Edukira zuzenean joan

Chagall. Urte erabakigarriak, 1911−1919

katalogoa

Ile-xerloak berrogeita hamar errublotan

Naomi Lubrich

Izenburua:
Ile-xerloak berrogeita hamar errublotan
Azpititulua:
Zerga berezi bat, debekatutako jantziak eta estilo judu baten sorrera
Egilea:
Naomi Lubrich
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao Museoa; La Fábrica, 2018
Neurriak:
23 x 28 cm
Orrialdeak:
133 or.
ISBN:
978-84-17048-76-1
Lege gordailua:
BI-978-2018
Erakusketa:
Chagall. Urte erabakigarriak, 1911−1919
Gaiak:
Artea eta politika | Judaismoa

Zerikusirik ba al dute jantziek eta arteak? XIX. mendean Errusiara anexionatutako Poloniako herri juduetan, bai. Garai hartan, judu errusiar/poloniarrei janzkera-kode bat ezarri zitzaien, jantzien gaineko zerga bat alegia, eta debekatuta zuten judu-identitatearen ikurrak bistan eramatea; gaur egun, apenas gogoratzen da janzkeraren gaineko eztabaida hori. Hala, gaur arte dirauen jantzi-kultura judu bat sorrarazi zuen gatazka horrek, eta baita juduen mugimendu artistiko bat ere.

Janzkera juduaren inguruko eztabaidagai horren haritik, ia ahanzturan geratu den modaren résistance hura gogora ekartzeaz gainera, lagungarria izango zaigu Marc Chagallen eta bere garaikideen arteari buruz dugun ulermena osatzeko.

Politika

Janzkeraren inguruko eztabaida hura gai politiko batek piztu zuen. 1772, 1792 eta 1795. urteetan, Errusiak hurrenez hurren anexionatu zituen Poloniako lurraldeak, Baltikotik Itsaso Beltzeraino, non kalkuluen arabera lauzpabost milioi judu bizi ziren. Judu haiek euren hizkuntza, euren eskolak, euren sistema judiziala zituzten, baita euren janzkera tradizionala ere, ziurrenik Poloniako goi-mailako gizartean aurretik zabaldu izandako modatik hartua1.

Jantzien inguruko eztabaida hark 1804an du sorburua: Alejandro I.a tsarrak2 juduen janzkera atzerakoitzat eta iraingarritzat hartzen zuen, eta urte hartan arautu zuen Poloniako mugetatik harago Errusiako eremuetan juduei sarbidea debekatzea jantzi judu tradizionala baztertzen ez bazuten; horren ordez, burges alemaniarren janzkera ezarri zitzaien. Horrez gain, antzeko baldintzak ezarri zizkieten bigarren hezkuntzan jarraitu nahi zuten mutil juduei Poloniako eremuetan.

Janzkera aldaketa hura ez zen, ordea, erraz gertatu. Bost urte beranduago, juduen ordezkarien eskaera batek agerian utzi zuen alemanengandik hartutako janzkera berriak eta bizarra uzteko modu hark barregarri bihurtzen zituela. Ondorioz, errusiar enpresarien estiloari jarraituz janzteko baimena eman zieten.

Dena den, gutxiengo batek bete zituen jarraibide haiek. Ebidentziak aditzera ematen digunez, judu gehienek ez zioten jaramonik egin 1804ko arauari, kontuan hartuta ondorengo belaunaldiek erabili egiten zituztela agintariek gaitzetsitako jantzi horiek berak. 1835ean, gai honi dagokionez, Nikolas I.ak beregain hartu zuen Alejandro anaia zenduak judutarren aurka zuen kausa, eta xedapen gehiago atera zituen 1839an. Hark emandako aurreneko pausoa zerga bat (hamar errublo baina gehiago) inposatzea izan zen juduen jantzi produkzioaren gainean. Hala, juduen itxura modernizatzeko erantzukizunaren karga juduen estilo tradizionaleko jantzigintzan zihardutenei ezarri zitzaien: beste hitz batzuetan esanda, sastreei, jostunei eta gainerako guztiei.

Ondorengo urteetan, administrazioak neurri gehiago ezarri zituen. 1840an, Juduen Erreforma Erradikalerako Bideak eta Bitartekoak Zehazteko Batzordea (Komitet dlia opredelenia mer korennogo preobrazovania evreev) eratu zen. Batzordeak justifikatu egin zituen neurri haiek, azpimarratuz asmoa ez zela esanahi erlijioso bat zuten jantziak debekatzea, estigma bezala juduei aurretik inposatutako jantziak baizik, modaz kanpo ordurako. Dena den, juduen bizitzaren erreforma osatu bat aurrera eramateko plana gauzatu ondoren bakarrik aurreikusi zen neurri haiek betearaztea.

