Edukira zuzenean joan

Chagall. Urte erabakigarriak, 1911−1919

katalogoa

Marc Chagall eta Errusiako Iraultza

Frithjof Benjamin Schenk

Izenburua:
Marc Chagall eta Errusiako Iraultza
Egilea:
Frithjof Benjamin Schenk
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao Museoa; La Fábrica, 2018
Neurriak:
23 x 28 cm
Orrialdeak:
133 or.
ISBN:
978-84-17048-76-1
Lege gordailua:
BI-978-2018
Erakusketa:
Chagall. Urte erabakigarriak, 1911−1919
Gaiak:
Artea eta erlijioa | Artea eta politika | Errusiako Iraultza | Antisemitismoa
Mugimendu artistikoak:
Degenerate art
Artelan motak:
Pintura

1937an, Marc Chagallen Iraultza pintura enblematikoa Parisen agertu zenean, Sobietar Batasuna prestalanetan zen Urriko Iraultzaren 20. urteurrena ospatzeko. Urte hartan, nazioarteko iritzi publikoa Moskuko epaiketa faltsu kezkagarrien lekuko izan zen, eta haietan Stalinek mendeku hartu zien kamarada ohiei eta ordena berriaren (ustezko) aurkariei1. Sobietar Batasunak konspirazio faxisten (eta trotskysten) beldurra zabaldu bitartean, Nazioarteko Brigadetako kideak borrokan hiltzen ari ziren Franco jeneralaren agindupean zeuden estatu-kolpista eskuindarren aurka, Espainiako Gerra Zibilean. Gainera, urte hartan, Alemaniako nazionalsozialistek arte modernoa gaitzetsi zuten, artista juduen aurka eginez bereziki, Entartete Kunst (arte degeneratua) erakusketan amaitu zen prozesu batean. 1937ko Pariseko Nazioarteko Erakusketan, Alemaniaren eta Sobietar Batasunaren pabilioiak elkarren aurrez aurre egon ziren, barkaezin eta mehatxatzaile. Hala, Europako gatazka ideologikoak eta militarrak gero eta latzagoak izango ziren aldi hartan, eta Pariseko giro intelektual artistikoaren gero eta politizazio handiagoa ere tartean zela, (Errusiako) Iraultzaz zuen irudia, ikuspegia eta oroitzapenak jaso zituen Chagallek mihise gainean.

Iraultza obra da erreferentzia historikoak jasotzen dituen Chagallen obra urrietako bat2. Adituak luzaroan liluratuta utzi izan dituen obra hau 1942an jarri zen lehen aldiz ikusgai Chagallek New Yorkeko Pierre Matisse galerian egindako erakusketan3, eta hurrengo urtean hirutan banatu zuen artistak, Erresistentzia, Askapena eta Berpizkundea gaien inguruan triptiko bat osatzeko. Bozetoetan, presta­laneko estudioetan eta kopiatan iraun duen obra hau batzuek Errusiako Iraultzaren interpretazio “heroiko” bat bezala azaldu duten bitartean4, beste batzuek “asimilatu ezinezko mezuen ugaritasuna”5 aipatu izan dute obra deskribatzean. Chagallen gaineko beste aditu bat konbentzituta dago pintura hori dela-eta, Sobietar Batasunean “gutxien jota gulagean urte batzuk ematera kondenatuko zutela Chagall”6.

Ikerlarien artean eztabaida piztu izan da gainera pintura ezkerretik eskuinera edo alderantziz “irakurri” beharko litzatekeen adieraztean7. Deigarria da duen hiru zatiko egitura hori: ezkerraldean, matxinatutako jendetza ageri da armatuta, bandera gorrien pean koadroaren erdialderantz aurrera egiten. Haien aurrean hilarriak ikusten dira, eta hildako irudi bat datza elurrak estalitako zoruan. Eskuinaldean, eszenatoki biribil bat, zirkuko pista bat gogorarazten diguna, musikariek, pintore batek eta abere batzuek inguratzen dute. Behean, eskuinetara, egurrezko txabola batek shtetl juduen oroitzapenak iradokitzen ditu. Estu besarkatutako bikote bat ageri da haur batekin batera txabolaren teilatu gainean. Etxearen ataritik urrunduta, ibiltari bat dago bertatik irudiaren erdialderantz pasatzen, zaku bat bizkarrean duela.

