Edukira zuzenean joan

Chagall. Urte erabakigarriak, 1911−1919

katalogoa

Chagall eta Ekialdeko Europako juduak

Heiko Haumann

Izenburua:
Chagall eta Ekialdeko Europako juduak
Azpititulua:
Mugalariak eta luftmenschenak
Egilea:
Heiko Haumann
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao Museoa; La Fábrica, 2018
Neurriak:
23 x 28 cm
Orrialdeak:
133 or.
ISBN:
978-84-17048-76-1
Lege gordailua:
BI-978-2018
Erakusketa:
Chagall. Urte erabakigarriak, 1911−1919
Gaiak:
Artea eta literatura | Industrializazioa | Kapitalismoa | Judaismoa | Erbestea | Sionismoa | Dualtasuna | Antisemitismoa
Artelan motak:
Pintura

Marc Chagallen pintura famatuenetako bat Vitebsken gainetik da. 1914an hasi zuen bere jaioterriari buruzko lan-sorta baterako, eta azkeneko bertsioa 1921–22an margotu zuen1. Ezkerraldean, horma zurizko etxe bat ikusten dugu, leihorik gabea, aurrealdean bi zuhaitz dituela, hostorik gabe, hesi ilun batek hertsita eta alboan etxola bat atxikita duela. Bertan ageri den bideak, zuriz eta grisez irudikatua, banandu egiten ditu pinturaren ezkerraldea eta eskuinaldea, eta hiru zutoin beltz nabarmentzen dira bertan. Kale-argi bat ageri da bidearen ertzean, eta herriaren eskuinaldea hesi berde batez inguratua dago, barra zuri eta zutoin zuri lodiez eutsiak. Eskuinaldean, txabola ilun bat ikusten dugu, leihorik gabea eta teilatu zuri bat duena, eta bere atzean Ilinsky-ko eliza zerurantz altxatzen da, itzel, horma marroi horixkekin eta dorreen teilatuak urdinez margotuta dituela. Pinturaren estudio eta aldaera batzuetan harrizko sinagoga bat ikus daiteke bi zutaberekin; Dvina ibaiertzeko sinagoga da ziurrenez. Irudiaren erdialdean, kalearen eta hesi berdearen amaieran, etxe eta teilatu berdedun eliza gehiago ikus daitezke. Eta Ilinsky elizaren atzetik, beltzez jantzitako gizon bizardun bat, bisera bat buruan duela, eskuan makila bat eta zaku bat bizkarretik zintzilik, hegan dabil herriko paisaiaren gainetik. Olio-pintura bat da, kartoi gainean margotua. Obra honen aldaeretako askok xehetasun desberdinak erakusten dituzte, eta baita pintura-teknika desberdinak ere. Inpresio orokorra bera da guztietan, ordea, horixe baitzen Chagallek jaso nahi izan zuena2.

Vitebskeko pinturen xehetasunezko interpretazio bat baino, hemen ikuspegi orokor bat eskaintzea da nire asmoa, zaku bat daraman agure hegalarian arreta berezia jarrita. Chagallentzat, pinturek bere bizitzako esperientzia aditzera ematen zuten, pertenentzia sena ukatu izanaren sentsazioa, bere sorlekuan apatrida bihurtzearena, munduan bizileku finkorik gabe, baina egonkorra den zerbaiten bila beti. Hala, zakua bizkarrean daraman gizonari ere erauzi egin diote oin azpian zuen lurra: Luftmensch bat da bera (“aireko pertsona” yiddishez); ezer ez duen gizona, ameslari erraria. Irudi honetako osagaietako batzuk okertuta ageri dira, erortzeko zorian baleude bezala. 1928ko Di shtot di vayte (urruneko hiria) olerkian, Vitebski buruzkoan, Chagall “di gasn krume,/ matseyves groe” delakoen falta sumatzen du, hau da, kale bihurgunetsuak eta hilarri grisak ikusteko3. Chagallek —zakua daraman gizonak bezala— marjinatuaren eta erbesteratuaren egoera tragikoa irudikatzen du grabitate eza, arintasuna, buru-argitasuna eta (auto-)ironia baliatuta4. Zer ote dago zakuaren barruan? Ikuspegi errealista batetik, salgaiak daramatzala esan genezake. Yiddishez, herriz herri dabilen saltzaile ibiltaria honela deskribatzen da: “er geyt ieber di hayzer” (hitzez hitz, “etxeen gainetik dabil”). 1911ko pintura batean —Herriko saltokia— gizon bat, saltzaile ibiltari bat alegia, herriko saltokiaren gainetik korrika ikus daiteke5. Ikuspegi horretatik begiratuta, zaku-eramailea hiriaren eta landaren arteko bitartekari gisa ikus daiteke. 1914ko bi gouachetan Emakume zaharra eta Gizon zaharra ageri dira bizkar gainean zama handia daramatela; emakumeak makil bat du eskuan, baina bietako inor ez da hegan ageri.

