Edukira zuzenean joan

Anni Albers: Ikusmena ukitu

katalogoa

Bigarren kapitulua. Ehundegia

Anni Albers

Izenburua:
Bigarren kapitulua. Ehundegia
Egilea:
Anni Albers
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2017
Neurriak:
29 x 22 cm
Orrialdeak:
135 or.
ISBN:
978-84-95216-80-9
Lege gordailua:
BI-1478-2017
Erakusketa:
Anni Albers: Ikusmena ukitu
Gaiak:
Ehungintza-artea | Lan-prozesua | Industrializazioa | Teknika eta materialak
Aipatutako artistak:
Albers, Anni

Edozein ehun, denik eta landuena izanda ere, gutxieneko ekipamendu batekin molda daiteke, hartarako denbora izanez gero. Ehungintza perfekzionatzeko pizgarri nagusia, beraz, denbora aurreztu nahia izan da beti. Ehun-lana ongi eta zehazki egina egongo bada, ezinbestekoa izango da, noski, hartarako tresna egokiak izatea, baina badira halere fintasun handiko ehun-lanak laguntza mekaniko handirik gabe ere eginak. Areago oraindik: harien manipulazioak ez du ahalegin fisiko handirik eskatzen, material erresistenteei forma emateak ez bezala. Ehungintzak erabiltzen duen materiala maneia erraza da oso. Baina atal txikiz osatutako osotasun bat moldatzean datzanez —eta prozesu horrek, bere izaeragatik beragatik, denbora eskatzen duenez—, ehungintzarentzat betidanik izan da kezka, lehenengo eskuzko ehundegitik hasi eta azken ehundegi mekanikoraino, denbora aurrezten laguntzen duten tresnak eta gailuak asmatzea. Aurreztutako denboraren proportzioan, ekoizpena handiagoa izan daiteke, noski, baina oihalaren erabilgarritasuna apurka-apurka zabalduz zihoan garai batean, uste izatekoa da ekoizpen-ahalmenarena garrantzi gutxiko kontua izango zela. Egun, oihalaren erabilgarritasuna ondo frogatuta egonda, denbora aurreztearen garrantziaren auzia gainerako kontsiderazio gehienen gainetik nagusitu da, onerako edo txarrerako.

Gizakiak ehungintzan ustez daramatzan 4.500 —edo, kalkulu batzuen arabera, 8.000— urtean zehar, ehun-ekoizpena azkartzen laguntzeko asmatutako tresna horiek ez dute eraginik izan ehuna moldatzeko prozesuan.

Ehungintzaren hastapenetan bezala, hor segitzen dugu erabiltzen oraindik, alde batetik, elkarren paralelo ezarritako hari tenkatuen multzo zurrun bat, eta, bestetik, aurrekoen artetik zeharka pasatzen den beste hari-multzo higikor bat. Gailu nagusiak, bestalde, ez dira zaharkituta gelditu; aitzitik, ehungintzan gaur egun erabiltzen diren tresnen muina izaten jarraitzen dute oraindik ere. Atzera begiratu eta mendez mende asmatu diren tresna mota desberdinei erreparatzen badiegu, atzera-begirada horrek ez gaitu eramango itzulinguru historikoetara —hori ere, bere horretan, gauza interesgarri askoa izango litzatekeen arren—, baizik eta egungo funtzionamendu automatikoko ehundegien azpian dautzan ideietara.

Hasierako arazoetako bat, ekipamenduaren ikuspegitik begiratuta irtenbide bat ematea eskatzen zuena, lehen tokian aipatu ditugun harien multzoa (irazkia) behar beste tenkatu ahal izatearena zen. Puntu honetan ez ditugu aintzat hartuko, adibidez, irazkia prestatzeko zereginekin zerikusia duten kontuak —hala nola haria irazkitzea bera—, eta tresnetan eta haien funtzionamenduan zentratuko gara soilik. Interesgarria da ikustea aipatu puntu tekniko horietako batzuei ehuleek emandako erantzunak sinpletasun harrigarrikoak direla: asmakizun benetan burutsuak. Adibidez, irazkiko harien mutur bat barra edo hagaxka batera loturik, eta beste muturrean hazta edo pisuak jarririk, harrigarriro erraza da ehuntze-lanerako tentsioa egokia lortzea. Horrela sortu zen, beraz, ehundegi pisuduna —ehundegi bertikal bat—, pisu batzuez hornitua dagoelako hala deitua, bistan denez. Greziar ehundegia izenez ezagunagoa da. Ingalaterran ere erabili zuten Brontze Aroaren hasieran, bai eta Suitzako aintziren inguruko giza bizitokietan ere. Aldaera txiki batekin, hori bera da Estatu Batuetako ipar-mendebaldeko kostako chilkat indiarrek zerabilten ehundegia.

Beharrezko tentsioa lortzeko beste modu bat irazkiko hariak bi barren artean tenkatzea da, gaur arte ezagutzen ditugun irazki-ardatz (irazki-toki edo goisubil) eta oihal-ardatz (behesubil edo ehun-subil) deiturikoen prototipoen artean, hain zuzen. Irazkiko hariak tenkatuta mantentzeko, barrak armazoi batera lotzen dira luzetara edo zeharretara. Aukera biak baliatu izan dituzte munduko hainbat tokitan: zutikako bertsioa ehun trinkoetarako, alfonbra zein tapizetarako, adibidez; zeharkakoa, ekai fin eta arinagoetarako. Zutikako motaren adibideak munduko ia bazter guztietan aurki daitezke, antzinateko garaietatik hasi eta gaur eguneraino. Ezaguna zuten, adibidez, Egipton eta Perun, Indian eta Asia Txikian, Europako herrialdeetan eta Afrikan, eta erabilia da oraindik ere, besteak beste, Frantzian, hormako tapizak egiteko, eta Estatu Batuetan, indiar navajoek, lurreko tapizak egiteko. Zeharkakoen artean ezagunena egiptoar ehundegia da, ia lurraren arrasean jartzen zena. Andeetako goi-lautadan, horren antzeko mota bat aurkitu dute duela nahiko gutxi.

Gerriko ehundegiaren asmaketak tentsioa doitzeko modua gehitu zion antzinako ehundegien inbentarioari. Barra bat —irazkiko hariak luze-luze eta elkarren paralelo jarrita daramatzana— zutoin batera edo zuhaitz batera estekatzen da, eta beste bat, ehuntzen ari den pertsonaren gerrira; modu horretan, ehuleak tentsioa doi dezake gorputza aurrerantz edo atzerantz makurtze hutsarekin. Horrek tentsioa zehazki doitzeko aukera ematen zuen, eta horrekin, ehuntze-lan finagoak egiteko bidea eskaintzen. Gerri-ehundegi hori Ozeano Bare aldeko eskualdeetan aurki daiteke batez ere. Japonian eta Malaysiar artxipelagoan erabili izan zen, adibidez, bai eta Txinan, Birmanian eta Tibeten ere. Perun, Guatemalan eta Mexikon oraindik ere erabiltzen dute, Asiako urrutiko eskualde batzuetan bezala.

