Edukira zuzenean joan

Anni Albers: Ikusmena ukitu

katalogoa

Laugarren kapitulua. Oinarrizko ehun-egiturak

Anni Albers

Izenburua:
Laugarren kapitulua. Oinarrizko ehun-egiturak
Egilea:
Anni Albers
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2017
Neurriak:
29 x 22 cm
Orrialdeak:
135 or.
ISBN:
978-84-95216-80-9
Lege gordailua:
BI-1478-2017
Erakusketa:
Anni Albers: Ikusmena ukitu
Gaiak:
Ehungintza-artea | Lan-prozesua | Teknika eta materialak
Aipatutako artistak:
Albers, Anni

Oihal baten ehun-egiturak edo ehuntzeko erak —hau da, osagai dituen hariak elkarrekin lotzeko moduak— oihalaren funtzioan duen garrantzia lehengaiaren hautaketak berak duenak bezainbestekoa da. Izan ere, bi eragile horien arteko interrelazioan, elkarren ezaugarriak indartuz, ahulduz edo aldatuz bien artean sortzen den joko delikatuan datza ehungintzaren funtsa. Oinarrizko ehun-egiturek, oinarrizko prozesu guztiekin gertatzen den bezala, izaera unibertsala dute, eta gure antzinako historian erabili ziren modu berean erabiltzen dira gaur egun, hemen eta nonahi. Egitura horiek argi eta garbi azaltzen dute ehun-eraikuntzaren printzipioa. Salbuespen bakan batzuk gorabehera, ehun guztiak honako hiru ehun-egitura hauen elaborazioak edo konbinazioak dira: ehun bakuna (edo tafeta-ehuna), sarga-ehuna eta satin-ehuna. Hiru horietatik, ehun bakunak, denetan zaharrena denak, irudikatzen du ehungintzaren gailurra.

Bi hari-multzo angelu zuzenean elkar gurutzatzean datza ehungintza oro. Oihal bat beste modu batera sortua izanez gero, ez da ehuna izango. Adibidez, hariak oihal-bazterrarekiko diagonalki gurutzatzen ditugunean, edo erdigunetik erradialki, oihal txirikordatu bat dugu; oihala egiteko hari bakar bat erabiltzen dugunean, oihal trikotatua edo kakorratzez egindakoa dugu; hariak elkarren inguruan lotzen edo kiribiltzen ditugunean, parpaila edo sare-oihala dugu. Bi hari-sistema bereiziren gurutzaketa horizontal-bertikalak ondorio handiak ditu ehungintzaren eratzeari dagokion alderdian. Jatorrizko eraketa hori zenbat eta argiago mantendu edo azpimarratu diseinuan, orduan eta gehiago nabarmenduko da ehungintza beste teknika batzuetatik bereizten duten ezaugarri horietan. Bere harrizkotasunaren mugen barruan bizitzearekin kontentatzen den harrizko eskultura baten kalitate formala muga horiek gainditzen dituenarena baino handiagoa den bezala, bere hari-gurutzaketa angeluzuzenaren jatorriaz harro agertzen den ehungintza bat hobea izango da bere barne-egitura ezkutatzen eta, adibidez, pintura itxuratzeko ahalegina egiten duen beste bat baino. Mugak onartzea —egitura gisa ulertuta muga, hesi eragozgarri gisa baino gehiago— adimen emankor baten froga da beti.

Oihalean zehar bertikalki ezartzen diren hariak irazkiko hariak edo zutariak dira; zeharka gurutzatzen direnak, betegarri-hariak edo zeharrariak. Haiek izendatzeko izen kolektiboak irazkia eta bilbea (edo betegarria, edo forradura edo ehundura) dira. Irazkiko hariak finko mantentzen dira ehuntze-prozesuan; betegarriko hariak, berriz, alderik alde dabiltzanak dira; horrek esan nahi du horiek direla ehuleak bere lanean gehien erabiltzen dituenak, eta, agian horregatik, izendatzeko modu gehiago dituztenak.

