Edukira zuzenean joan

Chagall. Urte erabakigarriak, 1911−1919

katalogoa

Marc Chagall yiddishezko prentsan

Shifra Kuperman

Izenburua:
Marc Chagall yiddishezko prentsan
Azpititulua:
Kronologia diskurtsibo bat
Egilea:
Shifra Kuperman
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao Museoa; La Fábrica, 2018
Neurriak:
23 x 28 cm
Orrialdeak:
133 or.
ISBN:
978-84-17048-76-1
Lege gordailua:
BI-978-2018
Erakusketa:
Chagall. Urte erabakigarriak, 1911−1919
Gaiak:
Ibilbide artistikoa | Literatura | Marc Chagall

Marc Chagallen arrakasta ukaezinaren ondorengo urteetan, lau hamarkada lehenago kezkarazten zuen galdera bera egin zion artistak berriro bere buruari: “Nor da profeta bere herrialdean?”1 Yiddishez idatzitako garai hartako prentsa irakurtzean, harrigarria da arte-kritiketan Chagallen aipamenik ia ez topatzea. Kritikariek —Leo König (Leib Yaffe) berak, ondoren lotura estua izango zuenak Chagallekin— yiddish artisten kanon espezifiko baten berri besterik ez zuten eman gerraren urteetan2. Chagalli eta bere obrari buruzko artikuluak 1920ko urteen hasieran hasi ziren agertzen yiddishezko aldizkarietan. Hala ere, prentsan hamar urteko atzerapen horrekin bere obrari harrera egin izanak Chagallen aurreko lanari ikuspegi berri batetik heltzeko balio izan zuen, ikuspegi poetikoago batetik, alegia.

1921: SARRERA. 1921eko urtarrilean, New Yorkeko די צוקונפט (Di Tsukunft, Etorkizuna) egunkari sozialistak ohiko moduan aurkeztu zien Chagall irakurle yiddishei3. Garai hartan yiddishez idatzitako kritika eta entziklopediako sarreretan ohikoa zenez, lehenbizi gurasoen lanbidea eta estatus soziala adierazten zen Chagall identifikatzeko; halaber, juduen mundu tradizionaletik hartutako metaforekin deskribatu ohi zen bere prestakuntza. Bere irakasle Yehuda Penekin zuen lotura adierazteko, errabino hasidikoaren eta bere ikaslearen arteko loturarekin parekatu ohi zen.

Ez da harritzekoa, beraz, ondoren egin izan ziren analisietan “edukiaren eta formaren arteko” harremanari heldu izana, konbentzio bat baitzen hura arte-kritikan, yiddishezko literatura 1908 inguruan berpiztu zenetik. Hainbat aurkakotasunen bitartez heltzen da bat ezaugarri interesgarri horietara: Vitebsk eta Paris, judaismoa eta unibertsalismoa edo naziotasuna eta nazioartekotasuna aurrez aurre ipinita. Baal-Makhshoves (Israel Isidor Elyashev) kritikariak dikotomia horretan identifikatu zuen artista juduaren gatazka larriena, artearen inguruko itxaropen nazionalen eta artearen nazioarteko publikoaren arteko hausturan, alegia4.

1922TIK AURRERA: “CHAGALLISMOA”. Arrakastak eredu bihurtu zuen Chagall pintore judu askorentzat. 1922an Berlinen egin zen arte juduaren erakusketaren ondoren, hiri horretan sortu berri zen מילגרוים (Milgroym, Mingrana) arte-aldizkariko kritikariek azpimarratu zutenez, Chagall zen beharbada oso bestelako bi mundu osotasun bakarrean biltzea lortu zuen artista bakarra5. Chagallek europartu egin zuen juduen mundua. Arte bizi propio bat sortu zuen arren, kritikaria atsekabetuta zegoen “chagallismoa”ren porrot kolektiboa zela-eta; termino hori gutxiespenez baliatzen zen, Chagallen obraren imitazio sentimentala deskribatzeko.

