Edukira zuzenean joan

Anni Albers: Ikusmena ukitu

katalogoa

Zazpigarren kapitulua. Zuntzaren eta ehungintzaren arteko elkarrekiko erlazioa

Anni Albers

Izenburua:
Zazpigarren kapitulua. Zuntzaren eta ehungintzaren arteko elkarrekiko erlazioa
Egilea:
Anni Albers
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2017
Neurriak:
29 x 22 cm
Orrialdeak:
135 or.
ISBN:
978-84-95216-80-9
Lege gordailua:
BI-1478-2017
Erakusketa:
Anni Albers: Ikusmena ukitu
Gaiak:
Artea eta industria | Ehungintza-artea | Industrializazioa
Aipatutako artistak:
Albers, Anni

Ehuna bi elementuren emaitza da funtsean: batetik, hariak egiteko prozesuan erabilitako zuntza dago —hots, ehun-gaia—, eta bestetik, zuntz horrekin eraikitakoa edo ehuna bera. Zuntzak irun eta hari bihurtu bitarteko urratsak ere funtsezko zeregin bat du emaitza zehazteko orduan, egun gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den oihalaren akaberak berak bezala. Baina faktore baldintzatzaile nagusiak —akaso ez luzerako— lehengaiaren izaera eta ehunaren beraren izaera dira.

Zuntzak —hau da, ehun-gaia— bigunak izan daitezke, eta, irutean, harizpi bigun bat eman dezakete; baina hala ere, oihal zurrun batean eralda daitezke, ehungintza-prozesuaren ondorioz. Edo, alderantziz, prozesuak malgutasuna eman diezaioke oihalari, nahiz zuntz ez-tolesgarriak edo harizpi zurrunak erabili, neutralizazio adibide batzuk ematearren. Garrantzizkoa, zera ikustea da: faktore batek bestearengan duen eragina, elkarrekiko inpaktuaren ondorioz batak zein besteak jasaten duen modulazioa, eta berezko nolakotasunetako batzuen doikuntza edo desdoikuntza, edo eraldaketa. Adibidez, lihoaren ezaugarriak —zuntz gogor samarra du lihoak, oso iraunkorra—, indartu egin daitezke tafetanezko loturaren bidez, eta oihal sendo samar eta tinko-tinko bat izan ohi da emaitza. Izan ere, hain ongi ezkontzen dira bi ehunkiak elkarrekin, ehun bakunari liho-ehuna ere esaten baitzaio. Kotoia, lihoa baino arruntagoa eta erabilera askokoa bera, daukagun ehun-gairik baliagarri eta moldakorrenetako bat bihurtzen da tafetanezko loturaren bitartez. Lihoa baino itxiagoa da izaeraz kotoia, bigunagoa, nahasiagoa, hezetasuna xurgatzeko ahalmen txikiagoa eta hautsa atxikitzeko ahalmen handiagoa duena —bere ezaugarrietako batzuk aipatzearren—, eta oso zehaztuta ez dagoen beste edozein ezaugarri bezala, oso moldaerraza da.

Artileak, tafetanezko loturaren bitartez, dotoretasun pixka bat galtzen du. Artilearen abantaila nagusiak, isolatzaile eta berogarri gisa dituen bertuteak —oso preziatuak— ez dira mantentzen oihala behar bezain lodia ez bada, hau da, tarte jakin bateko harizpi proportzioa nahikoa ez bada. Tafetanezko loturaren bidez, artilea berez dena baino zurrunago bihurtzen da. Bestalde, aukera-aukerako gaia da ehunki ireki samar horrekin elkartzeko, bere zuntz guztiak estu-estu itxita baitaude, eta oharkabean katiga daitezen eragozten da horrela. Zuntzik leunena den zetaren eta oinarrizko ehun-egiturarik zurrunena den ehun bakunaren arteko interakzioaren ondorioz, tafeta sortzen da: zeta zurrun bat. Lihoaren eta ehun bakunaren arteko konbinazioan, ezaugarri komunen sostengua genuen; zetaren eta ehun bakunaren konbinazioan, berriz, ezaugarrien arteko talka halako bat dugu, nolakotasun berriak eta bereziak dituen material bat sorrarazten duena. Hain da harrigarria konbinazio berri hori, ezen ehun bakunak beste izen bat hartzen baitu zetarekin batera erabilitakoan: tafeta-ehuna.

Ehun bakoitzak badu material bat bere ezaugarri berezietara itxuraz beste batzuk baino hobeto egokitzen dena; edo beste era batera esanda, zuntz bakoitzak badu ehun mota bat itxuraz bere berezitasunak beste ehunetan baino modu onuragarriagoan ageri dituena. Artilea, adibidez, tafetanezko loturarekin lantzen denean galduan ateratzen da, neurri batean; sarga-ehunari, aldiz, etekina ateratzen dio. Jantzigintzan, sarga erabiltzea jotzen dugu egokiena, eta artilea era bai.

