katalogoa
Zortzigarren kapitulua. Ukimen-sentiberatasuna
Anni Albers
- Izenburua:
- Zortzigarren kapitulua. Ukimen-sentiberatasuna
- Egilea:
- Anni Albers
- Argitalpena:
- Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2017
- Neurriak:
- 29 x 22 cm
- Orrialdeak:
- 135 or.
- ISBN:
- 978-84-95216-80-9
- Lege gordailua:
- BI-1478-2017
- Erakusketa:
- Anni Albers: Ikusmena ukitu
- Gaiak:
- Artea eta industria | Industrializazioa
- Aipatutako artistak:
- Albers, Anni
Aurrerapen oro, agidanez, beste zerbaiten atzerapenari lotuta doa. Aurrerabide handia egina dugu, oro har, hitzezko adierazpenari dagokion guztian: gaur egun, irakurtzen eta idazten dakien jende kopurua itzela da. Baina, dudarik gabe, gauzak ukimenaren bidez hautemateko ahalmenarekiko —hau da, ukimenarekiko— sentiberatasunik eza gero eta jende gehiagoren artean ari da zabaltzen.
Ez da harritzekoa gure eguneroko lanetan eta arduretan hain gutxi erabilia den gaitasun bat galbidean egotea. Gaiak jada xehatuak eta txikituak iristen zaizkigu, birrinduak eta hautsiak, eta nahastuak eta xerratuak, halako eran non, lehengaitik produktura bitarterainoko eragiketa-sekuentzia luzearen azken mugimendua baino ez baitzaigu geratzen guri: ogia txigortzea eta kito. Ez dugu zertan eskuak orean sartzen ibili. Ez dugu zertan —aukera handirik ere ez dugu izaten, zoritxarrez— materialak esku artean erabili, haien sendotasuna, dentsitatea, arintasuna, leuntasuna egiaztatzen zertan ibili. Ez dugu ere gure erremintak egiten, gure eltzeak moldatzen, gure aiztoak fabrikatzen ibili beharrik. Ekoizle espezializatuak izan ezean, materialekin dugun kontaktua oso gutxitan da amaitutako produktuarekiko kontaktua baino zerbait gehiago. Zelofanezko bilgarria kendu eta hortxe dugu hirugiharra, edo bizar-xafla edo galtzerdi parea. Industria modernoak lanaren penak eta nekeak aurrezten dizkigu; baina Jano jainkoak bezala, bi aurpegi ditu horrek ere: material prestaketan parte hartzea eragozten digu, eta egonean uzten du gure ukimena, bai eta, horrekin batera, zentzumen horrek estimulatzen dituen heziketa-ahalmenak oro ere.
Errealitatea hor dagoela ziurtatzeko ukitzen ditugu gauzak. Maite ditugun gauzak ukitzen ditugu. Eratzen ditugun gauzak ukitzen ditugu. Gure ukimen-esperientziak elementalak dira. Ukimenaren esparrua murriztuz gero, gauzak guk geuk moldatzeko beharra murriztean egin ohi dugun moduan, desorekatu egiten gara. Gaur egun, badugu gaitasuna geure materia grisa hitzez eta irudiz gainezka betetzeko; hau da, klabe jakin batera aldatua izan den materialez, aldez aurretik formulatutako materialez gainkargatzen dugu adimena, baina, aitzitik, motz geratzen gara gure sormenari eragiteko moduko estimulu bat —hala nola itxuragabeko material bat, material “landugabe” bat— garunari eskaintzeko orduan.
Gai zehatzak eta koloreak berak ere, hitza, tonuak, bolumena, espazioa, mugimendua: horiek osatzen dituzte lehengaiak; eta hemen oraindik gehitu beharra daukagu gure ukimenaren izateko arrazoia: materiaren gainazal-nolakotasuna eta haren sendotasuna eta egitura. Ukimen bidezko esperientzia horiek izendatzeko hitzik ez izatea ere nahikoa adierazgarria da berez. Denbora gehiegi daramagu ukimenaren baliabidea gutxiegi erabiltzen. Matière hitza erabiltzen dugu egun material baten gainazaleko itxurari buruz hitz egiteko, haren pikortak, lakartasuna edo leuntasuna, distiraren edo matetasunaren kalitatea deskribatzeko; ukimenaren bidez antzeman daitezkeen itxurazko ezaugarriak dira denak, eta, beraz, argitasunari edo iluntasunari ez dagozkionak. Antza denez, ez dago hitz komun bat materialaren barne-ezaugarriekin lotuta dauden propietateen —hots, tolesgarritasunaren, harrotasunaren, hauskortasunaren, porositatearen…— ukimenaren bidezko pertzepzioa izendatzeko.
