Edukira zuzenean joan

Georges Braque

katalogoa

Georges Braque, batailan jo eta su

Brigitte Leal

Izenburua:
Georges Braque, batailan jo eta su
Egilea:
Brigitte Leal
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta La Fábrica, 2014
Neurriak:
30 x 25 cm.
Orrialdeak:
272
ISBN:
978-84-15691-80-8
Lege gordailua:
M-16005-2014
Erakusketa:
Georges Braque
Gaiak:
Giza harremanak | Artea eta emozioa | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Forma | Kolorea | Erakusketak | Frantzia | Alberto Giacometti | Pablo Picasso
Mugimendu artistikoak:
Kubismoa
Teknikak:
Collage
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Braque, Georges

«Igandean Braque ikusi nuen Varengevillen. Uda honetan ondo aritu da lanean, nik uste. Ez naiz gehiegikeriaz ari, haren lantegian jo eta su sumatzen da bataila, huskeria jakintsuen erakustaldi handi horrengatik ere». –Nicolas de Staële-k René Charr-i bidalitako gutuna, 1951ko azaroak 161

1982an, Dominique Bozok, Musée national d’art moderne-ren zuzendari gisa, erakunde haren jabetza ziren Braqueren obren katalogo arrazoituaren hitzaurrea idatzi zuen; katalogoa Nadine Pouillon-ek zuzendu zuen, Isabelle Monod-Fontaine-rekin elkarlanean2. Obra hura artistaren papiers collés (paper itsatsi) izenekoen katalogo arrazoituaren aldi berean argitaratu zen3, eta katalogo hura kubismoaren aditu handienetako batek, Douglas Cooper-rek, Pompidou Zentroan antolaturiko erakusketarako argitaratu zen.

Zenbait esaldi ondo sentitutan, eta modu sinesgarrian, gogorarazten zizkigun Dominique Bozok Braqueren obraren nolakotasunaren berezitasuna eta anbizioa («Braqueren obrak, hain berezia gertatzen bada ere mende honetan, eta sarritan gaizki ulertua, Bonnard-ena bezala, orain, bere iraunkortasunean eta indar piktorikoan, sekula baino gehiago dela beharrezko erreferentzia erakusten du»). Orobat salatu zuen Dominique Bozok nolako epelkeria, baita ezikusia ere, sentitzen zuen garai hartako kritika frantsesak Braquerengana: Paulhan-ek gerraondoan La Nouvelle Revue Française aldizkaritik Braque, nagusia deituaren alde bideratu zuen ofentsiba handiaren ondoren, behera egin zuen harenganako zaletasunak. Hala, Braquek Frantzia gaullistan artista ofizial gisa zuen estatusa –lehen artista bizia izan zen erakusketa bat eskaini zitzaiona Braquek berak dekoratu berria zen Louvreko Museoan4–, hiletak berretsita, ospe handiz ospatu baitzuen André Malraux Kultura ministroak, ilundu egin zen goraka zihoan belaunaldi ezkonformistarentzat. Bere panorama artistiko zaharkitua berritzeko premia larria bizi zuen herrialde batean, Braqueren ospea nahitaez hondatu zuen gainbehera zetorren erakunde batek –Palais de Tokyoko Arte modernoko museoak– emandako arte moderno frantsesaren «maisu» irudi zahartuak.

Jadanik 1950ean, Pierre Reverdy-k, Braqueren lagunik handienak, argiro iragarri zuen Braquek dike lehorretik igaro beharko zuela: «Asmatuko ote dugu etorkizunean Georges Braque bezalako pintore bati eskertzen, zalapartak larritasunez sufritzen ditugun garai honen erdian, guztioi hain barea eta jakintsua iruditzen zaigun obra bat osatu izana? Ez dut uste. Ahaztuko dira gure borrokak eta gure ikarak, eta lekukotasun sorgor batzuk besterik ez dira prozesu horretatik geratuko; eta gatazkaren kausak, sorburuak, interes pixka bat besterik ez du sortuko. Koadroak hortxe egongo dira, mutuak, ezin ukatuzkoak. Koadro horiek, zeinez gaur inork ez baitaki ezer esaten»5.

