Edukira zuzenean joan

Anni Albers: Ikusmena ukitu

katalogoa

Lehen kapitulua. Ehungintza, eskuzkoa

Anni Albers

Izenburua:
Lehen kapitulua. Ehungintza, eskuzkoa
Egilea:
Anni Albers
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2017
Neurriak:
29 x 22 cm
Orrialdeak:
135 or.
ISBN:
978-84-95216-80-9
Lege gordailua:
BI-1478-2017
Erakusketa:
Anni Albers: Ikusmena ukitu
Gaiak:
Ehungintza-artea
Aipatutako artistak:
Albers, Anni

Eskuzko ehungintza —ezagutzen dugun artisautzarik antzinakoenetako bat— angelu zuzenean elkarlotzen diren hariez osatutako gainazal lau eta tolesgarri bat egitean datza. Zeramika aurreko aroan izan zen asmatua eta ia aldaketarik gabe iraun du geroztik gaur egun arte. Ehundegi mekanikoen etorrerak artisautzaren mundura ekarri zuen erabateko mekanizazioak berak ere ez du eraldatu ehungintza ezaugarritzen duen oinarrizko printzipioa.

Ordurako diseinatuak ziren xede bera zuten beste teknika batzuk ere: bai elementu bakarreko teknikak (begizta, maila, puntu-lana, kakorratz-lana), bai elementu askoko teknikak (korapilatzea, kiribiltzea, elkarlotzea, txirikorda tzea). Ehuntzeko orduan, bigarren teknika multzo horretan, hari-sistema batek —bilbea (edo zeharriak)— beste hari-sistema bat —irazkia (zutariak edo hari-zutak)— gurutzatzen du, angelu zuzenean, eta gurutzaketa zer modutan egiten den, ehun mota bat edo beste bat eratuko da.

Denboraren poderioz, irazkiaren eta bilbearen manipulazio-faseak mekanizatuz joan ziren, harik eta ehuntze-teknikak, eraginkorragoa suertaturik, gainerako guztiak gainditu zituen arte.

Elementu bakarreko metodoak tresna gutxirekin aplikatu daitezke, baina ehuntze-lanak tresneria konplexuago bat eskatzen du, irazkiak tenk egon behar duelako. Tentsio hori emateaz arduratzen den gailua ehundegia da. Hau da, ehuntzea bilbeko haria irazkiko hari tenkatu eta txandaka altxatuen artetik —oinarrizko ehun bakunaren kasuan, adibidez— edota hautatutako beste zutari-konbinazio batzuen artetik pasaraztea da, pasaraztea eta bere tokian tinko-tinko estutzea.

Lehen ehuntze-lanak ehundegi pisudun batean egiten ziren: irazkiko hariak barra batean eskegita jartzen ziren, beheko muturrean buztinezko pisuak (haztakinak edo haztarriak) zintzilik zituztela. Ehuntze-lana, kasu horretan, goitik behera egiten zen, beste ehun mota batzuekin ez bezala. Antzinako greziarrek eta, duela gutxiago, Iparramerikako Ozeano Bareko kostako indiarrek erabili zuten ehundegi mota hori. Gero, barra biko ehundegia etorri zen, irazkia bi barren artean hedatuta edo, luzera handiagoko ehunen kasuan, barra horietan biribilkatuta edukitzen zuena. Horizontalean zein bertikalean erabiltzen zen eta irazkia armazoi batean edo lurrean iltzatutako taketen bidez tenkatzen zen. Egiptoko dokumentu zaharretan, ehundegi horietako batean diharduten ehuleak ikus daitezke. Esan beharra dago oraindik ere erabiliak direla, luzetara jarrita, tapizak ehuntzeko.

Beste ehundegi mota bat, harien tentsioa pixka bat doitzeko eta, beraz, ehun finago bat moldatzeko aukera ematen duena, gerri-ehungailu edo gerriko ehun- degia da. Ehundegi mota horretan, beheko barra ehuleak gerriaren bueltan daraman gerriko batera lotuta dago; ehuleak, aurrerantz edo atzerantz makurtzean, irazkia tenkatu edo lasaitu dezake. Ehundegi horretan gauzatu ziren kolonaurreko Peruko ehungintzaren emaitza bikainak, eta erabilia da oraindik ere Asiako urruneko eskualde batzuetan eta Hego eta Erdiko Amerikako zenbait tokitan.

Bilbea, irazkiko harien azpitik eta gainetik zeharka pasatzerakoan, inolako tresnaren laguntzarik gabe pasarazten zen hasieran, eta sobera gelditzen zen haria mataza txikitan biltzen zen gero, egun tapizgintzan —adibidez ehungintza piktorikoan— egin ohi den modu berean. Aurrerago, bilbea zotzetan edo ziritan biltzen hasi zen, eta irazkian zehar pasa ahala askatzen zen. Azkenik, bilbea arinago pasarazteko, eta hari luzeagoak erabili ahal izateko, bilbea hariletan bildu, txalupa-itxurako anezkatan sartu, eta irazkiko harien artean irekitako tartetik (kalatutik) pasarazten zen, bai eskuzko ehundegietan bai ehundegi mekanikoetan.

