Edukira zuzenean joan

Anni Albers: Ikusmena ukitu

katalogoa

Bosgarren kapitulua. Ehun eraldatuak eta konposatuak

Anni Albers

Izenburua:
Bosgarren kapitulua. Ehun eraldatuak eta konposatuak
Egilea:
Anni Albers
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2017
Neurriak:
29 x 22 cm
Orrialdeak:
135 or.
ISBN:
978-84-95216-80-9
Lege gordailua:
BI-1478-2017
Erakusketa:
Anni Albers: Ikusmena ukitu
Gaiak:
Artea eta filosofia | Ehungintza-artea | Kolorea | Lan-prozesua | Estetika
Aipatutako artistak:
Albers, Anni

Landutako produktuak lanaren fase aurreratu bat direla pentsatu ohi badugu ere, sarritan oinarrizko kontzeptuen hedapen errazak baino ez dira. Konplikazioa eta konplexutasuna ez dira, nire ustean, aintzat hartu beharreko aurrerakuntzak. Alderantziz: soiltasunak —hau da, trinkotasunak— izan beharko luke gure bidearen helmuga eta xedea. Uste zabalduenaren kontra, soiltasuna ez da sinpletasuna, ikusmen argitasuna baizik. Norbait modu argian hitz egiten edo idazten saiatzen denean, sakontasuna falta duela esan ohi da; aitzitik, gaur egun askotan erabiltzen den hizkera-modu bihurri eta ilun hori —arteari buruz idazten denean, adibidez— begirunez hartu ohi da. Zergatik ote? Bada, segur aski, hain ulergaitza izanik, irakurle arruntaren ulermenarentzat aurreratuegia dela uste delako. Horrek esan nahi du oinarrizko ehungintzari buruz esan dugun guztia berdin aplikatu daitekeela, oro har, ehun eratorri eta konposatuen kasuan, salbuespen bat eginda, honako zentzu honetan: izan ere, jatorrizko ezaugarrien arrastoa ezabatua gera daiteke beste gehigarri batzuen artean, hauek aurrekoak indarrik gabe utzi baititzakete.

Abantailak ere badira, jakina, jatorrizko oinarrizko ehunaren esparrutik kanpo: ehun bakunean, sargan edo satinean oinarritutako ehun bikoitzetan, adibidez. Kasu honetan, ehun bakun baten lekuan, bi ditugu, geruza bat bestearen gainean jarrita. Gauza bera gertatzen da, noski, sarga- edo satin-ehun bikoitzen kasuan. Ehun horiek, berotasun eta sendotasun bikoitza izateaz gainera, badute ezaugarri gehigarri bat, aukera ematen baitute kolorearen erabilera bikoitz baterako, geruzen arteko trukaketa baterako, eta kolore-eremuen interpretazio baterako, aurrerago xehetasun handiagoz ikusiko dugunez.

Aipatu beharra dago ezen oinarrizko egituraren alderdi funtzionala oso deigarria ez den tokian nolakotasun estetikoak nabarmendu ohi direla: izan ere, sarritan, horiek dira aldaketa estrukturalaren benetako arrazoia.

Ehun eraldatu eta konposatu gehienak oinarrizko hiru ehunen bilakaerak dira. Ehun ildaskatua ehun bakunaren aldaera bat da, eta aurkakoen printzipio berean oinarritzen da: kalatu batean gainean ageri ziren hariak azpian geratzen dira hurrengoan —hori du ezaugarri funtsezkoetako bat ehun bakunak. Ehun bakunaren irazkiaren eta bilbearen arteko proportzio orekatua aldatzean eratzen da ehun ildaskatua. Irazkiko harien artean oso tarte txikia uztean, eta, adibidez, bilberako hari lodi bat erabiltzean, halako ildaska horizontal batzuk sortzen dira eta irazkiak bilbea estaltzen du. Beste aukera bat da gainazalean bilbea irazkiaren gainetik nagusiaraztea, tapizgintzan bezala, baina kasu honetan bilbea zenbait irazki-hariren gainean pasaz, tarte erregularretan, halako ildaska-efektu bertikal bat sortzeko. Irazkizko ildaskak edo ildaska gurutzatuak bilbearen norabide berean ditu ildaskak; bilbezko ildaskak edo ildaska luzeak, berriz, irazkiaren norabidean. Era askotako elaborazioak egin daitezke ehun ildaskatuaz, baita irazkizko eta bilbezko ildasken konbinazio asko ere.

