Edukira zuzenean joan

Chagall. Urte erabakigarriak, 1911−1919

katalogoa

Ekialdeko Europako juduen (Ostjuden) estetizazioa XX. mendearen hasieran

Alfred Bodenheimer

Izenburua:
Ekialdeko Europako juduen (Ostjuden) estetizazioa XX. mendearen hasieran
Azpititulua:
Testuingurua eta berrikuntza juduen bizitzari buruzko Chagall-en irudietan
Egilea:
Alfred Bodenheimer
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao Museoa; La Fábrica, 2018
Neurriak:
23 x 28 cm
Orrialdeak:
133 or.
ISBN:
978-84-17048-76-1
Lege gordailua:
BI-978-2018
Erakusketa:
Chagall. Urte erabakigarriak, 1911−1919
Gaiak:
Artea eta gizartea | Judaismoa | Erbestea | Dualtasuna | Antisemitismoa
Artelan motak:
Pintura

Marc Chagallen irudiak, Lehen Mundu Gerra amaitu aurreko eta justu ondorengo aldiko Ekialdeko Europako juduen bizitzaren inguruko motiboenak, ikuspegi biografiko batetik interpretatu daitezke inolako zalantzarik gabe; Vitebskekin zuen lotura estuaren isla dira, oso bestelako hiria izan arren, Parisen bizi izandako esperientziak nabarmendua. Hala eta guztiz ere, irudi horiek ezin dira ikusi fenomeno jakin baten testuingurutik kanpo. 1920ko urteetan nabarmen baina modu anbibalente batean berpiztutako fenomeno batez ari gara, Ekialdeko Europako juduen (testuinguru honetan Ostjuden deitzen zaie oro har) estetizazioaz, alegia. Hala, gertakari hura ez zen pinturara soilik mugatzen, ez eta gutxiagorik ere, arlo horren barruan bereziki egituratu izan bazen ere; aldi hartan, Mendebaldeko eta Erdialdeko Europako artista, egile, kazetari eta baita folklorista juduek ere mugimendu artistiko bati eman zioten hasiera. Steven Aschheim historialariak “Ostjudenen kultua”1 ize­na eman zion joera hari, XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran Alemanian bizi ziren Ekialdeko Europako juduen pertzepzioari buruzko bere azterlan klasikoan.

Ekialdeko Europako juduak proiekzio-baliabide gisa erabiliak izan ziren ahalegin horretan, inolako zalantzarik gabe. XIX. mendeko azkeneko bi hamarkadetan, Poloniako eta Errusiako juduen migrazio bat hasi zen mendebalderantz. Haien azken xedea Ameriketara iristea bazen ere, haietako askok Europako metropolietan amaitu zuten, non judaismoaren ikuspegi urbano batekin, erdiko klasearen idealak islatzen zituenak, helburutzat hartu zuten kontinentean zehar herrialde batzuetan eskuratu berri zuten askapenaren fruituak biltzea. Ekialdeko juduek, dena den, Mendebaldeko Europan aspaldi ezarritako juduek hamarkada batzuk lehenago atzean utzi zutena ekarri zuten eurekin: immigrante berri haien janzkera lekuz kanpo zegoen garai horretako hiriko estandarretan, eta yiddishez hitz egiten zuten, haien mendebaldeko erlijiokideek “argot” bat zelakoan gutxietsia. Kasu askotan, praktika erlijiosoak ere ekarri ohi zituzten beraiekin, Mendebaldeko Europako judu askok zaharkitutzat eta sineskeriatzat hartuak, kasurik hoberenean, eta edozein askapenbide arrakastatsurekin bateraezinak, kasurik okerrenean. Migratzaile gehienak, gutxieneko hezkuntza jaso izandakoak zirenez, ez ziren, oro har, Mendebaldeko kanonak itxuratutako kultura kontzeptuaren jakitun. Labur esanda, Ostjudenak propaganda antisemitaren jomuga argi bat bilakatu ziren, judu ororen “benetako” izaera arrotz eta gorrotagarria inplizituki aditzera emango zuena. Horren ondorioz, Mendebaldeko eta Ekialdeko Europako juduen arteko bereizketa gero eta nabarmenagoa izango zen, Ostjudenekin identifikatzen bazituzten, mendebaldeko juduak euren legitimotasun soziala galtzeko beldur zirela kontuan hartuta.