Ehun bakunean, irazkiaren eta bilbearen arteko gurutzaketa hori denik eta modurik sinpleenean gertatzen da. Bilbeko hari bat irazkiko harien artetik zeharka igarotzen da, orain hari gainetik, orain hari azpitik, txandaka, irazki osoa alderik alde zeharkatu arte; bueltako bidean, ordena alderantzikatzen du, eta lehen azpitik pasatu duena gainetik pasatzen du orain, eta gainetik pasatu duena, azpitik. Horretan datza ehungintzaren funtsa eta mamia. Emaitza egitura sendo-sendo bat da, ez oso elastikoa eta tentsioarekiko erresistentea, eta hori dela eta, bere forma laukizuzena erraz mantentzen duena. Azal homogeneoa eta uniformea du: irazkia eta bilbea proportzio berean ikusten dira eta efektu bera sortzen dute ehunaren aurkitik begiratuta zein ifrentzutik begiratuta. Era honetan moldatutako oihalak badu halako zurruntasun bat, eta hariak ezin direnez elkarrekin asko estutu, zulotxoz josia ageri da argitara begiratuta. Aski dira bi irazki-hari eta bi bilbe-hari, eta denik eta ekipamendu motarik sinpleena, ehun mota honen oinarrizko egitura moldatzeko. Horretaz gainera, moldatua izateko beste edozein ehunek baino material eta denbora gutxiago eskatzen duen ehun mota bat da. Ezaugarri horien baliagarritasuna begien bistakoa da. Segur aski ez da egundo izango munduan beste ehun motarik ehun bakunak adinako ekoizpena, milioika eta milioika metrotakoa, izandakorik. Hor ikusten dugu, adibidez, Egiptoko momiak biltzeko erabilitako oihaletan eta gure etxeko izaretan, muselina gordinean, patata-zakuetan eta itsasontzietako haize-oihaletan, laburbilduz, indarra eta oihal sendo bat, hariak ustekabean trabatuko ez zaizkion bat, behar den guztietan.

Esan beharra dago ehun mota hau, oso-oso praktikoa izateaz gainera, elaborazio estetikoetarako erabilerrazena dela. Irazkia eta bilbea ehunaren azalean proportzio berean agertzeak eta garbi ikusteko eran elkar gurutzatzeak material eta kolore kontrastatzaileak erabiltzea dakar, eta horrela oihalaren ehundura orijinala nabarmenarazten da. Egitura hori areago nabarmentzeko, marrak sortzen dira hala irazkian nola bilbean, eta, urrats bat haratago joanez, baita koadro-efektuak ere —ehun bakunaren beste diseinu tipikoenetako bat. Baina azaleko formari dagozkion oinarrizko eransketa horiez harago, ehun mota honen kalitate trinkoak eta bere eraketan funtsezko osagaiak baino ez erabiltzeak bide ematen du berau izatea ere izaera piktorikoko lanetan —hau da, tapizgintzaren artean— gehien erabiltzen den ehun-egitura. Helburu horretarako —hau da, irazkiaren eta bilbearen arteko nahasketa bat erabili behar izateari aurre egiteko— duen muga irazkiaren eta bilbearen arteko proportzio orekatutik desbideratuz eta modu desproportzionatuan askoz betegarri gehiago (hau da, bilbe-hari gehiago) erabiliz gainditzen du. Irazkiko hari-tartea zabalduz, hots, bilbea ondo-ondo tinkatzeko modua izateraino zabalduz, posible da irazkia osorik estaltzea; kasu horretan, bilbea gainazaleko osagai bakarra izango da. Tapiz gotikoak, Errenazimentukoak, Aubussonekoak, bakunak baina bakunagoak diren ehun-egitura horien bidez eginak daude denak. Hemen ere aplikagarria da aspaldiko zuhur-hitza: bere funtsik oinarrizkoenera sinplifikatutako prozesu batek denik eta aplikaziorik zabalena izan dezake.

Beste ehun-egitura mota bat, bere soiltasunagatik oinarrizkoa bera ere, baina konplexutasunetik urrats bat hurbilago dagoena, sarga-ehuna da. Ehun bakuna funtsean ehun orekatu bat den bitartean —hau da, irazkiak eta bilbeak neurri berean hartzen dute parte, eta, beraz, oihalak itxura bera erakusten du aurkian eta ifrentzuan—, sarga-ehuna ehun orekatua zein desorekatua izan daiteke. Desorekatua dela esaten da irazkia edo bilbea, bietako bat nagusitzen denean; kasu horretan, oihalaren aurkia eta ifrentzua bata bestearen atzealdea dira. Izan ere, bilbeak oihalaren zati handiena hartzen duenean, ifrentzuan irazkiak hartzen du, noski, zati handiena, eta alderantziz. Bere gainazalean irazkia nagusi duen sarga-ehunari irazki bidezko sarga esaten zaio, logikoa den bezala, eta irazki baino bilbe gehiago ageri duenari, berriz, bilbe bidezko sarga.