Ikuspegi figuratibotik, ordea, pentsa genezake baita ere oroitzapenak daudela zakuaren barruan bilduta, marjinatua izatearen esperientziari lotutakoak beharbada. Chagallen pintura batean —Oroitzapena (1914), 1918an margotua izan litekeena—, atarian emakume bat duen etxe batek gizon judutar bati bizkarra makurrarazten dio: zama bat da oroimena, eta hala eta guztiz ere ez digu eragozten ihesaldian pentsatzea edo grabitatearen mugetatik askatuko gaituen mugimenduan pentsatzea. Hala, oroimenak itxaropena ere iradokitzen digu6. Are gehiago, airean dabilen juduaren irudiak lotura bat izan dezakete Ahasverekin; “Judu herratua” edo, Alemaniako tradizioan, “betiereko judua”7. Antisemitismoari eta pogromei egindako erreferentzia izan liteke; izan ere, bi faktore horiek izan ziren, egoera ekonomiko latzarekin batera, jende asko behartu zutenak euren sorlekuak atzean utzi eta etorkizun hobeago baten bila emigratzera8.

Dena den, badu halako lotura bat maitaleekin. Chagallek sarritan irudikatu ohi zituen maitaleak airean, bereziki haren emazte Bella eta bera ageri diren pinturetan; horren adibide ditugu 1914–18ko Hiriaren gainetik, 1917–18ko Paseoa eta 1919ko Paseoa lanaren ondorengo bertsioa. 1916an jaiotako bere alaba Ida ere irudikatu zuen Chagallek, gurasoen eta Vitebsken gainetik hegan 1917ko Erretratu bikoitza baso bat ardorekin pinturan. Beste erreferentzi puntu bat Tora eskuan dutela hegan dabiltzan juduak dira, obra hauetan, besteak beste: 1914ko Gizona Torarekin, 1915–16ko Elias profeta —Jizchok Leib Peretz-en Der Kuntsenmakher (Magoa) kontakizunerako ilustrazio bat— edo 1924–25eko Torarekin hiriaren gainetik9. Begien bistan da bi irudi horiek luftmenschen edo “aireko jendea” direla. Zaku-eramailearen, saltzaile ibiltariaren edo judu baztertuaren irudian ezkuturik ote dago Elias profeta, Mesiasen etorrera iragartzen? Hausnarketa horiek guztiak datozkigu burura obra hau interpretatzeko garaian.

Pintura hau, eta bereziki zakua daraman gizona, modu desberdinetan interpretatzeko iradokizun horiek argi uzten dute, Vitebsken gainetik lanaren kasuan, Ekialdeko Europako juduen populazioak garai hartan bizi zituen zirkunstantziak aditzera ematen dituen artelan baten aurrean gaudela; Polonian eta Galitzian bereziki bizi izan zen egoera hori, baina baita gehienak bilduta zeuden “Ezarlekuan” ere, Lituaniatik Itsaso Beltzeraino luzatzen zen lur-zerrenda zabalean, Poloniaren Banaketaren hastapenetan Katalina Handiak ia esklusiboki juduen ezarleku dekretatu zuen horretan10. Pinturak, artistak garai hartan bizi zuen egoera islatu ez ezik, juduak “lekualdatu eta kanporatu” zituzten garaian bere bizibidea galdu duen judu baten irudia aditzera ematen digu, bere komunitatetik baztertua izan ondoren bide berri baten bila beharbada; eta, aldi berean, “Judu herratua” iradokitzean, asmo antisemitekin erabili izan ziren legendak gogora ekartzen dizkigu baita ere. Labur esanda, mugalariak (Grenzgänger) eta luftmenschak (nolabaiteko ameslari lehiatsuak) dira hemen Chagallen kezka: garai hartako juduen populazioaren historia laburbiltzen duen bizimodu bat gorpuzten dute, fazeta guztietan.

Zer da luftmensch bat? Termino hori tropo bati dagokio, eta aukera ematen digu Ekialdeko Europako juduek XIX. mendean eta, neurri batean, XX. mendean ere bizitako munduaren oinarrizko alderdiak aditzera emateko. Aldi berean, termino hori gako bat da mundu-ikuskera berezi bat eskaintzeko11. Baliteke Poloniako aristokraziaren kulturan jatorria izatea, non bi zentzutan erabiltzen den terminoa, bizimodu aske bat nahiz okerrera jo duen zerbait adierazteko; “do luftu” esamoldeak “denbora alferrik galtzea” edo “dena ezartarako” esan nahi du. Testuinguru judu batean, Luftmensch terminoaren aurreneko erregistroa 1865ekoa da, Mendele Moykher Sforim-en Der Wunschring liburuan jasoa. Kontakizunaren hasieran narratzaileak aurkeztu egiten ditu ipuina garatzen den shtetlean bizi diren pertsonak. Bertan dioenez, ez dira oso jende bertutetsua, ez eta bizitzan lorpen handirik egin dutenik antzematen zaiena ere; nahikoa dute airearekin, adierazten du egileak, luft­menschak dira12. Garai hartan, hasiak ziren asmatzen hainbat proiektu pobrezian murgildutako juduak nekazaritzako kolonietan ezartzeko. Hala, haiek izendatzeko erabilitako termino arrunta izan zitekeen luftmensch13.