XX. mendearen hasieran irmotzen hasitako Ekialdeko Europako juduenganako estimua, eta baita gorespena ere, kontra-mugimendutzat ikus daiteke, ikuspegi aldaketa bat aditzera ematen duena, eta elementu antiburges bat ere bere baitan hartzen zuena. Mendebaldeko juduak moldakorregi, hutsal eta alienatutzat jotzen zituen mugimendu horrek eta ekialdeko judaismoa berriz zinetakoa, jatorra eta suntsiezintzat. Hortaz, Mendebaldeko Europan, bai antisemitek eta, aldi berean, baita nondik nora jo ez zekiten mendebaldeko juduek ere berenganatu eta gaizki eraiki izandako estereotipoak positibotzat hartu izan ziren sarritan. Anna Lipphardt-ek argia ipini du mekanismo horretan, ikuspegi ideologiko batetik formulatutako bi alde elkarren ondoan jartzean: “behartsua, degeneratua eta arriskutsua” eta “behartsua baina pozik eta benetakoa”2. Dena den, esan beharra dago “pozik” ezaugarria testuinguru horretan txertatzea ezeren gainetik Klezmer kultura modernoaren jarrera nostagiko baten ondorio dela. Estetizazio horretara elkartuta ere, XX. mendearen hasierako behatzaile garaikideak jabetuta zeuden Ekialdeko Europako juduak jasaten ari ziren pobreziaz, eta egoera horren eragin suntsigarriaz, jakina.

Lehen Mundu Gerran, Ekialdeko Europan, Baltikoko herrialdeetan besteren artean, Alemaniako armadari zerbitzua ematen ari zitzaien soldadu judu ugarik ekialdeko juduen erresistentziarekin egin zuten topo euren “habitatean” bertan; horrek aldarazi egin zuen haien erlijiokideei buruz zuten ikuspegia, Berlinen ziurrenez arroztzat eta lekuz kanpo ikusi izango zituztenei buruz. Gainera, eskualde horietan populazio judua jasaten ari zen egoera ekonomiko, sozial eta politiko latzaren lekuko zuzenak izan ziren, zenbaitek sarritan sinesteraino eskualde horietan populazio juduaren existentzia bera arriskuan zela —Holokaustoak berekin ekarritako sarraski masiboa gertatu baino mende laurden bat lehenago—.

Ahalegin soziologiko, ekonomiko eta etnografiko handiak egin ziren XX. mendearen hasierako hamarkadetan Ekialdeko Europako juduak integratzeko. Ostjudenen estetizazioa bera ere oso nabarmena zen, eta are eta eragin zabalago eta dramatikoago bat izan zezakeen. Ordea, estetizazio horrek halako idealizazioa edo erromantizismoa ere berekin ekarri ote zuen jakitea ez da funtsezkoa hemen. Gai horri asmo handiko lan literarioek, etnografikoek edo artistikoek eutsi izan zioten, eta ahalegin haietan berebiziko zeregina bete zutela esan daiteke, haien bizimodua berezko kultura independente gisa aditzera emateko ez ezik, Mendebaldeko kulturak zuen estatus bera edota goragokoa emateko ere.