Uste izatekoa da irazki-hariei eusteko hagaxkaren eta armazoiaren garapena etorri zela hurrena. Hura asmatu artean, gurutzatu beharreko irazki-hariak hatzez jaso behar izaten ziren, zeharkako hariak —hots, bilbe-hari mugikorrak— haietan barrena sartu ahal izateko. Intersekzio bakoitzaren ondoren, berriro hautatu behar ziren gurutzatu beharreko irazki-hariak—hari kopuru bakoititik bikoitira aldatuz, edo alderantziz— eta aurreko operazioan bezala jaso. Era horretan jardunda, irazki-harien multzo txikiak baino ezin daitezke jaso, esku batean sartzen direnak soilik. Horrek esan nahi du, bilbe-hariaren pasaldi bakoitzean, oihalaren zabalerak eskatzen zuena adina hari hartu behar zirela eskuan: lan nekagarria benetan. Bilbea pasarazteko jaso beharreko harien azpian, ez mugitzeko moduan, barra bat kokatuta, asko sinplifikatzen da zeregin horren zati bat, barraren lodierak tarte bat irekitzen baitu jasotzen diren eta ez diren irazki-harien artean. Irazkiko harien arteko tarteari, edo irekiuneari, kalatua esaten zaio; eta barrari, ondorioz, hari-tarteko barra edo kalatu-barra. Ehungintzaren oinarrizko modua elkarren kontrakoen printzipioan oinarritzen baita, kontra-irekidura edo kontra-kalatuaren arazoa konpondu beharra zegoen. Kalatu-barraren azpitik geratzen diren irazki-hariak hartu eta irazkiaren gainean kokatutako beste hagaxka batera lotzen badira listari batez, haietako bakoitzaren inguruan begizta laxoak eratuz, ondoriozko tresnak, irazki-harietako hagaxkak, kontra-kalatu bat zabaltzen du jasotzen denean. Bilbea, txandaka, orain kalatu-barrak irekitako tartean, orain irazki-harietako hagaxkak irekitakoan sartzean, nabarmen handitzen da prozeduraren eraginkortasuna, hau da, ehungintza-ekoizpena. Oihala ehuntzeko prozesu osoan zehar kalatu-barrari tokitik mugitu gabe eusten zaionez, mugimendu bakar bat —irazki-harietako hagaxka jasotzekoa, askatzekoa kontuan izan gabe— arduratzen da lehenago berezitako hariez, hari-eskutadak behin eta berriz biltzen ibili beharrik gabe. Irazki-harietako hagaxka askatzean, hark jasotako hariak aurreko posiziora itzultzen dira, kalatu-barraren azpiko beren “ohiko” posiziora. “Hari-tarte edo kalatu naturala” terminoa erabiltzen da batzuetan lehen kalatu-formaziorako, eta “kalatu artifiziala”, berriz, bigarrenerako; azken horrek kalatu-barraren gainean bere tokiari eusten dioten harien azpira behartzen ditu bereak.

Deskribatu berri dugun irazki-harietako hagaxka hori nagusitu zen azkenean, ideia hori esploratu ahala sortu ziren beste guztien kaltean. Irazki-harizko begiztak hagaxkara lotzeko modu desberdinak —toki, herri, garai bakoitzak bereak izaten ditu— eta gisako xehetasunak interesgarriak izan daitezke, agian, gaian adituak direnentzat, baina hemen guri gehiago ardura diguna egungo ehuntzeko makinaren sorrera ekarri zuten ekarpen mekanikoen bilakaeraren ildo nagusiak aztertzea da. Hala ere, badago asmakari burutsu bat aipatu beharrekoa, gailuen tresnen inbentario modernoan sartu ez bazen ere, kalatua eta kontra-kalatua bitartekorik sinpleenen bidez sortzeko egindako beste ahalegin bat bezala interesgarria dena: irazki-harietako armazoi libre eta zurrunaz ari gara. Material sendoz egina izan ohi da —zurezkoa, hezurrezkoa edo are burdinazkoa ere— eta barratxo mehar batzuk ditu, haietako bakoitza zulo txiki batekin erdian, bertatik irazki-haria sarrarazteko. Irazkiko beste hari bat barratxoen arteko tartetik igaroarazten da. Tresna goratu edo beheratu ahala, azken hari horiek zuloetatik sartutakoen gainetik lerratzen dira, eta kalatu bat irekitzen dute hala, aipatu hari horien gainetik edo azpitik txandaka. Asmakizun honek tresna bakar batean biltzen du bi kontra-kalatuetako bakoitza eratzeko gailua. Badu desabantailarik ordea: handiaren handiz erabilgaitz gerta daitekeen irazki-hari bat erabiltzera jo gabe erabil daitekeen irazki-kopurua mugatua izatea; bai eta hariak zirrikituetan gora eta behera mugitzean marruskadura gertatzeko arriskua. Gainera, gogoratu beharra dago gailu honekin oinarrizko bi kalatuak baino ezin direla eratu, eta, beraz, ehun bakuna baino ezin dela moldatu. Hala ere, oihal estuak ehuntzeko tresna baliagarria dela frogatu da, eta hala erabilia izan da Amerikan, Alemanian eta Finlandian, besteak beste. Irazki-harietako armazoia asmatu aurreko garaiko ehungintzak ez zien hitzematen hariak gurutzatzeko teknikei txirikorda, korapilo edota sare bidezko teknikek, adibidez, ekarritakoa baino askoz aurrerabide handiagorik. Irazki-harietako armazoiaren asmaketak ekarri zuen sinplifikazioari esker, zibilizazioan funtsezko papera izateagatik nabarmendu zen ehungintza, hurrengo milaka urte batzuetan.

Irazki-harietako armazoiaren aztarnarik zaharrenak Egipton aurkitu dira: K.a. 2000. urtea baino lehenago ere erabilia zela uste da. Segur aski loturarik gabeko toki askotan eta garai desberdinetan asmatu zen. Perun ezaguna zuten Kristo baino hainbat mende lehenago. Lau mila urte inguruan, irazki-harietako armazoiaren ideiak aldagabe iraun du, eta aise ezagutu daiteke egungo ehundegi mekanikoaren arnesaren forman. Kalatu-barra, irazki-harietako armazoi enbrionario bezala ulertuta, bertan behera utzia izan da, bigarren irazki-harietako hagaxka oso baten mesedetan.