Ondoren hartu zuen esanahiaren arabera, goizean non esnatuko ote zen ez zekien jendea adierazten zuen, hurrengo otordua nondik iritsiko ote zitzaien ez zekiena, eta egunak joan egunak etorri, bizirauteko eta sarri asko familia elikatzeko borrokan aritu behar izaten zuen jendea. Terminoa berehala hedatu zen yiddishezko literaturan bizimodu horren irudikapenekin batera: Mendele Moykher Sforimen-ez gain, gehienbat Jizchok Leib Peretz eta Sholem Aleichem izan ziren hedapen horren erantzule. Luftmenschak bizibidea ateratzeko lan batean edo bestean saiatu arren, inoiz ez zuten lortu leku finko bat non ezarri. Luftmensch horietako baten kontakizun ezagunena Sholem Aleichemen Menahem Mendl-en abenturak dira. Bertan ere, protagonista eginahalak egiten ari da hainbat eta hainbat lanbidetan eta negoziotan jardunez, dirutza irabazten du, eta guztia galtzen du berriro. Haren emazteak arren eskatzen dio “aireko gaztelu” horietatik urruntzeko, “airetik, hotza besterik ez baita hartzen”. Hala ere, hark ez du etsiko, eta azkenean Estatu Batuetara emigratzen du, bertan dirutza irabazteko14. Hori ere luftmenscharen ohiko ezaugarrietako bat da: eragozpen eta zailtasun guztiak gutxi ez badira ere, bere buruaz seguru eta itxaropenez beteta dago beti15. Eta horrek ere esan nahi du umorez eta ironiaz —kasurik hoberenean behintzat— egiten diola aurre bere egoerari16. Bizitzako erronka materialei aurre egin behar izatearen zama astuna gorabehera, bere existentziaren ezaugarri bereizgarriek arintasuna, mugimendua eta grabitaterik eza izaten jarraitzen dute, labur esanda, “airean hegan ibiltzea”.

Dena den, termino honen erabilera linguistikoak eremu semantiko azkoz ere zabalagoa hartu zuen denborarekin, ameslariak eta pertsona kaskarinak, baina sentikorrak eta poetikoak barnean hartuta17. Terminoa, gainera, azaleko errealitateetatik urrundu zen gutxika, errealitate horien euskarriei heltzeko, pentsamenduari eta ekintzari, alegia. Theodor W. Adorno-k, Alemaniako filosofo judu ospetsuak, hau idatzi zuen behin: “Oinak lurrean finko dituen pertsona (Tatsachenmensch) edo burua lainoetan duena (Luftmensch): horiek dira aukerak”18. Hala, bizibidea ateratzeko kezkarekin ez ezik, terminoak lotura du historiari eta etorkizunari buruzko gogoeta batekin. Ez zen halabeharrez gertatu erakunde juduek autonomia kultural ez territorial baten nozioa garatu izana, hori kontzeptu hautemangarrietara eramateko, oraindik ere garrantzizkoak direlarik arazo nazionalak ebazteko testuinguruan. Kontzeptu horiek Simon Dubnow historialari ospetsuak eta 1906an hark sortutako Herri Juduaren Alderdiak (Folkspartei) formulatutako eskarietan aurki ditzakegu, eta baita “Bund” (Batasuna) taldearen programa politikoan ere —Lituania, Polonia eta Errusiako Langile Juduen Batasun Nagusia—19.

Beste sektore batek nahiko modu negatiboan ikusten zituen luftmenschak. Judaismoaren testuinguruan, sionisten kasuan adibidez, antisemitismoaren oinarriak suntsitu nahi zituen sektore horrek eta, beraz, haien ikuspegitik juduak jende “arrunta” bilakatu behar ziren, gainerakoak bezalaxe, jarduera “produktiboak” aurrera eramaten zituztenak eta toki batean errotutakoak, lurralde baten jabe eta estatu batekin. Theodor Herzl oraindik ere hegaldiaren metaforaz baliatu arren, eta nahiz eta pentsatu utopiak beharrezkoak zirela etorkizuna itxuratzeko20, aitzindari sionistek aldendu egin nahi zuten “ekialdeko ghettoetako gizontxo ahitu eta oinazetuetatik” (Max Nordau): espiritualegiak ziren, intelektualegiak, espekulatzaileegiak, beti eskean zebiltzanak, nagiegiak, interesatuegiak, eta sustraiak airean” bakarrik botatzen zituzten (Theodor Lessing)21.

