Henri Rousseau
Artillariak (Les artilleurs), ca. 1893–95
Atzerriko botereen ordezkariak bakearen seinale Errepublika agurtzera etorriak, 1907
Iruzkinak
Emakume baten potreta, 1895
- Izenburua:
- Emakume baten potreta, 1895
- Erakusketa:
- Henri Rousseau
- Gaiak:
- Artea eta identitatea | Artea eta psikologia | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Kolorea | Erretratua eta autorretratua | Dualtasuna
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Figuratiboa
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Rousseau, Henri
Pablo Picasso-k 1908an emakume baten potret hau Montmartren topatu zuenean, 5 liberaren truke erosi zuen. Honela gogoratzen du momentua:
Erosi nuen Douanier-en lehenengo lanak irrika temati bat piztu zidan. Rue des Martyrsetik behera oinez nindoala, bigarren eskuko tratulari batek koadro-zerrenda bat jarri zuen bere erakusleihoan. Buru bat nabarmendu zen kanpora, emakume baten aurpegia, begi gogorrak, begirada sarkorra, erabakimena eta argitasuna. Mihisea erraldoia zen. Prezioa galdetu nion. “Ehun sos”, erantzun zuen dendariak. “Gainetik pinta dezakezu”… Frantses psikearen potreta zintzoenetako bat zen.
Luzera osoko potret honetan, modako “gigot” mahukak dituen soineko beltz batez dotore jantzitako emakume ezezagun bat bere balkoiaren aurrean dago. Irudi enigmatikoa eta seriokoa, emakumea bitan zatikatutako eszena batean dago kokatua: barnealde txukuna eta kanpoaldeko naturaz gaindiko paisaia. Rousseau-k forma- eta kolore-geruzak erabili ditu kontraste-sorta bat sortzeko: emakumearen jantzi beltzeko irudi soila eta marrazkitxoz jositako eta borladun errezelaren oparotasuna; balkoiaren arkitektura eta ametsezko paisaia; txukun paratutako lorontzi-landareak eta emakumeak bermatzeko baliatutako adar hautsia. Zeruan hegaldatzen den txori finak nabarmenago uzten du emakumearen presentzia astuna, hotza. Elkarrekin elementu horiek giro indartsu eta tinko bat sortzen dute. Geroago, Frida Kahlo artista mexikarrak lan honetan oinarritu zuen bere buruaren potretetako bat.
Koadroa erositako urtean bertan, Picassok Henri Rousseaurentzako oturuntza bat antolatu zuen bere estudioan. Gonbidatuetan Pariseko abangoardiako hainbat figura garrantzitsu zeuden: Guillaume Apollinaire poeta, Gertrude Stein bildumagilea, baita Georges Braque, Marie Laurencin eta Fernande Olivier artistak ere.