Praktikan, ez zen erraza izan sastre, jostun eta euren arropak egiten zituzten guztiengandik zerga haiek biltzea. Hala, batzordeak lege berri bat ezarri zuen jantzi juduak zeramatzan ororentzat. 1843an sartu zen indarrean, eta salbuetsi egin zituen hirurogei urtetik gorakoak. 1844an zuzendu egin ziren xedapenak jantzi juduak erabiltzen zituztenei zerga garestiagoak ezartzeko helburuz, arau-hauslearen estatus sozialaren arabera. Hala eta guztiz ere, euren jantzi tradizionala baztertu baino, judu tradizionalek nahiago izan zuten zerga berezi hura ordaindu. 1845ean, Odesan ezarritako lehenengo merkatarien gremioak berrogei errublo ordaintzen zituen urtean jantzi juduak eramategatik; bigarren gremioak hogei errublo ordaintzen zituen, eta hirugarrenak lau errublo. Artisauek hirurogeita hamabost kopeck ordaintzen zituzten. Podolsk distrituan, 1846an, tarifa desberdinak ezarri ziren talde sozialaren arabera, baita hamabostetik berrehun eta berrogeita hamarrera arteko isunak ere. Hala ere, gobernuak argi utzi zuen aldi baterako bakarrik (bost urte iraungo zuen neurria) ezarri zela zerga hura, eta 1850. urtetik hasita zeharo debekatuta egongo zela jantzi juduak eramatea, kasu gutxi batzuetan izan ezik.

Jantzi tradizionalak

Zein jantzitan izan zuten eragina neurri haiek? Lehenik eta behin, juduei debekatu egin zitzaien euren burezur-estalki bereizgarria (kippa; pl. kippot) eramatea, eta horren ordez kapela arruntak edota bestelako kapela sekularrak eraman behar zituzten. Ile-xerloak ere legez kanpo zeuden. Fränkischer Merkur egunkariko kronika batean, Vilniusen jantzi juduen debekuari buruz muga gehiago aipatzen dira: berokiek ezin zuten izan satinez eginak, horren ordez kotoizkoak, lihozkoak edo artilezkoak izan behar zuten; eta inolatan ere gerriko batekin. Galtzek orkatilerainoko luzera izan behar zuten, eta zapaten ordez botak eraman behar zituzten. Emakume ezkonduak behartuta zeuden txapelak edo burukoak eramatera, eta trentzak eta apain-orraziak emakume ezkongabeek bakarrik eraman zitzaketen, bi kasuetan aleman edo errusiar estiloko soinekoekin3.

1845ean Errusiako legeria Poloniako eremuetara hedatu zenean, judu askok ahal izan zuten guztia egin zuten kontra egiteko. Nahiago zuten isunak ordaindu, euren jantzi tradizionalak baztertu. Juduek gogotik ordaindu ez ezik, barau eta otoitz egin, eta eskaerak aurkezten zituzten. Hala eta guztiz ere, atzera egin beharrean, neurri murriztaile gehiago ezarri zituzten agintariek.

1851n, indargabetu egin zen jantzien gaineko zerga, eta behin betiko debekatu zituzten jantzi juduak. Adineko jendea bakarrik zegoen salbuetsita: baimen bat eros zezaketen lehengo estiloan janzten jarraitzeko. Gainerako guztiek amore eman behar izan zuten. Urte hartako apirilean, ordenantza berri batek debekatu egin zien emakume ezkonduei buruko ilea larru-arras moztuta eramatea; fede handiko emakume juduek jarraitzen zuten usadio hark Ekialdeko Europan zuen sorburua XVIII. mendean eta apaltasunaren seinaletzat hartzen zen. Legeria hura 1852an zuzendu zen, janzkerari zegokionez juduen eta natiboen arteko desberdintasunak desagertaraztea helburu hartuta. Gizonezkoetan, debekuak ile-xerloak, kippak, gerrikoak, larruzko kaperak, galtza motzak eta zapatak hartzen zituen barnean. Otoitz-xalak (talit) eta tefilinak baimenduta zeuden, baina sinagogetan bakarrik. Emakumeei zegokienez, buruko ilea larru-arras mozteko debekua mantendu egin zen, eta behartuta zeuden txapelak edo kolore naturaleko ile-ordeak, zintak edo satinezko apaingarriak eramatera. 1852ko xedapen berri batek, isunak nabarmen gehitu zituenak, tokiko errabinoei eskuordetu zien edozein arau-hauste kontrolatzeko erantzukizuna.

