ez da harritzekoa Chagallek pintura famatu horren zenbait erreprodukzio sortu izana 1920ko urteetan Parisen19.

Hor ditugu: lau eskale zahar eta anonimo, pinturaren espazioa osorik hartzen, jarrera monumental eta handientsu batean. Judua berdez laneko agureak akitua dirudi; eserita dago eskuak elkar lotuta dituela, leialtasuna eta apaltasuna erakutsiz. Argiak sortutako argi-ilunek azpimarratuta, jaka lodiaren tolesek, adabatutako ehun zurrunarekin, bizitasun handiko silueta dramatiko bat itxuratzen dute. Buru izugarriak, pisutsua eta apur bat alboratua, aurpegi berde bat agertzen du, jantziak bezain zimurra; begi bat zabalik du, eta bestea itxita, lo hartzeko zorian denean aurkezten zaigu. Edo gizona une espiritual sotil batean murgilduta ote dago, bere baitara bilduta kanpoko errealitatea hautematen duen artean?

Eserita dagoen lekuan, azpian duen hebreerazko testua interpretazio horren seinale izan daiteke, baita bere espiritualtasunarena ere. Irudiaren gainean zeru ilun mehatxatzaile bat sortzen da, eskalearen aldarte zapaltzaile eta serioaren oihartzun.

Koloreen konbinazioa irreala gertatzen da, horia baliatzean ile, bizar eta eskuineko eskurako.

Hiru eskaleetatik bigarrena ibiltzen irudikatu du artistak. Makila eskuan eta zaku bat erdi hutsik daramatzala egiten du aurrera. Bere atzean, etxe urdin baten fatxada ikus daiteke, leiho eta azulejoekin. Irudi itzelak, pinturaren konposizioaren erdian jarriak, pinturaren goiko eta beheko ertzei eusten die. Beroki beltz monokromatiko batez ageri da bilduta, eta azalera astun baten sentsazioa igortzen du. Zimurrez beteta egon beharrean, bere parekide berdea bezala, aurpegiak gehiago ematen du maskara berde horixka bat, begi adierazkorrak eta aho bat zabalik txertatuta dituena. Atzealdeko gorri-zuri-urdin kolore konbinazioak Frantziako (edo Errusiako?) bandera iradokitzen du; triangelu itxurako azalera zurian mendebaldeko artisten izenak ageri dira, letra larriz, latinez, zirilikoz eta hebreeraz idatzita, Cha­gallen bizileku berriaren Mendebaldeko testuinguru kulturalari aipamen eginez20. Chagallek nahita ez zuen aipatu zerrenda horretan Errusian haren arte-irakasle izandako Yehuda Pen, zeinaren Sinagogako elizaina (Der Shammes) pintura inspirazio-iturria izan baitzen artistarentzat, gaiari dagokionez. Irudian ageri diren gainerako kolore biziei kontrajarrita, eremu zuriak beste mundu bat zehazten du, gizon zahar ibiltaria atzean uzten ari dena, antza. Horrek iradokitzen digu irudia artistaren sinbolo gisa interpretatu daitekeela, gerrak Mendebaldetik egotzia, eta, ihesi doan eskalea bezala, deserrotua izatearen esperientziak markatua. Atzealdearen gorri kolore distiratsuak gerraren errealitate mehatxatzailea aditzera ematen digu, gerra piztu denaren seinale. Eskuineko eskuan berriro ageri den kolore gorriak ukitu irreal bat ematen dio irudiari, ezkerreko eskua, Judua berdez pinturan bezala, zuriz margotuta ageri den bitartean.