Hausnarketa horretatik hogeita hamar urte igarota, eta berrogei bat urte pasatu direnean Braqueri Parisen eskainitako azken atzera begirako erakusketatik –Palais des Tuilerieseko Orangerien antolatu zuen Jean Leymarie-k6, haren obraren exegeta hoberenetako bat izan zenak, haren heriotzaren hamargarren urteurrena ospatzeko–, gaurko erakusketa zabaltzen da, Braqueren irudia birgaitzera bideratutako dei bat eginez; izan ere, azkenaldi honetan hasi da Frantzian birgaitze-prozesu hori, eta ondo garatua zen Atlantikoaren beste aldean7. Erronka bati heldu behar diogu, eta hura da Braquerik gabe hazitako belaunaldi bati erakustea eta bere handitasun eta aberastasun osoan ezagutaraztea bere eskakizunengatik gutxietsi den obra bat, anedoktak ematen duen erraztasun orori uko egiten diona eta guztiz lotsakorra dena.

Pintura biluzia

Braqueren pintura –«ez da pinturatik kanpoko ezertan oinarritzen»8–, hasieratik kontzentratzen da, berariaz, gai-kopuru txiki batean: hartan ez da erretratuen arrastorik txikiena ere, eta are gutxiago autoerretratuenik –aski dira paleten eta astoen irudiak–, ezta Picasso bati eta Duchamp bati mendea gainditzen lagundu zieten atxikimendu politiko, erotiko edo esoterikorik ere. Braqueren obrak ez du amore ematen, sedukzio oro baztertzen du, diskurtso oro ezeztatzen du: pintoreak «forma eta koloretan pentsatzen du» eta «gertaeren soiltasunaren» atzean kuzkurtzen da9. «Pintura biluziaren» mirarian bermatzen da osorik haren sorlana, Alberto Giacometti-k sumatu zuen bezala10.

Zoaz bere azken paisaiekin maitemindu zen eskultorearen atzetik eta sar zaitez erakusketa honetan; areto bakoitza Braqueren lantegi handi batekin aldera daiteke. Hura bezala, zaude besterik gabe «lore, leiho eta objektu» horiei begira, lerra zaitez koadro batetik bestera, eta har ezazu behar duzun denbora, munduari itzuri egiten dion eta hain egonkorra, hain denboraz kanpokoa, dirudien pintura horretan sartzeko. Laster ohartuko zara pintura hori ez dela ez geldia, ez errepikakorra; aitzitik, bizirik dago eta haragizkoa da guztiz. Hasieran, Braqueren obrak ageriko moduan islatzen zuen Cézanne-ren eta Corot-en arrastoa; geroago erradikalagoa egin zen, gerrak hautsitako keinu kubistaren bitartez. Obra honek uko egiten dio arrakastaren, tradizioaren eta estiloaren erosotasunari. Gerra arteko garaian, Braquek klasizismo frantsesaren mito ideologikoaren bideari heltzen diola dirudienean, hobeto desmuntatzeko heltzen dio bide horri, Jean Goujon-en ninfa delikatuak kanefora irmoak, hondarrez eta kolore-arrastoez zipriztinduak bihurtuz; edo bere natura hil baketsuak, Chardin-en ondorengoak omen zirenak, elementu berri bizigarri batez jantziz, eta Satie-ren Gymnopédie bat bezain harrigarriak gertatzen dira, Miró-ren Konstelazio bat bezain airetikoak. Braque, pentsa zitekeena baino kontzienteagoa baitzen inguruan gertatzen zenari zegokionez, sinetsita zegoen «nahitaezkoa [dela] artistak bere ikusmoldea freskatzea, bere sentikortasuna oso gogor jipoitzea errepikatuaren errepikatuaz itsatsi den guztia astintzeko, sentikortasuna indarberritzeko»11; agerikoa da hori artistaren karreraren azken aldian, Bigarren Mundu Gerraren ondoren, haren obra Nicolas de Staël-en edo Ellsworth Kelly-ren gaztetasunera ireki zenean12, «gaurko artearen abangoardian kokatzeko, izan ditzakeen gatazka guztiekin»13.

