katalogoa
Gibel-solasa
Nicholas Fox Weber
- Izenburua:
- Gibel-solasa
- Egilea:
- Nicholas Fox Weber
- Argitalpena:
- Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2017
- Neurriak:
- 29 x 22 cm
- Orrialdeak:
- 135 or.
- ISBN:
- 978-84-95216-80-9
- Lege gordailua:
- BI-1478-2017
- Erakusketa:
- Anni Albers: Ikusmena ukitu
- Gaiak:
- Ehungintza-artea | Lan-prozesua
- Aipatutako artistak:
- Albers, Anni
Alderdi pertsonalarekin hasiko naiz, ez horrek nitaz ezer adieraziko duelako, Anniri buruz hainbat gauza adieraziko dizkizuelako baizik.
Annik esan zidan tarteka ehungintzari buruzko solasaldiak egiten zituela Museum of Modern Art-en. Ez zuen “eskolak” edo “hitzaldiak” esan, tailerrak edo lantegiak baitziren, izan: ehungintzan interesaturiko jendearentzat teknika ikasteko aukera bat, materialetan zuten trebetasuna areagotzeko, edota esperimentatzeko, esperimentazioa baita Anniren nahiz Josef Albersen artegintzaren metodoen muina. Lantegi haietara joaten zirenetatik, batzuk hasiberriak ziren, besteak aurreratuagoak zeuden. Argi zegoen Anniri gustatu egiten zitzaiola gertaera haiek gogoratzea, lantegi haien xedea ez baitzen ezaguerak igortzea, baizik eta asmamena sustatzea eta jendea bizitzako funtsezko auzietan sakontzera bultzatzea; eta, hartara, Anni bere gogoetetan hain maiz egoten zen lurraldean sarraraztea.
“Nik esaten nien”, esan zidan Annik ahots gozoz, Berlingo goi-mailako klasekoen doinu arin guztiz dotore harekin, Maximilian Schell antzezle eta film-zuzendariak Elisabeth Bergner europar antzezlearen hizketa-moduarekin lotzen zuen doinuarekin hain zuzen, “imajinatzeko hamargarren mendea zela, eta Peruko kostan zeudela”. Gustatuko litzaidake zuek ere aditzea nola esaten zuen Annik Peru. “Pee-ruu” bezalako zerbait zen. Paradisukoak balira bezala ahoskatzen zituen Annik bi silaba horiek; izan ere, inken zibilizazioa bere gailur ezin sinetsizkora heldu zen herrialdearen izena beti zegoen lotua Anniren gogoan, berak maite zituen gauzekin. Ez zituen enfasi beraz esaten beste herrialdeen izenak, ezta bekainak jasotzen ere Perurengatik eta Mexikorengatik bakarrik jasotzen zituen bezala.
Eta nik esaten nion jende hari —haietako batzuk Park Avenueko damak ziren, beste batzuk Queens-eko irakasleak—, edonor zirela ere, “Hortxe zaudete, kostan, eta hor ezertxo ere ez dago, ez bada naturak jarri duena. Itsasoa honaino heltzen da, eta era askotako algak daude, eta adar idorrak eta hondarra, eta seguru asko badira arraien hezurrak ere, eta oskolak. Eta ez da ozeanoko bizitza bakarrik; basotik edo oihanetik heldutako animalien larruak ere izan daitezke”. Ehungintzari buruz ikasi nahi zuen jende hari, nik esaten nion nahi zituzten aukera guztiak hartu behar zituztela gogoan ehungailu bat eraikitzeko moduaz, eta erabil zitzaketen lehengaiez. Proposatzen nien imajinatzeko nola egin zitzaketen hariak, era guztietako koloretakoak eta sendotasun-maila desberdinekoak, nahi adina zabaleretan, agian harri zorrotz batez moztuak. Ez nuen ezer zehazten; ehunak egiteko beren ideia propioekin etortzera bultzatzen nituen, erosi gabeko gauzak eta aldez aurretik egin gabeko gauzak zituztela, eman zitzaien sari handi hura baino ez zutela hasteko. Eta ehun haiek nola erabiliko zituzten pentsatzera bultzatzen nituen: poltsak, edo jantziak, edo behar zuten edozer gauza egiteko.