Egurrezko etxearen eta zirkuko pistaren artean bertan behera utzitako bandera bat dago. Pinturaren erdian mahai batek hartzen du nagusitasuna, eta mahaiaren ezkerraldean gizon bat ageri da, errabino bat beharbada, eserita eta bere baitara bilduta, ondoan liburu bat zabalik eta Tora-biribilki bat eskuartean dituela. Bere aurrean, bisera bat daraman gizon bat dago mahai gainean, eskuineko eskuaren gainean bere burua orekan mantentzen; ikerlarien ustez, Leninen irudikapen bat da hori. Irudiak zehaztutako ardatz bertikalak bi ataletan banantzen du pintura, ezkerreko besoa eskuinaldeko ertzerantz luzatuta eta Errusiako bandera hanka artean duela. Akrobataren behealdean, samovar bat (te-ontzi errusiar bat) ageri da izoztutako zoruaren gainean, eta haren ondoan, kapela eta txaketaz jantzitako irudi bat, lurrean datzan aulki baten gainean kokoriko. Atzean eskuinaldean, ahuntz baten irudi harrigarria nabarmentzen da, aulki baten gainean eserita eta pertz bat aurrean duela.

Chagallek ez zuen inoiz bere obrari buruzko azalpenik eman nahi izan. 1946an kritikari amerikar batek bere lana azaltzeko eskatu zionean, honela erantzun zion: “Chagalli eskatzen badiozu bere obra azaltzeko, hark ez du erantzungo. Ez naiz nire obra ulertzen saiatzen. Ez da literatura. Obsesionatzen nauten irudien adierazpen piktorikoa baino ez da”8.

1921–22ko Eygens (Nire bizitza) bere autobiografia, geroago birlandua, oso baliagarria da 1917ko Iraultzari buruzko bere oroitzapen bisualak ulertzeko, Errusiatik itzuli ondoren margolaria “obsesionatzen” zuten irudiak identifikatzeko. Berlinera joateko Mosku utzi aurretik, bere jaioterriko asaldura iraultzaileen esperientzia zuzenak jaso zituen testu labur horretan, Errusiako ordena berriaren aurreneko urte haietan berak betetzen zuen rola barne9. 1925ean, testu autobiografikoa, jatorriz errusieraz, yiddishez argitaratu zuen Di Tsukunft (Etorkizuna) aldizkariak. Edizio frantsesak, Ma vie, Chagallen emazte Bellaren frantsesezko itzulpenean oinarritua, 1931n argitaratu zen10. Iraultzari buruzko Chagallen 1937ko pintura 1920ko eta 1930eko urteetako bere idatzi-bildumaren interpretazio bisual gisa irakurtzea oso baliagarria da artistaren lana ulertzeko. 1920ko urteetan egindako zirriborro auto­biografikoa, artistaren ilustrazioekin argitaratzekoa zena, “bi ahotsetara” idatzitako testu gisa pentsatuta zegoen, “testua bera oso argigarria da bere pintura nagusietako batzuk ulertzeko, eta alderantziz”11.

Errusiako Inperioaren ondorengo urteetan Chagallek bizitako diskriminazioak eta antisemitismoak berebiziko eragina izan zuten, antza, 1917ko Errusiako Iraultza inguratu zuten gertaerei buruz zuen ikuspegian; beharbada horrek argitzen du 1937ko bere pinturan irudikatutako sinbolo eta irudi juduen erabilera. Nahiz eta 1906an San Petersburgo hiriburura joan ahal izan zen artea ikastera, Errusiako tsarrak inposatutako Juduen Ezarlekuko bere sorburu Vitebsk atzean utzita, Lehen Mundu Gerraren aurreko Errusiako bizitza “ghetto” gisa deskribatu zuen Chagallek, atzera begiratuz. “Hara itzulita [Errusiara] […] ematen nuen pauso bakoitzeko sentitzen nuen—edo hobe esanda sentiarazten zidan jendeak!—judua nintzela”12. Gero eta marjinazio handiagoaren eraginez, judu askok Errusiako Inperioa utzi behar izan zuten emigratzeko edo politika erradikalean inplikatzeko 1881–82 eta 1903–05 urte bitartean izandako pogromen ondoren; eta joera hura hazi besterik ez zen egin Lehen Mundu Gerra piztu zenean. Juduak Tsarren gobernuarekiko desleial jokatzen zutelako susmoa zabaldu zen berehala, eta leporatu egin zitzaien gainera Errusiako armada gero eta sarriago garaitua izatea13. Chagallek bulegoko postu batean bete zuen soldaduska Petrogradon (San Petersburgon), eta hiriburuan zebilen jendailaren biktima izan zen bertan: “Ni ikusi bezain laster [harrapakari armatuen taldeak] zera galdetu zidaten: ‘Judua, bai ala ez?’ Une batez zalantza egiten dut. Ilun dago. Hutsik ditut poltsikoak, ahulduta ditut hankak eta odol-egarri daude”14.