Luftmensch terminoa oraindik ere erabiltzen da. Saul Friedländer-ek bere autobiografian dioenez, 1956an, hogeita lau urte zituenean, harro zegoen “bere izatearen arintasunaz”; konpromisorik gabe, bizileku finkorik gabe, identitate-sen aldakor batekin. Hala, honela deskribatzen du bere burua garai hartan, “luftmensch bat hitzaren benetako zentzuan”22.

Chagallen kezka nagusia eguneroko existentziarekiko lotura zenez gero, labur adieraziko ditut luftmenscharen bizimoduaren aurrekariak. XIX. mendearen lehenengo erdian eraldaketa sozioekonomiko nabarmena hasi zen gertatzen. Gerra Napoleonikoen eta industrializazioaren aurrerapen progresiboaren ondorioz, garrantzia galdu zuten artisautzako lanbide eta ofizio tradizional askok. Hala, judu ugari “kanporatuak” izan ziren lanbide haietatik. Horren emaitzaz, gizartearen “berregituratze” nabarmen bat gertatu zen. Juduak landa-eremutik hirietara lekualdatu ziren, eta merkataritza bilakatu zen haientzat bizibide nagusia, artisauak pobretu ahala. Dena den, merkatari gutxi batzuk bakarrik aberastu ziren gizartearen “berregituratze” haren ondoren. Saltzaile ibiltariak ziren asko, herriz herri zebiltzanak, edo eskueran zituzten salgai eskasak hirietako sarbideetan edo denda txikietan eskaintzen zituzten xehekako merkatariak. Beste batzuk beste hainbat lanbidetan saiatu ziren bizibidea ateratzen, gerora arrakastarik izango ez bazuten ere. Orokorrean, pobrezian murgiltuta jarraitu zuten gehienek. Izan ere, aldi hartan, industrietan gero eta lan-aukera handiagoak egon arren, pobreziak erasanda bizi zen juduen populazioa. Erabateko kontrastea zegoen aurrera atera ahal izan ziren ekintzaile, bankari eta handizkako merkatari aberats gutxi batzuen eta pobretutako gehiengoaren artean.

Are gehiago, industrializazioak eta kapitalismoak izugarrizko lehia sorrarazi zuten lanbideetan eta enpleguetan. Hala, “arazo nazional” gero eta nabarmenagoak, Ekialdeko Europan bereziki areagotzen hasiak, ondorio kaltegarriak izan zituen juduen populazioan. Polonian gora egin nahi zuten klase sozialek, adibidez, sarritan jokatu ohi zuten “asmo nazionalekin”; atzerritartzat hartzen zituzten juduak, poloniarrei lanpostu onenetarako sarbidea oztopatu izana ez ezik, Errusiaren okupazioan lagundu izana ere leporatu izan zieten, alemanekin identifikatzeaz gainera. Horrek guztiak sentimendu antisemita sutsua piztu zuen, baita istiluak ere, poloniarrak goi-mailako judu arrakastatsuen aurka altxatu ahala bereziki. Eta, izan ere, horrek nabarmen bultzatu zuen juduen “kanporatze” prozesua. Azkenik, gertakari haiek hirien eta landa-eremuaren arteko bitartekaritza-rol nagusia aldarazi zuten gainera, mendeetan zehar juduek bete ohi zuten rola, alegia. Hiria eta landa-eremua lotzen zituen beste modu bateko harreman ekonomiko berri bat garatu bazen ere, eta nahiz eta juduek zeregin erabakigarria bete sistema horretan, kontraste nabaria zegoen aurreko garaien aldean, juduek ez baitzuten ordutik aurrera rol horren monopolioa izango, eta lehia izugarri bati egin behar izango zioten aurre23.

Chagallen luftmensch irudiak bide berrien bila dabilen marjinatua aditzera ematen digu, norbere bururiari aditzeko norabide berri baten ideia ere iradokitzen duena. Ordena ekonomiko eta sozial berrian bizirautearren, judu askok gizarte ez-judutarrera moldatzea, hura onartzea erabaki zuten, eta baita bihurtzea ere beharbada. Beste batzuek, ordea, erlijio ortodoxoarekiko eta hasidismoarekiko konpromiso handiagoa erakutsiz erantzun zieten zirkunstantzia aldakor haiei. Hala, mundu hori Chagallen obra ugaritan ageri da juduen eguneroko bizitzaren parte gisa, nahiz eta pintorearengan, askotan pentsatu izan den bezala, hasidismoak ez zuen eraginik izan, ez eta erlijio-joera desberdinen arteko gatazkek ere. Baina, hori guztia bere obran islatuta —tradizio erlijiosoa eta dagozkion sinboloak, animaliei lotutako sinbolismo judua, hebreerazko liburuen diseinua, herri-arte judutar eta errusiarraren grabatu-liburuak (lubki)—, “judaismoaren kultur muinean” murgildu zen Chagall”24.