Sarga-ehuna moldatzeko printzipioaren arabera, bilbearen hurrenez hurreneko hariak irazkiko hari baten edo hari-multzo baten gainetik pasarazten dira, eta, progresiboki, hari edo hari-multzo horrek irazkiko hari bat aurrekoaren eskuinean edo ezkerrean kokatzen du. Hala, bilbe bidezko sarga txikienaren kasuan (hiru irazki-hariz eta hiru bilbe-hariz osatua), irazkiaren lehen haria bilbearen lehen hariaren gainetik goratzen da, bilbearen lehen hari hori irazkiaren bigarren eta hirugarren harien gainean dagoela; irazkiaren bigarren haria bilbearen bigarren hariaren gainetik goratzen da, bilbearen bigarren hari horrek irazkiaren lehen eta hirugarren hariak azpian hartuta dituela; irazkiaren hirugarren haria bilbearen hirugarren hariaren gainetik pasatzen da, bilbearen hirugarren hari hori orain irazkiaren lehen eta bigarren harien gainean dagoela. Irazkia eta bilbea elkarrekin gurutzatzeko modu horrek lerro diagonal nabarmenak eratzen ditu, eta hori du, hain zuzen, sarga-ehunak bere ezaugarri nagusia. Tamaina bereko irazki bidezko sarga batean, irazki- eta bilbe-harien proportzioa alderantzikatu egiten da oihalaren aurkian: irazkiaren lehen eta bigarren hariak bilbearen lehen hariaren gainetik goratuko dira; irazkiaren bigarren eta hirugarren hariak bilbearen bigarren hariaren gainetik; eta, azkenik, irazkiaren lehen eta hirugarren hariak bilbearen hirugarrenaren gainetik.

Sargaren lerro diagonalak eskuinerantz edo ezkerrerantz egin dezake, noski. Erabilitako harizpiari emandako bihurrituaren norabidearen baitan bakarrik dago hori; zeren eskuineranzko inklinazio batek, adibidez, ezkerrerantz bihurritutako irazki batek eratutako izurduraren erliebe-efektua areagotu baitezake, eta ezkerreranzko inklinazio batek, berriz, gutxitu. Inklinazio-angelua irazki-bilbeek harizpien tamainarekin eta euren arteko tartearekin duten erlazioaren araberakoa izango da. Hariak berdinak badira, inklinazioa 45°-koa izango da; irazkia bilbea baino lodiagoa edo tapituagoa bada, inklinazioa handiagoa izango da; meheagoa bada, berriz, eta hariak bilbearenak baino bakanago banatuta baditu, orduan inklinazioa apalagoa izango da.

Ezin konta ahala sarga-ehun diseina daitezke: orekatuak edo desorekatuak; bakunak —sarga-lerro bakarrekoak— edo konposatuak, hainbat lerrotakoak. Goratzen edo beheratzen diren irazki-hariak seinalatzen dituzten zenbakien bidez adierazten dira sarritan sargak. Adibidez, idazkera honek:

 1                3           
2                1

7 harizpiko irazki bidezko sarga desorekatu bat adierazten du, irazki hari bat goratuta, bi beheratuta, hiru goratuta eta bat beheratuta dituena. Sarga orekatu bat honela idatziko litzateke:

   2                 3         
                                         2               3             , etab.

Sarga-ehunak, hari flotatzaile luzeagoak baitituzte, ehun bakunak baino bigunagoak dira eta tupituago ehundu daitezke. Gainera, malguagoak dira eta errazago ematen diote amore zeharkako tiraketa indar bati; hori dela eta, oso ehun egokiak dira joskintzarako, eta, beraz, jantziak egiteko. Ehun-egitura hori erabiltzen da oihal bakeroan eta laneko arroparako kotoizko beste oihal batzuetan, bai eta artilezko ezin konta ahala tweed oihaletan ere. Antzina ere ezaguna zen, eta Peruko Mochica arokoak diren sarga-ehunak argitara atera dira hemisferio honetan.

Satin-ehuna, oinarrizko hirugarren ehundura mota, txinatarrek asmatu zutela uste da. (Luther Hooper, Hand-Loom Weaving, New York eta Londres: Pitman Publishing Corp., 1920, 168. or.). Nolabait esateko, ehun bakunaren aurkakoa da. Izan ere, ehun bakuna funtsean eta ezinbestean ehun-egitura orekatu bat bada —hau da, aurkitik eta ifrentzutik berdina den oihal bat baino ezin dezake moldatu—, satin-ehuna desorekatua baino ezin daiteke izan, hau da, alde batetik eta bestetik desberdina den oihal bat baino ezin dezake moldatu, irazkia edo bilbea, bietako bat bakarrik erakutsi dezakeena. Ehun bakunaren kasuan irazkiaren eta bilbearen arteko intersekzio hurbilekoena bilatzen da; satin-ehunaren kasuan, berriz, intersekzio urrunena hautatzen da, unitate jakin baten barruan betiere. Hari luze flotatzaileek irazkiaren eta bilbearen arteko intersekzio-puntuak estaltzen dituzte eta hariak estu-estu tinkatu ahal izateko bidea ematen dute; gainazal uniforme eta leun bat lortzen da horrela, ageri-ageriko egitura-efekturik batere gabekoa.

Ikusi dugunez, ehun bakuna moldatzeko, irazkiko eta bilbeko bina hari behar dira, eta sarga-ehuna moldatzeko, berriz, hiruna, gutxienez. Satin-ehuna moldatzeko, irazkiko bost hari eta bilbeko bost hari beharko ditugu.

[Itzultzailea: Rosetta Testu-Zerbitzuak, S.L.
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]