Sarga ehun bakuna baino askoz ere material malguagoa da, eta, hala, areagotu egiten du artilearen leuntasuna. Gainera, irazki eta bilbe intersekzioen artean tarte handiagoak izaki, harizpiak elkarrengandik hurbilago egon daitezke, gorago esan dugun moduan, eta horrek ehun trinkoagoa moldatu ahal izatea eta artileak beroa atxikitzeko duen ahalmena areagotzea dakar. Satin-ehun bat artilearekin elkartuta ez erabiltzeko arrazoi bat —konbinazio horrek ere oihal leun, malgu eta sarri bat sortuko luke— honakoa da: hariek irazki-hari edo bilbe-hari gehiegiren gainean flotatzen dute, oihalaren kalitatearen kalterako: hariak erraz katiga daitezke eta kiribil gogaikarriak eratu daitezke gainazalean. Sarga-ehunak malgutasunaren eta erabilera praktikoaren arteko oreka egokia erdiesten du jantzientzako. Artilezko sarga-ehuna konbinazio klasiko bat da, tweed izenaz ezagun duguna. Gure laneko arroparen oihal garbigarriak —adibidez, gure lohihartzeko jantzienak—, kotoiaren eta sargaren ezaugarri tipikoak dituzten oihal sarri-sarri horiek, kotoi-sargaz eginak daude. Konbinazio hori ez da bereziki harrigarria, eta oso egokia da hainbat eta hainbat zereginetarako.

Zetan ehundutako sarga da ezaugarri hibridoko beste kasu bat; izan ere, ematen duen oihalak ez ditu ez zetaren ez sarga-ehunaren ezaugarri bereziak baliatzen. Emaitza, baina, oso oihal erabilgarria da, hartaz harro ez bagaude ere: beroki, jantzi eta abarretarako zetazko forraduretaz mintzo gara. Tafeta-ehuna baino bigunagoa da, satina baino praktikoagoa, eta beste gai batekin ehundutako edozein sarga baino leunagoa. Beste behin ere, hor ikusten dugu nola agertzen den sarga-ehuna gure arropetarako oihaletan.

Beste zuntz batzuek, beste ehundura batzuek eta haien arteko konbinazio desberdinek handitzen dute adibide horien saila, gure oihal-aukera itxuraz infinitua eratzeraino. Kimika modernoaren garapenarekin, zuntz talde guztiz berri bat gehitu zaie ehundaka eta are milaka urtean zehar erabili diren bakan horiei. Zuntz sintetiko berri horiek propietate-konbinazio berriak saiatzeko aukerak ematen dituzte, eta hori dela eta, gure oihalak, orain arte ezagutzen genituen moduan ulertuta, errotik aldatzen ari dira. Garapen berri horrek badu ondorio garrantzitsu bat: amaierako produktuarentzat desiratutako ezaugarriak dituen lehengai-produkzioaren aurretiazko faseak neurri batean jada zehaztua duenez nolakoa izango den oihala, lehengai horren ehuntzeko moduak gero eta garrantzi gutxiago du.

Kimika garrantzi handiko aldaketak eragiten ari da gure ehunkien artean. Zuntz berrien sorrerak ehundua izan baino lehen ere determinatzen du, neurri handi batean, oihal bat; aldiz, akabera berrien sorrerak ehundu ondoren ere eragiten die gure oihalei. Amaierako tratamendu eta akabera-lan horiek zuntz berriek eragindakoak bezain aldaketa handiak eragiten dituzte, eta horiek ere haria egiteko prozesuaren eraginaren pisua gutxitzen dute. Orain arte, oihal baten ezaugarri bereziak zuntzaren eta ehuntze-prozesuaren arteko interakzioak zehaztuta zetozen, eta bi faktoreek pareko eragina zuten emaitzan gutxi gorabehera; baina, gaur egun, gauzak asko aldatzen ari direla ikusten ari gara: oihal bat egiteko erabilitako zuntzen izaerak berak edo akabera-prozesuan zehar gertatutako aldaketek berek zehazten dituzte, neurri handi batean, oihal baten behin-betiko ezaugarriak, oihala ehundu baino lehen edo ondoren.

Hariak egiteko prozesuari gero eta arreta gutxiago eskaintzeko joera hori ez da, ordea, kimika ehun-gaien garapenean izaten ari den eraginaren ondorio. Masa-produkzioaren —hau da, produkzio azkarraren— etorrerarekin batera, ehun-egitura bakunak nagusitu ziren, jakina, beste guztien gainetik; izan ere, egokiagoak dira helburu ia bakartzat kantitatea, azkartasuna eta kostu-murrizketa dituen eskulangintza mota batentzat. Gaur egun, ehun-gaien gainazaleko efektuak gehienbat harien beraien efektuen bidez sortuak izateak, eta ez, hala makinaz ehundutako ehun-gaien kasuan nola eskuz ehundutakoen kasuan, egitura-bitartekoen bidez, aipatu garapen horretan du segur aski bere jatorria.

Haria egiteko elementuen erabilera burutsua beste garai batzuen aldean egun izaten ari den gainbehera orokor horren zergatia nahikoa ondo ulertzen da horrela. Hala ere, ez dago inolako arrazoirik ehungintzaren garapenerako ekarpen berriak alde horretatik ere etor ez daitezen. Garapenak modu desorekatu batean gertatzen direla ematen du: pixka bat hemendik eta beste pixka bat handik hazten gara. Beraz, zertarako urduri jarri?

[Itzultzailea: Rosetta Testu-Zerbitzuak, S.L.
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]