Judaismo askenaziarekin konprometitutako obren adibide ezagunak (eta sarritan hura idealizatu izanagatik kritikatu izandakoak) ditugu Martin Buber-en Geschichten des Rabbi Nachman (Nachman errabinoaren ipuinak), 1906koa, eta Die Legenden des Baalschem (Baal-Shem-en elezaharrak), 1908koa, hasidismoaren —Ekialdeko Europako mugimendu mistiko bat XVIII. mendean sortua—interpretazio bat, irakurle alemanentzat egokitua. Horren adibide da ere 1916an argitaratutako Das Buch von den polnischen Juden (Poloniako juduen liburua), Ahron Eliasberg eta S. Y. Agnon-ena. Azken hori berrogeita hamar urte geroago Israelgo lehenengo egilea izan zen Literatura Nobel Saria jasotzen. Das Buch von den polnischen Juden, formatu literario hurbilerraz bat sortzeko saio bat izan zen, alemanera itzulia, Ekialdeko Europako juduen autentikotasuna aditzera emateko, nahiz eta autentikotasunaren itzulpenak aditzera ematen ari naizen estereotipo bilakatutako estetizazio modutzat uler daitekeen hemen3.

Franz Kafkaren 1912ko “Einleitungsvortrag über Jargon” (Atariko solasaldia argotari buruz) hitzaldia aipa daiteke itzulpenetik autentikotasuna aditzera ematen ez saiatzea aldarrikatzen duen adibide gisa, horren ordez, bere helburua baita osagai estetiko bat identifikatzea, ikertzen duen kulturaren arroztasunean, hain zuzen ere; egileak grina piztu nahi du alemanez mintzo diren irakurle juduen artean, Pragan, yiddisharen alde, poesian eta dramaturgian hizkuntza horrek erakusten duen aberastasuna eta indarra azpimarratuz. Hala, pasarte batek hauxe aldarrikatzen du:

Baina argota behin zeureganatu eta gero—eta argota dena da, hitzak, melodia hasidikoa, eta Ekialdeko Europako antzezle juduaren funtsezko pertsonaia—aurretik zenuen zuhurtziaz ahaztuko zara. Orduan sentituko duzu argotaren benetako batasuna, hain sakon ezen izutu egingo baitzaitu, baina ez zara berriro inoiz argotaren beldur izango, zeure buruaren beldur baizik. Baliteke beldur hori zure kasa jasateko gai ez izatea, baina argotak berehala emango dizu, gainera, beldur hori gainditu ahal izateko zureganako konfiantza, bera baino indartsuagoa izateraino4.

Testuinguru honetan, aipatzekoa da Suitzako ekarpen bat: Immanuel Olsvanger-en Aus der Volksliteratur der Ostjuden. Schwänke, Erzählungen, Volkslieder und Rätsel (Ekialdeko juduen herri-literaturaz: kontakizun bitxiak, ipuinak, herri-kantak eta asmakizunak), 1920an Basilean argitaratua, eta kontakizun eta kanta gehienen “iturri” gisa adieraziz “Suitzan bizi diren Errusiako eta Galitziako merkatari eta ikasleak”. Testu horien asmoa zen erakustea ekialdeko juduek herri-kultur jori baten jabe zirela; garai hartan Suitzan lehendik finkatutako juduek —jatorriz Alsaziatik eta Alemaniatik etorritakoak— gaitzetsi egiten baizituzten. Olsvanger-en bildumako testuak yiddishez idatzita daude baina latineko alfabetora letraldatuta (ohi zenez hebreeraz izan ordez) eta ohar eta definizio ugari dituzte txertatuta5. Kultura iraunarazteko saio bat baino gehiago, helburu nagusia zen Ekialdeko Europako juduen herri-kultura alemanez mintzo ziren irakurleentzat itzultzea eta kultura horri balio handiagoa ematea.

