Kandinsky
Krinolinadun taldea (Reifrockgesellschaft), 1909
Pintura ertz zuriarekin (Bild mit weißem Rand), 1913ko maiatza
Iruzkinak
Inprobisazioa 28 (bigarren bertsioa) [Improvisation 28 (zweite Faβung)], 1912
- Izenburua:
- Inprobisazioa 28 (bigarren bertsioa) [Improvisation 28 (zweite Faβung)], 1912
- Erakusketa:
- Kandinsky
- Gaiak:
- Artea eta musika | Artea eta pertzepzioa | Artea eta emozioa | Artea. Teoria | Eragin artistikoa | Lan intelektuala | Erritmoa | Kolorea | Lan-prozesua | Lerroa | Mugimendua | Sinbologia | Espiritualtasuna | Kaosa | Arnold Schönberg | Dualtasuna | Sinestesia
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Pintura (olio-pintura)
- Aipatutako artistak:
- Kandinsky, Vasily
Olio-pintura mihise gainean, 111,6 x 162,5 cm
Solomon R. Guggenheim Museum, New York, Solomon R. Guggenheim sortze-bilduma, dohaintza, 37.239
1910eko hamarkadako langintzan,Vasily Kandinskyk aurkako indarrak biltzen zituen bata bestearen ondoan sarri. Koadro honen ezkerraldeko itsasontziak, olatuek eta kanoiek uholdea eta hondamendia irudikatzen dituzte. Antzeman dezakegu nola lerro beltz lodiak hara-hona mugituz dabiltzan, kaos giroa eratuz. Hala ere, goian, eskuinean, muino baten gainean hiri bat, eguzkiaren argia eta besarkatutako bikote bat daudela dirudi, erredentzioaren eta utopiaren ikur bezala.
Koadro hau Kandinskyk Arnold Schönberg abangoardiako musikagilea ezagutu zuen garaikoa da; miresmen sakona eragiten zion haren musikak margolariari. Bere mihiseek barne-mundu espirituala irudikatzea nahi zuen artista zen Kandinsky, eta horrexegatik musikariekin identifikatzen zen, bai eta musikak zuzenean egoera emozional bat transmititzeko zuen gaitasunarekin ere. Hala idatzi zuen: “Tekla batekin edo bestearekin giza arima egoki dardararazten duen eskua da artista”. Sinestesia fenomenoarekin liluratuta ere bazegoen, eta musikaren, soinuaren eta ikusmenaren artean pertzepzio-lotura bat zegoela zioen, eta koloreak entzun zitezkeela edo musika ikus zitekeela baieztatzen zuen.
Kandinsky sinetsita zegoen konposizio-lege abstraktuen inguruan egituratu behar zela pintura, hala nola musikaren inguruan. Idatzi zuenez, margolari abstraktua zen heinean, beti zebilen “erritmoaren eta eraikuntza matematikoaren zein abstraktuaren bila, kolorea errepikatzeari eta hori dinamizatzeari emandako balioaren bila”.
1909an, Kandinskyk bere lehen “inprobisazioa” margotu zuen; hurrengo urtean, lehenengo “konposizioa”, eta 1911n, “zirrarak”. Izenburu horiek, ondoren zenbakiak erantsita, terminologia musikaletik eratorritako kategoria inpertsonalak, ez espezifikoak eta abstraktuak ziren. 1911. urte amaieran argitaratutako Espirituzkoa artean tratatuan definitu egin zuen kategoria bakoitza. “Inprobisazioa” hitza —koadro honen izenburukoa, adibidez— barne-sentsazio baten edo barne-prozesuen adierazpen inkontziente eta eskuarki bat-batekoa deskribatzeko erabiltzen zuen. “Zirrara” hitzarekin, aldiz, kanpoko naturaren inpresio bati egiten zion erreferentzia. Artistaren ustez, lan horietan garrantzitsuenak “konposizioak” ziren; “geldotasun apartekoz” osatutako barne-inpresio batetik abiatuta kontzienteki sortutako adierazpide bezala azaltzen zituen. Konposizioa lanak luze eta pazientziaz aztertu eta lantzen zituen lehen zirriborroa egin ondoren.