Edukira zuzenean joan

Georges Braque

katalogoa

Karanbola

Maryline Desbiolles

Izenburua:
Karanbola
Egilea:
Maryline Desbiolles
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta La Fábrica, 2014
Neurriak:
30 x 25 cm.
Orrialdeak:
272
ISBN:
978-84-15691-80-8
Lege gordailua:
M-16005-2014
Erakusketa:
Georges Braque
Gaiak:
Artea eta espazioa | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Geometria | Kolorea | Konposizioa | Perspektiba | Sinbologia | Subjektibotasuna
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Braque, Georges

Hitzek koadroak ireki ote ditzakete?

Aspaldi da billard hitzak («billar» frantsesez) ez didala balio hitz hori tituluan duten koadroak irekitzeko. Eta beste horrenbeste gertatzen zait hainbat esapiderekin, nola diren Georges Braque hain gertutik ukitu zuen monter sur le billard («billar-mahaira igo», hitzez hitz, «lubaki batetik atera» zentzuarekin erabilia), ezta passer sur le billard ere («billar-mahaitik igaro», metaforikoki, «kirurgia egin»). Bi adierazpideak dira Lehen Mundu Gerrakoak, eta bien jatorria da, gatazka hartan, billar-mahaiak errekisatzen zituztela kanpainako kirurgian ohatila gisa erabiltzeko. Kontatu zidatenez, bi bider etzan zen pintorea halakoetan: lehendabizi 1915ean, gudu-zelaian zauritu eta trepanazio bat egin ziotelarik; bigarrenez, 1945ean, urdaileko ebakuntza bat egin ziotenean, eta bere Billarrak saila (Les Billards), zazpi mihisekoa, zenbait hilabetez eten behar izan zuenean. Eta, gainerako guztiaren buruan, ileta-autoaren ikaragarrikeria dago: «gorputz-billarraren» itsusitasuna –mingarria da idaztea, baina amaiera arte joan beharra dago, askatu egin behar dira bidea ixten diguten hitz zital horiek–; nik entzuten ditut ia-ia Braqueren eztarriko hotsak, Braqueren gaitzespena, haserrea adieraziz; zeinek, eta nire ustez auto zaharrak eta handiak gorrotatzen zituen hark –hala uste dut–; lurra mespretxatzen ez zuen hark, ez baitzion muzin egiten goldean itsatsita geratzen zen lohiari; materia mespretxatzen ez, eta bere mihiseetan itsasteari uko egin ez zion hark: egurra edo harea imitatzen duen papera, egiaz mundutik aterea, dotoretasun-itxurak egiten dituen eskulangilearen egur faltsua.

