Eskuak adierazpide: Buhl Bildumako argazkiak
Argazkilari ezezaguna, IOOF Logia Handi Subiranoa (1890eko hamarkada)
Herbert Bayer, Metropolitar bakartia (1932)
Iruzkinak
Man Ray, Izpigrama, eskuarekin eta arrautzarekin (1922)
- Izenburua:
- Man Ray, Izpigrama, eskuarekin eta arrautzarekin (1922)
- Erakusketa:
- Eskuak adierazpide: Buhl Bildumako argazkiak
- Gaiak:
- Eskuak | Argazkigintza | Artearen historia | Esperimentazio artistikoa | Argia | Forma | Lan-prozesua | Mugimendua | Tristan Tzara
- Mugimendu artistikoak:
- Abangoardia | Dadaismoa | Surrealismoa
- Artelan motak:
- Argazkia
- Aipatutako artistak:
- Moholy-Nagy, László | Ray, Man | Talbot, William Henry Fox
Man Ray-ren benetako izena Emmanuel Radnitzky zen. Hasieran margolaria izan bazen ere, 1920ko hamarkadaren hastapenean, “argiarekin berarekin zuzenean lan egiteko modua” deitzen zuena aurkitu zuen; eta horrek aukera berri askorako bidea ireki zion. Irudi hau fotograma da; hots, kamerarik gabe egindako argazkia. Objektuak argazki-paperean edo haren ondoan jartzen zituen, gero, papera argitan jarri, eta, azkenik, errebelatu egiten zuen. Teknika horrek abangoardiaren hastapenetako artista asko liluratu zuen. Laszlo Moholy‑Nagy-k, esate baterako, fotograma argazkilaritzaren funtsa dela adierazi zuen.
May Rayren fotogramek izpigrama izena hartu zuten. Bera ez zen izan teknika honekin lan egin zuen lehena. Oso goiz, 1835ean, Willian Henry Fox Talbot ingelesak argazkiak atera zituen kamerarik gabe, paper sentikorra eta eguzkiaren argi naturala erabiliz. Haren lan aitzindaria ere ikusgai dago erakusketa honetan. Baina Man Rayk mugimendua gehitu zien irudiei, mugitzen diren objektuen zein argi-iturrien bidez, eta, horrela, irudi batek askotariko aldaerak dituela deskubritu zuen. Irudi honetan, artistaren eskua arrautza baten forma ukitzekotan da. Hain zuzen, Man Rayk perfektutzat jotzen zuen arrautzaren forma. Esposizioak dirauen bitartean eskua mugituz, Man Rayk bigarren itzal fantasmagorikoa sortu zuen, bai eta haren esku sortzailearen zirriborro bat ere. Horiek guztiek irudian dagoen artisau lanaren berri ematen digute.
Man Ray Surrealismoari eta Dadaismoari lotu zitzaien, eta horiekin bat eginez, kamerarik gabe egindako irudia amarik gabe jaiotzen dela esan dezakegu. Era berean, halabeharrari eta harridurari bide ematen die.
Man Rayren lehenengo izpigramak, irudi hau barne, ikusi zituen lehen pertsonetako bat Tristan Tzara idazle dadaista izan zen. Izpigramei buruzko deskribapen iradokitzailea idatzi zuen:
“itxuraldaketak... ilea argi orrazitik bezala iragazten dira... gardentasunean harrapaturiko proiekzioak, samurtasunaren argitan, ametsetan hitz egiten duten ametsezko objektuen argitan”.