Budapesteko paper gaineko maisulanak
Leonardo eta Rafael
Rembrandt
Iruzkinak
Esterházy Bilduma
- Izenburua:
- Esterházy Bilduma
- Erakusketa:
- Budapesteko paper gaineko maisulanak
- Gaiak:
- Arte italiarra | Herbeheretako artea | Bildumagintza | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Marrazkigintza | Museoak | Budapesteko Arte Ederren museoa | Europa | Alemania | Ingalaterra | Frantzia | Hungaria | Budapest
- Teknikak:
- Grabatua | Marrazkia
- Aipatutako artistak:
- Altdorfer, Albrecht | da Vinci, Leonardo | Durero, Alberto | Lorrain, Claude | Rubens, Peter Paul | Sanzio, Rafael | van Rijn, Rembrandt
Budapesteko Arte Ederren Museoko Estanpa eta Marrazki Bilduma garai bateko Esterházy Bilduman oinarritzen da, zeina Esterházy sendiak bildu baitzuen, Hungariako familia errespetatu eta dirudunetako batek, hain zuzen.
Esterházytarrek arte-objektu ugari batu zituzten hainbat belaunalditan zehar, eta, 1790eko hamarkadatik aurrera, funts mardul haiek askotariko arte-bilduma oparo bilakatu ziren Nikolas II.a Esterházy printzeari esker.
Bildumaren arte-arduradunaren, hau da, Joseph Fischer grabatzaile vienarraren aholkuei jarraituz, printzea familiaren artelan-sorta handitzen joan zen modu erregular eta sistematikoan: bilduma pribatu garrantzitsuak bereganatuz joan zen salgai jartzen ziren ahala, eta Europako arte-merkatari ospetsuek kontu handiz hautatutako erosketak egiten zituen.
Hamarkada gutxiren buruan, Esterházy printzeak marrazki- eta grabatu-bilduma zabal eta askotarikoa metatzea lortu zuen. Gehien-gehienak Italiako, Alemaniako, Holandako, Frantziako eta Ingalaterrako obrak ziren, XVI. mendetik XVIII. mendera bitartekoak.
Haien artean, artistarik garrantzitsuenen maisulan ugari zeuden, hala nola Albrecht Dürer, Albrecht Altdorfer, Leonardo da Vinci, Rafael, Hendrick Goltzius, Rembrandt, Rubens edo Claude Lorrain maisuek eginak.
Esterházy Bildumaren alderdirik nabarmenena zera da, ez zela banakako piezen hautaketa soil bat, baizik eta bata bestearekin loturiko lan-multzo bat, eskola guztietakoak eta artista garrantzitsuenek eginak ziren piezak biltzen zituena. Horrek agerian uzten du garai hartarako ezin modernoagoa zen bildumagintza-printzipio entziklopedikoa aplikatu zutela bilduma hura osatzerako orduan.
Esterházy Bildumak gorabehera ugari gainditu zituen: lekualdaketak, salmentak, arpilatzeak eta handitzeak. Azkenik, 1871n, bilduma pribatu izateari utzi zion. Urte hartan, Nikolas III.a Esterházy printzeak Hungariako Estatuari saldu zizkion funts guztiak prezio biziki eskuzabalean.
Pieza haien artean 3.500 marrazki eta 51.000 estanpa baino gehiago zeuden, eta haiexek osatzen dute, hain zuzen, gaur egun Budapesteko Arte Ederren Museoko bildumaren muina.