Hurrengo urratsak, hau da, aurkako irazki-harietako armazoietatik irazki-harietako armazoi anizkunetara igarotzeak, hasierako ideia garatzea dakar. Hariak ordena jakin batean jarrita dituzten eta ordena horren arabera jasotzen diren irazki-harietako armazoien sailek egitura-patroiak eratuko dituzte. Gaur artean, gure industriako ehundegi hagaxkaduna printzipio horretan oinarritzen da.

Irazki-harietako armazoiak berekin ekarri zuen aurrerapen tekniko handiak masa-ekoizpen izugarri handi baterako bidea prestatu zuen. Baina Luther Hooperrek bere Hand-Loom Weaving liburuan zuhurki gogorazten digun bezala, “ehundegiaren perfektutasun mekanikorako bidean egindako urrats bakoitzak, beste edozein makinarekin gertatzen den bezala, bere mailan, ehuna ehotzen diharduen pertsonaren askatasuna eta diseinuaren gaineko kontrola murrizten du ehuntze-prozesuan zehar”. Hala, irazki-harietako armazoiaren agerpena bera elementu mugatzaile bat da, berez, kalatu-sistema batera zedarritzen baitu —eskema horren barruan garapen mugatua duen sistema batera, alegia— hariarekin eratzeko eta ehuna osatzeko prozesua. Ehunka eta are milaka urte pasatu beharko ziren hasierako zulo-brodatuzko formazio haiez geroztik galdutako askatasunaren zati bat makinaria konplexuago bati esker berreskuratu ahal izateko.

Orain artean, irazkiarekin zerikusia duten gaien inguruan jardun dugu; orain, berriz, bilbea hartuko dugu hizpide. Bilbeko haria edo hariak irazkiko harien artetik zeharka pasatzeko modurik zaharrena eta oinarrizkoena hatzak erabiltzea zen, eta da, oraindik ere, tapizgintzan: hatzak baino ez. Harizpi bat irazkiko hari tenkatuen gainetik eta azpitik pasatzen da edo harien artean irekitako kalatuan barrena igaroarazten da. Bilbe luzeago eta ehun zabalagoen kasuan, eta lan-prozesua azkartu nahirik, bilbeko haria makila batean lotu zen, hartara haria kalatuan zehar azkarrago pasatu ahal izateko, ehunaren alde batetik bestera. Ehundegien hobekuntzarekin batera, bilbea pasarazteko gailu hobeak asmatu ziren: anezkak. Baina puntu horretan, makila huts bat zen —inoiz kontu handiz leundua eta apaindua— ordu arte asmatutako guztia.

Bilbea irazkiko harien artetik pasaraztea baino zailagoa zen hura bere tokian sartzea, modu tinko eta homogeneo batean, ehunaren zabalera osoan zehar estu-estu egiteraino. Kalatua txandatzerakoan, irazkiko hariek bilbea atxikitzen zuten, haren gainean ixten zirelarik. Berehala ikusi zen hatzak ez zirela oso tresna egokiak ehuntze-lanaren fase horretarako. Beraz, tresna berri bat diseinatu beharra zegoen, behar bezain zapala hari-arteko irekiduratik sartu ahal izateko, behar bezain laua irazkiko harien gainetik aise lerratu ahal izateko, behar bezain zurruna presiopean tolestua ez izateko, eta behar bezain luzea irazkia alderik alde hartu ahal izateko, eta pixka bat gehiago ere bai, hari eroso heldu ahal izateko ere. Gainera, aizto batenaren antzeko ahoa izan behar zuen, baina kamutsa, ertz batean, bere luzera osoan, kalatuaren angeluaren hondoraino iritsi ahal izateko. Ezaugarri espezifiko horiek denak, modu argi eta sinple batean itxura hartu zutelarik, objektu erabilgarri batean mamitzeaz gainera, beste zerbait ere erantsi zioten forma hutsari: irudimena eta soiltasuna, hau da, edertasuna. Tresna gisa dituen dohainak alde batera utzita, makila edo batan hori gauza polita da benetan. Ezpata baten itxura du, eta arrazoiz esaten diote, hori dela eta, ehule-ezpata.

Behin xede jakin baterako garatua izan ondoren, batan horri beste erabilera bat ematen hasi zitzaion, haren ezaugarri orokorrak —partikularrak ez badira— baliatuta: izan ere, edozein zur zati zapal, luze eta leun batek berdin-berdin bete zezakeen zeregin hori. Bigarren erabilera hori kalatuari zabalik eustean zetzan, edo behin irekita areago zabaltzean, batana bertan saiheska ezarrita.

Nahiz eta orain arte ikusi ditugun ehuntze-tresnak oraindik ere indarrean izan gaur egungo gure ehundegi mekanikoetan berezko osagai gisa, batanak aldaketa batzuk jasan behar izan zituen, eta are bere berezko funtzioa beste elementu batzuekin konbinatu ere, haien artean toki bat aurkitu baino lehen. Ikusi dugunez, gaur egun duen formaren bi oinarrizko osagaietako bat bilbea dagokion lekuan tinkatzeko tresna bat da. Bestea bakartu ahal izateko, tresnak izan zuen bilakabidearen aurreneko etapak aztertzera jo beharko dugu berriro.

Badakigu irazki-hariak bereizi beharrak arazo berezi bat sortzen zuela. Irazki-hari laburren kasuan, irazkiaren muturrak lokarriekin (burualdeko lokarriak deiturikoekin) lotuz konpondu zen arazoa, ehunaren gainekorako baino hari lodiagoak erabiliz horretarako. Lokarriok elkarrekin bilbatzen ziren, eta hala, bolumen handiagoa izanik, beren tokian atxikitzen zituzten irazkiko hariak; edo, bestela, beren garapenaren hasierako fase batean, elkarrekin gurutzatzen ziren: hau da, lokarri tolestu baten bi muturrak elkarrekin bihurritzen ziren irazkiaren zabalera osoan zehar, halako eran non irazkiko harietako bakoitza bihurduren artean atxikita geratzen baitzen: oso irtenbide egokia zen hariak modu uniformean banatuta gera zitezen. Gainera, burualdeko lokarri horiek, irazkiko hariak banantzeko beren zeregin nagusiaz bestalde, akabera sendoa ematen zioten irazki jarraituetan —eta ez etenetan, orain egiten dugun moduan— bilbatuak ziren lehenengo oihal haiei. Irazki luzeagoen kasuan, hariak bereizteko modu hori eskas gertatu zen, eta arazo horri konponbidea emateko, arraste-makilak (edo pasa-makilak) erabiltzen hasi ziren. Bi hagaxka dira, muturretatik elkarri lotuak eta irazki-tokitik gertu eta irazki-harietako hagaxkaren eta kalatu-barraren atzean jarriak; bakoitzak oinarrizko bi barra horietako baten irazkiko hariak daramatza, ezarritako ordenan: batek hari bikoiti guztiak, eta besteak bakoiti guztiak. Bi barrek eragindako marruskadurak hariak elkarrekin gurutza eta bere lekutik atera daitezen eragozten du. Gainera, hari bat eteten denean, etena non gertatu den aurkitzen laguntzen du. Azken zeregin horretarako, irazki-harizko kordoi bat erabiltzen zen, irazki-barren ordez, irazki laburren kasuan.