Ezin zitekeen xumeagoa izan, ezta aberatsagoa ere. Nik ezagutzen nuen ordurako Anniren estetikaren muina: ehunak eder-ederrak direla beren egitura agertzen dutenean, ezkutatzen dutenean baino areago. Zuntzak eta zuntzen arteko loturak beren egoera gordinean estimatu behar liratekeelako usteari jarraituz diseinatzen eta egiten zituen Annik bere lanak. Esan zidan bere haurtzaroko materialak—damasko loredunak eta chintzak beren gehiegizko apaingarriekin eta diseinu figuratiboak brodaturik zeuzkaten zetak—, bere familiaren pisu handi dotorean, Meinekestrasse kalean, hain zuzen ere Kurfürstendamm etorbidearen ondoan, artifiziozko mundu batekoak zirela, estalgarriena eta ez xalotasunarena, hau da, egiazkotasunak baino areago “estiloak” agintzen zuen mundu hartakoak.
Annik hura dena atzean utzi zuen, eta gehiago ere egin zuen: uko egin zion hari guztiari batere lotsarik gabe. Etxeko nagusiak eta haien familia ez ziren han inoiz sukaldean sartzen, ideia harekin hazi zuten, sukaldea zerbitzarientzat besterik ez baitzen; ezkondu behar zuen eta haurrak izan behar zituen, eta, jakina, lanik ez zuen egingo, lana ez baitzen gauza egokia bere mailako dama batentzat. Annelise Else Frieda Fleischmann-ek ez zekien josten; ama, ahizpa eta hirurak janztera etxera joaten zitzaien jostuna zen han orratz bati heltzen zion pertsona bakarra, ez familiako inor. Aita, Siegfried Fleischmann, altzari-fabrikatzaile arrakastatsu bat zen, Brandenburgoko Atearen beste aldean Art Nouveau estiloko erakustareto handi bat zeukana, eta Annik adoratu egiten zuen; baina, hogeita bi urte zituela, Annik aitari Bauhausen berri kontatu zionean —bi urte lehenago, 1919an, ireki zen arte-eskola aitzindaria—, eta haren premisak azaldu zizkionean, aitak erantzun zion, “Zer esan nahi duzu, estilo berri bat? Ez dago estilo berririk. Berpizkundea izan dugu; Barrokoa izan dugu. Horixe da dagoen guztia”. Hala ere, alaba nagusitu zitzaion aitari, eta hurrengo udaberrian, 1922an, ekainaren 12an hogeita hiru urte bete baino lehentxeago, Weimar-era joan zenean ea eskolan hartzen zuten; alabari lagundu zion Herr Fleischmann leialak, eta, hala, neskak gela apal bat alokatu ahal izan zuen hiriaren kanpoaldean, egokia gertatzen zitzaiona nahiz eta astean behin bakarrik izan bainatzeko aukera, beheko solairura jaitsita.
Anni emozionalki erakartzen zuten bere oraingo bizimoduaren soiltasun eta behar berriek. Bazen haietan zerbait berak nahiago zuena zalgurdi-txango handientsuak eta amaldeko osabaren mantsioak (Anniren amaren anaiak, Ullstein abizenez, munduko argitalpen-inperio handienaren jabeak ziren, eta beren hegazkin propioak ere bazeuzkaten aldizkariak eta egunkariak banatzeko) eta gizarte zurrun eta elitista baten handitasun harroa baino. Annelise emakume independentea zen, bakarrik zegoen baina bakardadera ohitua, eta Walter Gropius-ek fundatu zuen eskolan sartzen saiatu zen, han arte guztiek balio berbera baitzuten, eta helburua aurrerabidea zen: ehungintzan, metal-lanetan, hormako paperen diseinuan, beiragintzan, zurgintzan, zeramikan, bai eta margolaritzaren artean ere; hura dena mundu osora zabaltzea, era guztietako finantza-egoeretako jendearen eguneroko objektuen diseinua aldatzea zen xedea, eta lehen mailan jartzea diseinuaren xalotasuna, funtzionaltasun eta soiltasun estetikoa.
Borroka handia zen, nolanahi ere. Annelise luzea, ia luzanga, itxura sefarditako neskatxa, bere ile ilun lodiarekin, atzera bota zuten, sei asteren buruan Bauhausen sartzeko eskatu zuenean. Nolanahi ere, “westfaliar argal, goseak erdi hildako bat” ezagutu zuen han: Annik egin zidan deskribapen hori, 1973an; nik ondo ezagutzen nuen Josef Karratuari homenaldiak (Homages to the Square) margotzen ari zen beren Connecticuteko etxeko sotoko estudioan, Anni eta biak berriketan ari ginen bitartean haren goiko lan-gela sinplean. Ordurako galdetu nion Anniri ea idatz nezakeen liburu bat berari buruz, eta baietz esan zidan. “[Josefek] Flekillo horail guztiz tentagarria zeukan”, jarraitu zuen, oharkabean guztiz erabakita baleuka bezala garrantzitsuagoak zirela, eta dibertigarriagoak, neska-mutil kontu hori, eta flirteatzea, eta gizon baten itxura lerdena, beste edozer baino. Annik dibertsioaren sen zorrotza zuen.