«Asaldatzea da artearen helburua»14

Braquek txartel guztiak zeuzkan arte modernoaren eta tradizioaren arteko haustura famatua gauzatzeko: erromantizismoa ez zitzaiola gustatzen zioen artista gaztea zen15, baina hautatua sentitzen zen («neure baitan daramat argia»), eta espazioaren eraikuntza mental berri bat agertzen zuen obra-sail bat margotu zuen L’Estaquen 1908an eta La Roche-Guyon-en 1909an. Handik gutxira, 1912an, papier collé (paper itsatsi) deituaren «errebelazioa» sortu zen. Gaur egun neurritsua iruditzen zaigu Sorguesen egin zuen esperimentu hau, Reverdyren bertso batek bezain oreka perfektua baitauka, eta motibo nagusiak –primeran marrazturiko mahats-mordo bat eta frutaontzi bat– Cézanneren ondarea konplexurik gabe, haustura bortitza eragiteko borondatez ordea, bereganatu duen Braque bat agertzen du.

Pinturaren atzemate «fisiko» hori, materiarenganako sentiberatasun taktil hori («pintzelkada materia-forma bat izatea nahi izan dut»16), berebat da artistaren sorkuntzaren hari gidaria. Erakusketaren ibilbideak, derrigorrez kronologikoa delarik, denborari eta modei dagokienez eragingaitzak diren motiboen metamorfosi guztiak hartzen ditu bere baitan («Nire gaur egungo obretan aspaldiko ezagun bat topatzen dut, behinolako Braque hura»17). Funtsezkoa da artistak pintura-objektuari dion leialtasuna, aldi guztiak zeharkatzen eta egituratzen baititu: txantiloi-artearen teknikarekin egindako ikur abstraktuen markak dauzkaten koadro kubistak, hondarrez edo zerrautsez beteak; haien ondoren etorri ziren 1930ko hamarkadan itsas pintura lurkarak eta onirikoak, Courbetenaren antzekoak, zeinak hargintza-lana ematen duten burezurrekin eta gerraren garaian egindako billarrekin lotu baitzituen. Berebat ageri da hori azken koadroetako pintura-enpasteetan –Dubuffet-en gogo-paisaien garai berekoak dira, baina ez dute haien asmo kontrakultural bera–, zeinak artistaren barne-irudien munduan murgiltzen baitira. Hans Beltinge-k barne-irudiaren nozioa teorizatu baino lehen ere, Jean Paulhanek xehetu egin zuen Braquek bere borondatez, balio apal eta kontserbatzaileak aldarrikatuz, bereganatu zuen itxura lasaigarria: mantsotasuna, gogoeta, kontzentrazioa, langintzaren gurtza. Natura hil arrunt baten gainean flotatzen duen hodei bati beha dagoela, honako hau esan omen zuen idazleak: «Haurtzaroko oroitzapena ematen du»18. Braqueren pinturaren misterioa, itxurazko konformismoaren pean hain sartzen zaila egiten duena, pintoreak «inkontzientearen mihise bustiaren gainean berragertzen uzten dien» (Dora Vallier) irudi erreprimitu eta sublimatuen isuri mugikor horretan ezkutatzen da inondik ere.