Materialaren gainazal-nolakotasuna, hau da, matière delakoa, funtsean itxurari dagokion nolakotasun bat denez, nolakotasun estetiko bat da, eta, beraz, artistaren baliabide bat; aitzitik, barne-egituraren nolakotasuna funtzio kontu bat da batez ere, eta, beraz, zientzialariaren eta ingeniariaren ardura. Batzuetan, materialaren gainazala eta barne-egitura izaten dira, hain zuzen, obra baten osagai nagusiak; hori hala izaten da, adibidez, ehun-lanetan, ehungintzan bereziki, edo, beste maila batean, arkitektura-lanetan. Obra baten kanpoko eta barneko ezaugarrien gainjartze horrekin paraleloan, ehulearen edo arkitektoaren beraren interes artistiko, zientifiko eta teknologikoen gainjartzea dago. Haien obraren pendulua artearen eta industria-zientziaren artean kulunkatzen da.
Egiturak, funtzioarekin edo zereginarekin lotura duen neurrian, gure adimenaren beharra dauka eraikia izateko edo, analitikoki, deszifratua izateko. Matière delakoak, berriz, ez du, funtsean, eginkizun edo erabilgarritasun jakin bat, eta, zentzu horretan, ezin da, kolorea bera bezala, intelektualki esperimentatu. Ez gatzaizkio hurbildu behar modu analitiko batean, baizik eta modu abegikor batean, kolorera hurbiltzean ohi dugun era berean. Gainazal-joko baten gisako bere interpretazio enigmatikoarengatik ez beste ezein arrazoiarengatik gozatua eta balioetsia izatea eskatzen du. Baina sentiberatasuna behar da matière horri erantzuteko, koloreari erantzuteko behar den bezalaxe. Begi trebatu batek eta adimen harbera batek bakarrik aurki dezakete esanahia koloreen hizkuntzan; era berean, matière delakoak hizkuntzan duen esanahia aurkitzeko, baldintza horiek berak behar dira, ukimen-artikulaziorako sentiberatasun zorrotz batez gainera. Beraz, gaur egun, sentiberatasun hori behar bezala prestatzea da gure eginkizuna, antzina hain modu naturalean izan genuen ahalmen bat berreskuratze aldera.
Beraz, arreta gure lanaren segmentu horretan —hau da ukigarritasunean— bildu nahi badugu, hobe izango dugu kabestruak jarri, arreta galaraz diezaguken oro bistatik kentzearren: koloreari eta barne-egiturari buruzko kontsiderazioak, adibidez. Materialera hurbiltzen garenean, gauza bakarra izango dugu gogoan: hark berez daukan gainazal-kalitatea, edo guk zuzenean lanaren bidez edo zeharka haren gainean eraginez —aldameneko materialekiko kontrastearen bidez, adibidez— eman diezaiokeguna, aurkitzea. Ingurura begiratu eta har dezagun goroldio pixka bat, zuhaitz-azal edo paper puska hori, lore zurtoin horiek edo zur edo metalezko txirbil horiek. Elkarrekin jarriko ditugu, moztu, biribilkatu, nahastu, eta, agian, elkarrekin itsatsiko ditugu, ordena jakin bat zehazteko. Paper-orri leun bat hartu eta haritsu itxura emango diogu gainazala arraspatuz, zulatuz, urratuz, bihurrituz; edo artile harroaren itxura ematen saiatuko gara kardilaunak erabiliz. Ariketa hau margotzea bezain liluragarria gerta dakiguke, adibidez, eta emaitza, margolan bat bezala, itxura desberdineko eremuen arteko joko aktibo bat izan daiteke. Egiten ari garena gure ukimena suspertzea da eta ez benetako ehungintzan jardutea.
