Artea eta espazioa
Bruce Nauman: Argi berdeko korridorea (1970), Elke lurra bere gainean altxa dadin uzten, buruz gora (1973), Tony lurrean hondoratzen, buruz gora eta buruz behera (1973)
Iruzkinak
Robert Motherwell: Feniziako estudio gorria (1977)
- Izenburua:
- Robert Motherwell: Feniziako estudio gorria (1977)
- Erakusketa:
- Artea eta espazioa
- Gaiak:
- Artea eta espazioa | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | New Yorkeko Eskola | Henri Matisse | Jackson Pollock | Mark Rothko
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismo Abstraktua
- Teknikak:
- Keinu-pintura
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Motherwell, Robert
Robert Motherwell mugimendu espresionista abstraktuaren izen handietakoa izan zen. Keinu piktorikoaren indarra eta zirrara asmo figuratibo guztien gainetik jartzen zuen bere lanean. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, New Yorkeko Eskola deitu zenaren partaide izan zen Motherwell, Jackson Pollock-ekin eta Mark Rothko-rekin batera, lehenago filosofia eta artearen historiako ikasketak egin bazituen ere.
Ezinegon horiek pieza honetan ageri dira, eta izenburuan feniziar kulturaren aipamen argia dakar. Feniziar kultura eta haren alfabetoko ikurrak ezagutzen zituen artistak, eta ikur haiek keinu natural baten ondorio zirela uste zuen, buztin hezearen gainean grabatzen zituztelako. Artistak zeinu horiekiko zuen interes formalaren erroan keinu piktorikoarekiko lotura hori dago, espresionismo abstraktuak hain berea duena. Feniziar alfabetoaren bi hizki jarri ditu artistak lanaren goialdean, eskuinean. Ikatz-ziriaz eginak dira, pintura gorriz estalia ez dagoen zati bakarrean. Gainera, koadroaren gainerako azaleratik nabarmen bereizten dira, lauki luze batean sartuta; euren lekua zedarrituta geratzen da, artistak leiho baten metafora gisa definitzen zuenaren baitan. Mihisearen azalera zabala zati horrekiko aurkakotasunez definitzen da, eta ezarritako tonu gorrian aldaera arin batzuk soilik aurkezten ditu.
Feniziako estudio gorria Henri Matisse-ren Estudio gorria lanaren aldaera da. 1911ko margolan horrek estudio baten barrualdea irudikatzen du: gorriak betetzen du espazioa, eta gelan diren altzari eta gainerako gauzen formen garrantzia gutxiesten du. Hirurogeita hamarreko hamarkadan, Matisseren eraginpean, espresionismoak berea duen keinutik margolanaren espaziora eta hura betetzen duten osagaien arteko elkarrizketara eraman zuen Motherwellek arreta. Ikerketa haien ondorioz, artistak lantzen zituen mihiseak kolore-eremu itzel bihurtu ziren; horietan espazio txikiak irekitzen zituen, edo leihoak, eta horrela, zalantzan jartzen zituen ikuspegiaren sor-puntua eta tridimentsionalitatearen irudipena, Feniziar estudio gorri honek erakusten duen moduan.