Koloreak motiboari dagokionez duen independentzia, papiers collésetan garatua, bizkor libratzen da apaingarrien sinplifikaziotik, eta bizkortu egiten da konposizio fugatuetan, luzatuak baitaude irudi bikoitz, anbiguo, polisemikoetan, zeinek 1930eko hamarkadako natura hilei lurpeko mugikortasun aztoragarri bat ematen baitiete. Azken zikloetan beste errepertorio ikonografiko bat ageri da, iturri mitiko, filosofiko edo poetikoetatik edaten, eta lantegi-ispilatzeek zeharkatzen dituzten ikur dirdaitsu eta enigmatiko oso bat sorrarazten duena19: geziak, paleta-txoriak, profil arkaikoak. Braquek esan lezake orain: «Jadanik ez dut ezertan sinesten»20.

Braqueren eta Carl Einstein-en arteko adiskidetasun esperogabeak, «erregulatzailearen» eta iraultzailearen arteko adiskidetasun horrek, zerikusia du inondik ere haren pinturaren bilakaerarekin, modernotasunaren bide erabilietatik kanpo. Bere izaera diziplinagabeak, joera politiko nahiz estetiko orotatik kanpo egon nahiak bultzatuta, Braquek 1920ko hamarkadan ihes egin zuen Cocteau-ren nahiz Breton-en atzaparretatik; eta azken horrek, minduta, ordenako gizonaren etiketa ipini zion, noiz eta Braque jadanik ihes egina zenean «haluzinazioaren zorionera» murgiltzera21 eta hasia zenean hizkera berri bat sortzen.

Eskerrak eman behar zaizkio Carl Einsteini, bidea zabaldu baitzuen Braqueren irakurketa berri bat egin ahal izateko, Bissièr-ek eta haren ingurukoek ipini zioten gerruntze nazionalista zaharretik libre. Bébuquinen egilea22 –kubismoak, sentsazioen, denboraren, espazioaren eta memoriaren dimentsio tradizionalak apurtuz, pintura gainditzen zuela ulertu zuelarik–, hura da orain gure gidaria, tradizioaren eta merkataritza-kitscharen deabru zaharrak birsortu diren honetan, beste Braque bat erakutsi nahi duen gure proposamen honetan: ez hain konbentzionala, gizon librea.

Braquek bere obra ia guztiz pinturara mugatzea erabaki bazuen ere, eskulturagintza oso-oso tarteka landuz, eta uko egin zion arren Harold Rosenberg-ek23 jadanik 1959an iragarri zuen «zabor artistikoaren» diktadurari, gaur egun oraindik Braque da bere garaiko zirkulu eta debate garrantzitsu guztietan parte hartu zuen artista moderno handietako bat, erakusketa honek agertzen duen bezala, corpus dokumental oparoen eta adierazgarrien bitartez. Roger Dutilleul, Wilhelm Uhde, Hermann Rupf, Raoul La Roche, Marius de Zayas, Rolf de Maré, André Breton, Henri-Pierre Roché, Marie Cuttoli, Jean Paulhan, André Malraux, Douglas Cooper: Braqueren garaiko iniziatu zorrotzenen obra gogokoenek betetako aretoetan barna jarraituko diogu aurrena. Obra horien bitartez, berebat jakingo dugu Braque gure arte modernoaren historiako irudi enblematiko handiekin lotu zuten lokarri afektibo, profesional edo intelektualen berri –Apollinaire eta Kahnweiler, Henri Laurens eta Reverdy, Satie eta Diáguilev, Zervos eta Picasso, Man Ray eta Cartier-Bresson, Paulhan eta Saint-John Perse, Ponge eta Limbour, Char eta Miró, Maeght eta Prévert–, haiek guztiek leku bat gorde baitzioten beren garaiko artean («oso leku gailena», Zervosen arabera24).

