Degas-etik Picasso-ra: pintoreak, eskultoreak eta kamera
Alphonse Mucha, Jacinta printzesa
Franz von Stuck, Zirtze
Iruzkinak
Edvard Munch, Friedrich Nietzsche
- Izenburua:
- Edvard Munch, Friedrich Nietzsche
- Erakusketa:
- Degas-etik Picasso-ra: pintoreak, eskultoreak eta kamera
- Gaiak:
- Argazkigintza | Artea eta psikologia | Artea eta emozioa | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Lan-prozesua | Erretratua eta autorretratua | Friedrich Nietzsche
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Munch, Edvard
1905 inguru, bezero batek Edvard Munch margolari norvegiarrari Friedrich Nietzsche filosofo aleman garrantzitsuaren, 1900 urtean erotua hil zena, eta haren arrebaren erretratu bana egiteko agindu zion. Munchek ez zituen ez filosofoa ezta haren arreba ere ezagutzen, hortaz, argazkiak erabili behar izan zituen. Dirudienez bi iturri erabili zituen Nietzscheren burua egiteko: alde batetik postal komertzial bat, non Nietzsche bere etxearen ondoan azaltzen zen, eta bestetik filosofo kezkagarriaren argazki informal bat, hil baino urtebete lehenagokoa. Bi argazkiak irudi monumental bat egiteko oinarri bezala erabili zituen Munchek eta filosofoaren irudi gogoetatsua islatzea lortu zuen, begiratoki batean eta paisaje menditsua atzean duela. Koadro honetan Munchek Nietzscheren izaera barnerakoia eta bakartia azpimarratzen du, baita berez zuen mundu-mailako ospea ere. XIX. mendearen erdialdetik aurrera erretratuak egiten zituzten margolariek argazkiak erabiltzea gauza arrunta zen. Argazkiak ez zituzten erabiltzen irudiak zuzenean kopiatzeko, baizik eta modeloen aurpegia gogoratzeko, baita jantziak eta argiztapena ere. Gainera, argazkiak ezinbestekoak bihurtu ziren erretratatu nahi zen pertsona hilik zegoen kasuetan. Kasu horietan, esate baterako, gurasoek margolariari hildako semearen edo alabaren argazki bat ematen zioten koadro bat egiteko; sarritan, margolariak hildako pertsonaren hazpegiak edertu egiten zituen. Argazkiak funtsezkoak izan ziren margolarientzat, hil ondoren oroitzapena egiten zitzaien gizon eta emakume ospetsuen erretratuak egiteko ere bai.
Munchek bere karreran argazkiak erabili zituen eta horietako asko berak atera zituen, bere senideei, modeloei, baita bere aurpegiari eta gorputzari ere, jantzita zein biluzik. Berak ateratako zenbait argazki, saiakuntza-moduan egindako lan hunkigarriak dira eta horiek osatzen duten mosaikoa aztertuta margolariaren bizitzako garai desberdinak ikus ditzakegu; margolari honen bizitzan eragin nabarmena izan zuten izandako osasun eskasa, alkoholismoak eta nerbioen asaldurek.