Budapesteko paper gaineko maisulanak
Dürerren mendea
Leonardo eta Rafael
Iruzkinak
Paisaia autonomoaren sorrera
- Izenburua:
- Paisaia autonomoaren sorrera
- Erakusketa:
- Budapesteko paper gaineko maisulanak
- Gaiak:
- Artea eta paisaia | Artearen historia | Eragin artistikoa | Konposizioa | Lan-prozesua | Lerroa | Oreka | Paisaia | Marrazkigintza | Europa | Alemania | Herbehereak
- Mugimendu artistikoak:
- Errenazimentua
- Teknikak:
- Marrazkia
- Aipatutako artistak:
- Altdorfer, Albrecht | Brueghel Gaztea, Jan | Brueghel Zaharra, Jan | Durero, Alberto
XVI. mendea baino lehenagoko lan gehienek ez dute paisaia bere bikaintasun osoan erakusten; aitzitik, eszena erlijiosoen kokagune gisa erabiltzen dute batez ere.
Alabaina, 1500eko hamarkadaren hasieran, Europako artista batzuek ingurune naturala aztertzeari ekin zioten, baita gizakiak eraikitakoari ere. Egile horietako bat Albrecht Dürer maisu alemaniar handia izan zen.
1490eko hamarkadaren erdialdean Italian egin zuen lehen egonaldian, Dürerrek hiri eta inguruei erreparatu zien, eta panoramikak marraztu zituen akuarelaz, argiaren ezaugarriak margotzeko trebetasuna agerian uzten duten irudikapen zehatzekin.
Dürerren dizipulua izandako Hans Leu Gaztea Züricheko artista nagusia izan zen garai hartan. Haren oso lan gutxi mantendu dira, sasoi hartan suntsitu egin baitzituzten irudi erlijiosoak. Budapesteko Museoan dago San Jeronimo paisaia batean obra, zeinak kidetasun argia ageri baitu Dürerren konposizioekiko.
Albrecht Altdorfer, Wolfgang Huber, eta, oro har, Danubio bailaran bizi ziren artistek baso ilunak irudikatu zituzten beren lanetan, baita inguru hartako Linz eta Passau hiriak ere.
Altdorferrek eginiko Sarmingsteinen ikuspegia Danubio ondoan izeneko lan xume eta idilikoa da, hain zuzen ere, topografia egokiari jarraituz irudikatutako lehenbiziko hiri-paisaietako bat.
Paisaia artearen bidez irudikatzeko moduko genero gisa identifikatzen zutenak gehiago izan ziren Europa iparraldean hegoaldean baino, eta bizkorrago jarraitu zuten ugaritzen. Izan ere, iparraldeko burgesia aberatsak interes berezia agertu zuen paisaia-konposizioen aukera zabalarekiko.
Pieter Brueghel Zaharra izeneko artista flandestarra izan zen aitzindari paisaiaren irudikapen errealistan, batez ere paper gaineko lanetan. Artista haren jarraitzaileek berehala heldu zioten bere planteamenduari, tartean bere seme Jan Brueghel Zaharrak.
Herbehereetako paisaia-pinturak berehalaxe lortu zuen aitortza berezia: zelaiz eta lakuz beteriko lautadak, hodei-formazio bikainak eta errealismo ederra zituen bereizgarri, denak kolore naturaletan eta lur-tonuetan islatuak.