Lekukotasun horiek auzitan jartzen dute maiz Braqueren irudi estereotipatua, bere estatusaren baitan zurrundua agertzen duen hura, haren «Pinturari buruzko gogoetak eta hausnarketak» liburuaren eta «Emozioa zuzentzen duen araua estimatzen dut» esaldi famatuaren lauki dogmatikoaren barruan. Pinturaren aristokrata, akordeonista eta boxeolaria izan zen Braque aldi berean, Nicolas de Staëlek 1951n bere Varengevilleko lantegian uste ez zuela pinturarekin «batailan jo eta su» topatu zuen borrokalaria. Eguzki-irudi bat, Man Rayren objektibo zuhur guzti argiak astro distiratsu, ameslari baten gisa harrapatu zuena: «Artistak ez ditu bere ametsak guztiz agortzen»25.

[Itzultzailea: Rosetta Testu-Zerbitzuak]

Oharrak

  1. René Char, Nicolas de Staël. Correspondance, 1951-1954, L’Isle-sur-la-Sorgue. Éditions des Busclats, 2010, 46. or. [itzuli]
  2. Nadine Pouillon, Isabelle Monod-Fontaine, OEuvres de Georges Braque (1882-1963). Collections du Musée national d’art moderne, Paris, Centre Georges Pompidou, 1982. [itzuli]
  3. Isabelle Monod-Fontaine, Georges Braque. Les papiers collés, erak. kat. Paris, Centre Georges Pompidou, ekainak 17-irailak 27, 1982. [itzuli]
  4. Jean Leymariek 1973an argitaratu zuen katalogoak, Les Tuillerieseko Orangerien antolaturiko erakusketa bikaina zela-eta (1973ko urriak 16-1974ko urtarrilak 14), badu oraindik arrasto ideologiko xobinista hori; hala, hitz hauekin hasten da Leymarieren «L’espace et la matière» saiakera ederra: «Georges Braque izan zen bizirik zegoela, 1961eko neguan, Louvren erakusketa bat eskaini zitzaion lehen artista, Mollien galerian. Hamar urte igaro direnean haren heriotzatik, Orangerieko museoko atzera begirako erakusketa honek [...] haren obraren balantze bat egiten du eta Frantziak bere pintore izentsuenetako bati egiten dion omenaldia sagaratzen du », V. or. [itzuli]
  5. Pierre Reverdy, Une aventure méthodique, Paris, Fernand Mourlot, 1950. [itzuli]
  6. Jean Leymarie, Georges Braque, erak. kat. (Paris, Les Tuillerieseko Orangerie, 1973ko urriak 16-1974ko urtarrilak 14), Paris, Éditions des musées nationaux, 1973. [itzuli]
  7. Frantzian, zehazki aipa genezake Véronique Serranoren lana Marseillako Musée Cantinin, hango bi erakusketa zirela-eta: L’Estaque. Naissance du paysage moderne. 1870-1910 (Marseilla, Musée Cantini); eta Georges Braque et le paysage. De L’Estaque à Varengeville (Marseilla, Musée Cantini eta Paris, Hazan, 2006), baita Isabelle Monod-Fontainerena ere, besteren artean, Braque-Laurens. Un dialogue autour des collections du Centre Pompidou, Musée national d’art moderne, et du musée des Beaux-Arts de Lyon erakusketarako (Paris, Éditions du Centre Pompidou, 2005). Aipatu behar da halaber Ganten, Belgikan, 1989an egin zen erakusketa; Jan Hoeten Open Mind erakusketa, Museum van Hedendaagse Kunst-en, hark ezarri baitzuen berriz Braque gerraondoko arte informalaren historian, Fautrier eta Dubuffeten ondoan. Estatu Batuetan, William Rubinek funtsezko papera jokatu zuen Braque kubismoaren historian birgaitzeko; eta haren ondoren aipa genitzake New Yorkeko Acquavella galeriak 2011n arrakasta handiz antolatu zuen erakusketa, eta Harry Cooper, Charles Palermo eta Christine Poggiren ikerketak The Cubist Experiment. 1910-1912 eta The Cubist Still Life. 1928- 1945 erakusketetarako, Washingtongo Mildred Lane Kemper Art Museum eta Phillips Collection-en 2013an. [itzuli]