Dena den, “chagallismo” delakoa ez zegokion soilik artistaren obrari. Chagallen garai hartako ospearen berrespena —ezohiko modu batean bada ere— Varsoviako הײַנט (Haynt, Gaur) egunkariko artikulu batean aurki dezakegu. Funtsean, yiddishezko literaturarekin zuen loturaren bitartez aurkeztu zien irakurleei Chagallen obra. Genero horretako klasiko gailenentzat sortu izan zituen ilustrazioak aipatzen zituen, Sholem Aleichem eta Jizchok Leib Peretzen lanentzat; Moskuko Ganberako Estatu Antzoki Judurako egin izan zuen lana; eta yiddish kritikari Baal-Makhshoves-en erretratu bat6. Gainera, juduen munduaz haraindi hark izandako ospea nabarmendu zuen artikuluak. Hala ere, pasarterik bitxiena gizon bati zegokion, zeinak, artistaren ospeaz baliatuz, bere burua aurkeztu zuen Marc Chagall gisa Dresdeneko zirkulu artistiko eta literarioetan, artistari zegokion arreta bereganatzeko7.

1924: PUBLIKO JUDUA. בלעטער ליטערארישע (Di Literarishe Bleter, Literatur-orriak) argitalpenean, Marc Chagalli egindako bisitaldi bat deskribatzen zen, “Gutunak Parisetik” izenburupean. Hasiera-hasieratik, testuak agerian uzten zuen Chagallen herrimin eta interesa yiddish munduarekiko. Jakin-min handiko gizon bezala deskribatzen zen, galderak egin eta solaskideari adi-adi entzuten ziona. Egileak idatzitakoaren arabera, Chagallek ez zituen oso gustuko aurretik egin izan ziren juduen erretratuak, nabariegiak zirelako. Judutarrak isilik, esperoan erretratatu behar ziren. Chagallek onartu zuen, nolabait lotsatuta, bere nahirik biziena Jizchok Leib Peretz idazlearen yiddishezko ipuinak ilustratzea zela, eta mugimendu literario berrian interesatuta zegoela adierazi zuen baita ere. Hainbat idazle frantses modernoren liburuak zituen egongelan, idazleek berari idatzitako eskaintzekin. Chagallek oso agur beroa egin zion Peretz Markish-i. Etorkizunari begira planak taxutzen hasiak ziren yiddishezko idazleekin eta yiddishezko antzerkiarekin, eta bere obra Varsovian aurkeztea gustatuko litzaiokeela aipatu zuen Chagallek, nahiz eta udaberria baino lehen izan beharko zen hori, New Yorken bere obraren erakusketa baten inaugurazioa izango baitzen orduan. Poetaren aipu batekin amaitzen zen gutuna: “Ez dut izenik gogoratzen, begiak gogoratzen ditut”8.

Handik gutxira, Chagallek Varsoviako yiddish artisten elkarteari zuzendutako gutun bat argitaratu zen Di Literarishe Bleter aldizkarian. Ondorengo urteetan sarritan ageri ohi zen gutuna editore baten adierazpenarekin. Gutunean, Chagallek barkamena eskatzen zuen une hartan bere obren erakusketa bat hirian antolatu ezin izanagatik, baina azpimarratu egiten zuen zein garrantzizkoa zen beretzat publiko judua9.

1924TIK AURRERA: AGERTOKI LITERARIOA. Une hartan fase berri bati ekin ahal izan zion Chagallek. Di Literarishe Bleter yiddishezko aldizkariak, 1924 eta 1939 urte bitartean Varsovian argitaratu izan zenak, Poloniako Wiadamos´ci Literackie (Albiste literarioak) aldizkari arrakastatsua hartu zuen eredutzat10. Bertako lau editoreen artean Peretz Markish egilea zegoen, Chagallen lagun berria, alegia. 1924an bertan, Markishek ere editatutako די כאַליאַסטרע (Di Khalyastre, Banda) literaturako aldizkari abangoardistaren azala ilustratu zuen Chagallek11. 1920ko urteetan Literarishe Bleter argitalpenak Chagalli eskaini zion agertokiak berebiziko garrantzia hartu zuen artistarentzat, bertako editoreekin eta irakurleekin izango zuen gero eta lotura estuagoa izanik horren erakusgarri.

1925: HASTAPENAK LITERATURAREN MUNDUAN. Editoreekin izandako gero eta lankidetza estuagoak aipatu izan ziren antza Boris Arkadevich Kletskin argitaratzailea Literarishe Bleter aldizkariari babes finantzarioa ematen hasi zenean, eta Chagall agertzen zen aldizkariko editoreek eskerrak eman zizkieten pertsonen zerrenda luzean (idazleak gehienak, salbuespenak salbuespen)12.