Werner Haftmann-ek21 arreta jartzen du garai hartako Chagallen obrak eta Italiako antzinako arteak forma eta konposizio aldetik duten loturaren gainean, lotura hori irudien eta “objektuen pinturetako doitasunean eta sinplizitate arkaikoan” agertzen direlarik. Florentziako Giotto di Bondone pintorea ere ageri da Chagallen artista ohoratuen zerrendan, azalera zuriaren gainean. Italiako Errenazimendu goiztiarreko irudi-pinturei darien kutsu espiritual hori nolabait antzematen da Judua gorriz pinturan ere. Susan Compton-ek antzekotasunak aztertu zituen Vincent van Goghen erretratuen eta obra-multzo honen artean, margolari holandarraren Joseph Roulin postaria adibidetzat hartuta. Parekotasunak irudien monumentaltasunari dagokionez antzeman daitezke bereziki, nahiz eta Chagallek ez zituen Van Goghen pintzelkada bereizgarriak imitatu22.

Hirugarren erretratua, Judua zuri-beltzez, da itzelena, bere tamainagatik baino, otoitz-xalarekin eta tefilinarekin irudikatutako gizonak errezatzen ari den judu praktikante baten itxura duelako. Burua eta besoak modu naturalista batez irudikatuta dauden bitartean, otoitz-xaleko zuri-beltzaren joko orekatua nagusitzen da irudiaren gainerako elementuen artetik. Jantzien diseinu geometrikoan oinarrituta, plano zuriak diagonalean hedatzen dira iruditik, halako distira magikoa emanez. Gainazal beltz monokromatikoek itxuratzen dute atzealdea, ezkerraldean ahalmen handiko izaki baten ingerada ageri den bitartean. Chagallek itxura itzela eman zion obra honetan juduen erritualaren ahalmenari.

Laugarren erretratua San Petersburgokoa bada ere, lotura du Im Obersteg Bildumako beste hiru erretratuekin, gaiari dagokionez. Aurrez aurre irudikatua, eserita ageri den gizona nagusitzen da irudian, atze-oihaleko shtetlak eszena errealago bat sortzen duen bitartean beste erretratuen aldean, proportzioak irrealak izan arren. Gizonak jantzita daraman beroki beltzaren toles lodiek, galtzetan ere ageri direnek, baita oinetako sendoek ere, egundoko itxura ematen diote irudiari. Hala ere, aurpegiak, hemen berriro ere zimurtua eta higatua ageri delarik, gizonaren bizi-baldintza latzak iradokitzen dizkigu. Bizar gris luzeak, irudiari halako itxura basatia ematen dionak, bat egiten du inguratzen duen eszena nagusiarekin. Judua berdez pinturan bezala, begi bat zabalik du, eta bestea itxita, bi mundu edo bi kontzientzia-egoera iradokitzeko beharbada. Hebreerazko testuak, zirkuluerdi batean antolatuak, berriro ere, halako kutsu espiritual bat ematen dio obrari, juduen garai hartako egoeraren argigarri izan daitekeelarik hizkuntza eta Tora ezagutzen duten haientzat.

Hebreerazko testuak eta gai juduak

Testuak (batik bat hebreeraz) bere artelanetan txertatzeko Chagallen modua estrategia kubista modernotzat har daiteke. Pariseko bere parekideek ez bezala, ordea, testu zatikatuez baliatu beharrean, hebreerazko Bibliatik (Tanakh) ateratako pasarte luzeak txertatzen zituen Chagallek, munduaz zuen ikusmolde judua aditzera emateko. Litekeena da Errusian kide zituen artisten esperimentuak garrantzi handiagoko erreferentziak izatea Chagallentzat, gertuago baitzeuden bere asmoetatik; esaterako El Lissitzky artista, zeinak juduen herri-artearen adierazpide gisa konposizioetan testuak txertatu izan zituen. Juduen herri-arte tradizionalean hebreerazko aipuak apaingarri gisa ageri dira txertatuta.

Orokorrean, kultura juduak hitza eta idazkerarekiko joera nabarmena duela uste da. Mehatxuak gero eta handiagoak ziren garaian kultura judua ikertzeko eta dokumentatzeko ahaleginen artean, L’Ornement Hébreu liburuak, 1905ean argitaratuak, fenomeno hori arakatu eta artista judu modernoak hartu zituen barnean, Chagall barne23.