Harrezkero ezarritako edozein arau berrik areagotu besterik ez zuen egin juduengan euren janzkerari eusteko gogo bizia. Hala, esanahi erlijiosoa ematen hasi ziren euren jantziei. Horrek inflexio-puntu bat adierazi zuen jantzien inguruko eztabaidan. Tokiko administrazioek jantzi erlijiosoetan ezarritako debekuak gero eta zorrotzagoak zirela ikusita, agintari nagusiek esku hartu behar izan zuten. 1865az geroztik murriztu egin ziren ikuskaritzak, eta dekretu berri batek azpimarratu egin zuen esku-hartze publiko haiek juduengana ez ezik, biztanle guztiagana zuzenduta zeudela, “itxuraz jantzi” zitezen.

Alejandro II.a tsarra izan zen juduen janzkera-kodea arautzen azkena. Dena den, hark ez zuen grina handirik erakutsi, eta Errusiako armadako kapitain nagusi eta Poloniako Erresumako Namiestnik (erregeorde) Friedrich Wilhelm Rembert von Bergen-en esku utzi zuen erantzukizun hura. Bergek ez zuen zeregin hori bere gain hartu nahi, indar armatuen laguntza behar izango zuelakoan, eta ez zuen halakorik nahi. 1870ean, Estatu Administrazioaren esku utzi zen gaia. Hezkuntzako ministro Dmitry Tolstoy konteak juduen janzkera eta ile-orrazkera tradizionalak beren kasa desagertuko zirela espero zuen, Poloniako Erresuman bizi ziren juduek heziketa-maila handiagoa lortu ahala. Janzkera-kodearen auzigaia alfabetatze gai bilakatu zen. Estatu Administrazioak arautu bazuen ere Errusiako arauak Polonian ere aplikatu behar zirela, Bergek inoiz ez zuen ezarri datarik arau haiek indarrean sartzeko. Hortaz, mugarik gabe atzeratu zen arau haien betearazpena.

Era horretan zehaztu zen estilo judua. Kaftan gerrikoduna bezalako jantziak, eztabaidaren aurretik konnotazio judurik izan ez zuenak, hainbat objektu erlijiosorekin batera (buru-estalkiak ile-xerloak, besteren artean) juduen bereizgarri bisualak bilakatu ziren, eta baita juduen jarrera irmoarena ere. Gaurdaino, kultura ultra-ortodoxoaren ezaugarri dira, Zurichetik hasi eta Brooklyn eta Mea She’arim-eraino.

Artea

Walter Benjamin kultur kritikariak aztergaitzat hartu zuen modak (jantziak) politikarekin eta gizartearekin zuen lotura. Das Passagen-Werk liburuan, XIX. mendeko artearen eta gizartearen inguruko collage zabal batean garatu zuen janzkeran izandako aldaketek aurrerabide kulturala berekin ekarri zutelako ideia:

Etortzekoa denarekiko harreman egonkorragoa eta askoz ere zehatzagoa da hala ere, etorkizunean gertatuko denarekiko emakumeen kolektiboak duen aparteko sen horri esker. Denboraldi bakoitzak, sorkuntza berrienekin, etortzekoak diren gauzen zenbait seinale sekretu ekartzen ditu. Horiek interpretatzeko modua ulertzen duen edonork aurretik jakingo luke artearen arloan sortutako korronte berriei ez ezik, kode legal, gerra eta iraultza berriei buruz ere4.

Benjaminek ez du modaren “seinale” horren adibiderik ematen, eta geuk ere ez dakigu ba al zuen janzkera errusiar/juduaren inguruko eztabaidaren berri. Dena den, gertaera hori baliagarria izan daiteke bere argumentuaren erakustaldi paradigmatiko gisa. Izan ere, Errusiarren eta juduen arteko konfrontazioan, modak aurrea hartu zion arte judu sekular baten garapenari eta antzekotasun harrigarriak izan zituen azken horrekin.

XIX. mendean, Vladimir Stasovek, bere garaiko arte kritikaririk itzaltsuenak, arte juduaren ideia formulatu zuen. Haren ikuspegitik, Europako formuletara egokitu beharra zuen estetikoki, batik bat Errealismora5. Haren ideiak ez ziren inoiz gauzatu dena den, artista juduek ez baitzuten irudi errealistarik margotu nahi, eta publikoak berak ez zuen halako arterik eskatzen.

Berrogeita hamar urte geroago arte errusiar-judu batek egin zuen agerraldia, mendearen hasiera baino lehen jaiotako eta Errusiako Iraultza taxutzen lagundu izandako artisten belaunaldi baten eskutik. Iraultzaile haiek estilo ez-errealista batean margotzen zuten berariaz. Zenbait artista, besteren artean Issachar Ber Ryback (Issachar Ber Ryback, Pogrom, d.g., bilduma pribatua), Nathan Altman eta Marc Chagall abangoardiako artean zeuden interesatuta, eta baita folklorean ere6.