Josef beste mundu batetik zetorren. Anni baino hamaika urte zaharragoa zen, eta Ruhr-eko eskualde industrialeko Bottrop hirikoa zen; Josefek kontatu zidan ikatzaren kea hain lodia zela han, non “listua ere beltza baitzen”. Haren familiak diru gutxi zeukan; eskualdeko eskola-sistemaren babespekoa izan zen Josef, eta harentzat lanean aritu zen, Westfalian, Bauhauseko matrikula eta bere gastuak ordaintzeko. Katoliko zintzoa zen, eta Annelise, berriz, “Hitlerren zentzuan, judua”—Annieren hitzak dira horiek ere— nahiz eta eliza protestante batean bataiatua eta sendotza emana izan, eta Ullsteintarrek, XIX. mendearen amaieran, familia-bataio orokor bat egina izan, senide guztiak asimilatzeko. Annelise eta Josef segituan enamoratu ziren; xalotasuna eta umorea partekatzen zuten, eta maitasun iraunkorra zioten edertasun eta trebetasun artistikoari, nahiz arteari moraltasunaren garraiolari gisa.
Josefek bigarren saio bat egiten lagundu zion Anniri ea eskolan hartzen zuten. Marrazkigintzari eta formaren ulerpenari buruzko azterketak egingo zizkioten, eta orduko hartan lortu zuen sartzea. Annik joan nahi zuen lantegi bakarra, nolanahi ere, ehungintzakoa zen. Esan zidan nahiago izango zuela horma-pintura, baina bazekien ezingo zela hartan aritu, bere eragozpen fisikoengatik. Annik ez zuen inoiz zehazten zer ziren eragozpen haiek, nahiz eta argi zegoen oso-oso hanka meheak eta ezohiko forma zuten oinak zeuzkala (eskuz egindako zapatak erabiltzen zituen bere oin-arku gaizki eratuak egokitzeko), eta makila behar zuen ibiltzeko. Askoz geroago jakin nuen Charcot-Marie-Tooth eritasuna zuela, muskulen ahultasuna eta hanketan hasten den atrofia eragiten dituen arazo neuromuskular bat, nahiz eta Annik ez zuen inoiz izendatzen. Nolanahi ere, jendeak gaur egun esan nahi baldin badu Annik emakumea zelako jo zuela ehunetara, bere borondatearen kontra alegia, ez da hori niri esan zidana; bere gorputzaren mugek aukera hura derrigorrez inposatu ziotela esan zidan, besterik ez.
“Eta gero Paul Klee-ri aditu nion hizketan, eta hark esan zuen ateratzeko lerro bat paseatzera, eta nik pentsatu nuen, ‘Nik haria aterako dut, ahal dudan toki guztietara’”.
Anniren lana ikusi nuen aurreneko aldian, aditu gabea nintzen haren berri, baina aho zabalik geratu nintzen ikusi nuenean zer lortu zuen hariarekin. Egun hartan haren “ehungintza piktorikoa” ageri zuten bi maisulan ikusi nituen. Annik asmatua zen esapide hura, desegokia nire ustez, ehun soil batetik bereizteko, berea artelantzat ulertzea nahi baitzuen, akuarela bat edo olio-pintura bat ulertzen den modu berean. “Piktoriko” adjektibo desegokia da niri gustatzen ez zaidan hitza, honako hauek lan abstraktuak baitira; baina uler nezake zerk bultzatu zuen Anni kategoria hori erabiltzera: argi utzi nahi zuen Klee bati edo Mondrian bati aplika dakizkiokeen ezaugarri formal guztiengatik hartu behar litzatekeela aintzakotzat ehuna. Bi ehun piktoriko horiek, atzealde neutraletan josiak, ohol sendo batean muntatuak, Josefek bere Karratuari homenaldiak obrarentzat erabiltzen zituen aluminio biribiduz estalitako egurrezko listoiz egindako marko berdina zuten, eta, kristalaren babespean, Bihurgunea (Meander) eta Hiria (City) deitu ziren.