Judu asko aldendu egin ziren afiliazio erlijioso zorrotzetatik —euren sinesmena baztertu gabe— eta Juduen Ilustrazioaren mugimendura (Haskalah) elkartu ziren. Mugimendu hartatik hainbat korronte atera ziren, talde sionisten eta sozialisten sorrera ekarri zutenak. Baziren saiatu zirenak bitartekari izaten juduen mundu tradizionalaren, zirkunstantzia sozial aldakorren eta lortu nahi ziren xede berrien artean. Uste osoa zuten askapena “kanpotik” ez ezik sustrai historikoekiko identitate kultural baten bitartez ere lor zitekeela, eta elkarrizketa moduan garatu eta azaleratuko zen identitate hura25.

Joera horren jarraitzaileetako batzuk lehen aipatutako yiddish autoreak ziren. Haiek jabetuta zeuden yiddishez idaztearekin bakarrik, hebreeraz idatzi ordez, irakurlego judu zabalago batera iritsiko zela haien lana. Egile haien artean Sholem Aleichem egin zen bereziki ospetsu; bere idazlanetan garrantzizko osagaia zen elkarrizketa, baina harago joan zen ematen zituen irakurraldietan bere publikoarekin elkarrizketa bultzatzea xedetzat hartu zuenean. Hala, haren obrak informazio-iturri bikaina dira garai hartako juduen bizitzaren berri jakiteko, haren iritziz irakurleengan oihartzuna izateko haien bizi-esperientziak jaso behar baitzuten bere liburuek, fikziozkoak baziren ere. Ez da harritzekoa, beraz, “jende arruntaren” bizimoduarekiko interes horrekin jarraitzeko ikerketa etnografikoari ekitea. Ikerlan haiek 1908an San Petersburgon sortutako Juduen Historia eta Etnografia Elkarteak antolatzen zituen batik bat, eta S. An-sky idazlea (Shloyme-Zanvel Rappaport jatorriz baina Semyon Akimovich Ansky, Ansky, edo An-sky izenez ezagunago) buru zela, nabarmentzekoak dira “Ezarlekura” egin izan zituzten bidaiak26. Ikerlari taldearekin lanean, egileak, bai yiddishez bai errusieraz idazten zuenak, altxor-bilduma ordezkaezin bat osatu zuen juduen ohitura herrikoien inguruan: kantak, pasadizoak, txisteak, jantziak, amuletoak, objektu erlijiosoak, eta baita musika, ohitura, usadio eta praktika juduen erregistroak ere. Errusieraren eta yiddisharen artean zubiak eraikitzea zen haren asmoa, juduen eta eslaviarren, juduen eta kristauen, mistizismoaren eta arrazionalismoaren artean. Aktiboki parte hartzen zuen politikan, Pyotr Lavrov-en idazkari lanetan, Errusiako Alderdi Iraultzaile Sozialistan, eta geroago “Bund” alderdi sozialista juduan, zeinarentzat, 1902an, alderdiaren Di Shvue (Zin-hitza) himno hunkigarriaren bertsio berri bat idatzi zuen. Bere lanik ezagunenak, Der Dybbuk (Espiritu maltzurra) antzezlanak, elezahar judu bat birsortzen du: “bide berrien” bila bizitzaren eta heriotzaren artean existitzen den arima nekaezin bat. Egokiro, Bi munduen artean ageri da idatzita antzezlanaren izenburuaren azpian, An-sky mugalariari aplika dakiokeen etiketa27.

Hala, Marc Chagall, Movsha Shagal ere mugalari haietako bat zen28. Haren biografiak eta pinturek agerian uzten dutenez, shtetl herri judu tradizionalaren eta metropoli modernoaren zirkulu artistikoen artean mugitu zen, tradizioaren eta sozialismora eramango zuen norabide baten artean, pinturaren eta literaturaren, errealitatearen eta ametsaren artean mugituz. Chagallek behin eta berriro zeharkatzen ditu mugak29. 1921–22ko Eygens (Nire bizitza) autobiografia nobelatuan, bi munduren artean deskribatu zuen bere bizitza. “Irudiak eta testuak bat egiten dute desagertutako mundu bati buruzko oroitzapenen bitarteko narratiba bat sortzeko […]”30. Amaieran, lotura zuzen bat ezarri zuen saiakera honen hasieran adierazitako pinturekin: “Eta gure bihozkada artistikoak okerrak baziren, ez ote gara benetan airean zintzilik geratzen, ez ote gaude gaitz bakar batek jota: bizitza egonkor baten nahia?”31.