Bilbea kolpetxoka beheratzeko eta bere lekuan tinkatzeko, zur puska bat (ehule-ezpata) erabiltzen zen hasieran. Aurrerago, kanazko zotzez moldatutako ehun-orrazi bat erabiltzen hasi ziren, irazkiaren hari-tartea zabaltzeko eta bilbea tinkatzeko zereginak bateratzen zituena. Ehundegiaren armazoitik esekita, atzera-aurrera kulunka dabil orrazia, ehundutako oihalaren ondoz ondoko bilbeak elkarren kontra tinkatuz.

Bilbeak gainetik edo azpitik zeharka pasatu beharreko irazki-harien hautaketa azkartzeko erabili zen lehen tresna kalatu-barra izan zen, hautatutako irazki-hariei goian eusteko balio zuena. Kontrako irazkiak jasotzeko, oso gailu baliagarria asmatu zuten: irazki-harietako armazoia delakoa. Kalatu-barraren azpitik geratzen ziren irazkiko hariak beste barra batera lotzen ziren lokarri-begiztez, irazki-harietako hagaxka delakora, hain zuzen, eta, era horretan, kalatu-barran zeudenen gainetik goratu zitezkeen, hagaxka horretatik gorantz tira eginez. Aurrerago, irazki-harietako hagaxken sailak hasi ziren erabiltzen kalatu-barraren ordez, eta horrek asko erraztu zuen aurkakoen printzipioan oinarrituta dagoen ehun bakunarena baino irazki-egitura konplexuagoetan oinarritutako ehunen ekoizpena.

Erdi Aroko ehundegian, irazki-harietako hagaxkak (orain barrak edo arnesak deituak) ehundegi-armazoitik zintzilik jartzen ziren, bilbea beheratzeko eta tinkatzeko gailuaren eran, eta pedal (oinohol edo hankaleku) batzuetara lotuta egoten ziren, egungo eskuzko ehundegietan bezala. Ehundegi mekanikoetan erabiliak dira oraindik ere. Denbora aurrezten laguntzen duen neurrian izugarri baliotsua bada ere, asmakizun horrek mugatu egin zuen ordu arte mugagabea izandako irazki-hautaketa.

Galdutako askatasun horren zati bat berreskuratu nahian, tira-sokadun ehundegiaren asmakizuna etorri zen ondoren, oso tresna aurreratua. Txinan sortu zen, eta patroi landuak (hala nola brokatuak eta damaskoak) ehuntzeko pentsatuta zegoen; handik Europara zabaldu zen gero. Aurrerago, irazkia hautatzeko beste metodo mekanizatuago batek hartu zuen haren tokia, Jacquard ehundegia delakoak: gaur egun oraindik ere erabilia da, baina XIX. mendean motor bidezko gailuetara transferitua izan zen.

Eskuzko ehungintzaren lorpen handienen artean Egiptoko koptoen eta antzinako Peruko ehungintza daude; azken horretako lanak ehungintzaren beste aro handi batzuetakoen gainetik egon ziren, segur aski, ehun-egituraren sormenari, formen tratamenduari eta kolorearen erabilerari dagokionez. Izatez, ezagutzen ditugun ehungintza-metodo ia guztiak, eta dagoeneko galduta dauden beste batzuk ere bai, erabiliak izan ziren jada antzinako Perun.

Gaur egun, Erdi Aroko ehundegi hagaxkadunetan praktikatzen da gehienbat eskuzko ehungintza, apenas arnesik gabe. Ehundegi hori, fabrikazio-metodo gisa garrantzi gutxikoa industria aroan, apaindurazko ehunak ekoizteko erabiltzen da gehienbat. Hala ere, industriak gero eta gehiagotan jotzen du eskuzko ehuleengana diseinu berrietarako ideien bila —eskuzko ehundegietan asmatutako diseinuen bila—, gero ideia horiek ekoizpen mekanikora bideratu ahal izateko. Eskuzko ehungintza arte eskola askotako eta institutu eta unibertsitateetako arte departamentuetako ikasketa-planean sartuta dago, bitartekoaren eta prozesuaren arteko elkarreragina —fruitutzat forma ematen duena— hobeto ulertzen laguntzen duen diziplina artistiko gisa. Historian zehar tapizgintzan iraun du bizirik arte forma gisa.

Eskuzko ehungintza terapia okupazionalaren arlora ere egokitu da, baina ez heziketa- eta ez artegintza-helburuarekin, errehabilitazioa bultzatzeko xede bakarrarekin baizik.

Ez dugu ahaztu behar ehungintzaren garapena ehun-zuntzen, harigintzaren eta tindaketaren mende ere badagoela, ehuna sortzeko elkarrekin konbinatzen diren elementuak baitira denak. Zuntz sintetikoen ekoizpenean eta ehunen akabera mota berrietan egin diren azken aurrerapenak arrasto sakona uzten ari dira oihalgintzan.

[Itzultzailea: Rosetta Testu-Zerbitzuak, S.L.
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]