Badakigu irazki-zabalgailu bat erabili zutela Egipton, adibidez, baita Borneon ere, baina haren erabilera ez zegoen oso hedatua nonbait. Zurezko tresna bat da, irazkiaren zabaleraren adinako luzeraduna, zurezko edo kanaberazko hortzak dituena, zeinetan zehar irazki-hariak sartzen baitira, batzuen eta besteen artean nahi den tartea utzita. Berez, irazki-zabalgailua ez da, gailu independente gisa, lan honen ildo orokorrean sartzen, baina garrantzi handia hartu zuen batanarekin batera konbinatuta agertu zenean, eta hori da hemen aipatua izatearen arrazoia.

Labur esanda: gaur egungo batanak bi zeregin ditu: bilbea bere tokian tinkatzea eta irazkiko hari-tarteak zabaltzea. Ehundegiaren mekanizazioak gorago aipatu ditugun hasierako etapa horiek gainditu eta puska batera agertu zen tresna hori. Erabilgarria izango bazen, ehundegi armazoidun bat behar zuen, bertan eskegi edo lotu ahal izateko, eta, hartara, erraz eragin ahal izateko. kasuan, eta lan-prozesua azkartu nahirik, bilbeko haria makila batean lotu zen, hartara haria kalatuan zehar azkarrago pasatu ahal izateko, ehunaren alde batetik bestera. Ehundegien hobekuntzarekin batera, bilbea pasarazteko gailu hobeak asmatu ziren: anezkak. Baina puntu horretan, makila huts bat zen —inoiz kontu handiz leundua eta apaindua— ordu arte asmatutako guztia.

Bilbea irazkiko harien artetik pasaraztea baino zailagoa zen hura bere tokian sartzea, modu tinko eta homogeneo batean, ehunaren zabalera osoan zehar estu-estu egiteraino. Kalatua txandatzerakoan, irazkiko hariek bilbea atxikitzen zuten, haren gainean ixten zirelarik. Berehala ikusi zen hatzak ez zirela oso tresna egokiak ehuntze-lanaren fase horretarako. Beraz, tresna berri bat diseinatu beharra zegoen, behar bezain zapala hari-arteko irekiduratik sartu ahal izateko, behar bezain laua irazkiko harien gainetik aise lerratu ahal izateko, behar bezain zurruna presiopean tolestua ez izateko, eta behar bezain luzea irazkia alderik alde hartu ahal izateko, eta pixka bat gehiago ere bai, hari eroso heldu ahal izateko ere. Gainera, aizto batenaren antzeko ahoa izan behar zuen, baina kamutsa, ertz batean, bere luzera osoan, kalatuaren angeluaren hondoraino iritsi ahal izateko. Ezaugarri espezifiko horiek denak, modu argi eta sinple batean itxura hartu zutelarik, objektu erabilgarri batean mamitzeaz gainera, beste zerbait ere erantsi zioten forma hutsari: irudimena eta soiltasuna, hau da, edertasuna. Tresna gisa dituen dohainak alde batera utzita, makila edo batan hori gauza polita da benetan. Ezpata baten itxura du, eta arrazoiz esaten diote, hori dela eta, ehule-ezpata.

Behin xede jakin baterako garatua izan ondoren, batan horri beste erabilera bat ematen hasi zitzaion, haren ezaugarri orokorrak —partikularrak ez badira— baliatuta: izan ere, edozein zur zati zapal, luze eta leun batek berdin-berdin bete zezakeen zeregin hori. Bigarren erabilera hori kalatuari zabalik eustean zetzan, edo behin irekita areago zabaltzean, batana bertan saiheska ezarrita.

Nahiz eta orain arte ikusi ditugun ehuntze-tresnak oraindik ere indarrean izan gaur egungo gure ehundegi mekanikoetan berezko osagai gisa, batanak aldaketa batzuk jasan behar izan zituen, eta are bere berezko funtzioa beste elementu batzuekin konbinatu ere, haien artean toki bat aurkitu baino lehen. Ikusi dugunez, gaur egun duen formaren bi oinarrizko osagaietako bat bilbea dagokion lekuan tinkatzeko tresna bat da. Bestea bakartu ahal izateko, tresnak izan zuen bilakabidearen aurreneko etapak aztertzera jo beharko dugu berriro.

Irazki-zabalgailu baten itxura bera du, funtsean. Irazki-hariek zeharkatzen dituzten hortzak kanaberazkoak izaten dira, edo, gaur egun, alanbrezkoak. Armazoi arin batera lotuta egon ohi dira, oraindik ere orrazi deritzon atala eratzen dutela. Orrazi hori, era berean, beste armazoi astunago eta gotorrago batean txertatu ohi da, orrazia sendo atxiki eta irazkia eraginkorki tinkatu ahal izan dezan, haren kontra estutzean.

Irazkiko hari-tarteak zabaltzeko eta bilbea tinkatzeko lanak mugimendu bakar batean biltzea aurrerapen handia izan zen oihalgintzarentzat. Jada ez zen beharrezkoa batana kalatuan sartzea bilbe-pasaldi bakoitzaren ondoren; orain, toki batean egoten zen beti, eta aski zen tiraldi arin bat bere pisuz bilbearen gainera eror zedin, bilbea ehunaren zabalera osoan modu uniformean tinkatu eta, aldi berean, irazki-hariak modu berean banatuta mantentzeko. Horrela, ehun homogeneoago bat lortzen zen, eta zabalera handiagoko oihalak egin zitezkeen, ahalegin gehigarririk egin beharrik gabe. Eta beste behin ere, denbora aurrezten zen.