Ehun bakunetik eratortzen den beste ehun mota bat estera-ehuna da, eta horrek ere, noski, aurkakoen printzipioen arabera funtzionatzen du. Ehun mota honen ezaugarri nagusia da irazki-hari eta bilbe-hari flotatzaileak baliatzen dituela bloke-patroiak eratzeko; patroi horiek ez dute, dena dela, ehun bakunaren irmotasuna. Bloke-patroi horien arteko konbinazio batzuen bidez espazio baten ilusio optikoa eragitera iritsi daitezkeen diseinuak lor daitezke. Estera-ehun bakunari irmotasun handiagoa ematearren, bilbe-hari meheak tartekatzen zaizkio, eta horiek estera-ehunaren bilbe-hari lodiagoen azpian estalita geratuko dira. Ameriketako ehun kolonialak, beren aldaera ugari eta aberatsekin, hala nola Suedia eta Finlandiako ehunetako asko, estera-ehunaren printzipioaren aldaerak dira.

Sarga-ehunaren elaborazio desberdin asko daude, bakoitza bere izenarekin, baina denek dute sargaren jatorrizko diseinu bera oinarrian: elkarren ondoko irazki-hariak hurrenez hurreneko bilbe-hariekin ezker-eskuin gurutzatuak. Badira sarga gurutzatuak, sarga inklinatuak, sarga alderantzikatuak, sarga ukondotuak, galburu-erakoak, uhinduak, puntazorrotzak, itzaldunak… eta bestelako batzuen zerrenda luze bat. Sargaren lerro diagonalak begien bistakoak dira, baita haren malgutasuna ere, ehun bakunarena edo haren eratorriena baino handiagoa beti. Sarga-ehunek eman egiten dute diagonalean, eta oso egokiak dira, beraz, mendebaldeko estiloko jantzigintzarako. Kontuan izan, baita ere, tweed oihalak sargak direla. Sargak aise moldaraz daitezke, behin oinarrizko printzipioa ulertuta, eta zenbait metodo asmatu dira moldaketa horietarako. Sargak prestatzeko ehunka modu azaltzen dituzten liburuak daude, baina okasio jakin baterako sarga apropos bat prestatzea ez da zaila: aski da zentzu pixka bat erabiltzea.

Satin-ehunek ere, nola ez, beren eraldaketak eta elaborazioak dituzte, baita beren konbinazioak ere. Horiek ere satinaren ehun-egituraren jatorrizko izaerari eusten diote. Damaskoak dira, seguruenetik, satin-ehunaren garapenik arrakastatsuenak, nahiz eta badiren sarga-itxurako damaskoak ere. Kasu honetan, irazkizko satin bat bilbezko satin batekin konbinatzen da, edo, hain harrigarria ez dena, irazkizko sarga bat bilbezko sarga batekin, batek hondoa eratzen duela eta besteak marrazkia: lore-diseinu bat, gehienetan —mendeetan hori izan da diseinurik kutunena—. Satinetan, irazkiko edo bilbeko hari flotatzaileek sarga-konbinazioetan baino hobeto estaltzen dute irazkia edo bilbea, eta hori dela eta, patroia garbi ageri da bistara; eta beroriek moldatzeko zeta erabili ohi denez, edo liho mehe-mehe bat, emaitza luxuzko produktu bat da. Hemen ere desiragarria denez marrazki-eremu handiagoak izatea —4, 8, 16 edota are 24 arnesez hornituriko ehundegietan sor daitezkeenak baino handiagoak—, damasko-ehunak moldatzeko aproposagoa da Jacquard ehundegia.

Kordoi-ehunak oinarrizko ehun-egituretatik eratorria den beste talde batekoak dira, argi eta garbi; izan ere, kordoi erliebedunaren itxura tafeta-, sarga- edo satin-ehunezko gainazal-ehun baten emaitza bat da. Izurtze-efektua lortze aldera (irazkian zein bilbean egin daiteke hori), harizpiak flotatzen uzten dira tarte jakin batzuetan, eta gero oihalean tartekatzen dira berriro; horrek aukera ematen du hedadura handiko gainazal-ehun bat geldirik utzitako harien ehundu gabeko sekzioaren kontra estu-estu tinkatzeko. Hariak desberdin ehuntzen diren kasu hauetan bi irazki-toki baliatzea gomendatzen da; bestela, tentsio dibergenteak eragiteko arriskua dago.

Kordoiaren efektu tridimentsionala gehiago areagotze aldera, betelaneko harizpiak gehi daitezke, zailtasun handirik gabe, zeinak gainazalaren eta harizpi flotatzaileen artean tartekatuta geratuko baitira. Ehun mota horren aldaera bat plissé delakoa da, hau da, ehun tolesduna edo pleguduna. Oihalaren tolesdura bat egiteko, aukeratutako ehunaren sekzio bat ehundu behar da aurrena; gero, irazkiaren zati ifrentzuan flotatzen utzi, eta beste sekzio bat; eta, azkenik, lehen zatiarekin elkartu behar da berriro azken sekzio hori, dagoeneko bukatuta dagoen zatiaren kontra estu-estu tinkatuz. Horrela, zintzilik gera dadin lortuko da, eta ez soilik, gorago aipatu dugun moduan, kordoi erliebedun baten itxuran.

