Edukira zuzenean joan

Georges Braque

katalogoa

“Gauza gordin, indartsu, zabal bat”

Claire Paulhan

Izenburua:
“Gauza gordin, indartsu, zabal bat”
Azpititulua:
Braque Paulhanek ikusia
Egilea:
Claire Paulhan
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta La Fábrica, 2014
Neurriak:
30 x 25 cm.
Orrialdeak:
272
ISBN:
978-84-15691-80-8
Lege gordailua:
M-16005-2014
Erakusketa:
Georges Braque
Gaiak:
Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Lan-prozesua | Perspektiba | Bigarren Mundu Gerra | Frantzia | Subjektibotasuna
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Aipatutako artistak:
Braque, Georges

Berandu ezagutu zuten elkar Georges Braquek eta Jean Paulhanek, 1935ean, Henri-Pierre Roché-ren edo Marie Laurencin-en bitartez agian. Gerra deklaratu zen arte, aldiro-aldiro joaten zen pintorearen lantegira La Nouvelle Revue Française (NRF) aldizkariaren idazle-burua, adiskideak zituen idazle batzuekin, Francis Ponge-rekin haien artean, eta esaten zuen paradoxikoki desilusionatua eta aldi berean jakin-minez geratzen zela Braqueren mihiseak ikustean. Hala idatzi zion zenbait aldiz Joë Bousquet-i. Hori da lehen misterioa. Okupazioaren hasieratik, Jean Paulhanek –lanik gabe ofizialki, agintari berriek Pierre Drieu la Rochelle aldizkariaren zuzendari izendatu zutenetik– pintore eta eskultoreekin ibili nahi izan zuen, haiek ez baitzuten beren hizkuntza propaganda-xedez erabiltzen, ez zuten beren lanaz hizketan gozatzen, eta isiltasuna, bakardadea eta erretiroa besterik ez zuten bilatzen. Paulhanek, seguruena, adiskidetasun-harremana izan zuen aldi batez –inbidiazkoa eta esker txarrekoa ordea– beren idatziak NRFn argitaratzen zituzten idazleekin, haiek 1925az gero bere kezken lehen mailan baitzeuden. Horrez gainera, agerikoa gertatu zitzaion Erresistentzian betetzen zituen eginkizunen kontrapisu baten premia, han paper arriskutsu bat betetzen baitzuen jardunean ari ziren indarren joko-ohol sekretuan. 1942an, Jean Paulhanek, bada, Braque, nagusia idatzi behar zuen1. Sekula egin ez zuen gauza zen bizirik zegoen pintore bati buruz idaztea. Ezagutu izan zituen lehenago pintore figuratiboak, Auguste Pointelin, Albert Uriet, Alfred Saurel, Bertha Rhodes eta beste, ohikoak izaten zirenak Montparnasseko marrazki-akademietan; baina Campagne-Première kaleko 9. zenbakiko «falansterioan» egoitza hartu zuenean, 1920an, hasi zen artista garaikideak gertuagotik eta maiztasun handiagoz tratatzen. Francis Pongek geroago gogoratuko zuen bere adiskide Jeanen lantegian ikusi zuela Braqueren lehen koadroa, ikusten zuen lehena: «Papier collé bat zen (paper itsatsia), 1912 edo 1913koa, biolin bat lausoki irudikatzen zuena (lausoki ez da hitza). Koadro hori, nahiko txikia, lantegiko pareta zabal bakarrean zegoen zintzilik, formatuz, “gaiaz”, anbizioz, askoz ere handientsuagoa zen beste koadro baten ondoan: De Chiricoren “paisaia metafisiko” handietako bat zen»2.