Yiddishezko literatura modernoaren “aita” Jizchok Leib Peretz hil eta hamar egunera, egile gailenari buruzko artikulu bat idazteko eskatu zioten editoreek Chagalli. Di Literarishe Bleterek Peretzi eskainitako hurrengo alearen inguruko berriek aldez aurretik zerrendatzen zituzten lankidetzan aritu izandako egileak. Peretzen hil osteko urteetan, idazleari eskainitako gorespenak behin eta berriro errepikatzen zen eredu espezifiko bati atxiki zitzaizkion. Hala, yiddishezko literaturaren iniziazio-zeremonia konbentzionalaren deskribapen bat barne hartzen zuten artikuluek, literaturzaleen barne-zirkuluan ohikoa zenez. Izenburuan izan ezik—“Nola ezagutu nuen Peretz?” edo antzeko zerbait—, Chagallen testuak baztertu egiten ditu oro har halako konbentzioak (pertsonaiari gurtza ia-ia). Horren ordez, Peretzen obra topatu zuen aldiari buruz idatzi zuen, Der Kuntsenmakher (Magoa, edo “Liluratzailea”) ilustratu zuenean. Istorioak zenbateraino harritu eta liluratu zuen azaltzen du Chagallek, eta Peretzen irudiak txertatu zituen bere jaioterriaren deskribapen autobiografikoan. Di Literarishe Bletereko irakurleekin aurretik izandako elkarrizketari berriro helduko balio bezala, Chagallek argi eta garbi adierazi zuen inolako ahalkerik gabe, “Ez dut atsedenik hartuko Elezaharrak ilustratu arte. Amets bat da!” Kontuan izanik bere irakurleei zuzendutako barkamen antzeko batekin hasten duela artikulua —“Are gehiago, izutu egiten nau jabetzeak azkenaldi honetan, nire ustetan, idazteko gaitasun oro galdu dudala […] salatu egin nau lumak […]”— Chagallek literaturaren munduan egindako sarraldia bezala ere uler daiteke testua.

1925–26: AUTOBIOGRAFIA—AUTO-DESKRIBAPENA: AUTO-LITERARIZAZIOA?

Ziur asko Chagallek jakin bazekien zein ezohikoa zen artista judu batentzat bere oroitzapenak idaztea13. 1925ean, bere autobiografia bost ataletan argitaratu zen (lehen aipatutako) Di Tsukunft (Etorkizuna) yiddishezko hileroko sozialistan, New Yorken izandako bere erakusketarekin batera14. Peretz Markish eta Oyzer Varshavski autore espresionistek yiddishera itzuli zuten haren errusierazko testua.

KOADROAK PINTATZEA

“Pintorea naiz, isila naiz. Ez dakit nor naizen. Pertsona ona naiz. Begiratu iezadazu. Ez dira begiak norbere bizitza ikusten dutenak. Alaitasun handiagoaz pentsatzen dut nire familiari buruz; Rembrandt, Leonardo, Manet, Cézanne, Picasso, nire emaztea.

Holandara, Italiako hegoaldera, Provencera joan nahi nuke, eta biluztu bitartean esango nieke: ‘Maite horiek, ikusten duzue, zuengana etorri naiz. Triste nago han. Egin nahi dudan gauza bakarra pinturak [idaztea] da, eta, zerbait gehiago. Barka iezadazue!’”15

Beste zenbait testutan berriro aipatzen du koadroak “idaztea”rena16. Nolabait ere, idazketa ez zen desberdintzen erakartzen zuten beste adierazpideetatik: abeslari, kantari, biolin-jole edo dantzari izateko nahi bizia adierazi izan zuen ere. Ez zirudien talentua falta zitzaionik arlo horietan eta, izan ere, arlo horietakoren batean ere imajinatu zezakeen bere etorkizuna17. Gainera, adierazi izan zuenez, “Gau eta egun idatzi izan dut poesia. Goretsi egiten zuten. Hala, pentsatu dut: poeta izan nahi dut. Hasi egin nahiko nuke… Ez nuke jakingo nora jo”18. Alabari ziurtatu zion behin, “Idatzi ahal izango banu, nire hitz kozkorrak lurra baino motelagoak izango lirateke, zeu erori zinen larrea baino motelago”19.