Aipu biblikoak baliagarriak dira judaismoari buruzko informazio gehigarria emateko hebreeraz irakur dezaketenei, baita informazio pertsonala ere. Ziva Amishai-Maisels-ek frogatu zuenez, testuek eduki-geruza konplexuak biltzen dituzte, deszifratu beharrekoak24. Zirilikoz idatzitako testuak oso gutxitan agertzen dira Chagallen obran eta modu isolatuan jarritako kontzeptu gisa soilik, makulu-hitz antzera erabiltzen dira, unean uneko gaien inguruan; esaterako, “gerra” Egunkari-saltzailea pinturan. Bestalde, yiddish hizkuntzak aurreneko maila linguistikoa adierazten du Chagallen kontzientzian, eta yiddishezko literatura garrantzizko osagai bat da bere kosmos espiritual eta artistikoan25. Oro har, literaturak, bere adierazpide anitzetan, Liburu Santua barnean dela, Chagallen sortze-lan piktorikoen gaien eta elementu sortzaileen berri ematen digu.

Lau erretratuetatik bi zuzenean baliatzen dira txertatutako testuen indar sortzaileaz, irudiaren sustrai erlijioso sakonak eta judaismoan hitzak duen berebiziko garrantzia aditzera emanez.

Judua berdez eserita dago, apal eta nekeak ahulduta, judutarrak herri hautatua direla dioen bedeinkapen baten gainean, Jainko bakarrarekiko loturan eta Jainkoari eta Toraren ikasbideekin. Ondoren, Jainkoari egindako zina betetzeko agindua eta Zisjordaniako lurrak Israelgo tribuei esleitu izanaren erreferentzia agertzen dira.

Testuaren amaieran eguneroko otoitz hasidikoaren hitzak aipatzen dira: “Zeruko bere goialdeetan bakea zabaltzen duenak zabal dezake bakea guretzat eta Israelgo herriarentzat”; bake-erregu egokia, alegia, garai hartako egoera politikoa kontuan hartuta. Nolanahi ere, testuak ikuspegi pertsonalago batetik lotu daitezke Chagallekin: Moisesen laugarren liburuko testuak dira, eta artistaren urtebetetze (uztailak 7) inguruan irakurri ohi dira. Zisjordaniaren banaketa Parisen erreferentzia gisa interpretatu daiteke, Chagallen bizileku berriarena alegia, Ekialdeko Europako shtetl tradizionaletatik urrun. Are gehiago, pasarteak Chagallen arbasoetako baten ondorengo zen Slutsk-eko sermoilaria aipatzen du, Slutskeko Chaim HaLevi Segal (Chagall); Mahiliou hiriko zurezko sinagogaren barnealdea margotu zuen hark XVIII. mendearen bukaeran.