Gerora ehungintzaren aurrerapen mekanikoak ugaritasunaren galera ekarri zuela ikusi dugunez, begira diezaiogun orain aurrerapen horren beste aldeari. Gorago aipatu dugun bezala, irazki-harietako hagaxkak ehulearen mugimenduak mugatzen zituen, irazkia maneiatzeko orduan. Orraziak berak ere, batanaren osagai bezala, beste muga batzuk gehitzen zizkion horri, muga txiki batzuk baino ez baziren ere. Orrazirik gabe lan egitean, ehuleak libreki manipula zezakeen irazkia, une hartan erabiltzen ari zen kalatuko sistemak berak markatutako mugen barruan betiere. Horrek esan nahi zuzen aukera zuela, irazki-hariak gurutzatuta, adibidez, gaza-ehunak moldatzeko, hau da, parpaila-efektuak lortzeko. Orrazia erabiltzean, ordea, hortz-tarte berean sartuta dauden irazki-hariak bakarrik gurutza daitezke. Elkarren ondoan dauden hariak —ez bi baino gehiago, orokorrean— bakarrik erabil daitezke modu horretara. Normalean, ehuna moldatzeko orduan, irazki-hari bakar bat sartzen da hortz-tarteetan, eta horrela, erabat baztertzen da hari desbideratuak erabiltzeko posibilitatea. Antzinako Peruko gazazko ehun irudimentsuak irazki-harietako armazoirik gabeko eta orrazirik gabeko ehundegien emaitza dira! Orraziaren erabileraren beste ondorio bat —ezin da abantailen zerrendara gehitu, baina ez da desabantaila ere— irazki-hariak bereizteko lanaren izaera mekanikoa da. Orrazia erabiltzen hasi baino lehen, irazkia eta bilbea modu naturalean egokitzen zitzaizkion elkarri: batera lerratzen ziren beren tamainaren, erresilientziaren eta bihurduraren arabera. Irazkia artifizialki bereizita atxikitzen denean, ondo ezagutu behar dira nolakoak diren erlazio horiek, eta aldez aurreko planifikazio bat ere beharrezkoa izaten da, interkonexio orekatu bat erdietsiko bada. Ehunak lan hori falta badu, hariak aise bereizi edo pilatuko dira, itxurari eta are erabilerari berari ere kaltea eragiteraino. Ekonomia jaun eta jabe dugun garai honetan, modu basatian ustiatu izan da harien arteko erlazio desorekatuak ematean duen aukera. Irazkiko hariak aldian aldiko bilbe-pasaldiek oihal sendo bat moldatzeko behar luketen baino bereiziago kokatzean, eta bilbe-harien arteko tartea ere gehiago handitzean, haria aurrez daiteke eta, beraz, kostuak gutxitu. Oihalari sendo itxura emateko, aprestuzko akabera ematen zaio, hau da, ore-geruza bat gehitzen zaio, hari solteegiak beren tokian atxikitzen zituena, lehen aldiz urarekin kontaktuan jartzen diren arte behintzat. Praktika inprobisatu horrek, baina, akabera mota berrien garapena ekarri du berriki, eta horiek, sendotasunik batere ez kentzeaz gainera, propietate berriak eta baliagarriak gehitu dizkie halakorik aplikatu zaien ehunei.

Askoz lehenago ere izan zen orrazi baten eta irazki-zabalgailu baten arteko fusioa den gailu bat. Oraindik ere erabiltzen da, tapizak eta ilezko alfonbrak ehuntzeko gailu moduan; hau da, tresna hori ehundegi bertikaletan egiten diren lanetan baliatzen da, horietan bilbe-zati motzak bakarrik tinkatu behar baitira, irazkiko harien kokalekua doitzeaz batera. Orrazi kirtendun baten itxura duen tresna bat da: txarrantxa baten moduko orrazi larri bat. Mundu zabaleko toki askotan agertzen da: Indian, Pertsian, Afrikan, Asia Txikian, Egipton —erromanizazio garaian— eta kolonaurreko Amerikan, besteak beste. Egun, Estatu Batuetako hego-mendebaldeko indiarrek erabiltzen dute. Europan ere erabili izan zen, dudarik gabe, Erdi Aroko tapiz handiak ehundu ziren garaian. Zurezkoa edo metalezkoa izan daiteke, edo bien arteko konbinazioz egina. Hortzak irazkiko harien artetik sartu eta bilbearen kontra edo alfonbra baten korapiloen kontra tinkatzen edo kolpekatzen dira. Orrazi batek, irazkiko harien artean sartuta, korapiloak desegingo lituzke. Kolonaurreko Amerikan ezinbesteko tresna izan zen, ehule-ezpatarekin batera, gerri-ehundegiko lanetan. Izan ere, ehuna mutur bietatik hasi eta elkargune baterako norabidean landu ohi zen. Puntu horretara iristeko gutxi falta zenean, alde batera utzi behar izaten zen orrazia, ordurako irazkiko harien artean ezin baitzitekeen orratz estu bat ere pasatu. Orduan, txarrantxa mota hori —eskuila arrunt baten itxurakoa batzuetan— hasi zen erabiltzen. Hortzak irazkiko harien arteko tartera iristen zirenez, agerian geratzen zen hortz-zatia oso motza izanda ere, txarrantxak bere tokira bultza zezakeen bilbea, baita kalatua ia erabat itxita egonda ere.

Puntu honetara iritsita, orain arte lortutako guztiaren inbentarioa egiteko unea dugu. Etapa horretan, honako atal hauekin hornituta zegoen ehundegia: irazki-tokia (goisubila), oihal-ardatza (behesubila), irazki-harietako hagaxkak, kalatu-barra, arraste-makilak edo pasa-makilak, batana edo txarrantxa eta (Ozeano Barea aldean) gerri-uhala. Atzera begiratzean, harrigarria da ikustea orduko ehundegiek gaur egungoaren oinarrizko elementu guztiak zituztela. Hain zuzen ere, antzinako Peruko ehundegietan moldatu ziren ehungintza-artearen maisulanik handienak. Peruko ehundegiak ez zuen gero aurrerabide handirik izan, aldaera txiki batzuk gorabehera. Baina ehundegi horretan moldatutako oihalak ehungintza-lanaren sormenaren gailurra dira, eta ez dute beste inon parekorik izan inoiz.

Ehundegi hori kotoia ehuntzeko erabiltzen da gehienbat. Ehundegiaren mekanizazioaren hurrengo fasea beste zuntz bat, zeta, erabiltzen hastearekin batera sortu zela uste da. Izan ere, txinatarrak zetarekin esperimentatzen hasiak ziren garaian, munduko beste toki askotan kotoiaren eta lihoaren erabileraren lehen faseetan zeuden oraindik. Zetazko zuntzen fintasuna zela eta, ehuntzeko tresnak premia berrietara egokitu behar izan ziren, eta horregatik uste da Ekialde Urrunari zor zaizkiola ehuntze-lana azkar eta era kontrolatuan egiteko hain garrantzitsuak gertatu ziren asmakizunak.