1926: POETIZAZIOA: Urtebete geroago, Di Literarishe Bleter aldizkariko Mentshn aun arbet (Jendea eta lana) atalean, Chagallek bere autobiografiaren oso bestelako bertsio bat argitaratu zuen, askoz ere laburragoa (eta enigmatikoagoa beharbada), ia manifestu modura formulatua20:

Hogeita hamabost urte ditut, Vitebsken jaio nintzen, baina baita Parisen ere.

Nire gurasoak judu arruntak ziren.

Burua nekatzea, intelektualismoa baino gauza gorrotagarriagorik ez da izan niretzat.

Berdin zait nire bizkarretik zer dioten saloietan eta erakusketetan. Nire lana nola ikusten duten edo jendeak duen iritziak, ez dit gehiegi axola. Aldiz, balio handia ematen diot nire lagunetako batzuen iritziari.

Ez dut aurrez ezarritako gaiekin lan egiten.

Mundu Gerraren aurretik ideal plastiko bat genuen helburu, eta plastikaren alorreko arazo sail batek kezkatzen gintuen.

Gerra bera beste obra plastiko bat zen, erabat irentsi gintuena. Formak berritu, lerroak desegin eta unibertsoari itxura berri bat eman zion.

Orain arte bi edo hiru aldiz eraldatu izan naiz. 1925ean, nolabait esateko, gizon baten bizitza sortu nuen; pintore garaikide bat, haren arnasa, haren premiak, eta baita haren lana ere.

Bruegelen, Rembrandten aldean, behe mailako pintoretzat dut Cézanne; gure garaiko gailenena da, ordea.

Lurretik datorren artea nahi dut, eta ez soilik adimenetik datorrena. Errusia maite dut, baina leku guztietatik uste dut Paris dela maiteen dudana. Artea nazioartekoa da; artistak, ordea, nazionala izan behar du. Nire iritziz, tragedia frantsesaren gailurra ordezkatzen du Georges Braquek.

[…] Boltxevikeen agintaldiaren aurreneko urteetan akademia bateko zuzendari izan nintzen.

Nire eskolan langileak bultzatzen nituen, margolariak esaterako, ofizioa nik baino hobeto menderatzen zutenak. Enkarguz eta lehia askean egiten genuen lan tailer komunitarioetan. Bizitza edertze aldera, artea bizitzara ekartzen saiatzen ginen. Etxeak, tranbiak, bagoiak dekoratzen genituen. Gero, gutxika-gutxika, maisu zaharrak itzuli ziren, eta sartu berri ziren berritzaileek bertan behera utzi behar izan zituzten euren ikasleak. Arte proletarioa ezerezean gelditu zen. Bateren batzuen bihotzak apurtu zituen soilik. Sortzeko irrika, eraikitzeko irrika zegoen, baina materialak urriak ziren garai hartan, lehengaiak ere falta baitziren. Protestatu, oihukatu zen, baina egin, ezer gutxi egin zen.

Nire konposizioetan ez naiz sekula fantastiko edo sinbolikoa. Ez dut erotasuna gogoko.

Ziurtasunez eta gehiegikeriarako gogorik gabe, nire pinturak behar duen eraikuntza egiten dut, hutsune bat gorputz batekin edo objektu batekin betez, behar izanez gero.

Uste osoa dut nire buruarengan.

Gauzak lasaitasunez hartuz egiten dut lan.

Autobiografia horren jarraipen gisa idatzia beharbada, “Nire lehenengo irakaslea” artikulua atera zen argitara. Chagallek irakurleei ziurtatu zienez, Di Literarishe Bletererako idatzi zuen bereziki. Hala, bere agertokia balitz bezala hasi zen Chagall aldizkari hura erabiltzen. Chagallek idatzi zuenez, pintorearen estudioaren kanpoaldeko kartelak erakarri zuen bere arreta Yehuda Penengana: “Kartel hark beste mundu batekoa zirudien. Zuen urdin kolorea zeruaren urdina bezalakoa zen! Dar-dar egiten du eguzkiaren eta euriaren azpian”. Baina kartelak ez ezik, estudioak berak ere liluratuta utzi zuen: “Hogeita hemezortzi urte bizi izan ditut eta ez diot beste artista bakar bati ikusi arte-giroaz betetako halako estudiorik”. Gainera, Penen itxura hartzen saiatzen zen Chagall hitzetan ere. Haren pinturak, ordea, ezinezkoa zitzaiola deskribatzea adierazi zuen Chagallek: “Nire haurtzaroan, entzun, usaindu eta ukitu izan nituen bere pinturak, baina ezinezkoa zait pintura horiek distantzia batetik ikustea. […] 19 urte igaro dira Pen utzi nuenetik. […] Aita bat balitz bezala dut gogoan. Eta, sarritan, hiriko kale bakartietan pentsatzen dudanean, han eta hemen ageri da bera”21.