Judu gorria pinturan, hebreerazko testu bat ikus daiteke eskalearen eta shtetlaren atzean; zirkuluerdi batean ageri da hori koloreko eremu baten gainean, eguzkia sartzen ariko balitz bezala. Benjamin Harshavek ondorioztatzen duenez, hori ere Bibliako testu bat da, hasieran jasotzen baitu Jainkoak Abrahami agindua eman ziola bere sorlekua uzteko eta agindutako lurrerantz abiatzeko; horrek esanahi apur bat desberdina zuen yiddishez, garaiko historiak jantzita: juduen kanporaketa aditzera ematen zuen26. Hala, obra honetan, Chagallek milioitik gora judu kanporatu izanaren gertaerari egiten dio aipamen, Errusiako armadak euren etxeak uzteko agindua eman zienean hogeita lau orduko tartearekin, haientzat talde etniko arrotz bat zirenez gero, etsaiekin eta espioitzarekin elkarlanean arituko zirelako susmoak hartuta. Askok galdu zituzten euren etxeak edo zituzten lursail urriak, haien ogibidea, alegia. Pinturan ageri den juduak altxatzeko zorian dela ematen du, bere etxea eta shtetla atzean uztear. Herri ibiltaria (Marc Chagall, (Le village en marche edo A quoi me servira cette clarté limpide), 1920, Musée national d’art moderne, Centre Georges Pompidou, Paris) edo Oroitzapena (Marc Chagall, (Erinnerung), ca. 1914, Solomon R. Guggenheim Museum, New York, Solomon R. Guggenheim Fundazioaren Sortze Bilduma, dohaintza) bezalako obretan, Chagallek gai hori garatzen jarraitu zuen, pauso luzeak ematen ari den gizon bat irudikatuta, etxea bizkarrean daramala. Judu gorria pinturan, halaber, testuaren erdian Moshe Sega[l] izen hebrearra txertatu izanak Chagall irudiarekin eta bere arbasoen historiarekin identifikatzen zela aditzera ematen digu nolabait.

Juduen irudi ikonikoak eta modernitatea

Judua zuri-beltzez da, kolore-paleta mugatuagatik, koherentzia formalagatik eta osagai erritualengatik, lau erretratuetatik monumentalena. Aitak utzitako otoitzerako xala bihurtzen da koadroa baldintzatzen duen konposizioaren abiaburu, eta zuriaren eta beltzaren arteko polaritatea nagusitzen da, judaismoak irudiei dien ezinikusiaren seinale, antza. Beste hiru erretratuetako kolore-hautaketan errealitatetik urruntzen den modernotasun deigarriak dimentsio abstraktu edo espiritual bat ematen die. Baliabide horrek kontrastatu egiten du goian aipatutako errealitatearekiko erreferentziekin, eta esperientzia ukigarriak eremu sinboliko, mistiko batera eramaten ditu: denboratik eta errealitatetik harago bilatzen saiatzen da Chagall. Bere aukera kromatikoek aldarte jakin bat ematen diote pintura bakoitzari: sendo eta astun Judua berdez pinturan; goren, eta bere baitan nolabait ere bildua Judua gorriz pinturan; ahalmen espiritualean murgilduta Judua zuri-beltzez pinturan ; eta kartsu Judu gorria pinturan. Oraindik ez da interpretazio eztabaidaezinik aurkitu erretratu horietatik hiruretan irudikatutako eskuen kolore enigmatikoen inguruan. Baliteke Bibliako pasarteei aipamen egitea, Jainkoak Moisesi mirariak egiteko eman zion ahalmenaren inguruan27.

Agure juduen erretratu horietan modernotasuna eta tradizioa bateratuz, arte judu modernoaren eta XX. mendeko erretratuaren erakusgarri gailenak sortu zituen Chagallek, gizon arrunt anonimo berriari omenaldi egiteko.