Luis XI.a errege frantsesarekin jaio zen billarraren jokoa; bizkarreko minez, bere arotzari agindu zion eraikitzeko mahai bat kroketean aritzeko makurtu behar izan gabe. Gorputz argi eta garbi gaizki tratatua. Kanpokoa barrenera eramateko modu bat ere bazen: kanpokoa bizigabea eta eragozgarria bere zorroaren azpian, duela egun batzuk gaztelu batean ikusteko aukera izan nuen bezala, billarrarena deitzen zuten aretoan, kolpe bat hartu bainuen billar-mahaiaren kontra (iluntzen ari zuen, izterrean daukat oraindik ubeldua).  Billarra: ez dakigu nola tratatu. Horregatik ote da artean, pinturan-eta, gutxitan irudikatu den jokoa? Chardinen koadro batean ageri da billarra, Billar-partida (La Partie de billard) izenekoan, eta koadroko motibo nagusia da; mahaia bigarren planoan ageri da, jokalariz eta ikusleez inguratua, koadroak eratzen duen laukizuzen berak zehazten duen geometria zurrun bat osatuz: sabaiaren bereizketak, mahaiko hanka molduratuen arteko husguneak, ohola, jakina, eta, haren gainean, kable batean pausaturiko hegaztiak balira bezala, lanpara-sorta bat dirudienari eusten dion egitura. Gogoratu ote zen Braque obra honetaz bere Billarrak saileko azken koadroan, non bolek hegoak dauzkaten eta mahaiaren gainean hegan egiten duten, eta geometriak hegaldi horretan parte hartzen duen, baina eszena zamatu gabe, Chardinen partida zurrunean bezala? Altzari astuna da billar-mahai bat. Bere areto hutsean mugitu gabe, Degasen Ménil-Huberteko billar-aretoa obran (La Salle de billard au Ménil-Hubert), mahaia bertan behera utzia dago, hartan jokatzen zen partida bezala. Braqueren Billarrak obretan ere ez da irudirik agertuko, baina gorputza ez da falta; gorputza bai, ageri da obran. Kafetegia gauez (Le Café de nuit) koadroan, gasezko lanparen azpian, dena kutsatzen duen argi hori-horiaren pean, Van Goghen billar-mahaia traketsa azaltzen da, arrotza, haren atzean zutik dagoen pertsonaia bezalakoa; altzari horrek hain lekuz kanpokoa ematen du, non itzal zikin bat sortzen baitu, altzaria bera baino zabalagoa, lotsagarria gertatzen den zerbait balitz bezala. Braqueren Billarra lanpararen pean obran ere (Le billard sous le lustre) kolore horia nagusitzen da, baina kanpai-lorearen antzekoagoa du tonua ekilorearena baino; mihisean agertzen den mahaiaren ertz bakar zorrotzak mihise hori bera ebakitzen du, barkuaren brankak urak ebakitzen dituen bezala. Braqueren billarra altzari gogaikarriez libratzen da, eta zerikusirik batere ez du Chardinen, Degasen edo Van Goghen munstroekin, ezta Ginoux andrearen atzean ageri denarekin ere, Gauguinek hilabete batzuk geroago margotuko zuen gaueko kafetegian bertan, zeinaren itzalpean –haren adiskideak neurriz gainekotzat jotzen zuen– mugatzen duen katu bat ipintzen duen.

Braqueren billarra bizigabea izango zela espero genuen munstro bat da, baina bizia duela ematen du, deabruren batek hartua-edo dagoela. Gehiago hurbiltzen da Robert Rossenen 1961eko The Hustler filmeko billarrera, jokoaren pintura-irudikapenetara baino. (Joaten ote zen Georges Braque zinemara? Ikusi ote zuen film hori? Gustatu ote zitzaion?). Filma iragartzen zuen kartelean, pertsonaien gorputzak ezin dira billarretik bereizi: feltro berde batean sakabanaturiko boletan laukiztatuak ageri dira haien aurpegiak, elkarrekin txoke jotzekotan, gorputzek mahaiaren gainean dantzatuko dutela jakinaraziz, baita (batez ere) Minnesotako Lodiak ere (Minnesota Fats), Fast Eddiek, Eddie Bizkorrak, miresten duen jokalari paregabe horrek –Paul Newmanek irribarre aintzatsua eman zion Eddie Bizkorrari–; zabaltzen den arrakala, ia errenka dabilen dantzaria, joko-aretoa irekitzen duen enplegatu beltza, mahaien artean bueltaka dabilen santuen arteko santua, amore emanez. Eddie Bizkorrak dantzatzen duen lodia miresten du (Fast eta Fats, hain desberdinak eta hain berdinak) eta Sarah maite du, emakume alkoholizatua, herrena hura ere, elbarritua, gorputz-desitxuratua eta billar-partida bere borondate destokitura bideratzen duena. Kontua ez da makurtu gabe kroketean ibiltzea, minik hartu gabe, «i» bat bezala, mahaiaren altueran, errege tentea bezala. Kontua da mahaiaren gainean etzatea, izan billar amerikarreko mahai baten gainean (hamasei bola, bat zuria eta hamabost kolorekoak, zenbakituak), The Hustler filmean bezala, edo billar frantseseko mahai baten gainean (hiru bola, bi zuri eta gorri bat), Braqueren saileko koadro aipatu berrietan bezala. Billar frantsesa edo karanbola, bola gorritik sortua kolorearekiko eta izen bereko fruituaren formarekiko analogiaz. Karanbola, caramboler, zeinak frantsesez esan nahi baitu «estropezu egin» edo «gorputzez (sexualki) izan» eta, billarrean, «jokaldi berean bi bola beste bola batekin jo». Karanbola, bola gorriaren kolore gorri fruitukara, bola zuriak ere markatzen dituen gorri fruitukara, jo baliztuzte bezala, Braqueren lehen Billarra arramazkatzen duen distira, horixe baita inondik ere saileko ikusgarriena. Koadro bakarrean, plano bakarrean (pinturak zinemaren gainean duen nagusitasuna), 1944ko Billar obrak zenbait ikuspuntu bateratzen ditu, murgil egitea da hankarik gabeko mahai baten ohol berdearen gainean, eta, aldi berean, mahai-tapizaren arraseko ikuspegia; lehenaz eta geroaz, igarotzen den denboraz, gertaeren eta keinuen kateatzeaz libratzen gaituen bateratzea, baina pinturak hondarrarekin nahasirik egindako bateratzea da, halako eran non ematen baitu gertutik begiratzen diogula zapaltzeko desiratzen gauden belardi bati, hartan luzaroan desagertzeko gogoz, betierekotasunean desagertzeko azken batean. Betierekotasuna, berriz aurkitua beharbada; ez ote da garrantzitsua Braquek horrela ikustea eta bideratzea Billarren saila, Liberazioaren ondoren?