Aurreko urtean Di Tsukunft aldizkarian adierazi ez bezala, Chagallek utzi egin zion kontatzeari “iniziazioaren istorio” erakargarria, Penekin lehen aldiz topo egin zuenekoa, ama lagun zuela22.

Orain, bere buruarengan uste osoa duen pintore gisa aurkezten da Penen aurrean.

1927: PROFETA GALDUAK. Yiddish poeta Yehoash (Solomon Blumgarten) hil zenean, Chagallek dolu-gutun espontaneo eta pertsonal bat idatzi zuen Di Literarishe Bleter aldizkarirako, editoreei zuzendutako ohar bat atxikita zuela: “Lagunok, Yehoashen heriotzari buruzko lerro batzuk idatzi beharra nuen. Zuei bidaltzen dizkizuet”23. Yehoashek yiddishera itzuli zuen Biblia eta poesiako maisulanen artean dago egun ere. Bertsio hori erabili zuen Chagallek oinarri gisa Bibliarako ilustrazioak sortu zituenean.

Dirudienez gainera urte hartan egiaztatu zen “inor ez da profeta bere lurraldean” kontzeptua. Chagallen lagun Baal-Makhshovesen heriotzaren hirugarren urteurrena oroitzeko artikulu batean, Hertz Aktzin idazleak zendutako yiddish kritikaria ikusi zuen azkeneko aldia azaldu zuen. “Han zegoen, adibidez, Marc Chagall (bide batez, Baal-Makhshovesek gogokoen zuena), artista handia, judua eta oraindik ere juduek aintzatetsi edo babesten ez dutena. […] Europan artista gailenentzat dute jadanik, eta bat-batean konturatu gara: itxaron, begira, hori da gure Chagall! Bera, tamalez, ez da gure Chagall”24.

1928: CHAGALLISMOA LITERATURAN. Chagallen nazioarteko ospea Varsovian ezarritako Di Literarishe Bleter aldizkariko kultur atalean islatu zen. Egunkarietan ere ematen zuten bere arrakastaren berri. Hori dela-eta, urte horretako Veneziako Bienala goren une bat izan zen ziur asko. Baina lehenago ere, apirilean, arte-kritikako lan bikain bat, “Marc Chagallen pinturak”, itzuli zen frantsesetik bertsio murriztuan, eta Di Literarishe Bletereko yiddish irakurleei aurkeztu zitzaien. Artikulua giltzarri antzeko bat bezala iragarri zen Chagallen obra ulertzeko25.

Aldi berean, די יידישע ועלט (Di Yidishe Velt) hileroko aldizkaria kaleratu berri zen, eta une gogoangarria izan zen hura yiddishez idatzitako prentsarentzat. Hala, aldizkari hartan, lehen aldiz argitaratu zituen Jizchok Leib Peretzek bere oroitzapenak 1913an. Marc Chagallek ere artikulu batekin egin zuen bere ekarpena bigarren zenbakian (1928ko maiatza), “Nire lana Moskuko Ganberako Estatu Antzoki Juduan” izenburupean.

Bestalde, ez da harritzekoa Joshua Perle yiddish idazleak, Varsoviatik Parisera bidaian joan zenean, Chagall ezagutu nahi izatea: “Chagall! Izen bat baino gehiago da. Pertsona bat baino gehiago da. Legenda bat da ia. Nola liteke ni Parisen izatea bera aurrez aurre ikusi gabe?”26 Hala hasten da bere artikulua Di Literarishe Bleteren. Chagall ezagutzeko hark egindako bidaiak, haien topaketak eta ostatu hartu zuen hotel txikira egin zuen itzulerak deskribapen literario erakargarri baterako ardatz narratiboa osatzen dute. Marrazten ikusi ahal izan zuen Chagall, eta hasieran arteaz eta ondoren yiddishezko literaturaz jardun ziren.