[Itzulpena: Bitez.
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Festa-eguna (1914), Im Obersteg Bilduma 1936–1963, orain Kunstsammlung Nordrhein-Westfalen, Düsseldorf; Vitebsken gainetik (1914), Im Obersteg Bilduma 1936–1951, orain Art Gallery of Ontario, Toronto, Aya eta Sam Zacks Bilduma. [itzuli]
  2. La peinture russe contemporaine, Bureau artistique de N. E. Dobytchina, San Petersburgo, 1916ko apirilak 3–19, 148. zk. (Judua otoitzean), 149. zk. (Judua zaku batekin), 150. zk. (Judua [Berdea]), 151. zk. (Judua letrekin). Karo Buberen erakusketan, 1916ko azaroan Moskun egin zen hartan jada, ez zen ikusgai egon Judua zuri-beltzez; aurreneko erreferentzia Jakob Kagan-Chabchayen mailegu bat da, 1917an egina, judutar artisten pintura eta eskulturari eskainitako erakusketarako, Lemercier galeria, Moskun, Arte Judua Bultzatzeko Elkarteak antolatua. [itzuli]
  3. Georg Schmidt, “Marc Chagall. November-Ausstellung in der Kunsthalle. II”, National-Zeitung, 1933ko azaroak 23. [itzuli]
  4. Basileako arte elkarteko kide zenez, Karl Im Oberstegek lagundu egin zuen Kunsthalle Basel-en aurreikusita zegoen Errusiako artearen erakusketa baterako gai praktikoak argitzen. Jadanik eskuratuak zituen artista errusiar ospetsuen (Chagall, Robert Genin, Alexej von Jawlensky, Chaim Soutine) zenbait obra; pertsona egokia zen, beraz, zeregin hartarako. Marc Chagallek, talde-erakusketa batean parte hartu nahi ez zuenez, bakarkako erakusketa bat proposatu zuen 120–150 obrarekin. Hala, garrantzi handiko artista moderno hura, naziek gaitzetsia, nazionalsozialismoak Alemanian boterea hartu eta handik hilabete batzuk geroago aurkeztu zen jendaurrean Basilean. Katalogoan frantsesezko izenburuekin jaso ziren zerrendatuta obra guztiak, Alemaniaren etsaitasunarekiko protesta gisa. Artearen historian oinarritutako Gilles de la Tourette-ren sarrera ere, Pariseko Petit Palais-eko kontserbatzailearena, frantsezez zegoen idatzita. Kunsthalle Basel-eko zuzendari Wilhelm Barth-ek eskerrak adierazi zizkien erakusketako mailegatzaileei, eta esplizituki eskertu zuen artistaren lagun izateagatik erakusketa gauzatzea ahalbidetu zuen gizona, hau da, Karl Im Obersteg. [itzuli]
  5. Karl Im Obersteg, Gutuna Chagalli, 1935eko urriak 23, “Sie lieber Herr Im Obersteg sind unser Schweizer für alles”, arg. Stiftung Im Obersteg, Basilea, 2011, 175. or. [itzuli]
  6. 1935ean, Karl Im Oberstegek jabetzan zituen jadanik Pablo Picassoren Absenta-edalea (La buveuse d’absinthe, 1901) eta Arlekina eserita (Arlequin assis, 1923); garrantzi handiko bi pintura figuratibo horiek ezin hobe egokitzen dira Judua berdez pinturara, konposizioari eta kutsu malenkoniatsuari dagokienez. [itzuli]
  7. Ikus Jacob Bruk, Jacob Kagan-Chabchay, Mosku, 2015 (Errusieraz bakarrik eskuragarri). Mila esker Jakob Bruk, Cornelia Klein eta Vita Sussak-i. [itzuli]
  8. Jakob Kagan-Chabchayek arte juduaren bilduma zabal bat zuen (hirurehun obra inguru, hainbat artistarenak, El Lissitzky, Emmanuel Mané-Katz eta Kazimir Malevichenak, besteren artean). Chagallen hogeita hamar obra zituen gutxi gorabehera, gaur­daino iritsitakoak, Bigarren Mundu Gerraren aurretik artistak ekialdera lekualdatu zituenak. [itzuli]