Lehenengo hobekuntzetako bat hariak bereizteko mekanismoarena izan zen: leunki mugitu behar zen, hari hauskor haiek ez hondatzeko moduan. Kalatu-barra baztertu eta beste irazki-harietako hagaxka bat jarri zen haren ordez. Eta hagaxkak berak ere zenbait eraldaketa izan zituen. Ordu arte, eskuaz eta gorantz bakarrik mugitzen zen hagaxka arin bat zen funtsean, lokarri-begizten goiko muturrak —irazki-hari banari atxikiak— bertara lotzeko balio zuena; eta orain, beste hagaxka edo listoi bat gehitu zitzaion, lokarri-begizten beheko muturrak bertara lotzeko balio zuena eta beheranzko mugimendua ahalbidetzen zuena.

Beheko bigarren listoi horrekin, irazki-harietako hagaxkak beste izen bat hartu zuen, aurrekoa irazkiko hariek zeharka pasatzen zituzten begiztak izendatzeko bakarrik utzita. Orduan, langa-pare deitu zitzaion, edota armazoi, goiko eta beheko listoiak, beren muturretan, zutikako beste batzuekin lotuta zeudenean. Industrian, arnes deitzen zaio.

Armazoia eskuekin ez baina oinekin eta bi norabide desberdinetan mugitzen hastea aldaketa iraultzailea izan zen. Asian nahiko arrunta da lanerako oinak erabiltzea —Europan baino askoz arruntagoa, adibidez—, eta, horregatik, Ekialdeak aurreragoko hobekuntzetan izan zuen paper garrantzitsuaren erakusle gisa interpretatu izan da aldaketa hori. Orduan, langa edo armazoi horiek eskegi egin ziren, eta akoplatu, ehundegiaren beraren gainean kokatutako arrabol batetik pasarazitako lokarrien bidez. Beheko listoi bakoitza pedal bati lotuta zegoen, ehundegiaren azpian. Pedal bat sakatzean, armazoietako bat jaitsi eta bestea, aurrekoari lotua, automatikoki igotzen zen. Irazkiko hariak tenkarazten zituzten irazki-hariak armazoiei lotuta zeudenez, kontra-mugimenduak banandu egiten zituen, eta horrekin, kalatua zabaltzen zuten. Jada ez zen eskuaren beharrik zeregin hori betetzeko, eta, beraz, libre geratzen zen bilbea pasarazi eta tinkatzeko.

Ehundegi primitibo batek, Indian eta beste zenbait tokitan erabili izan zituztenak bezalako batek, ideia bat eman diezaguke arrabola antzinako garaietan esekitzeko moduaz. Ehundegia zuhaitz baten azpian kokatzen zen, eta besanga batera lotzen. Ehulea beti toki jakin batean egon beharraren loturatik eta eguraldiaren gorabeheren mendekotasunetik libratu nahian segur aski, zutikako zutoinez osatutako armazoi bat garatu zen, arrabolaren euskarri gisa erabiltzeko. Ehundegiko tresnak esekita jartzeko ideiak indarra hartu ostean, orrazia —hori ere aldaketa fase batzuetatik igaroa ordurako, gorago aipatu dugunez— barne hartzeraino zabaldu zen ideia hori. Hala sortu zen ehundegi hagaxkaduna, bere oszilazio askeko orrazi eta guzti, hurrengo mendeetan herri askoren ehungintza-premiak aseko zituen ehundegia.

Pedalak eta orrazi eskegia erabiltzen hasteak, arestian aipatu dugun irazki-harietako hagaxkaren asmaketak bezala, ehun-ekoizpena handitzea ekarri zuten, eta horrek bultzada handia eman zion, zalantzarik gabe, ehunen erabilgarritasunaren gaineko hasierako ideiari. Izan ere, beharrak ekintzara akuilatzen duen bezala, ekintzak burutzeko aukerak beharra kitzikatzen du: ziklo sortzaile hori behar eta produktibitate handiko dimentsioak hartzeraino hazi zen, guztiz azkar hazi ere, eta, dudarik gabe, dimentsio horiek neurriz gainekoak iruditu bide zitzaizkien bertan parte hartu ez zuen belaunaldikoei. Nahiz eta uste den txinatarrek zeta ehuntzeko eta ez bestetarako diseinatu zutela, ehundegi hagaxkaduna edo pedalduna edozein lan motetarako erabili zen gerora. Oso litekeena da III. mendera arte ehundegi horren erabilera, zeta ehuntzeko artearekin batera, Txinara bakarrik mugatu izana. Dena dela, pixkana-pixkana, ekialdeko beste eskualde batzuetara zabaldu zen, eta, azkenik, Mendebaldera iritsi zen: Espainia eta Italiara aurrena, Frantzia, Alemania eta Ingalaterrara gero.

Ehundegi horixe erabili zen Europan Erdi Aroan. Bere funtsezko elementuetan, egungo ehundegi bera da, baina zenbait mende igaro behar izan ziren gaur egungo doitasun eta lastertasun handiko tresna hori bihurtu arte. Ez zuen, ordea, geroagoko garapenik izan. Ehunka urtean, iritsitako egoera berberean iraun zuen. Aldaera batzuk asmatu baziren ere, hura eraikia izan zen oinarrizko printzipioen mugen barruan funtzionatzen zuten denek.

Ehundegiko tresnen garapenari erreparatzean, denbora aurreztea kezka orokor bat izan zelako ikuspegia hartu dugu guk lan honetan. Hala ere, makina bat urtean ez zen ehuntze-lanaren abiadura modu nabarian handitzeko moduko asmaketarik egin. Hori bai, beste zentzu batean, aski adierazgarriak izan ziren asmaketak: izan ere, lanen mekanizazioarekin galdua zen ugaritasuna berreskuratzea lortu zen.

Lehenik eta behin, kalatua ireki-ixteko mekanismoa aipatu beharra dago, txinatarren asmakizuna nonbait; hasierako hagaxka-pareen elkarren kontra-mugimendua aldatu zuen, eta hagaxkak banaka-banaka altxatzeko aukera eman. Handik aurrera, molda zitekeen ehun mota desberdinen kopurua asko handitu zen, tresna hari esker kopuru bikoitiko egitura-patroiak ez ezik kopuru bakoitikoak ere egin ahal baitziren.