1968an ikusi nituen pieza haiek aurreneko aldiz, baina gaur egun oraindik ere aztoratzen naute. Bihurgunea izenekoak, haria erabiliz, grekaren motibo ibiltaria, erritmoduna berrasmatzen du, bere angelu zuzenen sekuentziarekin aurrera egiten duela eta horizontalak hara eta hona dabiltzala. Hari txirikordatuez osatua dagoenez, tema soilak geruzak dauzka geruzen gainean, oihartzunak, nahasketak, bai eta mugimendua eta fluxua ere, espazioan sartu eta atera; hori ez litzake posible izango beste inongo teknikatan. Hiria lanak hari zuri-beltza erabiltzen du metropoli baten aztoramendua sortzeko. Auzoak ikusten dituzu, jendetzari aditzen diozu, sumatzen duzu trafikoa zalaparta batean pasatzen. Baina zehazgabea da, eta, piktorikoa baino areago, iradokitzailea da, giro-sortzailea, eta hemen ere haria suertatzen da intersekzioaren, erlazioen eta energia fisiko fantastiko baten garraiobidea.
“Anni” ezezagunaren lan haietara heldu nintzen —ordurako, hogei urterekin, banekien Josef Albers nor zen— Anniri, urteak geroago, adiskide minak egin ginenean, tarteka aditzen nion esakune baten ebidentzia biribila den bide batetik, eta hura zen: “Edonondik edonora joan zintezke”. Ni unibertsitatean ikasten ari nintzen, Columbia Collegen, liluratuta lantzen nituen Erdi Aroko artearekin nahiz arte modernoarekin, Meyer Schapirorekin eta edertasun bisualaren beste zenbait zale suhar bikainen gidaritzapean. Udan, kanpamentu-ikuskatzailea nintzen New Hampshire-ko mendietan, Tamarack Tennis Camp izeneko toki batean, eta lagun batek bere gurasoen etxera gonbidatu ninduen, Cambridge-ra, Massachusetts-en. Espazio handi, zabal eta oso argiko tokia zen. Pareta gehienak zuriak ziren, nahiz eta nire oroimenean, liburutegiak, Anniren ehunetako bat hartzen zuenak, zeta gordinezko estalki ilunago bat zuen akaso. Artelan guztiak espazio handi batez inguraturik zeuden han zintzilikatuak, eta altzariak, Knoll-eko klasikoak gehienbat, kokagune neutral perfektua ziren, halako moduan non ondo fokuratua gertatzen baitzen margolan bakoitza, edo egurrezko behe-erliebea, edo ehun piktorikoa; haien ahotsa ezin hobeto aditzen zen, eta ezerk ez zintuen distraitzen haien presentzia osasungarritik. Baziren Josef Albersen pintura zoragarri batzuk, haien artean Homenaldi koloretsuak eta haren Aldaera (Variant) saileko bi lan bikain: bata mexikar piñata baten koloretan, bestea osorik beltz eta grisetan; bazen Morandiren natura hil sotil bat, tonu zuri, beige eta grisarekin gehienbat; eta Jackson Pollock txiki bat, zilar eta beltz koloreko pintura arrasto bikain bat zaku-oihal antzeko atzealde baten gainean. Behe-erliebea Ben Nicholsonena zen, laukizuzenez osatutako abstrakzio sotil zoragarri bat, zenbait zirkulurekin gainean. Eta gero Anniren bi lan horiek zeuden. Konpainia horretan, beste lan handi horien artean zintzilikaturik, Annik amesten zuen posizio hartantxe zeuden kokatuak.
Anni Bauhausen hasi zen unetik, bere lehen oihal zintzilikari oso minimalistarekin, Anniren ehungintza-artearen funtsezko alderdia izan zen hura: banakako piezek beren gisa agertu behar zuten, begiratzen dugun artearen funtzioa betez, besterik ez. Baina aldi berean, Weimarren eta Dessau-n, eta Amerikan geroago, tapiz-materialak egiten zituen Annik, eta gortinak, eta pareta-estalkiak, eta gela-banatzaileak: helburu funtzionaleko ehunak, alegia. Hala ere, erabilera eta asmoa edozein izanik ere, Annik ehuntzen zuena guztiz koherentea da berez. Zerora itzularazten eta infinituraino eramaten zaitu; goraipatzen du zuntzaren eta korapiloak egitearen lilura; prozesua eta teknika ospatzen ditu. Apala da tonuan, baina guztiz ziurra halere —eta horixe sentitu nuen egun hartan, ikusi nituenean niretzat Anni Albersen lehen bi lanak izan zirenak—. Anniren ehungintza, eta horixe geureganatzen dugu hark sorturiko edozertara begiratzen dugunean, trebetasunez eta antze handiz egina da, baina ez ditu harrokeriaz erakusten bere lorpenak. Mugimendu distiratsu horiek baliatzen ditu, saiheskako lerratze horiek eta dantza-pauso alaiak, bizitza bera ospatzeko besterik ez, hainbeste hain gutxirekin egiteko aukera goraipatzeko, loturen mundu zoragarria: pertsonen artean, gure gorputzen artean, harremanak dauden aldi bakoitzean eta gauza batek beste bati eragiten dionean. Eta antze hori guztia, eta irudimena, eta egiten ari zen eginkizunean murgiltzea, zeuri buruz da, eta bizitzari buruz, eta materialari buruz, baina inoiz ez Anniri berari buruz.