  9. Chagallek beretzat garrantzizkoak ziren pintura jakin batzuen kopiak sortu izan zituela jakin izan da, haien artean Judua zuri-beltzez pinturarena. Eta, izan ere, oinarri dituzten jatorrizkoen berdintsuak dira. Franz Meyerrek (Marc Chagall: Life and Work, itzul. Robert Allen, New York, 1964) aipatzen duenez, Judua zuri-beltzez pinturaren halako bi kopia daude —Galleria Internazionale d’Arte Moderna-n, Venezian, eta Art Institute of Chicago-n— biak 1920ko urteetan Parisen pintatuak eta Kagan-Chabchayen bildumako lehenengo bertsioan oinarrituak. Xehetasun batzuetan desberdintzen dira (zirkuluerdi bateko puntuen kopurua eta sinadura), eta baita materialean ere; jatorrizkoan ez bezala, kartoi gainean margotuta dagoelarik, kopiak mihise gainean landuta daude. Beste bertsio bat, hirugarrena izan litekeena, egile hauen argitalpenetan erreproduzitu izan zen: Abram Efros eta Jakob Tugendhold (Die Kunst Marc Chagalls, Potsdam, 1921, 66. or. irud.) eta Kar With (Marc Chagall, Berlin 1923, azala). Letra zirilikoetan ageri den sinadura, eskuinaldeko izkinan argi ikusten dena, ez da ageri gainerako bertsioetan. Chagallek oraindik Errusian zela sortu ote zuen kopia hori? Gainera, ez dago argi hirugarren ageriko bertsio hori non ote dagoen. Baliteke Chagallek kopia horiek arrazoi pragmatiko nahiz artistikoengatik margotu izana. Parisera itzuli ondoren, salmentetatik lortu behar izan zituen diru-sarrerak, monetaren debaluazioaren eraginez irabazirik gabe geratu baitzen Berlingo Der Sturm-en egin zuen erakusketatik (1914), eta Parisen La Rucheko estudioan utzi izan zuen obra-multzoa 1914an desagertu egin baitzen kanpoan izan zen zortzi urte haietan. Pintore judu famatua obrarik gabe geratu zen literalki, eta aurreko bere pinturetako konposi­zioei hasiera berri bat eman behar izan zien. [itzuli]
  10. Artelanak biltzeaz gainera, Karl Im Oberstegek bitartekari lana egin zuen artistaren erakusketa gehiagotan, bereziki 1930eko urteetan. Basileako erakusketa amaitu eta bi urte geroago, zituen harremanei esker erakusketa bat antolatu zuten 1935ean Leicester Gallery-n, Londresen, eta harremanak ezartzen saiatu zen baita ere Kunsthalle Bern eta Kunsthaus Zürich museoekin. 1934an, Basilean Chagallen erakusketarik ez egitea aholkatu zuen, merkatua saturatuta baitzegoen, Alemaniako artelanez gainezka. Ikus Karl Im Oberstegek eta Marc Chagallek elkarri idatzitako gutunak, hemen: Stiftung Im Obersteg, 2011 (ikus 5. oharra), 159–203. or. [itzuli]
  11. Kultura juduaren inguruko Ost und West aldizkariak (1912ko otsaila), 136 or. eta hurrengoak, juduen beste irudikapen batzuen erreprodukzioak barne hartu zituen, besteak beste, Samuel Hirszenberg-en pintura historikoenak, Chagallek ezagutzen zituenak ziurrenez. Ikus Ziva Amishai-Maisels, “Chagall and the Jewish Revival: Center or Periphery”, hemen: Tradition and Revolution: The Jewish Renaissance in Russian Avant-Garde Art 1912–1928, erak. kat. Israelgo Museoa, Jerusalem 1988, 81–82. or. [itzuli]
  12. Susan Compton izan zen lehena lotura hori adierazten, hemen: Chagall, erak. kat., The Royal Academy of Arts, Londres, 1985, 178. or. Ikus baita ere Karoline Hille, Marc Chagall und das deutsche Publikum, Kolonia, 2005, 250. or. eta hurrengoak, 55. eta 56. oharrak. [itzuli]