Otsaileko Iraultza latzaren hastapenetan Nikolas II.a tsarrak abdikatu eta gobernu probisionalak aitzindaritza politikoa bere egin zuenean, Petrogradoko Langileen eta Soldaduen Sobietarekin batera, Chagallek —Errusiako judu askok bezala— esperantza-izpi batez ikusi zituen gertakariak: “Zerbait zegoen sortzear. Ia zorabialdi moduan bizi nuen hura”15. 1917ko martxoan, gobernu berriak juduen populazioari eskubide legal osoak bermatzen zizkien; batzuek hamarkadak zeramatzaten horren zain. Chagallek, beste judu askok bezala, liberazio bat bezala bizi izan zuen erregimen tsaristaren gainbehera: “Lasaitasuna izan zen sentitu nuen aurreneko gauza, pasaportea zela-eta gehiago kezkatu behar izango ez nuelako”16, harrezkero juduak herrialdeko edozein lekutan ezarri ahal izateko eskubideari aipamen eginez.

Petrogradon izan ziren asaldura iraultzaileetan zehar kanpoko behatzaile bat zen Chagall, bere garakide askoren antzera, eta horren aztarrena Errusiako Iraultzaren bere irudikapenean antzeman daiteke nolabait. Hemen, Lehen Mundu Gerrak Errusiako Iraultzan izandako papera nabarmentzeko du, testuinguru historiko eta pizgarri gisa. Chagallek bere autobiografian idatzi bezala, “Gerraren ‘komedia odoltsua’ izan zen […] [eta] masa-indarkeriako eszenak gertatu ziren bertan”17. Hemen, deigarria da Chagallek asaldura iraultzaileen “agertoki” bezala ikustea bere burua. Izan ere, 1937ko pinturak antzerki produkzio bat gogorarazten digu, pertsonaia pilo batekin eta sekulako jendetza baten eszenarekin. Chagallentzat hunkigarriak izan ziren antzerki iraultzaile horretako gertaerak:

Iraultza horren bultzada dinamikoaren aparteko ikuskizunak izugarri hunkitu ninduen. Bultzada iraultzaile horrek goitik behera zeharkatzen du bat, gainditu egiten du norberaren irudimen basatiena, hausten da norbere baitako munduaren kontra egiten du, non iraultza bat balitz bezala ageri den nolanahi ere artistaren barne-mundua”18.

Kaleetatik pintorearen barne-mundura heldutako iraultzaren txinparta berriro ageri dela dirudi Chagallen Iraultzaren erretratuan. Mihisearen ezkerraldean masa iraultzailea desfilatzen ari den bitartean, oldarka aurrera eginez, eskuinaldean —mundu artistikoan— mundu zaharreko elementuak ageri dira zirkulu bat osatzen, musika jotzen eta artista bere astoaren ondoan dela.

Bere autobiografian, Chagallek garrantzia kentzen dio ordena berri baten eraikuntzan egindako ekarpenari, 1917ko urrian boltxevikeek boterea hartu ondoren. Uko egin zion, eskertuta, bere lagunarteko eragileen eta artisten iradokizunari, etorkizuneko Arteen Ministerio berrian postu bat izan zezan. Ondo jabetzen zen estatu proletario berrian izugarrizko lan-aukerak izango zituela hasiera batean, langile baten seme zenez gero, baina Chagallek ez zuen epe luzeko karrera politiko batean sartu nahi izan. Atzera begira, apolitikotzat hartzen du bere burua:

Marxismoari buruz nekien guztia zen Marx judua zela, eta bizar zuri luze bat zeramala. Halere, ohartzen nintzen nire artea ez zetorrela horrekin bat inola ere”19.

Dena den, hasiera batean jarrera ona erakutsi zuen boltxevikeen irtenbide politikoen aurrean, eta agerian utzi zuen hori 1918ko Bakea txaboletan, gerra jauregietan marrazkian.