Ekialdeko Europako juduen kultura mendebaldeko herri-kulturan barneratzeko saio horien beste adibidea musikaren alorrean Fritz Mordechai Kaufmann-en Die schönsten Lieder der Ostjuden (Ekialdeko Europako juduen kantarik ederrenak) bilduman aurki daiteke. Bertan, berrogeita zazpi kanta aurkezten ziren bizitzako hainbat eremutakoak (erlijioa, maitasuna, familia, zenbait lanbide edo ofizio, eta baita kanta militarrak ere) musikarekin eta jatorrizko letrekin, bai yiddishez eta baita latinezko alfabeto-transliterazioaz baliatuz ere, terminoen glosario ugariekin batera. Lehen Mundu Gerra amaitu baino lehen egin zen bilduma, 1918ko irailean, eta 1920an argitaratu zen (1935ean berrargitaratu zen, Alemaniako juduentzat zeharo aldatutako testuinguru batean6).

Herri-kultura juduaren balioa goratzeko, Ekialdeko Europako juduen estetizazioa barne, Erdialdeko Europako judu intelektualen eliteak ahalegin horretan zeinbateraino parte hartu zuen jakiteko, garai hartako egunkari eta aldizkari judu intelektualetan (sionistak gehienak) jarri behar dugu arreta berezia. Argitalpen haiek juduen populazioa nazio gisa erakustea zuten xedetzat, jarrera asimilazionisten aurka. Hala, horren adibide ditugu Jüdische Rundschau, Martin Buber-en Der Jude eta Ost und West aldizkariak, azken horren izenburuak berak (“Ekialdea eta Mendebal­dea”) jadanik aldizkari horren bulkada programatikoa aldarrikatzen zuela kontuan izanik. Argitalpen haiek leku nabarmena eskaintzen zieten Ekialdeko Europako juduei, artikuluetan ez ezik, yiddishez jatorriz idatzitako literatur testuen alemanezko itzulpenen bidez ere.

Davis Trietsch-ek eta Arthur Silbergleit-ek editatutako Ost und West aldizkariak artista judu garaikideen obren erreprodukzioak gehitzen zituen gainera. Lehen Mundu Gerran, Ekialdeko Europako juduek egindako artelanen irudiak nagusitu ziren argitalpen horretan. Adibide gisa, aldizkariaren 1916ko zenbakietan, hainbat obra agertzen ziren Ekialdeko Europako juduen motiboekin, besteren artean Lviv-eko Wilhelm Wachtel pintorearenak, eta baita Ernst Opplerand eta Hermann Struck pintore judu alemanenak; biak egon ziren armadan, Karpatoetan eta Baltikoko herrialdeetan, hurrenez hurren.

Hermann Struck erakusgarri argi bat da: Berlineko Sezesioko kidea, sionista, judu ortodoxoa eta abertzale alemana zen aldi berean, eta ofizial izan zen Lehen Mundu Gerran. 1917an, Struckek berrogeita hamar litografiez osatutako portfolio bat argitaratu zuen: Errusiako Bozetuak: Frontean (Skizzen aus Russland. An der Front). Emakume eta gizon juduen neurri handiko erretratu indibidualak biltzen zituen, Ost und West aldizkarian erreproduzitutako obrak bezala.

Ekialdeko Europako juduen bizitzaren inguruko Strucken erretratuek zabalkunde handiagoa izan zuten Arnold Zweig-en Das ostjüdische Antlitz (Ekialdeko Europako juduen aurpegia) liburuan ilustrazio gisa argitaratu baitziren; hasiera batean 1920an argitaratua eta handik gutxira izugarrizko eragina izango zuen liburu hark ekialdeko juduei buruz jendeak eratuko zuen irudian7. Batetik, Zweigek ez zuen ezer ere ezkutatu. Ekialdeko Europan bizi ziren juduak aurre egiten ari zitzaien presio ekonomikoa eta antisemitismoa aditzera eman ez ezik, erlatibizatu egin zituen haien sentsibilitate erlijioso eta etikoaren ustezko zuzentasunaren ikuspegi idealak. Adibidez, judu askenazi askok euren erlijioarekiko zuten urruntzea eta emigratzeko haien nahi bizia aditzera eman zituen, eta baita ustelkeria moralaren adibideak ere eguneroko bizitzako alderdietan. Dena den, aldi berean (eta hau izan liteke obraren estetizazio literarioa) autentikotasuna azpimarratzen zuen, hain nabarmen bereizten zituena Mendebaldeko Europako judu alienatuengandik. Zweigek judu tradizionalarengan identifikatu zuen autentikotasun hori; Talmuda aztertzen duen judu horrengan, “ezeren irrika ez daukanaren kontenplazioan” baitaratua dagoena, eta zapatari juduarengan, “tailer txiki-txiki batean zoruak mailukatzen diharduena, zeharo murgilduta eta lan egiteko gaitasunak ematen duen zorionean galdua”8.