  13. Annette Weber, “Marc Chagall”, hemen: Die Sammlung Im Obersteg im Kunstmuseum Basel, Basilea, 2004, 106 or. eta hurrengoak. [itzuli]
  14. Meyer, 1964 (ikus 9. oharra), 217. or. [itzuli]
  15. Marc Chagall, My Life, New York, 1960 (1921–22an lehen aldiz argitaratua errusieraz; frantsesezko bertsioa 1931koa da). [itzuli]
  16. Adibidez, Mendele Moykher Sforim-en eta Sholem Aleichem-en obran. Hegan dabilen irudia Errusiako XIX. mendeko herri-artelan batean ageri da. Susan Compton-ek adierazitakoaren arabera, Chagall eta errusiar garaikide ugari herri-artean inspiratu ziren. Ikus Susan Compton, Love and the Stage, Londres, 1998, 18. or., 8. irud. [itzuli]
  17. André Salmon, Chagall, Paris, 1928 (“Le Rabbin”); “Marc Chagall”, hemen: Sélection. Chronique de la vie artistique, 6. zk., 1929ko apirila (“Rabbin en prière”); Paul Fierens, Marc Chagall, Paris, 1929 (“Vieux Rabbin”). Denek erabiltzen duten “errabino” terminoa Judua zuri-beltzez pinturari aipamen egiten dioten izenburuetan, eta Fierensek Judua berdez pintura aipatzean ere erabiltzen du. 1933ko Basileako erakusketaren katalogoko frantsesezko izenburuak antzera erabiltzen du “errabino” terminoa Judua zuri-beltzez pintura aipatzean. [itzuli]
  18. Heinrich Mandel, Marc Chagall. Sein Werk in Zeugnissen der deutschsprachigen Rezeption im 20. Jahrhundert, Möhnesee, 2003, 289.or. Orduan erakutsi zen lehen aldiz Judua zuri-beltzez mendebaldean. [itzuli]
  19. Ikus 9. oharra. [itzuli]
  20. Goitik behera, zerrendan ageri diren artisten izenak hauek dira: Tintoretto, Giotto, Cimabue, van Gogh, Fouquet, Bruegel, Rembrandt, El Greco, Chardin, Courbet eta Cézanne. Florentziako pintore Luca Signorelli-ren eta beharbada Pollaiuolo-ren izenak, nola edo hala antzeman daitezkeenak Karl With-en Marc Chagall liburuaren erreprodukzioan, Berlin, 1923, ondoren margotu zituen gainean Chagallek, Parisen beharbada, Cimabueren izenaren ordez. Ikus Michael Baumgartner, Die Sammlung Karl und Jürg Im Obersteg, Berna, 1995, 142. or. [itzuli]
  21. Werner Haftmann, Marc Chagall, Kolonia, 1972, 21. or. [itzuli]
  22. Compton, 1998 (ikus 16. oharra), 16. or. Paul Cassirer-ek Van Goghen erakusketa bat aurkeztu zuen Berlinen, 1914ko maiatzetik ekainera, eta litekeena da Chagallek bisitatu izana, kontuan hartuta bere erakusketa hiri horretako Der Sturm galerian ikusgai zegoela urte hartako ekainean. [itzuli]
  23. David Gunzburg eta Vladimir Stassof, L’Ornement Hébreu, Berlin, 1905. [itzuli]
  24. Ziva Amishai-Maisels, “Chagall’s Jewish In-Jokes”, hemen: Journal of Jewish Art 5 (1978), 90–93. or. (pasartearen transkribapen osoa). [itzuli]
  25. Chagallek yiddishez hitz egiten zuen etxean eta ezagutzen zuen yiddishez idatzitako garaiko literatura. Ikus Benjamin Harshav, “The Role of Language in Modern Art: On Texts and Subtexts in Chagall’s Paintings”, hemen: Modernism/Modernity 1, 2. zk. (1994), 51–87. or. [itzuli]
  26. Ibid., 73 or. eta hurrengoak. [itzuli]
  27. Exodoa 4: 6: “‘Orain sartu eskua golkoan’ esan zion Jaunak. Sartu zuen Moisesek eta, berriro ateratzean, eskua elurra bezain zuri zeukan legarraz. Orduan, Jaunak esan zion: ‘Sartu berriro eskua golkoan’. Hala egin zuen Moisesek eta, ateratzean, beste gorputz-atal guztiak bezain ongi zeukan”. [itzuli]