Ehun-egituren sailkapen orokorretik apur bat aparte geratzen den ehun-talde bat imitaziozko gaza-ehunena da. Kasu honetan, irazkiko eta bilbeko hariak halako eran daude bildurik, non sorta txikitan multzokatzen baitira, eta multzo gisa jokatzen dute, bestela jokatzen duen multzotik aparte atxikita. Horrela, parpaila-efektu ireki bat lortzen da; efektu hori areagotzeko, orrazian sartzen dira irazkiko hariak, egokitutako diseinuaren arabera multzokatuta, eta tarte batzuk uzten dira orrazian, hariak ehun-egituraren arabera bereizteko moduan.

Krepe-oihalak ere oinarrizko ehunetatik abiatuta moldatuak dira, baina gorago aipatu ditugun beste ehun-egitura horiek ez bezala, norabide-patroiak edo gainazal leunak saihesten dituzte, gainalde pikardatu baten efektua sortzen duten bestelako itxuren mesedetan. Jatorrizko oinarrizko diseinu bati —satin bati edo, agian, sarga bati— lotura- edo jostura-puntuak gehituz, edo zenbait jostura-puntu egin gabe utziz, ezin konta ahala krepe-ehun molda daitezke. Izan ere, erraza da ehunka krepe-mota moldatzea. Oso oihal-egitura erabilgarria da; jantziak egiteko batez ere, oso egokia.

Badira oihalak egiteko beste ehun-egitura mota asko ere, ez bakarrik oinarrizko ehunen elaborazio gisa eta haien jatorrizko funtzioak mantentzeko asmatuak, baizik eta beste zeregin espezifiko batzuk betetzeko moldatuak. Hor ditugu, adibidez, ifrentzuan betegarria daramaten ehunak, bestelako bidez moldatu ezingo litzatekeen oihal tapitu eta lodiagoa moldatzea helburu nagusi dutenak. Produktu eratorri gisa, ehun mota horrek egitura desberdinak izan litzake aurkian zein ifrentzuan, bai eta, jakina, kolore desberdinak ere. Ifrentzuan betegarria daraman ehun batek ehun bakunezko aurkia eta sargazko ifrentzua izan lezake, adibidez, edo beste edozein konbinazio: aurkiaren eta ifrentzuaren artean oreka mantentzea da kontua, hau da, bi aldeen arteko tentsio-gorabeheren arazo hori saihestea. Ehun-mota honen beste helburu bat, ez hain laudagarria segur aski, oihala ahalik eta kosturik txikienarekin ekoiztea izaten da, horretarako ifrentzuan —hots, hain agerian ez dagoen aldean— hari merkeagoak jarrita.

Geruza bakarreko ehun-egitura baten bidez lor daitekeena baino oihal astunago bat lortzeko beste modu bat atze-irazkidun ehuna erabiltzea da, atzealdean irazki-hari batzuk tartekatuta eta bilbatuta dituen ehuna, alegia. Hala ere, ehun-egitura hori ez da ifrentzu betegarridun ehuna bezain erabilgarria, irazkiko hariak oso gertu jarri behar baitira bata bestetik, eta irazki-hari lodi batek arazoak sor ditzake kalatua irekitzeko orduan. Hori dela eta, ehun mota hau dentsitate erdiko ehunekin bakarrik erabili ohi da. Kasu honetan ere ehun mota desberdinak erabil daitezke aurkian eta ifrentzuan, bai eta kolore desberdinak ere.

Ehun bikoitzek badute halako ospe berezi bat, niri oso garbi geratzen ez zaizkidan arrazoiengatik. Oso bihurriak omen dira, konprenitzen zailak, ikasle aurreratuenentzako modukoak bakarrik. Nire ustean, ulertzen errazak dira eta zentzu pixka bat baliatzen duen edozeinek erabiltzeko modukoak, baina, tira, onartu beharra daukat zaila dela halako pertsonak aurkitzea.