Dena den, Zweigen iritziz egia zen baita ere “haietako bakoitzarengan —espekulatzailea eta proxeneta, burdelaren jabea eta aberatsaren eta ospetsuaren lausengari makurtua, harroa eta traidorea— legerik ez duen batasun bat mantentzen dela izaeran, gaizkiarekiko jarrera irmoa, degenerazio eta orban erigarriarekin batere loturarik ez duena”9. Gainera, Ekialdeko Europako judu gazteen ahalmen iraultzailean antzeman zuen Zweigek erabateko erabakigarritasun hori, zeinari esker, egilearen arabera, nagusitutako bizimoduari eta ezartzen zitzaizkien mugei aurre egiten zieten, eta haien asmoak gauzatzen ahalegindu.

Literaturan aditu eta filologo Leslie Morris-ek Das ostjüdische Antlitz liburuari buruzko saiakera batean zioenez, Zweigek, bere idazkera literarioan, eta Struckek, bere ilustrazioetan, “Bestea” balitz bezala hartzen dute Ekialdeko Europako judua, euren judaismoaren antitesi dialektiko antzeko bat, alegia, eta historikoa ez den irudi estatiko horren imajina bat aditzera eman zuten identitate kolektibo gisa, pertsona bakoitzaren indibidualtasuna nabarmendu beharrean10. Hala, berrogeita hamar iruditan baino gehiagotan, gizon zaharrak nagusitzen dira; denak dira erretratuak, bi izan ezik, tokiko eraikinen ikuspegiak baitira. Marc Chagallek, antza, ezagutu eta gogoko zuen liburua; Struck ere ezagutzen omen zuen (zalantzan geratzen da bere “ikasle” ote zen, terminoaren esanahi hertsienean, Strucki buruzko Wikipediako sarreran eta Haifa-ko Hermann Struck Museum-eko webgunearen hasierako orrian adierazten denez). Dena dela, Sabine Koller-ek dioenez, Strucki egindako omenaldi gisa ikusten zuen Chagallek 1922ko bere Autorretratua (Marc Chagall, Autorretratua, 1922, Marc Chagallek 1925ean yiddishez New Yorkeko aldizkari batean argitaratutako Eygens autobiografian sartu zuena, Bilduma pribatua) autorretratu androginoa, Das ostjüdische Antlitz liburuko neska baten erretratu bat (Neska gazte baten erretratua, Hermann Struck-ena, hemen: Arnold Zweig, Das ostjüdische Antlitz, Berlin 1922) esplizituki aditzera emanez11.