Gainera, Perlek adierazi zuenez, Chagallek bere pintura famatuenetako batzuk etxean zituen bilduta, etorkizuneko museo judu baterako.

Literaturaren testuinguruari dagokionez, Chagallen lanean Sholem Aleichemen zer edo zer bazela ziurtatu zien Perlek irakurleei27. Biek izan zuten elkarrizketaren ondoren, dena ikusten zuen Chagallen begiekin. Artikulua amaitzeko ondokoa adierazi zuen: “Eta iruditu zitzaidan yiddishezko literaturan bazela norbait chagallismoak kutsatu zuena. Alegia, Oyzer Varshavski. […] Ez da pekatua. Haren ideiak kutsakorrak dira erabat”28.

1929. urtearen inguruan, yiddishezko idazleei buruzko bere erreferentziazko lanaren azkeneko liburukia argitaratzeko prestalanean ari zen Zalman Reyzen: Leksikon fun der yidisher literatur, prese un filologye (Yiddishezko literaturako, prentsako eta filologiako lexikoa). Lau liburukiz osatutako lan hura Vilniusen argitaratu zuen 1926an lehen aldiz Boris Kletskinen argitaletxeak. Argitaletxe horrek berak 1925az geroztik lagundu zion diruz Di Literarishe Bleter aldizkariari eta Peretzen Der Kuntsenmakher kontakizuna kaleratu zuen, 1914an Chagallek ilustratua (Reyzenen arabera)29.

Hala eta guztiz ere, nahiko harrigarria da erreferentziazko obra horretan Chagalli buruzko artikulu bat topatzea. Hainbat eta hainbat xehetasun agertzen direla kontuan hartuta, esaterako gerran eta Iraultzan Chagallek izan zuen eragin itzela artearen eta diseinu grafikoaren berpizkundean, eta baita bertan biltzen den xehetasun handiko biografia kontuan hartuta ere, esan genezake arte ederrek ez ezik literaturaren munduak ere berenganatu zutela Chagallen lana. 1920ko urteetan yiddishezko literaturarekin izandako elkartrukea, anitza izateaz gain, bere obra osoaren parte bilakatu zen30.