Lau hilabete geroago, 1942ko abuztuan, bukatua zeukan Jean Paulhanek Braque, nagusia, eta urrian aitak herentzian utzi zion Vlaminck bat saldu zuen, eta erosi zuen, besteren artean, Braqueren koadro bat, «arrain bat plater baten gainean», azaldu zion Joë Bousqueti. Urriaren 31n, Comoedia aldizkariak haren lanaren lehen laburpen bat argitaratu zuen, eta lehen bost idazpuruek agerian jartzen dute haren metodoa: «Alderantziz ikusi», «Topaketa Braquerekin», «Natura baino antzekoagoa», «Braqueren mitoak» eta «Edertasun modernoa metafisika da».

Braque, nagusia obraren aurreko bertsio batzuk agertu ziren, oso aldaketa txikiekin, eta jatorrizko litografiez edo «sail» baliotsuez hornitua, baita gerra betean ere. 1945 arte ez zen heldu ale bakarrean bildutako argitalpena, Fernand Mourlot-ek inprimaturik. Hurrengo urtean, halako luxurik ez zeukan argitalpen bat, hura ere Mourlotek inprimaturiko litografiez apaindua, agertu zen «Les Peintres et leurs amis» bilduma ospetsuan, Éditions des Trois Collines suitzar argitaletxean. Azkenik, 1952an, edizio komertzial bat argitaratu zuen Gallimard argitaletxeak3.

Bigarren misterioa: Georges Braque eta Jean Paulhanen arteko gutun-trukea, eta harritzekoa da, ez zen 1944aren amaiera arte hasi, hilabete eskasa falta zela Mourlotek Braque, nagusia argitaratzeko. Ematen du, gainera, Braquek ez zuela arretaz irakurri exegetak berari buruz dioena. Alabaina, Jean Paulhanek hutsik egin gabe jakinarazten die bere solaskideei bere pentsamoldearen bilakaera. Hala, hona zer idazten dion Fautrierri 1943ko ekainaren 28an, Braqueren lantegira taldean egindako bisitaldi bat dela-eta: «Denak iritsi ginen dena alderantzizkatzen den puntu horretara eta (mistikoek esaten duten bezala) jadanik ez da gizona koadroa bilatzen duena, koadroa baizik gizona bilatzen duena. Beste gauza batek liluratzen gintuen»4.

