Cai Guo-Qiang: Sinetsi nahi dut
Hedatzea, 1994
Bederatzi auto, 2004
Iruzkinak
Onddo itxura duten hodeien mendea: XX. menderako proiektua, 1995-96
- Izenburua:
- Onddo itxura duten hodeien mendea: XX. menderako proiektua, 1995-96
- Erakusketa:
- Cai Guo-Qiang: Sinetsi nahi dut
- Gaiak:
- Artea eta denbora | Artea eta espazioa | Artea eta historia | Artea eta teknologia | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Materiala | Sinbologia | Gerra | Suntsipen atomikoa | Herri-kultura | AEB | Dualtasuna | Suntsipena | Indarkeria | Txina
- Teknikak:
- Marrazkia
- Artelan motak:
- Bideoa | Kokapen zehatzerako artea
- Aipatutako artistak:
- Cai, Guo-Qiang
Hemen aurkeztutako marrazki honen formatuari “album” izena eman ohi zaio Asiako artean. Eskala txikiko formatu hau irakurleak denborarekin zabaltzen joateko taxututa dago. Cai Guo-Qiang-ek sarritan erabiltzen ditu albumak leku jakin batzuetarako ekitaldi-proposamenak lantzen dituenean edo estudio modura gai edo kontzeptu jakin batzuk aztertzen dituenean. Gainera, albumek aukera ematen dute Cairen lan-metodologia bidaia baten antzera aurkezteko. Zenbaitetan, eta hau dugu erakusgarrietako bat, tintaz eta bolboraz sortzen ditu marrazkiak haren ideiak jorratzeko eta adierazteko.
Cai Guo-Qiang 1995ean joan zen New Yorkera bizitzera eta urte haien inguruan sortutako lanetako bat da album hau. Hala, Cairen erreferentziak, gerren eta gatazka armatuen historiari lotutakoak, gero eta gehiago nabarmentzen hasi ziren garai hartako bere obran. Onddo itxurako hodeia (bonba atomikoari lotzen zaion forma) XX. mendearen ikur nagusitzat hartu zuen. Onddo itxurako hodeiek ikono bisual gisa iraun izanari buruz pentsatzen duena adieraziz, hauxe dio artistak:
“(…) Zientziaren aurrerabidearen eta garaipenaren sinbolo gisa, onddo itxurako hodeiek, ikusmenean duten inpaktua kontuan izanik, izugarrizko eragin materiala eta espirituala dute gizartean. (…)”.
“XIX. mendean ez ziren existitzen. Eta XXI. mendean ez ditugu gehiago ikusiko, esperimentu nuklearrak ordenadore bidezko simulazioekin egingo direlako. Eta zaharkitu den guztia bezalaxe, artelan bilakatuko dira”.
“Onddo itxurako hodeia irudi ederra eta monumentala da. XX. mendea sinbolizatzen duen sorkuntza bisuala da, haren garaiko gainerako sortze-lan artistiko guztiak zanpatuz. Eta eragin ikaragarria izaten jarraituko du datozen mendeetan”.
Onddo itxura duten hodeien mendea: XX. menderako proiektua mundu osoko hainbat lekutan 1996an egingo zen leherketa-proiektu sail bat izateko taxutu zuen artistak hasiera batean. Cai Guo-Qiang Estatu Batuetan zehar ibili zen eta leherketa txikiak aurrera eraman zituen, kartoizko tutuak eskuan zeramatzala. Ateratzen zen keak bonba atomikoak sortzen duen onddo-hodei itxura hartzen zuen. Hemen aurkezten den bideoak ekintza haietako batzuk erakusten ditu: Nevadan, bonba atomikoaren aurreneko probak egin ziren gunean egindakoa, eta arte garaikideko lanak dauden hainbat lekutan aurrera eramandakoak, adibidez, Nevadan, Michael Heizer-en Negatibo bikoitza (Double Negative) lana dagoen eremuan, eta Utah-n Robert Smithson-en Spiral Jetty dagoen ingurunean.
Album honetan, Caik parean jarri ditu onddo itxurako hodei atomikoa eta sendagai gisa erabiltzen diren lingzhi perretxiko lehortuak. Perretxiko lehortuak naturaren ahalmen sendagarriaren irudi dira. Lan honetan, Txinan bolborak jatorrian zuen erabilerari aipamen egiten dio: huoyao izena eman zitzaion, “suzko botika” gisa itzul daitekeena, eta oso preziatua zen, ustez ahalmen sendagarriak baitzituen, izan ere, hilezkortasun elixirtzat zuten. Txinako antzinako tradizio hauetaz baliatuz, aurkakoak diren bi indarren arteko tentsioak aditzera ematen dizkigu Caik: suntsipena eta sendabidea.