Baina gure xedea ehun-forma denez, eta ez hainbeste margolariaren forma askeago hori, aintzat hartu beharko ditugu gure gainazalak ehun-gainazal bihurtuko dituzten baldintza horiek. Gainazal horietan horizontalen araberako erritmo bat ezartzen saiatzen bagara, edo bertikalen araberako bat, edo horizontal eta bertikalen araberako bat, edo mailaz mailako diagonalen araberako bat, benetako ehunen antzeko emaitzak lortuko ditugu, bertan ehun-elementu nagusiak agertzen direlako: norabideen lerro zuzenak eta gainazaleko aktibitatea. Kolorea bigarren mailako produktu gisa bakarrik sartzen da puntu horretan —ezer ez baita koloregabea, noski— eta ez garrantzizko puntu printzipal bat bezala. Edozein efektu kromatiko ausazkoa da, oraingoz, ez intentzionala.
Pikorra eta distira baliatzen ikasiko dugu, eta leuntasuna, laztasuna, material astunaren eta xehearen arteko konbinazioaren erliebe-nolakotasuna —ukimen-esperientziaren alderdi estetikoari dagozkion forma-elementu horiena—, eta horiek ere eremu eta koloreen araberako banaketak bezain inportanteak direla ikusiko dugu.
Norabide horretan kontzentratuko dugun indarrak honako bi helburu hauek erdiesteko balioko du: lehenik eta behin, matière delakoari buruzko gure pertzepzio sorra azkartzea, garrantzi handiko xedea bera; bigarrenik, proposatutako diseinu batek, benetan gauzatzeko edozein saiakera egin baino lehen, bere ukimen-propietateak —marrazki batean edo margolan batean agerrarazten zailak— kontuan hartuko dituela erakusteko bitarteko egoki bat lortzea: ukimenezko prototipo bat. Gainazaleko ezaugarriak bitarteko guztiz adierazkorrak izan daitezkeela ikasi izango dugu, lerroa edo kolorea diren bezala. Bitarteko horren kontzientzia hartu izango dugu, ehunkien ezaugarri espezifiko gisa ulertuta. Eskultore batek batez ere bolumena badu langai, arkitekto batek espazioa, margolari batek kolorea, ehulearen langai nagusia ukimen-efektuak dira. Baina aurrez esanda utzi dudan moduan, barne-egituraren nolakotasunek kanpoko ukimen-gainazalaren efektuen neurri berean hartzen dute parte ehunean. Ehun baten egiturak, lan horretarako hautatuko zuntzek bezala, gainazal erakargarri bat moldatzeko bidea eman dezake. Interakzio korapilatsu bat dago bien artean. Beraz, ehuna egiteko prozesua ezagutzea behar-beharrezkoa da bai matière efektuak lortzeko bai ehun bat osotasun gisa hartuta antolatzeko ere. Gure gainazal-efektuen inguruko esperimentuak gainazaleko aktibitateen inguruko gure pertzepzioa areagotzeko ariketa soil gisa ulertu behar dira beraz; izan ere, ehungintzaren benetako lana zati batean bakarrik zentratzen da ehunaren azalean. Barne-egitura, batetik, eta egitura horrek kanpoko itxuran eragiten dituen efektuak, bestetik, dira aintzat hartu beharreko kontsiderazio nagusiak. Broderiak, bestalde, azala baino ez du lantzen, ez baitu eskatzen oihal bat fabrikatzeko egin behar den ingeniaritza-lan guztian pentsatzea. Horregatik beragatik, baina, dekoraziozko lan hutsean galtzeko arriskua du; ehuna egiteko jarraitu beharreko diziplina oso erakusbide ona baita dekorazio hutsaren tentazioan ez erortzeko.
Gainazal mota desberdinak erabiltzearen bidez irudikapenerako bitarteko bat lortu izanaren esperientzia horrek grafikoki produzitutako ezaugarriak bezalako ilusioak erabiltzera garamatza, baina ez ordea irudikapeneko grafiko baten —hau da, lerro modulatu baten— bitartekotza erabiliz. Itzaleztadura bat edo punteaketa bat, lerro uhinduak edo kurbatuak ageri dituen, eta, beraz, egitura-itxura duen marrazki bat, edo grabatu bat, baliagarria izan dakiguke, ez agian benetako ukimen-gainazalak sortzeko, baina bai haien ilusioa pizteko. Idazmakinarekin sortutako ehun-ilusioek eta ukimen-ilusioek puntu hau argitzeko balio dezakete. Adierazpide-alorreko esperimentu anitz horiek ez dira, beren horretan, helburu bat bezala hartu behar, baizik eta ukimen-lengoaiari buruzko gure hiztegirako termino berriak lortzeko laguntza bat bezala baino ez.
[Itzultzailea: Rosetta Testu-Zerbitzuak, S.L.
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]