Errebelazioa, perspektiba alderantzizkatua, mistika, Braqueren obraren nolakotasun sekretua eta sakratua… Gallimardeko edizioa agertu ondoren, Jean Paulhani aurpegiratzen diote idazle-sentikortasunez tratatzen duela bere garaikideen pintura, eta metafisiko gisa aurkezten duela Braque. 1950eko martxoan, Léon Degandek, Art d’aujourd’hui aldizkarian, arte-kritika lantzeko modu berri horri erasotu zion; kasu hartan, Maeght galerian egindako erakusketa bat zen: «Braque, literaturgile batzuentzat eta haien bezeroentzat, mintzaldi literarioen objektu bihurtu da. [...] Egiazki, haiexek desagerrarazten dute –naturaltasun osoz– Braqueren pintura, eta hobeto doakion misterio alkimiko batez ordezkatzen dute». André Lhote pintorea eta teorialaria, 1920 eta 1930eko hamarkadetan NRFko arte-kritikari nagusia, bere adiskidearen defentsan atera zen5, ahazturik zenbateraino utzi zuen harrituta Braque, nagusia obraren eskuizkribuak, zeinari buruz zuen iritzia jakin nahi izan baitzuen Paulhanek, baina Lhotek ez zion eman. Hogei urte geroago, Paulhanen Obra Guztien bosgarren alea aurkeztu zenean («Artea» eta «Politika»), Jean Grenierrek, hark, Combat aldizkariko idazle gisa, «lantegiko bisitaldiak» egiten baitzituen, gogoeta hauek egin zituen: «arte-kritikari bat, definizioz, epailea da. Zeinek du epaitzeko eskubidea? Inondik ere, artearen arauak ezagutzen dituenak. Eta zeinek ezagutzen ditu? Denbora batean denek ezagutzen zituzten. Gaur egun inork ez ditu ezagutzen, edo ez lituzke ezagutu behar, jadanik ez baitago araurik. Hala bada, idazleak dira oraingo kritikariak»6. Marcel Arland-ek, bere aldetik, asko gustatzen baitzitzaion arte-kritika egitea, gehiegitxo behartzen zuela bere mirespena aurpegiratu zion Jean Paulhani. Paulhanek azalpenak eman behar izan zituen: «Zaila da Braquerena dela-eta erantzutea. Argi dago jeinu-inpresio hori oso gauza erlatiboa dela. Harengan topatzen dut: 1) definitzen ez dakidan autonomia bat. Ageriko gauza da Braquek bakardadean diharduela, ez dituela inoiz bere hausnarketak biribiltzen –ezta koadroak ere–, onargarriak egiteko (edo, Picasso bezala, are onartezinagoak egiteko). Horrekin, neurri batean, gauza berera itzultzen gara: zubi irekia da beti, ikuslearekin eraikitako lotura, Br[aquek] ezertarako behar ez dituen gauzak. Badu berebat eraginik argi naturalarekin lan egiten zuela, eta, Rouaultek edo P[icassok] ez bezala, haiek zati hautatuak erakusten baitituzte beti, Braquek bere lantegitik sartzen eta ateratzen uzten dizu, eta han, koadro bukatuaz gainera, azken hogeita hamarretako lan bukatugabeak edo huts eginak ikusten ditugu. Alabaina, Braqueri ez dio beldurrik ematen jendeak bere lepotik barre egitea ez teknikak lapurtzea. Baina egia da, hori bai, teknikarik ez daukala. 2) Ez du inoiz bere koadroak errazago egiteko modurik topatu. Ez du inoiz elementu arrotzik baliatu. Sinestuna da, baina inoiz ez da fedean inspiratu, batere ez, eta ez du fedea zabaldu; arrazoiari itzuri egiten dion elementuren bat topatu duela uste duenean bakarrik sartzen da fedea haren metodoan. 3) Gauza aitatiarren bat ere topatzen dut harengan (nolabait ere esateagatik). Autonomiak, Braquek ulertzen duen moduan, ez du gaizki funtzionatzen. Autonomia horrek baretasun handi bat ekarri zion, hark motel-motel bereganatu behar izan zuena, obratik ezin bereizi dena. Azkenik badugu haren urratsei jarraitzea»7. Beste tirabira batzuk ere izan ziren Mourlot inprimatzaileak Braque, nagusia argitaratu zuenean: Picasso, Fautrier eta Dubuffet-ek gustura asko hartuko zuten halako arreta literarioa… Baina Braqueren hiztegi plastikoan topatu zuen Paulhanek hizkuntzari eta kritikari buruz zuen pentsalmoldearen funtsezko luzapena, zeinaren premisak finkatu baitzituen, eta ez nekerik gabe, Tarbesko loreak lanean8. Georges Braquerengan agerturiko lehen interes horrek hausnarketa orokorrago bat zekarren pintura modernoaz. Braque, nagusia obraren estiloa hurbilago dago intelektualki F. F. ou le critique obratik, zeina Félix Fénéon-i eskainia baitzen –«Baudelairez geroztik izan dugun kritikarik hoberena»9–, edo Fautrier l’enragé obratik10. Haren arteari buruzko saiakera laburrek arazketa-aldia itxi zuten; aldi hartan Paulhan oso bakartua egon zen eta munduko denbora guztiarekin, Idazleen Batzorde Nazionalarekin borrokan gogor jardun ondoren.