Marcen emazte Bella Chagallek, artistak sarritan hegan irudikatuak —bera ondoan duela zenbaitetan—, mundu berriarekin topo egin zutenean atzera begiratuz, haien haurtzaroko eta gaztaroko mundu zaharra deskribatu zuen, eta yiddish hizkuntza baliatu zuen horretarako, bera ere mugalaria baitzen. Hala, Marc Chagallek irudikatutako agertoki horiek behatzen ditugunean ulertzen dugu nola elkartzen diren hizkuntza eta pintura. Ilustrazio horiek, berriro ere, hegaldiaren eta zaku-eramailearen motiboei heltzen die, teilatu gainean bidea egiten32. “Urtebetetzea” atalean, non Bella Chagallek urtebetetze zoriontsua opa dion Marci, maitaleak airean hegan dabiltzan modua aditzera ematen du, baita pinturan nola dauden irudikatuta ere. Marc Chagallek ideia horren antzeko ilustrazio bat marraztu zuen, 1915eko bere Urtebetetzea pinturari aipamen eginez, testuan ere aipatzen denari. Bellak 1944an hil aurretik justu idatzitakoak borobiltzen du bere oroitzapena, bere maitearen hitzei aipu eginez: “Hegan jarraituko dugu”33.

Marc Chagallen obran zehar antzemangarria da pinturaren eta literaturaren arteko mugak zeharkatzen dituela. Bere pinturak kontakizunak dira sarritan, askotan yiddish idazleei erreferentzia eginez —ez bakarrik Sholem Aleichem— eta haien idazkiak bere ilustrazioetan interpretatuz, era horretan bai irudiaren bai testuaren ikuspegia iraultzeko. Bere estilo bereizgarriaren bitartez, identitate desberdinen artean aldatzen doa, gorputz-atalei karaktere grafikoen itxura ematen die, bere indibidualtasunaren isla gisa (aldi berean estilo eta hizkuntza piktoriko desberdinen arteko mugak zeharkatuz); letrek eta hitzek edukia iradokitzen dute, zenbait motibo piktorikok esaera eta atsotitz juduak ere aditzera ematen dituzten bitartean: “etxe gainetan dabilen” saltzaile ibiltaria, esaterako34. Hala, Marc Chagallek, luftmensch eta mugalari izaki, bere burua ulertzeko modu berri bat irudikatu zuen bere pinturetan, Ekialdeko Europako juduen populazioaren artean garatu izan zena XIX. mendearen bigarren erdian: ordena zaharrari eta segurtasunari azkena eman zitzaion gizarte batean, eta partekatzen zuten tradizioez eta historia batez jabetuta, beharrezkoa zen bide berriak urratzea munduan leku bat ezartzeko, autonomia kultural bat aldarrikatzea beste kultura batzuetatik bakartuta egon gabe, eta kultura desberdinen artean bitartekari gisa jardutea. Zeregin horretan, Chagallek “hegaldian” oinarritutako bizimodua iraunaraztea aldarrikatzen zuen, luftmenschen funtsezko ezaugarri bereizgarria, alegia35.