Hezkuntzako eta Kulturako Herri Komisario Anatoly Lunacharskyk, Parisen bizi izan zen lehenengo aldian ezagutu zuenak, 1918ko irailaren 12an Vitebskeko distrituan Arte Komisario izateko kargua esleitu zionean, margolariak berak gerora onartuko zuen moduan “maitasun hutsagatik […] nire herria, nire aita eta nire ama maite nituelako, han ehortzita zeudenak”20 onartu zuen Chagallek. Izatez, Chagallek askoz ere asmo handiagoak zituen bere jaioterrirako. Arte-eskolak, museoak, erakusketak, irakurraldiak eta hitzaldiak antolatzea zen hari esleitu zitzaion zeregin berria. Geroago, ironiaz komentatu zuen politikaren munduan hark izan zuen sarraldia: “Brusa errusiar batez jantzita, larruzko karpeta batekin besazpian, benetako ofizial errusiar bat ematen nuen. Neraman ile luzeak eta masailetan ikusten zitzaizkidan pinporta arrosa batzuek, nire pinturaren batetik erantsi izandakoek, salatzen zuten pintorea”21. 1918ko urriaren 7an, Urriko Iraultzaren lehen urteurrenean, Chagallek berak eta beste artista batzuek diseinatutako kolore biziko laurehun posterrek eta pankartek apaintzen zuten bere jaioterria, artistaren aginduz. Hiriaren gainean bandera bat nabarmentzen zen, pintorearen irudia erakusten zuena zaldi berde baten gainean tronpeta jotzen; lan horretatik marrazki bat geratu da, Zaldizkoa adarra jotzen (1918)22.

Vitebskeko Arte Komisario boltxebikea izan zen garaian, Chagallen proiekturik garrantzizkoena Herriaren Arte Eskola sortzea izan zen, Bielorrusiako hiria “[estatu sobietar berriko] periferiako arte-metropoli”23 bat berehala bilakatzeko asmotan.

1919ko urtarrilaren 28an inauguratu zen arte-eskola, eta bertan jarduteko berak bildu zituen langileen artean abangoardiako artista ezagunak zeuden, besteak beste, Kazimir Malevich, El Lissitzky, Ivan Puni eta beste batzuk. Geroago ikuspegi politiko haiei garrantzia kendu bazien ere, Chagallek asmo handiko helburuak zituen bere eskolan. Bizitza artearen bitartez eraldatzea zen margolariaren ametsa.

Hezkuntza-erakunde haren bidez, “errutina akademiko zaharkitua hautsiko zuen benetako Arte Iraultzaile baterako”24 oinarriak finkatzea zen haren asmoa. Proletarioen hezkuntza-erakunde gisa ikusten zuen eskola, gizarte-maila guztietako ikasleei irekia. Ateak zabaldu eta bigarren urtera, hirurehun ikasle prestatzen zituen jadanik “Herriaren hezkuntza-instituzio” hark. Chagall joera estetiko desberdinak biltzen saiatu zen bitartean, Malevich-ek “Kubismoaren eta Suprematismoaren prestaketa-eremu”25 bihurtu nahi zuen eskola; asmo hori dela-eta, zuzendari postutik kargugabetu zuten 1920an26. Malevichen pintura abstraktuak inolako trabarik gabe egon izan ziren zintzilik Chagallen pintura figuratiboen ondoan 1920ko Langileen Egunaren ospakizunetan, Vitebskeko kaleetan. Hilabete bat beranduago, ordea, maletak egin eta Moskura abiatu zen Chagall lan berri baten bila.

Bere memorietan, Chagallek alderdiaren zuzendaritzatik gero eta gehiago urrundu izanaren ondorio gisa deskribatu zuen haustura hori:

Eta urriaren 25ean, hiri osoan zehar, nire animalia koloretsuak atzera eta aurrera ari ziren kulunka, iraultzak hanpatuta. Langileak desfilatzen eta Internazionala abesten ari ziren. Haien irribarrea ikusi nuenean, jakin nuen ulertu nindutela. Ez zirudien, ordea, agintariak, komunistak horren pozik zeudenik. Zergatik da behia berdea eta zergatik dabil zaldia zeruan hegan? Zergatik? Zer zerikusi du horrek Marxekin eta Leninekin?27

Atsekabez gogora ekarri zuen nola geroago, 1919an, amore emango zuten haren ikasle izandakoek Malevichen “mistizismo ‘suprematikoaren’”28 aurrean. Geroago etsita adierazi zuenez, “Triste nago hemen. […] Errusia Inperialak eta Sobietarren Errusiak, ez batak ez besteak, ez naute behar. Ez naute ulertzen. Arrotza eta ulergaitza naiz haientzat”29.