Paulhanek kontatu zion Joë Bousqueti, adiskideen arteko solasean, Braque «gertaerek tormentatua» sentitzen zela Liberazioaren aurretik. Eta gertaera haiek guztiz kontran jarri zitzaizkion 1951n: kolaborazionismoko salaketek estuturik, bere atsekabearen berri eman zion Braquek Paulhani, honek abisatu baitzion lehenago: «Aspalditik sumatzen nituen halako areriotasun sor bat eta isiltasun bat, eta ez naute engainatu. [...] Aitortzen dut halako heroismo-egarria duten pertsona hauek, beren hesiaren atzetik baizik hitz egiteko gauza ez diren horiek, ez didatela konfiantzarik sortzen. Nire soldadu-oroimena, inorena ez den lurra geratzen da orduan, eta gogorarazten dit hortxe bereizten direla ausartenak!». Baliteke Braquek une horretan deskubritzea aldamenean zeukala, ez bakarrik adiskide fidagarri bat, baita letren arazketako arerio bat eta baita kritikari bat ere, artearen historialari bat, eta elkarrekin auzi asko sakondu zitzaketela, era horretan bestelako gauzetan pentsatu ahal izateko: esate baterako, Eugen Herrigel-en Zen-a arkuarekiko tiroaren artean, Paulhanek irakur zezan eman zion obran11, edota kubismoa, fauvismoa, papiers collés izan ziren «beharrezko gorabehera» haiez berriketan aritzeko12. 1951n, Braque gogotsu sartu zen Saint-John Perse, Paulhan eta Malrauxen arteko debatean13 –azken horrek «dokumentu batzuk, konparazioak, aurkikuntzak, etab. topatu zituen, Vermeerren obraren kronologia erabateko zentzuaz berretsi zutenak»14– kritika bibliografiko ororen zehaztasun-faltaz.

Alabaina, Braque ez da oso trebea solasean, eta isiltasunean, kontzentrazioan babestuta, eskuen artean dauzkan koadroetan besterik ez du pentsatzen: eskulangile bat da, bere lantegiko lasaitasunean lanean ikusi behar dena. Huraxe ulertu zuen Jean Paulhanek harekin Varengevillen denboraldi bat igarotzera joan zenean, 1946ko udazkenean... Hark eraman zuen Braque, nagusia obrari orri batzuk eranstera. Pintoreak eskertu egin zion. Baina Jean Paulhanek L’Aveuglette argitaratu zuenean 1952an, 1944ko udazkenean Braque grabatzen hasi zen eta geroago bertan behera utzi zituen lantegiak kontuan hartu gabe argitaratu zuen. Urteak igaro ziren: «nagusiaren» ospea zabaltzen da, aldizka-aldizka agurrak eta postalak bidaltzen ditu bere erakusketak egiten diren mundu osoko hirietatik. Harreman tirabirarik gabeak baina leialak mantentzen ditu…

1963ko abuztuaren 31n hil zen Braque, eta Paulhan hiletara joan zen, Varengevillera, Dominique Aury, André Malraux, Claude Roi eta Bernard Anthoniozekin batera, besteren artean. Ondoko hitz hauek idatzi zizkion, guztiz jota, Marcel Jouhandeauri, irailaren 6an: «Ez da pertsona bat desagertu bakarrik, gauza gordin, indartsu, zabal bat joan da. Inoiz ez dugu kontsolamendurik topatuko»15. Geroago bere adiskidearen memoria defendatu zuen, Gérard Bauër-en kontra, hark, Guermantes ezizenarekin sinatzen zuen Le Figaroko zutabean, auzitan jartzen baitzituen Braqueri, «kubo txikien pintore horri»16, eskaintzen dizkioten ohore guztiak. Jean Paulhanek ez zion Gaston Gallimardi barkatuko eskurik ez ematea NRFn erantzuteko Goncourt sariketan eragin handiko epailea zen Bauërren iritzi bista-laburrari.

1968ko urriaren 9an, Jean Paulhan hil zen. Hainbat pertsonari saldu zitzaion haren pintura-bilduma, baina ostera elkartu zuten 1974ko apirileko 1aren eta 15aren artean, André Berne-Joffroy-k antolaturik, Grand Palaisen egin zen Jean Paulhan à travers ses peintres erakusketarako. Haien artean zeuden NRFren zuzendariarenak ziren Braqueren zortzi koadro; Sukaldeko mahaia (La Table de cuisine, 1942) zen haietako bat, natura hil bat, Jean Paulhanen etxean, Fautrier-en Gizon irekia (Homme ouvert, 1929) ikaragarriaren aurrez aurre zegoena.