Pedalen eta hagaxken artean palankak tartekatuta, hagaxken gaineko zuzeneko ekintza batetik zeharkako ekintza batera pasatzen zen. Kalatua ireki-ixteko bi metodo garatu ziren: batak hagaxka bakarra edo edozein hagaxka-konbinazio altxatzeko aukera ematen zuen pedala sakatze hutsarekin. Bestearekin, berriz, hagaxka bakar batek edo edozein hagaxka-konbinaziok kalatu bat era zezakeen; diferentzia bakarra zen hautatuko hagaxkek gora egin bitartean, besteek behera egiten zutela. Hagaxken pisua altxatzeko egin beharreko indarra askoz txikiagoa zen horrela; izan ere, hagaxka batzuek behera egiten zutenez, besteak ez ziren irazkiaren ohiko lautasuna mantendu nahi izanez gero altxatu beharko ziren bezainbeste altxatu behar.

Kalatua ireki-ixteko mekanismoaren beste aurrerapen bat —hori ere txinatarra jatorriz, nonbait— arnes konposatua izan zen, diseinu-efektu txikiak ehuntzeko eta, hartara, hondo desberdinak sortzeko aukera eman zuena. Ehundegiaren aurrealdeko ohiko hagaxka-sortaren atzean beste hagaxka- sorta bat ezarri zen. Eta hagaxka arruntak, orain, begite txikien ordez begite luzangak zituzten irazki-hariz tresnatu ziren. Patroia osatzeko hautatako irazki-hariak gehitutako diseinu-hagaxketako harien begite txikietatik eta ehundegiaren aurrealdeko hagaxka arruntetako harien begite luzangetatik pasarazten ziren. Antolaketa-modu horri esker, kalatu bat ohiko hagaxken bidez ireki zitekeen, diseinu-hagaxkak kontuan hartu gabe. Azken horiek beharrezkoa zenean bakarrik altxa zitezkeen, eta haietatik pasatzen ziren irazki-hariek kalatua eralda zezaketen, zeharkatzen zituzten aurrealdeko hagaxketako irazki-harien begite luzeak zirela eta, horiek altxatuta egon edo ez. Arnes konposatuko ehundegiak bazuen muga bat: ohiko hagaxkez gainera, beharren arabera erabili ahal ziren diseinu-hagaxkak (eta haiei zegozkien pedalak) gutxi samar ziren, kopuru aldetik.

Bereizketa-mekanismoa asmatu zenean galdutako askatasunaren zati bat berreskuratzeko ahalegin ugariek tira-sokadun ehundegiaren asmakizuna izan zuten emaitza, figuradun diseinuak modu mekanikoan egitea ahalbidetzen zuen tresna, alegia. Asmakizun hori, jatorrian pertsiarra ustez, kalatua ireki-ixteko gailuen aldakuntza batean datza, gorago esan dugun bezala. Hala ere, oso ondorio handiak izan zituen, dekorazio-ehungintzaren aro berri bati hasiera eman baitzion. Kalatua ireki-ixteko hagaxken ordez, hari bakarreko eragiketara itzuli zen, baina orduan, mende askoren ondoren, bitarteko mekanikoak erabiliz. Ehundegiko hagaxken tokia xafla zulotxodun batek hartu zuen; zulo horietan zehar irazki-hari begitedunak eskegitzen ziren, eta begite horietako bakoitzetik zehar irazkiko hari bat pasatzen zen, muturrean pisu luze bat zeramala zintzilik. Irazki-hari horiek, multzoka banatuta, lokarrietara lotzen ziren, halako eran non, diseinu bat errepikatzerakoan kokaleku bera hartzen zuten irazki-hariak elkarrekin konbinatzen ziren. Hala, lokarri bat altxatzean, diseinu baten errepikapenaren barruan zeuden lehen hari guztiak altxatuko ziren harekin batera. Diseinuaren konbinazio desberdinak moldatzeko altxatu beharreko lokarriak altxatzeaz arduratzen zen pertsona “tiratzailea” zen; ehundegi-armazoiaren gainean igota egoten zen, eta, geroagoko modeloetan, lokarriak ehundegiaren albo batetik hautatzeaz arduratzen zen. Tira-sokadun ehundegi mota desberdinak, banakako hari-multzoak altxatzeko zein gailu baliatzen duten, “ehundegi sakagailudunak” edo “ehundegi bakunak” izan daitezke.

Tira-sokadun ehundegian mekanikoki maneiatzen ziren irazkiko hariak, banaka hartuta, eta, zentzu horretan, tresnak garapenaren gailurra iritsi zuen. Hala ere, eskala mugatu baten barruan maneiatzen zituen hariok, eta, hori dela eta, errepikapenetara jotzen zuen ehunaren zabaleran zehar. Horrek, harien fintasunarekin eta orduan maneiagarri zen hari-kopuru handiarekin batera, ehundura konposatuko diseinu landuen ehungintzaren lantzea ekarri zuen ondorioz.

Pertsian, 520. urtean jada erabiltzen zen ehundegi mota hori; Wu enperadoreari orduan ordaindu zitzaion zerga bati esker ezagutzen da data. VI eta VII. mendeetan zehar, Alexandriako hiria ehungintza gune garrantzitsu bat izan zen. Aurrerago, Konstantinoplak bere egin zuen langintza hori, eta XII. mendean Siziliak hartu zuen lekukoa. XIII eta XVIII. mendeen artean, Europak ehundegi horretan moldatu zituen ehungintzaren arteari egindako ekarpenaren goren puntua markatzen duten ehun aberatsak.

Hala ere, Europak ehungintzaren garapenari egin zizkion hobekuntza bakarrak beste alor batekoak dira. Ehungintzaren mekanizazioa, Europan, Ekialdeak trebeki eramana zuen puntutik harago joan zen. Hala, Europan, alor honetan eginiko lehen asmakari tekniko erabilgarria anezka hegalaria izan zen, John Kay ehungailu-orrazi fabrikatzaile ingelesak 1733an diseinatua. Halere, oker handia litzateke pentsatzea Europako bururik argienak —tartean Leonardo de Vinci bera— ez zirela ordu arte arduratu ehundegiaren hobekuntzaz, baina egia da proiektu horiek ez zirela inoiz praktikan jarri. 1586an, Danzig-eko Anton Möller-ek ehundegi mekaniko zintadun bat asmatu zuela uste da, baina, dirudienez, asmakaria desagerrarazi, eta ehuleek asmatzailea ito zuten, tramankuluak ekar ziezaiekeen konkurrentziaren beldur.

Ehundegiaren mekanizazioaren arazoarekin zerikusia izan zuten beste izen batzuen artean aipatzekoak dira De Gennes eta Josef Mason: lehenak gailu bat asmatu zuen 1678an, baina erabilera praktikorik gabea; bigarrenak, berriz, tira-sokadun ehundegiaren mekanizazioari buruzko ideia bat patentatu zuen 1687an.