Chagallen motibazioa “ostjüdische” direlakoen irudiak sortzeko oso bestelakoa da Alemaniako juduen motibazioaren aldean. Haien ikuspegiaren arabera, Ekialdeko Europako juduek mehatxu bat adierazten zuten haien izate judu/aleman burgesarentzat, eta, bestetik, galdua zuten hurbiltasun batek jartzen zituen elkarren aurka. Alemaniako juduen munduaren erro berberak zituzten ekialdekoek, baina Mendebaldeko Europan egindako egonaldi luzeen eta bertan bizitako esperientzien ondorioz aldi berean garbia eta arrotza zen begirada batez ikusten zituzten haiek, kanpotik bezala. Mendebaldeko Europako behatzaile juduek, dena dela, mehatxutzat hartzen zuten Ekialdeko kultura juduaren gainbehera. Hala ere, kutsu erromantiko bat eman ohi zioten egoera hari han existitzen zela konbentzituta zeuden autentikotasunaren estetizazioaren eraginez, eta horrek eraman zituen hango pobrezia ikaragarriaz ez jabetzera. Aitzitik, Vitebsk bere sorlekuan, Chagallek zuzenetik bizi izan zuen Ekialdeko Europako juduak noraino erasan zituzten pobreziak, beldurrak, ihesak eta sustrairik ezak. Mirjam Rajner-ek egindako azterlan batean adierazten duenez, esperientzia hura garai hartako bere pinturetan antzeman daiteke, Judu gorria 12 obran oinarrituta. Pintura hori ere interpretatu daiteke estetizazio gisa, nahiz eta kolore-paletak desegin egiten dituen Mendebaldeko Europako Juduen errepresentazioetan (literaturan eta pinturan) kanpokoen eta barrukoen aurkako begiradaren ondorioz sortutako mugak eta ustezko integritate espiritual suntsiezina. Estetikaren eta suntsipen mehatxatzailearen, autentikotasunaren eta gainbeheraren artean zalantzan, halako hauskortasuna dario, Chagallen beraren esperientzien isla izan litekeena Paris eta Vitebsk artean lekualdatzean.

Hemen, aipatu nahi nuke garai hartako oso margolan deigarri bat, Strucken eta Zweigen irudikapenen kontra-irudi antzeko bat: Egunkari-saltzailea, 1914koa, izena ematen dion bozeto baten ondoren sortua. Olio-pintura horrek ezin hobe erakusten du zein sankoki apurtu zuen Chagallek Ekialdeko Europako juduen beste irudikapen batzuek ezaugarritzat zuten estasi denboragabea (bai aurreko eta baita ondorengo lanetan ere Struckek sortutakoetan, adibidez). Egunkari-saltzaileak aldizkari eta egunkari sorta zabal bat du salgai alfabeto desberdinetan inprimatuta (hebreeraz/yiddishez, zirilikoz eta alfabeto latinoa erabiliz idatzitako letrak antzeman daitezke); bere atzean, albo batean, etxe xume bat ikus daiteke (etxerantz alboratuta nolabait ageri da bera), barruan irudi bat duena eserita. Beste aldean, Vitebskeko katedrala ageri da hiriko paisaian nabarmenduz, baita irudi txiki bat kaletik dabilen pertsona bat iradokiz, eta zeru gorri bat ere, sua edo odola gogorarazten diguna. Egunkari-saltzailea nagusitzen da pinturan, baina aldi berean babesik gabe ikusten da, “espazio judu” batekin inolako loturarik ez duen kosmos batean (saltzen ari den egunkariak ikusi besterik ez dago, gehienak gerrari edo gerraren hasierari buruzko berriak bilduz ziurrenez, edota katedrala zerurantz goratuta eta nabarmen kokatuta pinturaren eskuineko ertzean), eta zerua bera ahalegin horien guztien argitan babesik handiena eskainiz edo, gorrituta.

Chagall, beste edozein artista baino gehiago, gaur egun Ekialdeko Europako juduen estetizazioaren ordezkaritzat hartzen bada, ikuslearen kontzientzian balorazio hori estu lotuta dago juduen bizitzaren mendeetako historiari, non juduak —eta batik bat Ekialdeko Europako juduak— gizadiaren sufrimenduaren sinbolo nagusi izan diren XX. mendean.