[Itzulpena: Bitez.
 Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Chil Aronson, Scènes et visages de Montparnasse. Préface de Marc Chagall, Paris, 1963 (yiddish). Chagallen autobiografian, “aberria” (Vaterland) hitza erabiltzen du “herria” (Land) ordez; Di Tsukunft, 1925eko uztaila, 409. or.: ” עייגנעם פאטרלשנד קיינער איז קיין נביא אין יין [itzuli]
  2. Yiddishezko literaturaren antzera, yiddish arte-kritikak hiru astrok osatutako konstelazio klasikoa landu zuen hasiera batean: Maurycy Gottlieb, Samuel Hirszenberg eta Jozef Israels. [itzuli]
  3. Shachno Epstein, “Marc Chagall”, hemen: Di Tsukunft, 1921eko urtarrila, 71–73. or. [itzuli]
  4. .72 71.r, 1929. 1929 שריפטען באנד (שטריכן און געדאנקן), ווארשע לעב מחשבות: דער קינסטלער, געקליבענע [itzuli]
  5. Milgroym (Mingrana), 1923ko urtarrilak 1, 15. or. אין דער היינטיגער רוסישער קונסט: צו דער רוסישער קונסט לגרוים: יידישע קינסטלער [itzuli]
  6. Baal Makhshoves-en erretratua (1918koa) 1923ko irailak 2an argitaratu zen Milgroym (Mingrana) aldizkarian (24. or.). Chagallen pinturak Moskuko Ganberako Estatu Antzoki Juduko eszenatokian izandako eraginak luzaro iraun zuen. Ikus קראמ רעטאעט עשידיי סאד ןוא לאגאש ”, hemen: Di Literarishe Bleter, 1924ko ekainak 6, 2. or. [itzuli]
  7. Haynt (Gaur), 1924ko urtarrilak 21, 2. or.: “שאגאל ”א מערקווירדיגער ארום דעם אידישען מאלער מארק [itzuli]
  8. רעסקאלפ .מ ,לאגאש קראמ ייב :זיראַפּ ןופ ווירב“hemen: Di Literarishe Bleter, 1925eko urtarrilak 2, 4. or:”איך געדענק נישט קיין נאמען, איך געדענק אויגן“[itzuli]
  9. Di Literarishe Bleter, 1925eko martxoak 13, 7. or.: ”א בריעף פון מארק שאגאל“[itzuli]
  10. ליטערארישע בלעטער“aldizkariaren historiari eta yiddish munduan izan zuen berealdiko garrantziari buruz, ikus Nathan Cohen, Books, Writers and Newspapers: The Jewish Cultural Center in Warsaw, 1918–1942, Jerusalem 2003, 50–51. or. Literaturari, antzerkiari eta arteari eskainitako aldizkariak 1925 eta 1935 urte bitartean jaso zuen diru-laguntza izen handiko Boris Arkadevich Kletskin argitaratzailearengandik. [itzuli]
  11. Di Khalyastre (Koadrila), 2. zk., Paris, 1924. [itzuli]
  12. Di Literarishe Bleter, 1925eko martxoak 6, 6. or. [itzuli]
  13. Ikus Yehuda Peni idatzi zion gutuna, Berlin, 1922ko uztailak 8, Peni aholkatuz bere autobiografia idatzi zezan (Benjamin Harshav, Marc Chagall and His Times: A Documentary Narrative, Stanford, 2003, 312–13. or.); eta baita ere Abraham Lyesin-i (Avrom Valt) idatzi zion gutuna, 1924ko maiatzak 22, 328. or. [itzuli]
  14. Chagall pozik zegoen emaitzarekin. Ikus Harshav, 2003 (ikus 14. oharra), 339. or. Jerusalemeko Israelgo Liburutegi Nazionaleko Zmira Reuveni eskertu nahi nuke egin duen ikerlanagatik eta Di Tsukunft aldizkariko Chagallen autobiografia bidali izanagatik. [itzuli]
  15. Di Tsukunft, 1925eko uztaila, 410. or. [itzuli]
  16. Di Tsukunft, 1925eko ekaina, 359. or.: “Eta nik Leonardorenak bezalako koadroak idazten ditut ia” eta “Bertak loreak dakartza […] eta nik bere erretratua egiten dut”. [itzuli]
  17. Di Tsukunft, 1925eko apirila, 212. or. [itzuli]
  18. Ibid. [itzuli]
  19. Di Tsukunft,1925eko uztaila. [itzuli]
  20. Di Literarishe Bleter, 1926ko urtarrilak 29, 75. or.: “ מארק שאגאל: עיפארגאיבאטווא ”. Mikkel Mangold eskertu nahi nuke pasarte hori alemanez itzultzen laguntzeagatik. [itzuli]
  21. Di Literarishe Bleter, 1926ko apirilak 16, azala. [itzuli]
  22. Di Tsukunft, 1925eko apirila, 213–14. or. [itzuli]
  23. Di Literarishe Bleter, 1927ko urtarrilak 28, 62. or. [itzuli]
  24. Di Literarishe Bleter, 1927ko otsailak 4, 85. or.: ”הערץ אקצין, זכרונות וועגן בעל מחשבות“[itzuli]
  25. Literarishe Bleter, 1928ko otsailak 17, 131–32. or.: “גען: מארק שאגאלס בילדער, ליטערארישע בלעטער זשא [itzuli]
  26. Literarishe Bleter, 1928ko urriak 12, 802. or.: ”יהושוע פערלע: ביי מארק שאגאל, ליטערארישע בלעטער“[itzuli]
  27. Sholem Aleichem (Sholem Yankev Errabinovitch) egilea yiddishezko literatura modernoaren idazle klasikotzat hartzen da. Adierazpena Peretz Markishek egina dela dirudi. [itzuli]
  28. Di Literarishe Bleter, 1928ko urriak 12, 804. or. [itzuli]
  29. Chagallek adierazi zuenez, ezinezkoa zitzaion gogoratzea argitaratzailearen izena (!). Ikus Di Literarishe Bleter, 1925eko martxoak 6, 6. or. [itzuli]
  30. ,4 ליטעראטור, פרעסע און פילאלאגיע, באנד 4, ווילנע זלמן רייזען: לעקסיקאן פון דער יידישער, 1930-1926 [itzuli]