Agintari berri haien indarkeria eta despotismoa zuzenean bizi izanak eragin zuen beharbada Chagallen gero eta alienazio handiagoa Urriko Iraultzaren helburuekiko eta protagonistekiko. 1920ko urteen hasieran, Chekaren (polizia federal boltxevike ezarri berria) arpilatzeen lekuko izan zen margolaria. Hezkuntza eta Kulturako Herri Komisario Lunacharskyrekin zuen harremanak ezer gutxi balio izan zion Vitebskeko agintari berriek bere aita-amaginarreba judu aberatsen ondasunak konfiskatzea saihesteko:

Etxera eta guzti etorri ziren bertan baliozko ezer ba ote zegoen ikustera. Mahaitik jaso berri genituen zilarrezko ontziak ere eraman zituzten30.

Egoera hartan moldatu ezinik, artistak bizkarra eman zien menderakuntza boltxeviekearen gehiegikeriei. Bere oroitzapenetan zuhurtasunez adierazten du “Iraultza oso gauza ona izan daiteke besterekiko errespetua galtzen ez den bitartean”31. 1923an, Parisera itzuli zen urtean, Aingeruaren erorialdia (La chute de l’ange, 1923/33/47, Kunstmuseum Basel, jabetza pribatuko gordailua 1955) obraren lehenengo bertsioa margotu zuen. “Eroritako aingeru gorria buruz amiltzen irudikatzean (hark), hain sakonean sentitzen zuen Iraultzaren tragedia jaso zuen (historiak krudelki berretsi zuena)”32.

1937an Iraultza margotu zuenean —hasiera batean Pariseko Nazioarteko Erakusketako juduen pabiliorako mural baterako prestalan gisa—, irudikatutako gertaerak 15 urte lehenagokoak ziren33. Aldiz, une hartan nahiko berria zen Yehuda Penen heriotzaren albistea; Vitebsken irakasle izan zuen Chagallek Pen, eta 1937ko urtarrilean izan zuen ezbeharraren berri. Bortizki hil zuten Yehuda Pen, baina ez ziren zirkunstantziak argitu. Chagallen inguruan egindako ikerketa-lanetatik abiatuta, susmatzen da polizia sekretu sobietarren jarraitzaileek hil zutela Pen, “Izualdi Handiaren”34 urtean. Ez da ziurra Chagallek antzekorik pentsatzen ote zuen 1937an.

Testuinguru horretan, ez da oso egokia Chagallen 1937ko Iraultza artelana “pintura alai bat” balitz bezala interpretatzea, Benjamin Harshavek egin bezala, edo “narratiba heroiko bat” bezala, “Urriko Iraultzak mundu osoan eragin zuen asaldura historikoaren errepresentazio ikaragarri handi baten osagai guztiak biltzen ditu[ena]”35. Bere autobiografia idazten ari zela jada, pintorea jabetzen zen “Errusia izotzez estalita zela” 1917an. “Leninek hankaz gora jarri zuen dena. Neuk bezala nire irudietan”36. 1937an, Chagallek “iraultzaile ausart”37 bat balitz bezala erretratatu zuen buruzagi boltxevikea, antzerki sustatzaile bat balitz bezala oreka mantentzen saiatzen bi iraultzaren artean: Urri Gorriko iraultza politikoa, ezkerraldean irudikatutako masen matxinada borditzak irudikatua, eta eskuinaldean, “iraultza espirituala”, lortu berri den askatasunak bultzatutako artearen eta maitasunaren dantza biribilean. Paisaia elurtu horretan, bere pentsamenduetan murgilduta, mahaiaren ondoan Tora-erroilua eskuetan duen gizona 1917ko Iraultzak “besterekiko errespetua” galdu izanaren arrazoien inguruko hausnarketa bat egiten ari dela dirudi. Aldi berean, erlijio juduaren irudi horrek aditzera ematen du 1917ko Iraultzak nabarmen irmotu zuela Chagallen konpromiso artistikoa bere sustrai juduekiko.

