Edukira zuzenean joan

Chagall. Urte erabakigarriak, 1911−1919

katalogoa

Kronologia

Bettina Keller-Back eta Olga Osadtschy

Izenburua:
Kronologia
Egilea:
Bettina Keller-Back eta Olga Osadtschy
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao Museoa; La Fábrica, 2018
Neurriak:
23 x 28 cm
Orrialdeak:
133 or.
ISBN:
978-84-17048-76-1
Lege gordailua:
BI-978-2018
Erakusketa:
Chagall. Urte erabakigarriak, 1911−1919
Gaiak:
Marc Chagall

1887 Moishe Shagalov (gerora Marc Chagall) Vitebsken jaio zen, eta bederatzi anai-arrebetatik zaharrena zen. Haren aitak, Sachar-ek, sardinzar-biltegi batean egiten zuen lan, eta ama, Feige-Ite, saltoki txiki baten arduraduna zen. Vitebskeko lehen hezkuntzako eskola judu batean (heder) ikasi zuen Chagallek zazpi urtez, eta ondoren udal eskolan sartu zen. Biolin eta kantu eskolak ere jaso zituen, eta sinagogako koru-zuzendari eta organistaren laguntzaile izan zen.

1906 Eskola utzi ondoren, arte-eskolak jaso zituen, genero- eta erretratu-pintore klasiko Yehuda Pen-en zuzendaritzapean. Viktor Mekler ezagutu zuen, familia judu aberats bateko ikaskidea, eta betiko lagun izango zuena.

1906–1907 Chagall San Petersburgora joan zen bizitzera Viktor Meklerrekin batera. Bertan, Arteak Sustatzeko Elkarte Inperialaren eskolan onartu zuten. Zuzendariak, Nicholas Roerich-ek, artearen arloan askatasunez jarduteko aukera ematen zien bere ikasleei, eta balioetsi egiten zuen Chagall gaztearen lana. Hala eta guztiz ere, beste irakasle batzuengandik jasotako kritikak zirela-eta, utzi egin zuen eskola. Garai hartan, Chagallek bildumagile, babesle eta kritikari gailenak ezagutu zituen, haien artean Maxim Vinaver, Duma Estataleko behe-ganberako kidea, eta baita ere bere ezkon-anaia Leopold Sev, Maximilian Grigoryevich (M. G.) Sirkin kritikaria eta Vladimir Pozner autorea; guztiak ziren editoreak Voskhod (Egunsentia) egunkari judu liberalean, Chagall eta bere obra babesten zuen horretan.

1909–1910 Chagallek bere ikasketak jarraitu zituen Léon Bakst arte-irakasle liberalarekin, Frantziako abangoardia miresten zuen Elizaveta Nikolaevna Zvantseva artistak sortutako arte-eskolan. 1909ko udazkenean, Chagallek bere emazte izango zen Bella Rosenfeld ezagutu zuen, Vitebskeko bitxigileen familia aberats bateko alaba, garai hartan Moskun ikasten ari zena.

1911 Maxim Vinaverren diru-laguntzarekin, Parisera joan zen Chagall udaberrian. Bertan, Pariseko abangoardiako artistak ezagutu zituen, haien artean Sonia eta Robert Delaunay, Fernand Léger, Jean Metzinger, Albert Gleizes eta Roger de La Fresnaye.

1912 Chagallek estudio bat lortu zuen La Ruche artisten kolonian. Bere lana ikusgai jarri zen Pariseko Salon des Indépendants aretoan, eta Moskuko Oslinyy Khvost (Astoaren buztana) erakusketan ere, izen bereko artista-taldeak aurkeztutakoan. Chagallek Blaise Cendrars eta Guillaume Apollinaire poetak ezagutu zituen.

1913 Chagallek berriro jarri zuen bere obra ikusgai Salon des Indépendants erakusketan. Berlineko galerista Herwarth Walden-ek hiru obra aurkeztera gonbidatu zuenean 1913ko Erster Deutscher Herbstsalonen (Alemaniako udazkeneko lehen erakusketa), Parisen sortu zituen obra guztiekin joan zen Chagall Alemaniara.

1914 Chagallen obren eskala handiko bakarkako lehen erakusketa inauguratu zen Herwarth Waldenen Der Sturm galerian, 40 pintura eta 160 marrazkirekin. Ondoren, hiru hilabetez Vitebskera joatea erabaki zuen Chagallek. Lehen Mundu Gerra hasia zela-eta, ezin izan zuen Parisera itzuli.

