Art in the USA: 300 urteko berrikuntza
Kultur aniztasuna eta globalizazioa (1980–gaur egun)
Atalak
Kultur aniztasuna eta globalizazioa (1980–gaur egun): laurogeigarren hamarkadako pintura
- Izenburua:
- Kultur aniztasuna eta globalizazioa (1980–gaur egun): laurogeigarren hamarkadako pintura
- Erakusketa:
- Art in the USA: 300 urteko berrikuntza
- Gaiak:
- Artea eta gizartea | Artea eta emozioa | Artearen demokratizazioa | Eragin artistikoa | Sinbologia | AEB | Sentimenduak | Arrazakeria
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Figuratiboa | Neoespresionismoa
- Artelan motak:
- Grafitia | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Basquiat, Jean-Michel | Fischl, Eric | Haring, Keith | Salle, David | Schnabel, Julian | Warhol, Andy
1980ko hamarkadaren hasieran nabaria izan zen pintura figuratiboaren susperraldia. Nazioartean eman zen fenomenoa eta AEBn Julian Schnabel, David Salle eta Eric Fischl izan zituen aitzindari. Arte kontzeptualak ezaugarri dituen materialen soiltasunak eta teoriaren garrantziak ez bezala, errepresentazio-pinturaren “itzulerak” indarberritu egin zuen hilda, hilzorian edo agortuta zegoela esan izan zen praktika. Kritikariek eta historialariek laurogeiko urte haietako pintura figuratiboa atzerapausotzat hartu bazuten ere — kriptofaszismo antzeko zerbait balitz bezala—, arrakasta komertzial handia lortu zuen garaiko hazkunde ekonomikoari esker. Hala, Schnabelen goraldi bizkorra Wall Street-eko mitoen erakusgarri dugu, Warhol-en ospe ukitu erakargarri horrekin. Neoespresionisten birtuosismo heroikoaren susperraldia berandu sortu izana gertaera zeharo anakronikoa izan zen, baina baita gaurkotasun handikoa ere. Fischlen hiri inguruko bizimoduaren biñetak, esanahi psiko/sexualez beteak, eta Salleren konposizioak, erreferentzia bisual ugari biltzen dituztenak, elkartu egin ziren Schnabelek platerekin eta linolioarekin egiten zituen koadroekin, pintura berrien eskariari erantzuteko.
Jean-Michel Basquiat-ek eta Keith Haring-ek graffititik eta kaleko artetik jasotako estilo grafiko ausartak erabili zituzten. Pop artearen arrastoari jarraituz eta goi-mailako eta behe-mailako kulturak elkartuz, biek aztertu izan dituzte sarritan eta esplizituki arraza eta sexuagatiko diskriminazioaren inguruko gaiak, baita hiriko bizitzako gaitzak ere. Basquiaten obra asmakizun eta urratuekin betetzen duten zirriborro errepikatuek artistak espresatzeko duen premia eta betiko frustrazioa aditzera ematen digute. Bestalde, Haringek pinturan landutako hizkuntzak totem itxurako animalia ugari biltzen ditu, euren ezaugarri bereziak eta, zenbaitetan, halako arrisku edo mehatxu kutsua aditzera ematen dizkigutenak. Bi artistek kode sinboliko pertsonalak irudikatzen dituzten moduek Pop artearen ironia alde batera utzi eta konpromisoa azpimarratzen dute.