Avram Kampf arte historialariak dioenez, Chagallen, Rybacken eta Altmanen obrek zehaztu zuten arte juduaren hasiera. Baina zergatik arte “judua”? Artistek judutzat identifikatzen zituztelako erretratatzen zituzten irudiak. Kaftanez jantzita, gerriko, ile-xerlo eta kapera “juduekin” margotu ohi zituzten edo, Judua zuri-beltzez (1914) pinturan adibidez, otoitz-xal batekin eta tefilin batekin, astegunetako goizeko otoitzetarako jantziekin, alegia. Hala, artistek testuinguru soziokultural jakin batean kokatzen zituzten euren pinturak, era horretan kategoria estetiko berri bati bide emanez. Juduen janzkerak arte etnikoaren alorrera eraman zuen haien obra. Marc Chagallek beste osagai batzuk baliatu zituen judu tradizionalak irudikatzeko, jantzi higatuak nabarmenduz, besteren artean. Judua berdez (1914) juduak bisera zahar bat darama buruan; daraman berokiak itxuragabetu egiten dio sorbalden lerroa, eta zimur-zimur eginda ditu besoak. Judu gorria (1915) pinturan, gizon bizar gorriak daraman beroki baldar eta zimurtua da obraren foku bisuala.

Hala, hausnartutako erabaki kontziente baten ondorio izan zen pintore haiek jantzi polemiko haiek irudikatu izana. Yiddishez idatzitako Di wegn fun der jiddischer moleraj (Pintura juduaren bideak) saiakeran, Issachar Ber Ryback-ek azaldu zuenez, komunitate juduek erabiltzen zituzten jantzi koloreen arabera aukeratzen zuen Chagallek bere kolore-paleta. Paganoek kolore biziak nahiago bazituzten ere, tonu ilunak eta mateak hautatzen zituen berak, juduen gustura hobeto egokitzeko. Hauxe izan zen bere erreferentzia puntua: emakume juduek etengabe garbitu ohi zituzten euren jantzi berriak koloreek bizitasuna gal zezaten; artean, emakume ez juduek oso gustuko zituzten bitartean tonu distiratsuak7. Lotura horrek agerian uzten du irudikatzen zituen jantziak ez zirela soilik mugatzen irudiak identifikatzera: artistaren kolore-paleta zehazten zuen eta ezaugarri duen tonalitate berezi hori eman zion bere obrari. Rybacken iritziz, jantzi berriak zeramatzaten haren erlijiokideekin izandako kontaktua izan zen berariazko estilo judu baten abiaburua.

Walter Benjaminek uste bezala, janzkeran sortutako modak “etortzekoa denaren” seinale direlako ideiaren adibide harrigarria dugu jantzien inguruko eztabaidaren eta Errusiako Inperioaren amaiera aldera eta Errusiako Iraultzan zehar sortutako arte mugimendu juduaren arteko harremana, eta izan ere, azterlan sakon bat egitea ahalbidetzen du. Istorio horrek adierazten duen ironia zera da, hemen ageri diren etorkizun seinaleek ez zutela estilo berri edo berritzaile bat adierazten, gutxiengo batek kosta ala kosta iraunarazi nahi izan zuen jantzi estilo zaharkitu eta modaz kanpoko bat baizik.

[Itzulpena: Bitez.
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Alfred Rubens, A History of Jewish Costume, Londres 1961, 127–28. or.; Eric Silverman, A Cultural History of Jewish Dress, Londres et al., 2015, 74. or. [itzuli]
  2. Ondorengo informazioa Sarah Tabbal-i eta Natallia Aniskevich-i zor diet, jantzien inguruko eztabaidaren informazioa itzuli baitzuten Jewish Encyclopediako errusierazko itzulpenetik [azken kontsulta: 2017ko maiatzak 22]. Gainera, nire eskerrik zintzoena Chaya Kheifets-i eta Olga Osadtschy-ri iturriak egiaztatzeagatik. [itzuli]
  3. Fränkischer Merkur (Bamburg), 1845eko ekainak 19, 170. zk., 4. or. [itzuli]
  4. Walter Benjamin, Das Passagen-Werk, hemen: Walter Benjamin, Gesammelte Schriften, Rolf Tiedemann eta Hermann Schweppenhäuser (arg.), 5. alea, Frankfurt, 1991, 1. ale partziala, 112. or. [itzuli]
  5. Avram Kampf, Chagall to Kitaj: Jewish Experience in 20th Century Art, Londres, 1990, 15. or. [itzuli]
  6. Ibid. [itzuli]
  7. Issachar Ber Ryback eta Boris Aronsohn, “Die Wegn fun der jiddischer moleraj”, hemen: Oifgang (Kiev), 1. zk. (1919), aipua Kampf 1990 (ikus 5. oharra), 25. or.; eta Ilona Oltuski, Kunst und Ideologie des Bezalels in Jerusalem: Ein Versuch zur jüdischen Identitätsfindung, Frankfurt am Main, 1988, 187. or. [itzuli]