Aire-korrontea. Ate-leihoak itxi behar dira zapi berdea lehen planoan zabal dadin, eta hala ere pixka bat falta zaio, inoiz ez da aski, koadroa ez da edukigailua, ez du mugatzen. Pinturaren materia bera ezin asezko aire-korronte bat da.

Karanbolaren gorriak, berriz, begiradari deitzen dio, begirada beretzen du, baina zapiaren bi herenera ageri den tolesa da harrigarriena. Pareta kutsatzen duen toles bat da, sabaiko molduretaraino heltzen dena, eta han akats bihurtzen da, faila. Moldurak irekitzen dira, koadroarenak berarenak izan litezke, eta hortxe zabaltzen da koadroa, tolestua, hautsia bere bi hereneko lerroan, jokalariaren gorputza tolesten den bezala, mahaiko oholarekiko angelu zuzenean. Jokalaririk ez dago Braquek margoturiko pieza horretan, eta arrazoiarekin: billarrak jartzen du gorputza.

Plateau [«mahai-ohola»], tableau [«koadroa»], hizkuntza urkilatzen ote da (gogora ditzagun behatz urkilatuak ere, billarreko jokalariaren makila lerratzen den behatz lodiaren eta erakuslearen artean, gezia, gezia gisatzen duen eskua, zeinari astoa ere deitzen omen zaio; astoa oso garrantzitsua da billarrean) izan litezkeen postura ugarietako batean? Braquek, ukitu nahi ez duenaren keinuarekin, zorabioa eragiten digu, zeren, gorputza babestu gabe mahaiko oholari eraso egiteaz gainera, harekin gorputz bakarra egin baino areago –azkar eta gaizki esanda–, bere gorputza ematen baitu. Halako moduan ematen du, non ez baita figura egiten. Hau nire gorputza da. Oraina dago koadro honetan. Badirudi gainazal kartsu horretatik, hautsi arte behartuta, eta laukizuzen berdetik iristeko dauden paisaiak aterako direla, zeru iluneko paisaiak, goldearekin, itzalarekin, itsasertzarekin eta zabaldiarekin. Forma bitxiak sortuko dira, pintorea ezkutatzen dela dirudien «marina» baino luzeagoak. (Edo egokiagoa ote litzateke pintorea «luzatzen» dela esatea?). Bere longitude osoan luzatu, aldi berean egoteko («Naturarekin aldi berean pintatzea interesatzen zait, natura kopiatzea baino areago»).

