Calder. Grabitatea eta grazia
Eukaliptoa, 1940
Elur-erauntsia, 1948
Iruzkinak
Gong hirukoitza, 1948 inguru
- Izenburua:
- Gong hirukoitza, 1948 inguru
- Erakusketa:
- Calder. Grabitatea eta grazia
- Gaiak:
- Artea eta literatura | Sorkuntza artistikoa | Mugimendua | Soinua | Ingurunea eta natura
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Arte Zinetikoa |
- Artelan motak:
- Eskultura
- Aipatutako artistak:
- Calder, Alexander
Soinua beti izan da Calder-en laneko elementuetariko bat, 1932az geroztik. Haren lanetako askok kanpaitxoen txilina zuten, adibidez, eta soinuak lan horien izaera zinetikoa nabarmentzen laguntzen zuen. Baina, 1940ko hamarkadan, “gong”ak garatu zituen, zintzilika zegoen xafla soinulari bat eta kolpekari bat eta guzti; bi elementu horien mugimenduek, aurrez jakin ezinekoek, “uang” deigarri bat sortzen dute. Pieza honek Gong hirukoitza izena du, eta bere lanean entzunezko dimentsioa sartzeko modu berariazkoagoak esploratzeko egindako bidearen zati dira. Lan hauen jokabidea, mobileen itxura aldakorra bezala, ez dago aurrez jakiterik; izan ere, mugimenduan elkar jotzen zuten parteek sortutako soinua ezin zen inola kontrolatu.
Andre Masson poeta eta artista surrealistak Alexander Calder-en lantegia izeneko poema idatzi zuen, 1943an. Zeharka, artistaren estudioan zeuden halako elementu zinetiko eta entzunezkoak aipatzen ditu. Azken ahapaldiek hau diote:
Europatik etorria berria, diotenez...
egia da han burdina eta kobrea gaizkiaren tresnak besterik ez direla
heriotzari eta bizitza gaiztotuari heriotza gehitzen diotenak.
Joan nintzen ordea, zorioneko iheslari,
bizi baten obran etzanda.
Eguna eta gaua hasten dira
hegal ~ alga ~ hosto mugikorren aurrean.
Agur, sorgin-orratz erraldoien errementari
merkurioaren azti, zure iturriak erakusten zuen
malkoak bezalako ur astuna.
Baina ilargi eskarlata txikien karrusel batek
pozez betetzen nau.
Zirku garden batean pentsatzen dut
Eguzkiak zeharkatutako hosto bat da
egun berde batez txori gorri bat ikusi zenuen
txori hori bat jarraitzen;
badakizu naturari lotuak gaudela
lurrari gagozkiola.
Tailerrean goi-goian habetik esekia
argi marrakatuan, gong bat sentikor
airearen gogoen aurrean
zuhurtasun handienarekin kolpatua.
Uso baten oinak hots: zein ordu jotzen ari da?
Ehunzango oso lanpetuaren ordua da
eta gerezien umearen ordua ere bada.
Hemen segundoek ez dute erlojuaren esana jarraitzen
ez dute gelditasuna ulertzen
kanaberen xuxurla gustukoa dute
baita kanaberadiko apoen korrokak
arnas musikalean hain iaio,
eta haiek zure atzamarren artean jolasten dira, Calder, lagun hori.