[Itzulpena: Bitez.
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Christoph Vitali, arg., Marc Chagall: The Russian Years, 1906–1922, erak. kat. Schirn Kunsthalle Frankfurt, Frankfurt am Main, 1991, 68–71. laminak, ikus 31–32., 46–47. or. (egilea ez dator bat Aleksandr Kamensky-k aipatutako katalogoan aurkeztutako interpretazioarekin). [itzuli]
  2. Zakua daraman gizona, hala ere, ez da ageri Vitebskeko pinturetako batzuetan. Ikus, adibidez, Sandor Kuthy eta Meret Meyer, Marc Chagall 1907–1917, erak. kat. Kunstmuseum Bern et al., Berna 1995, 119. or., 101. irud.; 200–201. or., 188., 189. irudiak. [itzuli]
  3. Olerkia liburu honetan aipatzen da, Sabine Koller Marc Chagall. Grenzgänge zwischen Literatur und Malerei , Kolonia et al. 2012, 73–74. or. [itzuli]
  4. Nicolas Berg, Luftmenschen. Zur Geschichte einer Metapher, Göttingen 2008, 54–58. or. [itzuli]
  5. Vitali 1991 (ikus 1. oharra), 23. xafla; ikus baita ere 20. eta 21. laminak (The Village Store). [itzuli]
  6. Ikus (hemen aipatutako pinturaren erreprodukzio batekin) Heiko Haumann, “Revolutionen. Zum Zusammenhang von Lebenswelt und Geschichte”, hemen: Lebenswelten und Geschichte. Zur Theorie und Praxis der Forschung, Viena et al. 2012, 159–60. or. (lehen aldiz planteatzen ditu saiakera honetan geroago garatuta ageri diren ideiak, 159–80. or.). [itzuli]
  7. Ikus Alfred Bodenheimer, Wandernde Schatten. Ahasver, Moses und die Authentizität der Moder­ne, Göttingen 2002. Mendele Moykher Sforim-ek adierazitakoari jarraituz, “Eskale baten zakua da Israel osoa”, Sabine Koller-en arabera zakua eta makila daramatzaten irudiek, Chagallek irudikatuek, “Judu herratua” (Koller 2012 [ikus 3. oharra], 58. or. 151. oharra) hezurmamitzen dute. Hori, dena den, egin daitezkeen interpretazioetako batzuetan aplika daiteke. [itzuli]
  8. Ikus Heiko Haumann, Geschichte der Ostjuden, 5. edizioa, Munich 1999, 156, 162–67. or. [itzuli]
  9. Ikus gainera Errusiari, astoei eta gainerakoei (1911), Herri errusiarra ilargipean (1911) Paris leihotik (1913), eta beste hainbat. Ikus Koller 2012 (ikus 3. oharra), 63. or. 173. oharra. Airean esekita dagoen edo hegan dabilen motiboa behin eta berriro erabili zuen ondoren Chagallek, “Shoah” edo hondamendiari buruzko lanetan ere; adibidez, 1952–56ko Jerusalemen erorketa, 1958ko sortu zuen irudia Anne Franken egunerokoaren azalerako, edo 1974ko Sasiak, Avrom Sutzkever-en poemetako ilustrazio bat (ikus Koller 2012 [ikus 3. oharra] 346. or.). [itzuli]
  10. Ikus Haumann 1999 (ikus 8. oharra), 80–82. or. eta passim. [itzuli]
  11. Ikus gainera Berg 2008 (ikus 4. oharra). [itzuli]
  12. Desanka Schwara, “Luftmenschen—Ein Leben in Armut”, hemen: Luftmenschen und rebellische Töchter. Zum Wandel ostjüdischer Lebenswelten im 19. Jahrhundert, arg. Heiko Haumann, Kolonia et al. 2003, 93. or. (Schwarak identifikatu zuen termino horren lehenengo aipamena). Adibide gisa, ikus baita ere Manès Sperber, All Our Yesterdays, 1. lib.: God’s Water Carriers, itzul. Joachim Neugroschel, New York, 1991, 8–17. or. [itzuli]
  13. Ikus, adibidez, Jody Myers, Seeking Zion: Modernity and Messianic Writings of Tsevi Hirsch Kalischer, Oxford eta Portland 2003, 144. or. Anna Katharina Liesch eskertu nahi nuke erreferentzia honengatik. [itzuli]
  14. Nobela epistolarraren ingelesezko bi edizio daude, Sholom Aleichem, The Adventures of Menahem-Mendl, itzul. Tamara Kahana, Shelter Island, NY 1969 (Sholom Aleichem Family Publications-ek argitaratua); eta “The Letters of Menakhem-Mendl and Sheyne-Sheyndl” eta “Motl, the Cantor’s Son", itzul. Hillel Halkin, New Haven 2002. Sholem Aleichem-ek behin baino gehiagotan heldu zion pertsonaia horri, etaThe Further Adventures of Menachem-Mendl-en ere ageri da, itzul. Aliza Shevrin, Sirakusa 2001. Liburu beraren 1997ko edizio aleman batek (75 000 und andere Geschichten um Gott, Geld und Glück, itzul. Dan Wiener, Leipzig 1997 ) Basileako estreinaldiaren argazkiak ditu barnean, antzerkira eramandako 1996ko bertsio batekoak. [itzuli]
  15. Ikus Berg 2008 (ikus 4. oharra), 28. or. Terminoak errealitateari ez ezik, “hausnarketa kontzeptu” bati ere egiten dio aipamen, zeinak “itxaropen printzi­pioa” adierazten duen. Sperber-ek hitz hauetan formulatzen du: “mundu honek bere horretan jarraitu ezin duela dioen ideia, eta desberdina, hobea izan daitekeela, eta izango dela.” (Sperber 1991 [ikus 12. oharra], 17. or.). [itzuli]