Ez al da 1944ko Billar hori lantegi bat, bere koadro jada margotuekin, bere mahaitxoarekin, bere aulkiarekin eta oraindik jaiotzeko den guztiarekin? Lantegiaren xehetasun bat, non agertuko litzatekeen mihise garbi edo ia garbien multzo bat, atzealdeak aldez aurretik prestatuak (baldin pintura kolorebakarrak ez baziren). Oihal iluna, sabaiko moldurek eta leihoko markoak gerrikatua, mihise urdina, zeinaren diamante formako sareta xuxurlaka mintzatzen zaion obraren beste aldeko mihise urdinekoei, ez baita pieza bat gehiago, baizik eta, «mihiztatze» bat baino areago (frantsesez assemblage), mihiseen «batzar» bat (frantsesez assemblée), simetriaren eta kolorearen erabilera sotilak pilaren azpitik sorrarazi duena. Aulkiaren erronbo antzeko formak zeharkatzen dituen erronbo antzeko forma horien oihartzuna; aulkiarenak koadroaren erdian daude, koadroaren bihotzean, eta erretiratzen ari dira halere.

Bihotzean eta erretiratzen.

Mihise iluna, urdina, zoritxarrekoa, berdea gogoan hartu gabe, zapi berdea, non makilak abandonaturik datzaten: bat osorik ikusten dugu, bestea ez (makilaren gezia bakarrik agertzen da, karanbolaren lerro berean); billarreko makilak, pintzel ikaragarriak balira bezala: ez al dugu jokatu baino lehen klarion urdina makilaren muturraren kontra igurzten, zolan [muturreko kuxina da zola, eta frantsesez procédé deitzen dute, «prozedura»]? Kubo urdin txiki hori, non dago? Eskuan ote daukate oraindik pintoreak edo jokalariak? Leihoko urdina ote da? Sabaiaren gainetik eta ate iluneraino barneratu dela dirudien urdin bat, isileko kolore-eztanda. Billarreko makilak, karanbolaren kolorea bi bola zuriei erantsi dietena, bi pintzel ikaragarri balira bezala, beharbada –ez dakit– oihal berdea ere urratuko zutenak, markoa barne: billarra bere luzera osoan urratzen duten labankada-sorta. Ez ote da billarra papera huts-hutsik? Eta koadroa, collagetik dator? Ez al daude elementuak collagearen espirituaren arabera kokatuak? Billarreko mahaiaren ikuspegi alderantzizkatua, mahaitxoa mahai handiaren gainean, lore-txarroaren, liburu-pilaren, leihoko beiraren, aulki landuen ikuspegi ez hain arriskutsuaren ondoan. Ez al digu pintoreak itsasten, collagean bezala, gauzen disposizioa sudurraren azpian? Ezin dugu ihes egin leiho urdineko puska horretatik. Ez dago ihes-punturik Georges Braquerengan.

Infiniturik ez dago, pinturaren eremu mugagabea baizik, hemen eta orain. Hitzek ez dituzte koadroak irekitzen, koadroak ez daude-eta itxiak. Bereziki, Billarra ez dago itxia: koadro hau eskaini egiten da, destolestu egiten da. Geure begien aurrean dago dena; aski da ikustea, eta hori ez da gutxi. Biluzten dena ikusten dugu, iluntasuna ikusten dugu, ezkerrean ezkutatua dagoen atea ere ikusten dugu (ez dugu argitzen). Sekreturik ez dago, begien bistakoa dena ere ezin sartuzkoa da. Husgunerik ez dago, ez dago zulorik, ez tranparik; gainazal osoa haztatu daiteke, ezin sartuzkoa eta eskuzabala da.

Subiranotasuna du koadro honek, handiustea, «Guermantestarren arraza burgoia», eta, «Guermantes» bezala, «-antes» erdal atzizkiaren ñabardura laranja-kolore horri dago lotua; Georges Braquek, Billar honetan, bere koloreak, berdea eta marroia, jaso egiten ditu, dislokazioa bezala, beharrezko gatazka da haren pintura bere xedera hel dadin. Koloreen eta gatazkaren subiranotasuna, kolpe bikoitza bola gorri bakar batekin emana.

