James Rosenquist: atzera begirakoa
Paper gaineko lehenengo lanak (1969ra arte)
Nomada (1963)
Iruzkinak
Zilarrezko zeruak (1962)
- Izenburua:
- Zilarrezko zeruak (1962)
- Erakusketa:
- James Rosenquist: atzera begirakoa
- Gaiak:
- Tamaina | Industrializazioa | Ingurunea eta natura
- Mugimendu artistikoak:
- Pop Artea
- Artelan motak:
- Pintura | Pintura (olio-pintura)
- Aipatutako artistak:
- Rosenquist, James
Jende askori pop artea terminoak Andy Warholen Marilyn Monroe koadroa edo Roy Lichtensteinek komikiak egiteko modua simulatuz sortutako irudiak gogorarazten dizkio, egunkari eta aldizkarietako diseinu grafikoa imitatzen duten pinturak, alegia. Pop artearen barruan Rosenquist, inolako zalantzarik gabe, aipatu ditugun bi artista horiek bezain irudi garrantzitsua izan bada ere, bere pintura-estiloa oso berezia da. Zilarrezko zeruak pinturan, Warholen antzera argazkiak erreferentziazko material gisa erabili zituela ikus dezakegu. Baina Warholek serigrafia eta beste prozesu mekaniko batzuk erabili zituen bitartean, Rosenquistek olio-pintura aplikatu zuen eskuz, tarteka zenbait efektu gehituz, esaterako hemen ikusten dugun zilar koloreko zurezko pikorrarena, arrabolaz estanpatu zuena. Pop artearen pintura gehienek irudi grafiko lauak dituzten arren, Rosenquisten irudiak dinamikoak eta dimentsio handikoak dira, eta gainera oso ondo irudikatuta daude era guztietako itzalekin eta islekin.
Begiratu, adibidez, pinturaren goialdean, eskuinetara dagoen botila. Behealdean agertzen diren gizonen hankak gorputz batez hornitzeaz gain, benetako edari freskagarri baten botilaren zuri-beltzeko argazkia ematen du, ez ordea sinbolo generiko bat edo Coca-cola edo garagardo baten irudia. Izan ere, Rosenquistentzat obra hau 1962an, hain zuzen ere pintatu zuen urtean, industriak ingurumenarentzat adierazten zuen arrisku errealari buruzko hausnarketa da.
Rosenquist:
“Garai hartan, izugarria zen Manhattaneko airearen kalitatea. Niretzat erradiazioa gure buruen gainean erortzen ariko balitz bezalaxe zen. Garai hartan … ez dakit gogoratuko zareten, baina ezin ziren apenas etxeko leihoak zabaldu Manhattaneko airean zegoen sufre-dioxido maila altuak eraginda. Harrez geroztik … egoerak hobera egin du eta atmosfera garbiagoa dago. Gero, Alfred Barrek, Museum of Modern Art-eko zuzendariak ahateari buruz esan zuena dago. Hauxe esan zuen: ‘Nik badakit zer den hori. Narraganset ahatea da, zerradun mokoa baitu’. Eta bazekien zertaz ari zen, hark ornitologiarako zaletasun handia baitzuen. Nolanahi ere, gure zilarrezko zeruen poluzio industrialak, erradiazioak alegia, gure zilarrezko zeruen erradiazioak itota sentitzen zen txori hori bezala egotea zen hura”.