Edukira zuzenean joan

Urrezko Aroa: Städel Museum-en Holandako eta Flandeseko pintura

hezkuntza-edukia

Airetik begira

1908ko abuztuaren 8an, Wilbur Wright-ek, saio askoren ondoren, hegaz egin zuen ikusle ugariren aurrean —irailean Orville-k, anaiak, ere hala egin zuen—. Abiazioak eskaini zituen airetik egindako lehenengo ikuspegiek paisaia irudi geometrikoen segida bihurtzen zuten eta hartara, irudiok abangoardietan, Kubismoan eta Futurismoan, eragin zuten. 1908ko azaroan, Wright anaien erakusketak eta hil gutxira, Louis Vauxcelles kritikari frantsesak Georges Braque-ren Daniel Kahnweiler-en galeriako bakarkako lehengo erakusketaz idatzi zuen: “Braquek formak hondatzen ditu, guztiak —lekuak, pertsonak eta etxeak— eskema geometriko bihurtzen ditu, hau da, kubo”. Aipu horretatik eratorri zen, bada, “kubismo” terminoa.

Hori guztia baino lehen airetiko argazkiak egiteko beste hainbat ahalegin egin ziren: 1858an Nadar argazkilari frantsesak baloi aerostatiko batetik egindako lehenengo argazkia atera zuen. Horrez gain, Lehenengo Mundu Gerran zehar airetiko argazkiek ikusizko euskarrien ekoizpena erabat hartu zuten eta airetiko ikuspegiak argi eta garbi eragin zuen Errusiako Suprematismoan —Kasimir Malevich-ek garai hartan sortu zuen eta geometria oinarri zuen arte-joera—.