Billarraren mahaia koadroaren oinean isurtzen da; irudiaren behealdeak xurgatu du parte bat. Edo ez ote da izango mahaia sortzen ari dela? Ez dakigu, mahaiaren zeihartasunak grabitatearen legeak ahantzarazten ditu. Ez da jadanik altzari bat, esan dugu, batzuetan ohe bat burura badatorkigu ere, non zerbait erauzi behar diguten; edo hor bota gintuzten mundura beharbada, eta gure azkazalen arrastoa geratu zaio mahaiari, zapiari heltzeko eginahalean (hain urruti ote dago Rauschenbergen Ohea?).

Pentsa dezagun ohe batean.

Pentsa dezagun Georges Braqueren altuera eta goputz handikotean, nola laukian sartzeko makurtu edo tolestu behar izan zuen maiz.

Pentsa dezagun gorputz batean, hor dagoela segurtatuko dugu; zain dauka billar-mahaia, bere tolesak oparitzen ditu, giderrak eskuei deitzen dien bezala, goldearen hortza sartu aurretik azken jorratzaileak lurra harrotzen duen bezala.

Braquek ez du urdailarekin pintatzen, baina gorputzaren parte horretara heltzen zaigu Billarra, hondakina ez, baizik eta Braqueren pintura guztiak agertzen duen ausardia dagoen tokira, arnasaren eta espirituaren lekura, sortaldetarren arabera; borroka-makila, gerra-arteen makila bihurtzen diren billar-makilak. Billarra ez zaigu iristen gorputzaren erdira, haren oinarrira baizik, bere marra zuzen, zeihar edo angelutsuekin Braquek eraikitzen duen oreka-puntu hauskor horretara. Hala, gorputza tolestuta, bizkarra lurrarekin paraleloan dagoela, oinak bereizita baina ez oso, billarraren makila ahalik eta horizontalena, bere jomugarekin lerrokatua, gezia eskuak eratzen duen urkilak edo astoak gidatua. Helduko da kolpea, eta geure begien aurrean gertatuko da karanbola. Bolen eztandarekin batera, gainera, emango zaizkigu labankadaren kurbak, txarroaren ingurunea, beste aulkiaren hegoa (erretiratuagoa oraindik), loreen arabeskoak, haien hostoak, mahaitxoaren biribiltasuna. Bat-batean argituta, ulertzen dugu; alegia, gauza gara geure baitan eusteko konposizioaren abstrakzioa eta eszemaren zehaztasuna, elementuen collagea eta haien kokapenaren jariakortasuna, kubismoaren irakasbideak eta iluntasunean betiere haztamuka ibiltzearenak, simetriaren eta desordena txikiaren laudorioa, halere gugana datorren «behea eta atzea»: liburu mordo bat, beira bat eta ez dakigu besterik zer. Sumatzen ditugu astindua urdailean eta koloreen fintasuna, jokoaren arau jakintsuak eta zuzena dena begiztatzeko zorion garbia. Bil gaitezke batere lasaiagarria ez den bake horretan, zabaldu baita ostera ere bolen artean, tolesturaren orbainarekin, haren mehatxua.

Begiak ixten ditut. Bitxia da, baina urdina da itzultzen den lehen kolorea. Urdin gozoa, setatia, erronbo formako burdin sarearen tarteetatik. Bitxia da, baina burdin sare hori astun samarra iruditzen zait, burdin forjako lana den neurrian (gauza bera iruditzen zaizkit lepoko oso landuak). Saretak ez du kolorea defendatzen ordea, ez du bideratzen. Irudi geometrikoak gehiegikeria aginduko balu bezala eta gorantz egin behar duela iragarri, Louvreko Henri II. aretoko sabairaino, zeina Georges Braquek 1953an margotu baitzuen urdin askoz biziago, askoz aberatsago batekin: beltzez argitua, gauez argitua. Sabairaino eta harantzago. Hegazti baten lehen seinalea pilpiratzen da, beharbada, burdin sareko marra ilunen artean.

[Itzultzailea: Rosetta Testu-Zerbitzuak]