Ehun bikoitzak bi geruza bereiziz osatuta daude, zeinak alde bietan, alde batean edo oihalaren barruan itxi baitaitezke, diseinuak goiko eta beheko geruzak (kolore desberdinekoak, normalean) elkarrekin trukatzea eskatzen duen behar beste tokitan. Badira ehun hirukoitzak eta laukoitzak ere, eta geruza anitzeko oihalak egin daitezke haiekin, baina halakoak ez dira oso ohikoak gure artean. Antzinako Perun, diseinu konplexuko ehun bikoitzak moldatu zituzten, eta ehun hirukoitzak ere aurkitu izan dira, hala nola pieza laukoitz txiki bat ere. Ez hizkuntza idatzirik, ez paperik, ez arkatzik ez zuen herri bat, oso adimentsua, halako asmakizunekin moldatzen bazen, guk ere gauza izan behar genuke —neke handirik gabe, espero dut— ehun-egitura horiek molde berean —gutxienez— errepikatu ahal izateko.

Ehun bikoitzak moldatzeko, aski dira lau arnes, ehunaren alde biak tafetanezko loturaz eginak direnean; arnesetako bi goiko geruzako irazki-hariak maneiatzeko erabiltzen dira eta beste biak, beheko geruzako hariak maneiatzeko. Normalean, lehen eta hirugarren hariak goiko multzokoak izaten dira eta bigarren-laugarrenak, berriz, beheko multzokoak. Lehen bilbe-haria goiko irazkiko lehen hariarekin gurutzatuko da, bigarren bilbe-hari gisa itzuliko da bueltan, eta irazkiko bigarren hariarekin gurutzatuko da, hau da, beheko geruzako lehen hariarekin. Hori lotzeko, goiko geruzako 1. eta 3. irazki-hariak eta une horretan ez-aktibo dagoen 4 zenbakiduna altxatu behar dira, bidea zabalik uzte aldera. Hirugarren bilbea goiko geruzara itzultzen da orduan, eta irazkiko 3. hariarekin gurutzatzen da: horrela, osatutzat ematen da goiko geruzako ehun bakunezko unitatea. Bueltan 4. bilbe gisa itzultzean, azpitik gurutzatzen ditu goiko geruzako 1. eta 3. irazki-hariak eta beheko geruzako 2. irazki-haria, eta bat egiten du orduan 4. irazki-hariarekin: horrela, osatutzat ematen da beheko multzoko ehun bakunezko unitatea. Hori da ziklo osoa, ehun bakunezko geruza biko oihal bat, bere bazter bietan itxita, eratzen duena. Hiru geruzako tafeta-ehunezko oihal bat egiteko, sei arnes behar dira; lauko bat egiteko, zortzi: bi geruza bakoitzeko. Aldiz, 2/1 sarga batean, ehun bikoitz batek sei arnes beharko ditu: hiru geruza bakoitzeko. Ez da zaila bestelako aukerak irudikatzea; arrazoibide berari jarraitzen diote denek.

Bilbeko operazio-sekuentzia aldatuz, alboetatik zabalik dagoen oihal bat fabrikatu daiteke. Horrela moldatutako oihalak, zabaltzean, ehundegiko irazkiaren zabalera halako bi, halako hiru edo gehiago ere izan dezake. Prozedura, ehun bakunezko ehun bikoitz baten kasuan, hurrengoa litzateke: aurrena, lehen bilbearekin, goiko geruzako ehun bakunaren lehen zatia ehuntzea; gero, beheko geruzaren lehen zatia ehuntzea; ondoren, ehun bakunaren bigarren zati bat ehunduz, geruza hori osatzea; eta azkenik, goiko geruzara itzultzea. Horrenbestez, osatutzat emango genuke ehun bakuneko unitatea.

Metodo horren bidez ehundegi estuetan oihal zabalak fabrikatzeko helburua alde batera utzita, hiru geruza edo gehiagoko ehungintzak badu beste helburu bat: oihal bateko kolore sendoko eremuen kolore-trukaketa areagotzea —gorri bat irazki-hari gorri batekin gurutzatzea, urdin bat urdin batekin—, eremu mistoak izan ordez, zeinetan, ehun bakunean adibidez, gorria urdinarekin gurutzatzen baita.

Artean aipatu ez dugun beste ehungintza mota bat brokatua da. Brokatu ehunak ez dira oinarrizko ehun-egitura batetik abiatuta moldatzen: oinarrizko ehun bati azaleko zuntzak gehituta —oihalaren itxura aberaste aldera— lortzen dira. Badira bilbe brokatuak eta irazki brokatuak, eta batzuek zein besteek diseinu-efektuak dituzte, hari flotatzaile gehigarri batzuen eraginez. Antzeko efektu bat lor daiteke brodatuetan, josketa mota horretan ere hariak gehitzen baitzaizkio oinarrizko ehun bati. Baina brokatuzko oihal batean, hari gehitu horiek ez dira eremu batetik bestera gurutzatzen; bilbearekiko paralelo doaz bilbe bidezko brokatuan, edo irazkiarekiko paralelo, irazki bidezko brokatuan.

[Itzultzailea: Rosetta Testu-Zerbitzuak, S.L.
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]