1915 Martxoan, Jakob Tugendhold arte-kritikariak aholkatuta, Chagallek hogeita bost pintura jarri zituen ikusgai Margolaritza erakusketa: 1915 erakusketan, Klavdia Mikhailova pintorearen Moskuko erakustokian. Bella Rosenfeldekin ezkondu eta harekin batera joan zen bizitzera San Petersburgora (1914tik Petrogrado deitua). Chagallek Gerrako Ekonomia Bulegoan jardun zuen lanean prentsako materiala aztertzen. Poeta gailenak ezagutu zituen, haien artean, Alexander Blok, Boris Pasternak, Ser­gei Yesenin eta Vladimir Mayakovsky.

1916 Bere alaba Ida jaio zen. Garai hartan, ilustrazioak egin zituen Txinako tintarekin, yiddishez idatzitako poemak laguntzeko —Geschichte eines Hahns (Oilar bati buruzko istorioa) eta Das Zicklein (Antxumea)—, baita Jizchok Leib Peretzen Der Magier (Magoa) yiddishezko ipuinerako ere. Jacob Kagan-Chabchay arte-bildumagileak Chagallen obra ugari eskuratu zituen.

1917 Otsaileko eta Urriko Iraultzak gertatu ziren Errusian. Vitebskera joan zen bizitzera bere familiarekin. Bere bigarren erakusketa Der Sturm galerian, Berlinen.

1918 Vitebskeko eskualdeko Arte Komisario izendatu zuten Chagall. Hainbat proiektutan jardun zuen bete-betean, besteren artean Herriaren Arte Eskola eta komunitatearen arte-estudio bat (museo bat hartzen zuena) sortzen, eta baita eskualdeko eskoletan marrazketako irakaskuntza ematen zela ziurtatzen. Iraultzaren lehenbiziko urteurrena ospatzeko, kartel erraldoiekin apaindu eta aire zabaleko agertokiez eta garaipen-arkuez hornitu zuen hiria; elementu haietako asko berak diseinatu zituen. Abram Efros-ek eta Jakob Tugendhold-ek Chagallen obraren lehenengo monografikoa argitaratu zuten Errusian.

1919 Joera guztietako Petrogradoko artisten lehen erakusketan parte hartu zuen Petrogradoko Neguko Jauregian. Herriaren Arte Eskola eta museoa ireki ziren Vitebsken. Chagallen ospeak erakarri egin zituen izen handiko hainbat irakasle eskolan lan egiteko, haien artean Kseniya Boguslavskaya, Mstislav Dobuzhinsky, Vera Ermolaeva, El Lissitzky, Ivan Puni eta Alexander Romm-ek erantzun zioten haren deiari. Lissitzky tematu egin zen Kazimir Malevich Vitebskera ekarri nahian. Bertako langileen artean desadostasuna sortu zen eskolak hartu beharreko norabidea zela-eta.

1920 Malevichen eta Chagallen arteko gatazkak goia jo zuen, baimenik gabe Malevichek Akademia Suprematista izen berria ipini zionean eskolari. Lissitzkyk, Malevichek eta beste artista batzuek UNOVIS (Utverditeli novogo iskusstva edo Arte Berriaren Garaileak) taldea sortu zuten, ikasleen artean izugarrizko harrera ona izan zuena. Akademiako zuzendari karguari uko egin zion Chagallek, eta Vitebsk atzean utzi eta Moskura joan zen bizibide berri baten bila; bertan, eszenatokien diseinuan eta muraletan aritu zen lanean Ganberako Estatu Antzoki Judurako.

1921 Chagall marrazketako irakasle lanetan aritu zen gerrako umezurtz juduen kolonia batean Malakhovka-n, Moskutik gertu, eta Eygens, Oytobiografie autobiografia idatzi zuen, lehenengo yiddishez argitaratu zena 1925ean.

1922 Chagallek baimena lortu zuen Errusia uzteko, Erste Russische Kunstausstellungen (Errusiako Lehen Arte Erakusketa) parte har zezan, Berlingo Galerie van Diemen-en. Inflazioaren ondorioz, Der Sturm galeriaren bitartez saldu izan ziren bere pinturen irabaziak handiak zirela jakin zuen eta demanda bat jarri zion Waldeni bidezko konpentsazioa emateko eta bere obrak itzultzeko. Urte hartan bertan, Paul Cassirer arte-merkatariak eskari bat egin zion Eygens argitalpenerako akuaforteak sor zitzan. Hermann Struck-engandik ikasi zuen teknika, zeinak Lovis Corinth-i eta Max Liebermann-i ere irakatsi izan zien.

1923 Parisera itzuli zen Chagall.

[Itzulpena: Bitez.
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]