  16. Ikus Desanka Schwara, Humor und Toleranz. Ostjüdische Anekdoten als historische Quelle, 2. arg., Kolonia et al. 2001. [itzuli]
  17. Ikus Leo Rosten, The New Joys of Yiddish: Com­pletely Updated, New York 2003, 210–11. or. [itzuli]
  18. Theodor W. Adorno, “The Essay as Form”, hemen: Notes to Literature, 1. lib., New York 1991, 4. or.; Berg-en aipatua 2008 (ikus 4. oharra), 47. or. [itzuli]
  19. Gainbegiraketa baterako, Berg 2008 (ikus 4. oha­rra), 50–53. or. Langile Juduen Batasun Nagusiari buruz, Berg-ek jasotzen ez duena, ikus Frank Wolff, Neue Welten in der Neuen Welt. Die transnationale Geschichte des Allgemeinen Jüdischen Arbeiter­bundes 1897–1947, Kolonia et al. 2014; Sandrine Mayoraz, “The Jewish Labor Bund in Switzerland", East European Jews in Switzerland, arg. Tamar Lewinsky eta Sandrine Mayoraz, Berlin eta Boston 2013, 54–76. or.; Dubnow-i buruz, ikus Anke Hil­brenner, Diaspora-Nationalismus. Zur Geschichts­konstruktion Simon Dubnows, Göttingen 2007. Ikus baita ere Christoph Manasse, Auf der Suche nach einer neuen jüdischen Identität. Der Schriftsteller Karl Lieblich (1895–1984) und seine Vision einer interterritorialen Nation, Kolonia et al. 2015. [itzuli]
  20. Ikus Haumann 2012 (ikus 6. oharra), 177–78. or. Ikus Berg 2008 (ikus 4. oharra), 67–75. or. [itzuli]
  21. Ikus Berg 2008 (ikus 4. orr), 85–152. or. (Lessing-en aipua: 118. orr); Max Nordau, Max Nordau to His People: A Summons and a Challenge, New York 1941, 137. or. Mugimendu antisemitek gero eta irudi negatiboagoa eratu zuten (ikus Berg 2008 [ikus 4. oharra], 168–69., 188., 200–4. or.). [itzuli]
  22. Saul Friedländer, Where Memory Leads: My Life, New York 2016, 39. or. [itzuli]
  23. Gertaera horiei buruz, ikus Haumann 1999 (ikus 8. oharra), 95–111. or. Ikuspegi orokor baterako, aipatu baita ere (hemen geroago) Antony Polonsky, The Jews in Poland and Russia, 3 lib., Oxford eta Port­land 2010–12; Israel Bartal, Geschichte der Juden im östlichen Europa 1772–1881, Göttingen 2009. [itzuli]
  24. Ikus, adibidez, Koller 2012 (ikus 3. oharra), 12, 113, 118. or. (aipua). Lubkien adibideak, non “azpikoz gorako mundua” eta umore-kultura ez ezik, hegaldia ere irudikatzen den metafora gisa “tratu susmagarriak”, “aire finean lurrunduta” eta “gora eginez ke bihurtuta” aditzera emateko, porrot egitearen zentzuan, Haumann-en 2012 (ikus 6. oharra), 174–75. or. Chagallek interpretazio positibo bat egiten du eredu horien inguruan. [itzuli]
  25. Ikus Haumann 1999 (ikus 8. oharra), 111–24. or. [itzuli]
  26. Ikus, adibidez, Leben im russischen Schtetl. Auf den Spuren von An-Ski. Jüdische Sammlungen des Staatlichen Ethnographischen Museums in Sankt Petersburg, erak. kat. Rautenstrauch-Joest Museum, Kolonia et al. 1993. Espedizioei buruz, ikus baita ere Olga Osadtschy-ren saiakera liburu honetan. [itzuli]
  27. Annette Werberger, “Grenzgänge, Zwischenwelten, Dritte—Der jüdische Schriftsteller und Ethnograph S. Anskij", Transversal 5, 1. zk. (2004), 62–79. or. [itzuli]
  28. Moishe Segal izendatua ere. Bere izena ageri den modu desberdinei buruz, ikus Koller 2012 (ikus 3. oharra), 41. or. [itzuli]
  29. Ibid., 59. orr: “Liminalitatearen artista da Chagall” [itzuli]
  30. Ibid., 52. or. (ikus 41–63. or. Chagallen oroitzapen desberdinei buruz). Ikus baita ere Chagallen “Mayn vayte heym. Oytobiografishe poeme” olerkia (ibid., 63. or. 172. oharra). [itzuli]
  31. Marc Chagall, My Life, New York 1960, 177. or. [itzuli]
  32. Bella Chagall, Burning Lights, New York 1946; Bella Chagall, First Encounter, New York 1983. Yiddishez idatzitako beste liburu batzuk ere ilustratu izan zituen Marc Chagallek; ikus Koller 2012 (ikus 3. oharra), 14n 14. or. [itzuli]
  33. Chagall 1971 (ikus 32. oharra), 59–61. or. [itzuli]
  34. Baliabide desberdinen arteko lotura horien guztien adibide eta interpretazio ugaritarako Koller 2012 (ikus 3. oharra). [itzuli]
  35. Ikus aurretik egin izan ditudan hausnarketak Heiko Haumann-en, “Auf dem Weg zu neuen Selbstverständnissen", Haumann 2003 (ikus 12. oharra), 309–37. or. [itzuli]