Urte eroak, 1920ko hamarkada
László Moholy-Nagy-ren fotogramak
My Ullmann eta Vienako Zinetismoa
Iruzkinak
Valeska Gert dantzaria (Berlin)
- Izenburua:
- Valeska Gert dantzaria (Berlin)
- Erakusketa:
- Urte eroak, 1920ko hamarkada
- Gaiak:
- Emakumea artean | Giza gorputza | Heriotza | Artea eta politika | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Gizarte-kronika | Kabareta | Prostituzioa | Antzerki-izaera | Dantza | Berlin | Sentimenduak
- Mugimendu artistikoak:
- Abangoardia
- Aipatutako artistak:
- Gert, Valeska
Valeska Gert dantzaria kabareteko artista eta beranduago aktorea ere izan zen, eta dantza espresiboa goitik behera aldatu zuen. Gert 1920ko hamarkadako abangoardiako dantzaren figura garrantzitsuenetako bat da. Kontraste handia suposatu zuen taldeko koreografiak erabiltzen zituzten dantzari-konpainietako dantza motarekin alderatuz gero, John Tiller-en taldeak egiten zuena adibidez, zein dantza-espresiboko aitzindariek egiten zutenarekin. Azken hauek sentimenduen adierazpenei garrantzia ematen zioten baina Valeska Gerten espresibitateak muga guztiak gainditu zituen. Ez zuen dantza-programarik zehazten, nahiago zuen hiri handietako eguneroko bizitzako gaiak islatzea. Gainera, gai tabuak irudi fisikoetan islatzera ausartu zen. Zuzenean sortzen zituen, publikoaren aurrean. Beste hitz batzuetan, ez zuen koreografia bat antzezten, emankizun bakoitzean gai jakin bat gogora ekartzen zuen. Lantzen zituen gaiak ez ziren batere ohikoak: boxeoa, urduritasuna, proxenetek eragiten zuten esplotazioa, politika, heriotza edo orgasmoa.
Valeska Gertek bere garaia adierazteko gai izan zen bere buruarengan zuen segurtasun handia eta bere gorputzaz zuen kontzientzia berria erabiliz. Hori lortzeko figura sozial desberdinen irudi distortsionatua eta groteskoa proiektatzen zuten antzerki-keinuak erabiltzen zituen.
“Burgesak begiko ez nituenez, haiek mespretxatzen zituzten pertsonaien paperak dantzatu nituen: prostitutak, proxenetak, bide okerretik doazenak, duintasunik ez dutenak".
Modu horretan laburtu zuen Gertek bere filosofia 1931n. Arau sozialen kontrako joera subertsiboa “objektibotasun berria” mugimenduak aldarrikatzen zuenaren arabera garatu zuen. Bere estiloa harrigarria zen eta publikoa probokatzen zuen; baina, hala ere, jendeak txalotzen zuen. Gertek miresle ugari zituen gizartearen kontra jarrera kritikoa zuten artisten eta antzerkigileen artean. Kurt Tucholsky idazleak esan zuen Gert “funtzio aparta” zela. Bertolt Brecht-entzat “dantza satirikoaren” sortzailea zen. Erich Kästner-ek hitz gutxitan adierazi zuen bere iritzia: “Emakume bat da, baina gizon batek besteko konfiantza du bere buruarengan”.
1932an kabaret bat ireki zuen Berlinen baina bere ibilbidea Weimarren errepublikaren amaierarekin batera bukatu zen: nazien ustetan, alde batetik judutarra zelako, bere dantza "arte degeneratua" zen. Bere lorpenak omentzeko, Gert aukeratu dugu, nolabaiteko lotsagabekeria erakusten duen pose batean, erakusketako katalogoaren azalerako.