  8. Carl Einstein, «Georges Braque», in L’Art du XXe siècle, Berlin, 1931. [Argit. fr., itzulp.: Liliane Meffre eta Maryse Steiber, Paris, Jacqueline Chambon, 2011, 160. or.] [itzuli]
  9. Georges Braque, «Pensées et réflexions sur la peinture», Nord-Sud, 10. zk., 1917ko abendua. [Gazt. argit.: Georges Braque, El día y la noche, itzulp. Ramón Andrés eta Rosa Rius, Bartzelona, El Acantilado, 2001, 67. or.] [itzuli]
  10. Alberto Giacometti, «Georges Braque», Derrière le miroir, 144-145-146 zk., 1964ko maiatza, 8. or. [itzuli]
  11. Georges Braque, «Réponse à l’enquête sur l’art d’aujourd’hui», Cahiers d’art, I-IV zk., 1935, 20-24. or. [itzuli]
  12. Baita Olivier Debré-renera ere, haren hasieran, Olivier Debré. Peintures noires izeneko erakusketaren katalogoaren kronologiak azpimarratzen duen bezala, Paris, Galerie Louis Carré, 2013ko ekainak 6-uztailak 12, Daniel Abadiek zuzenduriko edizioa. [itzuli]
  13. A. Giacometti, op. cit., 8. or. [itzuli]
  14. Pierre Reverdyk aipaturiko Braqueren hitzak, Note éternelle du présent. Écrits sur l’art (1923-1960), Paris, Flammarion, 1960. [itzuli]
  15. Nola ezagutu zuen pintura fauvista komentatuz, honako hau esan zion Braquek Dora Vallierri: «Erromantizismoaren aurrez aurre, hura ez baitzitzaidan gustatzen, atsegina gertatzen zitzaidan pintura fisiko hura» («Braque, la peinture et nous», artistaren hitzak, Dora Vallierrek jasoak, Paris, Cahiers d’art, 1. alea, 1954). [itzuli]
  16. Ibid. [itzuli]
  17. Ibid. [itzuli]
  18. Jean Grenierrek aipatua, Braque. Peintures, 1909-1947, Paris, Éditions du Chêne, 1948. [itzuli]
  19. Jean Leymariek dio Braqueren Lantegiak «espejismo-ikuspegiak» balira bezala agertzen direla (Braque, Geneva, Albert Skira, 1961, 106. or.). [itzuli]
  20. John Richardson, Georges Braque, Paris, La Bibliothèque des arts, 1969, 24. or. [itzuli]
  21. Carl Einstein, L’Art du XXe siècle, op. cit., 164. or. [itzuli]
  22. D.-H. Kahnweilerri zuzendutako 1923ko apirileko gutun batean, non Einsteinek azaltzen baitu «esperimentu kubista hau ez [dela] auzi teorikoa, sentsazioen aldaketa motela baizik» (Carl Einstein, Bébuquin ou les dilettantes du miracle, alemanetik itzulia eta Sabine Wolfen gibel-hitzarekin, Dijon, Les Presses du réel, 2000, 95-96. or.). [itzuli]
  23. Harold Rosenberg, La Tradition du nouveau (1959), Paris, Les Éditions de Minuit, 1962. [itzuli]
  24. Christian Zervos, «Georges Braque», Cahiers d’art, I-II. zk. [ale berezia: Exposition au musée des Beaux-Arts de Bâle], 1933, 1. or. [itzuli]
  25. Georges Braque André Verdeti, «Rencontre à Saint-Paul» (1950), in André Verdet, Entretiens, notes et écrits sur la peinture. Braque, Léger. Matisse, Picasso, Paris, Éditions Galilée, 1978. [itzuli]