[Itzulpena: Bitez.
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Karl Schlögel, Moscow 1937, Cambridge, Erresuma Batua, 2012. [itzuli]
  2. Sylvie Forestier, Marc Chagall. Widerstand, Auferstehung, Befreiung, Stuttgart, 1991, 14. or. [itzuli]
  3. Benjamin Harshav, Marc Chagall and the Lost Jewish World: The Nature of Chagall’s Art and Iconography, New York, 2006, 215. or. [itzuli]
  4. Ibid., 215. or. eta hurrengoak. [itzuli]
  5. Franz Meyer, Marc Chagall: Life and Work, itzul. Robert Allen, New York 1964, 414. or. [itzuli]
  6. Roland Doschka, “Marc Chagall—Origins and Paths”, hemen: Marc Chagall: Origins and Paths, arg. Roland Doschka, erak. kat. Stadthalle, Balingen; Salle Saint-Georges, Lieja, New York, 1998, 23. or. [itzuli]
  7. Forestier, 1991 (ikus 2. oharra), 12. or. [itzuli]
  8. Honen arabera aipatua: Aleksandr Kamensky, Marc Chagall: The Russian Years, 1907–1922, itzul. Catherine Phillips, New York, 1989, 307. or. [itzuli]
  9. Marc Chagall, My Life, New York, 1960. [itzuli]
  10. Alemanezko, ingelesezko eta hebreerazko itzulpenak edizio frantsesean oinarritu ziren eta 1945 ondoren argitaratu ziren. Ikus, xehetasun handiagoz, Benjamin Harshav, Marc Chagall and His Times: A Documentary Narrative, Stanford, 2014, 74–78. or. [itzuli]
  11. Ibid., 77. or. [itzuli]
  12. Chagall, 1960 (ikus 9. oharra), 106. or. [itzuli]
  13. Ibid., 131.or. Gai horri buruz , ikus, adibidez, Eric Lohr, “The Russian Army and the Jews: Mass Deportation, Hostages, and Violence during World War I”, hemen: The Russian Review 60, 3. zk. (2001eko uztaila), 404–19. or. [itzuli]
  14. Chagall, 1960 (ikus 9. oharra), 135. or. [itzuli]
  15. Ibid., 135. or. [itzuli]
  16. Ibid. Testuinguruaz gehiago jakiteko, ikus, besteren artean, Oleg Budnitskii, “The Jews and Revolution: Russian Perspectives, 1881–1918”, hemen: East European Jewish Affairs 38, 3. zk. (2008ko abendua), 321–34. or. [itzuli]
  17. Chagall, 1959 (ikus 9. oharra), 117. or. [itzuli]
  18. Hemen aipatua: Doschka, 1998 (ikus 6. oharra), 21. or. [itzuli]
  19. Chagall, 1960 (ikus 9. oharra), 138. or. [itzuli]
  20. Ibid., 145. or. [itzuli]
  21. Ibid., 140. or. [itzuli]
  22. Harshav, 2014 (ikus 10. oharra), 243. or. [itzuli]
  23. Sabine Koller, “Das Schwarze Quadrat und die jüdische Kunst: Chagall, Lisickij und Malevicˇ in Vitebsk”, hemen: Aschkenas 24, 1. zk. (2014k iraila), 8. or, doi:10.1515/asch-2014-0012. [itzuli]
  24. Marc Chagall, “The People’s Art College”, hemen: Vitebsky Listok, 1918ko azaroak 16, 1038. zk., hemen aipatua: Harshav, 2014 (ikus 10. oharra), 256. or. [itzuli]
  25. Koller, 2014 (ikus 23. oharra), 10. zk. [itzuli]
  26. Marc Chagall Vitebskeko Herriaren Unibertsitateko helburuei buruz hizketan hemen: Shkola i revolutsiya (Eskola eta Iraultza), 1919ko uztaila, 24–25. zk., hemen aipatua: Harshav, 2014 (ikus 10. oharra), 269. or. [itzuli]
  27. Chagall, 1960 (ikus 9. oharra), 140. or. [itzuli]
  28. Ibid., 143. or. [itzuli]
  29. Ibid., 176. or. [itzuli]
  30. Ibid., 154–55. or. [itzuli]
  31. Ibid., 157. or. [itzuli]
  32. Koller, 2014 (ikus 23. oharra), 30. or. [itzuli]
  33. Harshav, 2006 (ikus 3. oharra), 215. or. [itzuli]
  34. Ibid., 214. or. [itzuli]
  35. Ibid., 215–16. or. [itzuli]
  36. Chagall, 1960 (ikus 9. oharra), 138. or. [itzuli]
  37. Forestier, 1991 (ikus 2. oharra), 13. or. [itzuli]