Chagallek modernitatea aurkezten duen modua —nabarmena da hori urte haietako bere pinturetan erabilitako egitura piktorikoan eta aukera kromatikoan— mundu urbano eta industrializatuaren testuingurutik kanpo, Ekialdeko Europako populazio juduaren txaboletako ingurune ustez atzeratu eta “autentikoetan” kokatuz (zenbaitetan haien gainetik elizen irudiak gailenduz), pintura horien eta ondoren margotu izan zituen obren lorpenik handiena da, Holokaustoaren ondoren ere lantzen jarraituko zituen horietan. Chagallentzat, mundu hura bere sorleku zela kontuan hartuta, erakusten dituen irudiak ez dira “Ostjuden” eta ez da soilik jendearen sufrimendua erretratatzen ari. Bere lana oreka bat nabarmentzean datza, sufrimendu ukaezinaren, sustraitutako existentzia batez gabetu izanaren (hori islatzeko Chagallek pinturetan zehar airean irudikatzen ditu zenbaitetan juduak eta jasaten ari diren zama izugarria izan arren hegan badabiltza ez da arinak direlako, euren oinak zapaldu izandako lurretik erauzi izan zaizkielako baizik), eta aldi berean norbere identitateari eustearen artean, hori filakteria baten bidez, Toraren pasarteak biltzen dituzten erroiluen bidez nahiz jantzi tradizional soil baten bidez aditzera ematen bada ere: beti zalantzan den oreka horrek aditzera ematen du ekialdeko juduen estetika Chagallen obran.

[Itzulpena: Bitez. 
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Steven E. Aschheim, Brothers and Strangers: The East European Jew in German and German Jewish Consciousness, 1800–1923, Madison 1982, 185–214. or. [itzuli]
  2. Anna Lipphardt, “Wo liegt Osten? Zur (Selbst-)Verortung osteuropäischer Juden”, hemen: Philipp Mettauer eta Barbara Staudinger (arg.), “Ostjuden”. Geschichte und Mythos, Innsbruck et al., 2015, 13. or. [itzuli]
  3. Horri buruz, ikus Sylvia Jaworski, “Legends of Authenticity: Das Buch von den polnischen Juden (1916), by S. J. Agnon and Ahron Eliasberg, hemen: Andreas Kilcher eta Gabriella Safran, Writing Culture: Paradoxes in Ethnography, Bloomington eta Indianapolis 2016. [itzuli]
  4. Franz Kafka, Nachgelassene Schriften und Fragmente: in der Fassung der Handschriften, 1. lib., von Malcolm Pasley (arg.), Frankfurt am Main 1993, 193 or. [itzuli]
  5. Immanuel Olsvanger, Aus der Volksliteratur der Ostjuden. Schwänke, Erzählungen, Volkslieder und Rätsel, Basilea 1920. [itzuli]
  6. Fritz Mordechai Kaufmann (arg.), Die schönsten Lieder der Ostjuden. Siebenund-vierzig ausgewählte Volkslieder, Berlin 1935. [itzuli]
  7. Arnold Zweig, Das ostjüdische Antlitz. Zu 52 Zeichnungen von Hermann Struck (Berlinen 1920. urtean argitaratutakoaren berrinprimatzea, Wiesbaden 1988. [itzuli]
  8. Ibid., 44. Eta 64. or. [itzuli]
  9. Ibid., 36. or. eta hurrengoak. [itzuli]
  10. Ikus Leslie Morris, “Reading the Face of the Other: Arnold Zweig’s and Hermann Struck’s Das ostjüdische Antlitz”, hemen: Sara Friedrichsmeyer, Sara Lennox eta Susanne Zantop, The Imperialist Imagination: German Colonialism and Its Legacy, Ann Arbor 1998, 189–203. or. [itzuli]
  11. Sabine Koller, Marc Chagall. Grenzgänge zwischen Literatur und Malerei, Cologne et al. 2012, 100. or. Strucken artelana, Kollerrek Chagallentzat inspirazio-iturri izan zela adieraziz, Zweig-en dago erreproduzituta 1920 (ikus 7. oharra), 128. or. [itzuli]
  12. Mirjam Rajner, “Chagall’s Jew in Bright Red”, hemen: Ars Judaica 4 ( 2008), 61–80. or. [itzuli]