[Itzultzailea: Rosetta Testu-Zerbitzuak]

Oharrak

  1. Paulhanek Braqueri zehazten dio «hitzaren zentzu kristauan, sortaldekoek gurua deitzen duten horretan» ulertzen duela nagusi hitza (Datarik gabeko gutuna, hemen aipatua: André Berne-Joffroy, Jean Leymarie, Michèle Richet, Jean Paulhan à travers ses peintres, Paris, Éditions des musées nationaux, 1974, 73. or.). [itzuli]
  2. Aipua, ibid., 207-208. or. [itzuli]
  3. Gaur egun, urteko egile-eskubide metatuen arabera, horixe da Jean Paulhanen obrarik salduena. [itzuli]
  4. Jean Paulhan, Choix de lettres, II.alea, Gallimard, 1992, 315-316. or. [itzuli]
  5. Ikus Arts-Documents, 2. zk., Geneva, 1950eko azaroa. Hemen aipatua: Correspondance Lhote – Paulhan, Gallimard, 2009, 525. or. [itzuli]
  6. «Jean Paulhan critique d’art», hemen: Jean Paulhan, OEuvres, V. alea, Paris, Tchou et Cercle du livre précieux, 1970, 261-266. or. [itzuli]
  7. Jean Paulhanek Marcel Arlandi bidalitako gutuna, 1946ko abendua, hemen: Jean Paulhan, Choix de lettres, III. alea, Gallimard, 1996, 44-45. or. [itzuli]
  8. Jean Paulhan, Les Fleurs de Tarbes, Paris, Gallimard, 1941; aldez aurreko argitalpena hemen: La Nouvelle Révue Française, 1936ko ekaina-urria. Gaztelaniaz, Las flores de Tarbes o El terror en las letras, Madril, Arena Libros, 2010. [itzuli]
  9. Jean Paulhanek Henri Pourrati bidalitako gutun argitaragabea, 1942ko abuztuak 22, Clermont-Ferrand, Centre H. Pourrat; Jean Paulhan, F. F. ou le critique, aldez aurreko argitalpena hemen: Confluences, 1943ko azaroa, 1945ean bildutako argitalpena, Gallimard. [itzuli]
  10. Jean Paulhan, Fautrier l’enragé, Paris, A. Blaizot, 1949. [itzuli]
  11. Braquek Henri Cartier-Bresson argazkilari gazteari oparitu zion liburua. Cartier-Bressonek 1944ko ekainaren 6an bisitatu zuen pintorea, hau da, BBCk Normandiako lehorreratzea iragarri zuen egunean. [itzuli]
  12. Jean Paulhanek Georges Braqueri bidalitako gutuna, datarik gabe, hemen aipatua: A. Berne-Joffroy, J. Leymarie, M. Richet, op. cit., 74. or. [itzuli]
  13. Jean Paulhanek Georges Braqueri bidalitako gutun argitaragabea, 1953ko abuztuak 29: «Niri iruditzen zait kubismoa, funtsean, arte klasikoko ikuspegi lineal eta finkoa ikuspegi birakari edo mugikor batez ordezkatzean datzala», IMEC, Fonds Jean Paulhan. [itzuli]
  14. André Malrauxek Jean Paulhani bidalitako gutuna, 1951ko abuztuak 1, IMEC, Fonds Jean Paulhan. [itzuli]
  15. Correspondance Jouhandeau – Paulhan, Paris, Gallimard, 2012, 1093-1094. or. [itzuli]
  16. Guermantes [Gérard Bauër], Le Figaro, 1963ko irailak 23. [itzuli]