Hiria eta Bihurgunea ikusi eta urte batzuk igarota ezagutu nuen lan haien sortzailea. Elkarrekin egon ginen aurreneko aldian, Josef nagusitu zen egoeraz, niri galderak eginez, Anni begira zegoen artean. Annik eszena aztertzeko zuen moduak —nola segituan jakin nahi zuen Josefek ni zein nintzen, zer egiten nuen, zer balio nuen, eta bere gustukoa ote nintzen— sentiarazi zidan aliatu bat neukala ondoan. Alberstarrentzat, gauza asko agerikoak ziren lehen unetik bertatik, eta nire ustez, nire hitzen aukeraketak, nire ahotsaren doinuak, nire jantzi txukun eta egoki baina ez modakoek, eta arteari behin eta berriz begiratzen nionean agertzen nuen plazerak, gauza horiek guztiak oinarri jarri ziren denborarekin bizimodua aldatzen duen harreman horietako bat bihurtuko zenarentzat. Denbora asko pasatu baino lehen, Alberstarren Connecticuteko etxean nintzen; bizileku guztiz sinplea zen, ahalik eta distrakzio gutxienekin bizitzeko eta sortzeko laborategia, eta hantxe esan nion Anniri ezertxo ere ez nekiela ehungintzaz, botoi bat ere ez nekiela josten, baina maite nuela bere artea, Paul Kleerena maite nuen modu berean. Esan nion liburu bat idatzi nahi nuela berari buruz, baina nola idatziko nuen nik ezer ehungailu batek nola funtzionatzen duen ere ez banekien?
“Hobe horrela”, esan zuen Annik. “Zu ez zara eskulangilea. Azalduko dizut nola funtzionatzen duen ehungintzak”.
Bisita egin nion hurrengo aldian “Ehungailu bat egin dut zuretzat” esan zidan. Ez zitzaidan bururatzen zer etorriko zen hurrena. Joan ginen Anniren lan-gelara, eta ikusi nuen ardura handiz prestatu zuela eraikuntza bat, Lord & Taylorren saltegiko kutxa zuri txiki baten goiko taparen gainean. Annik arrakala motz batzuk eginak zeuzkan alborik laburrenetan, eta soka batzuk zintzilikatu zituen haien artean. Soka paraleloen egitura ireki hartan, egurrezko makila garbiak zeuden esekita, eztarria aztertzeko erabiltzen ziren mingain-zapaltzaileen tankerako egurrak edo izozkietan erabiltzen direnen modukoak. (Atzera begira, arrastorik ez daukat zergatik zeuzkan Annik haiek; eztarrikoak agian botika batean erosiko zituen). Balsa-egurrezko makilatxo arinak sokaren gainetik eta azpitik pasatzen ziren moduagatik eusten ziren beren tokian.
Eta orduan pazientzia handiz azaldu zidan zer ziren irazkia eta bilbea. Eta nola funtzionatzen zuten.
Nik orduan ez nekien hamabi arneseko ehungailuaren aztia zela Anni, beren asmamenagatik gaur egun oraindik ere adituak txundituta dauzkaten teknikak garatu zituela. Baina egiaz ulertu nuen zer den hutsetik hastea.
Eta, Annik hain ederki ulertzen zuelako sinplea denaren edertasuna, halako ahalmena zeukalako apurrak eta aukera mugatuak hartu eta haiekin zeruraino heltzeko, halako desira zuelako plazera emateko eta xumea dena xarmaz hornitzeko, haren gogoak beste inorenak ez bezala funtzionatzen zuelako, aurrenekoz 1965ean argitaratu zuen liburu bikain honetako saiakerak —haien artean Encyclœpedia Britannicako “Eskuzko ehungintza” sarrera, non haren ahotsak definitu eta azaldu zion mundu osoari bere artea— idatzi zituen emakume paregabeak eremu loriatsura eraman zuen ehungintzaren artea denentzat, eta betiko.
[Itzultzailea: Rosetta Testu-Zerbitzauk, S.L.
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]