Degas-etik Picasso-ra: pintoreak, eskultoreak eta kamera
Paul Gauguin, Bainila-landareen baratzean: gizona eta zaldia
Medardo Rosso
Iruzkinak
Fernand Khnopff, Isiltasunari buruzkoa
- Izenburua:
- Fernand Khnopff, Isiltasunari buruzkoa
- Erakusketa:
- Degas-etik Picasso-ra: pintoreak, eskultoreak eta kamera
- Gaiak:
- Argazkigintza | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Kolorea | Konposizioa | Lan-prozesua
- Mugimendu artistikoak:
- Sinbolismoa
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Khnopff, Fernand
Fernand Khnopff margolari eta diseinatzaile belgikarra dugu Europako eskola sinbolistako ordezkari garrantzitsuenetakoa. Ikusleari plano estralurtar batetik begiratzen dioten emakumeen irudi poetikoengatik da ezaguna batez ere. Badirudi emakume horiek sekretuak dituztela eta egindako isiltasuneko botoaren ondorioz horiek jakinaraztea debekatua dutela. Khnopffen arreba, Marguerite, sarritan izan zen artista honen modeloa, eta bera da, hain zuzen, Isiltasunari buruzkoa izeneko lanean behatza ezpainetan duela azaltzen den emakumea. Begirada ikusleez haraindi doa, ezerk ez gogaitzea nahi izango balu bezala. Modeloa bere baitan bilduta dago eta hori da begiradarekin islatu nahi duena, hain zuzen argazki‑iturrian argi eta garbi antzeman daitekeen ezaugarria. Alabaina, argazkiko irudian modeloa artistaren estudioan zutik azaltzen da; argazki-irudia nahiko literala da eta irudi hori koadroan lantzean berehalakotasun izugarria duen beste irudi bat bihurtzen da.
Lehen ere aipatu dugunaren ildotik, erakusketa honetan parte hartzen duten zenbait artistek sentimendu aurkajarriak izan zituzten argazkilaritza euren lanetan erabiltzeko orduan. Khnopffek, esate baterako, hasieratik bere egin zuen argazkilaritzaren teknika, jendaurrean argazkilaritzari garrantzia kendu bazion ere. Hori horrela eginez artistaren helburua zen ikusleek bere ikuspegia barrenetik sortzen zirela pentsatzea eta ez estudioan paratutako modelo batetik. Argazkiaren erabileratik irudiak ertzetan ebakitzen ikasi zuen, baita argi‑efektu jakin batzuk erabiltzen ere, esposizioaren denbora luzatuz edo laburtuz lortzen zuena. Horrez gain, zilar kolorearen eta tonalitate ilunen arteko kontrasteak erlazio handia du kristalezko plakako negatiboekin. Bere karreraren amaiera aldera, Khnopffek batzuetan pastela eta klariona erabili zituen bere lanaren argazkien azalera lantzeko. Teknika horri esker, jatorrizko artelanaren edukia aldatu eta zabaldu ahal izan zuen, eta artelan berri bilakatu. Artista askok erabili zuen metodo baten aldaera bat zen, alegia, artistak berak egindako eta ondoren inprimatutako akuaforte eta grabatuen gainean marrazten zuten, aldaketak edo konposizio berriak iradokitzeko asmoz. Neurri handi batean argazkilaritzak ohitura hori sustatu zuen.