Budapesteko paper gaineko maisulanak
1989ko trantsizio politikoaren aurretik eta ondoren
1945az geroztiko bide berriak
Iruzkinak
1945 aurreko nazioarteko hartu-emanak
- Izenburua:
- 1945 aurreko nazioarteko hartu-emanak
- Erakusketa:
- Budapesteko paper gaineko maisulanak
- Gaiak:
- Artea eta gizarte iraultza | Artea eta politika | Artearen historia | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Sormena | Konposizioa | Gerra | Europa | Subjektibotasuna | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Abangoardia
- Aipatutako artistak:
- Kandinsky, Vasily | Rodchenko, Alexander | Schwitters, Kurt | van Doesburg, Theo
1910eko eta 1920ko hamarkadek aldaketa politiko eta sozial nabarmenak ekarri zituzten, eta haien atze-atzetik etorri ziren artearen munduko aldaketak ere, nazioarteko espiritu eta ikuspegiz definiturik.
Garai hartan izan ziren mugimendu estilistikoen barruan, hainbat talde eta korronte sortu ziren modu formalean zein informalean. Aipatzekoak dira, besteak beste, espresionismoa eta Bauhaus eskola Alemanian; dadaismoa Zürichen, Parisen, Kolonian eta Berlinen; eta konstruktibismoa Errusian zein Erdialdeko eta Ekialdeko Europan.
Izan zen bere kabuz mugimendu oso bat irudikatu zuen artistarik ere, hala nola Theo van Doesburg eta bere De Stijl mugimendua, edo Kurt Schwitters eta bere Merz estiloa.
Linealismo deituriko estiloan Alexander Rodchenko nabarmentzen da, lerroaren inguruan ikuspegi teorikotik egin zituen ikerketei esker nabarmendu ere; Vasily Kandinskyk lerroaren teoriari buruz zuen iritziak eragina izan zuen, ziurrenik, ikerketa haietan.
Hasiera batean, abangoardietako talde haiek guztiz bat zetozen nazioarteko hartu-eman estuak jorratzearen garrantziarekin. Helburu hori lortzeko, manifestu bateratuak argitaratu zituzten, eta nazioarteko biltzarrak eta erakusketak egiten zituzten aldian-aldian.
Horri dagokionez, garrantzi handia izan zuten, orobat, aldizkariek eta banaka zein taldeka argitaratutako obra grafikoen edizioek. Ekoizpen-kostu txikia eta banaketa zabala zuten tresna haiek ezin hobeak ziren ideia-truke bizia mantentzeko idazki teorikoak, marrazkiak, jatorrizko grabatuak eta erreprodukzioak baliatuz.
Abangoardietako taldeek bat egiten zuten iritzi ezkertiar eta antibelizistekin, eta arteak gizartea moldekatzeko baliabide gisa zuen boterean sinesten zuten. Era berean, jarrera independentea, esperimentatzeko gogoa eta mugarik gabe sortzeko askatasun-nahia partekatzen zituzten.
Hala ere, maiz jarrera kontrajarriak izaten zituzten gai teoriko eta estetikoei zegokienean, eta desberdintasun horiek areagotu egin ziren denboraren poderioz. Haien ikuspuntuak printzipio artistiko dibergenteei jarraikiz garatu ziren, eta, horrenbestez, norabide bakarrean hasitako bide haiek banatuz joan ziren pixkanaka-pixkanaka.