James Rosenquist: atzera begirakoa
Jarioz beteriko bidaia leakey doktorearentzat (1983)
Panpinarentzako serenata Claude Debussy-ren erara, oparirako bildutako panpina (1992)
Iruzkinak
Amatxi-lore entsalada (1984)
- Izenburua:
- Amatxi-lore entsalada (1984)
- Erakusketa:
- James Rosenquist: atzera begirakoa
- Gaiak:
- Ingurunea eta natura
- Teknikak:
- Collage
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Rosenquist, James
James Rosenquist-en pintura honek Amatxi-lore entsalada du izenburu. 1980ko hamarkadan eta 90eko hamarkada hasieran Rosenquistek makina bat lore margotu zituen, eta sarritan pinturaren hondoa osatzen zuten emakumezkoen aurpegiekin nahasten zituen, lore-irudiz osatutako lehen planoko egituran azaleratuz. Sorburutzat erabiltzen dituen materialak biltzeko prozesuan hazi-pakete, iragarki eta argazkietatik ateratako irudiak eta Rosenquistek berak lorategi botanikoetara egindako bisitetan izandako esperientzia erabili zituen. Gero obrak prestatzeko collageak egiten zituen, lore-irudiak moztu, gainjarri eta elkarri lotuz pintura honetan ikusi dezakegun emaitza lortzen zuen arte. Teknika hori Rosenquistek beste espazioetara heltzeko plano piktoriko bidimentsionalaz haraindi joateko egin zuen ahaleginaren barne dago. Prozesu horren ondorioz sortutako obrak “pintura marradunak” izenez ziren ezagunak.
Marra edo “zati” horiek, artistak inoiz izendatu dituen bezala, Rosenquistek Aripekan, Floridan, duen estudioa inguratzen duten palmondo-hostoetan inspiratuak dira nolabait. Hostailaren artean pertsonen irudi eta forma iradokitzaileak erdizka ikusteko moduak Rosenquisten interesa piztu zuen.
Begi eta ezpain erakargarriak ebakidura eta irekiduren artean azaleratzen dira, eta ebakidura horiek esanahi eta ikonografia mailak elkarren ondoan jartzeko dira baliagarri artistarentzat. Esanahi eta ikonografia mailok mihisearen muga zehatzak gainditzen dituzte —artistak egindako obra askotan bezalaxe— eta hainbat bizitza-ereduri dagozkien konnotazioak dituzte. Margolan hauek artistak New Yorkeko giro sofistikatu, hiritar eta kontsumista (hemen moda-aldizkarietako emakumezkoen irudien bidez oroitarazten diguna) alde batera uzteko eta Floridan zuen jabetzan bizimodu “naturalagoa” hasteko erabakiaren isla dira.
Rosenquist:
“Atsegin nuen irudi bat aukeratu eta moztu egiten nuen, atal bat zatitan... baina ez inorren aurpegia torturatzen ari nintzela eman zezan, baizik eta pertsona baten aurpegia oroitaraziz, atzean beste gauza ederrak ikusi ahal izateko. Eta irekitzen ari den ate handi bat bezala zen, hauxe bezala... Orduan collage bat sortzen dut... baliteke geroago hobetuko duen aldaketarik sartzea, baina %75a collagean lortzen da”.
Rosenquistek horrelako pintura batentzat beharrezkoa den lanaren %75a collagearen bidez egiten duela dio. Teknika horretaz baliatuz, koadroaren ingerada marrazten du eta gero eskuz margotzen du. Efektu zatikatua sortzeko zati bakoitzean zinta itsaskorra jartzen du, zati bat margotu eta hurrengoarekin hasi aurretik zinta kentzen du.
Rosenquist:
“Jendeak urteetan zehar sarritan egin du hori. Baina publizitateko panelak margotzen genituenean ez genuen zinta itsaskorrik. Profila ezin hobeki moztuta margotzen genuen. Pintzelaz moztuta, zintarik gabe. ‘Ez diagu inoiz egin eta ezta egingo ere! Ez gaituk orain hasiko, txo’”.