Anezka hegalariaren asmaketak izugarrizko oihartzuna izan zuen, ehungintzaren fase bat mekanizatzea ekarri baitzuen: bilbea edo zeharraria ehundegiaren alde batetik bestera eramatearena, hain zuzen. Mekanizaziora bidean egindako urrats bakoitzak —hari solteak esku hutsez kiribiltzetik hasi eta zeharraria ehunaren punta batetik bestera eramaten zuen makileraino, edo barruan harila eramanez ertz batetik bestera pasatzen zen eskuzko anezkaraino, eta, azkenik, anezka hegalariraino— denbora aurrezteko asmatutako gailu bat irudikatzen du. Azken tresna horrekin, gailu gidari baten sokatik tiratuz pasarazten da anezka kalatuan zehar, eta bat-batean geldiarazten da gero haren higidura. Anezka kontrako muturrera iristen denean, antzeko gailu batek harrapatu eta era berean itzularazten du bueltan, beste aldera. Anezka hegalaria batanaren azpialdeko ertzaren kontra lerrarazten da, eskuzko anezka ez bezala, zeina arinki pasatzen baita irazkiaren beheko harien gainetik kalatuan barrena. Kayren asmakariak hiru edo lau aldiz biderkatu zuen ehungintzaren abiadura, eta berekin ekarri zuen ez bakarrik ehun-ekoizpenaren gorakada, baizik eta, baita ere, ehunen prezioaren beherakada. Garrantzitsua izan zen ikustea, baita ere, orain ehule batek lehen bik egiten zuten lana egin zezakeela, ehulearen beso-zabalera baino handiagoko oihalak ehuntzerakoan. Kayren asmakariak, lehenago Möllerrenak bezala, ehuleen beldurra eta haserrea eragin zuen, eta Kayk gutxigatik egin zion ihes haien suminari. Haren seme Robert Kayk, asmakaria hobetzeko ahaleginean aurrera segituz, anezka-etxea asmatu zuen, kolore edo mota desberdineko iruna daramaten anezkak trukatzeko lana errazte aldera. Anezka hegalariak eskuzko ehungintzan izan zuen garrantzia handia izanagatik ere, eragin handiagoa izan zuen ehundegi automatikoen funtzionamenduan.

Ehundegiaren mekanizazioak une erabakigarri bat bizi izan zuen Edmund Cartwright izeneko ingeles asmatzaile batek —1783an lehen ehundegi mekanikoa patentatu zuen eta 1786an bertsio hobetu bat— hemeretzi ehundegi mekaniko martxan jarri zituenean. Indarra, aurrena, arnes baten bidez dibidieta batera loturiko idi batek ematen zuen; aurrerago, lurrun-makina batek. Bizia arriskuan izan ez bazuen ere, bera baino lehenago beste asmatzaile batzuek bizitako zorigaitzak bizi izan zituen, bere lehen ehun-fabrika suak kiskalita desagertzen ikusi baitzuen.

Ingalaterra denbora batez munduko ehule-fabrikatzaile handiena izatera heldu zen industria-garapenaren garai hartan; ehundegiak garrantzi handiko papera jokatu zuen orduan, baina horretara heldu baino lehen, alde ugaritatik iritsi ziren askotariko ekarpenak behar izan ziren. XIX. mendearen hasierara arte itxaron behar izan zen ehundegi mekanikoak kopuru handitan fabrikatzen hasteko. Estatu Batuetan, 1813an abiarazi zen lehena. Ehundegi mekanikoak denbora aurrezten eta, beraz, ekoizpena handitzen zenbateraino lagundu zuen neurtzea ezinezkoa da guztiz.

Ingalaterra ehungintzaren mekanizazioaren arazo orokorrean buru-belarri sartuta zegoen bitartean, Frantzian helburu zehatz batean jarrita zuten adimena: diseinu-ehundegian kalatua ireki-ixteko sistema konplexua maneiatzeaz arduratzen zen mutila ordezkatzeko mekanismo bat asmatzean, hain zuzen. Basile Bouchon, Jean-Baptiste Falcon eta Jacques de Vaucanson-ek zenbait ahalegin egin zituzten XVIII. mendearen erdialdean norabide horretan, baina bat bera ere ez zen praktikara eramateko modukoa. 1805ean, ordea, Joseph-Marie Jacquard-ek makina berri bat atera zuen, Vaucansonen makinan oinarrituta egindako hobekuntza bat, guztiz arrakastatsua gertatu zena. Tira-sokadun ehundegiaren kalatua ireki-ixteko mekanismoa automatizatzen zuen, irazkiko hari hautatuak pasarazten ziren uhal pisudunak alanbrezko kako batzuetara lotuta atxikiz; kako horiek metalezko xafla batzuen bidez altxatzen ziren, edo bestela, alde batera desbideratzen ziren, ezin altxatzeko moduan utzita: patroiaren arabera zulatutako txartelen kate batek kontrolatutako hautaketa-sistema bat zen. Kate hori zilindro baten inguruan jiratzen zen, eta zilindroari, aldi berean, buelta-laurdenak emanarazten zitzaizkion pedal baten bidez. Asmakari mekaniko horrek izugarri sinplifikatu zuen diseinu-ehungintza, eta hori gutxi ez balitz, diseinuko motiboak lokarriz lokarri lotu beharrik ez izateko abantaila ere eskaintzen zuen. Txartel zulatu horiek trukatuta —eta hori egitea ez zen batere kostatzen—, edozein diseinu mota molda zitekeen, errepikapen-aldi jakin baten barruan kalkulatutako irazki-hari kopuruaren arabera, ehundegia horretarako tresnatuta baitzegoen bere uhal- eta lokarri-sistemaren bidez. Garai batean, ehundegia patroi jakin baterako prestatzen zen, neke handiak hartuta prestatu ere, eta patroi hartarako bakarrik erabiltzen zen, hura behin eta berriro errepikatuta; baina orain hain zen erraza patroi batetik bestera aldatzea, non era guztietako diseinuak agertu baitziren merkatuan. Erosleen arreta erakartzeko lehian, fabrikatzaileak besteena hobetzen ahalegintzen ziren, etengabe diseinu-aldaketak eginez, eta gaur egun egoera bera bizi dugu oraindik ere.

Jacquardek kalatua ireki-ixteko asmatutako mekanismoa ehundegi mekanikoan txertatu zen unean hasi zen benetan ehungintza mekanikoaren aro modernoa. XIX. mendearen bigarren erdian, Mendebaldeko munduaren jeinu teknikoak egun erdietsia duen punturaino perfekzionatu zuen ehundegia. Gure zerbitzura dauden tresnengandik espero eta hain gogoko dugun abiadurarekin eta zehaztasunarekin funtzionatzen du. Konpondu behar ziren arazoen arteko bat ehundegia geldiarazteko mekanismo automatikoarena zen, irazkiko hariren bat etenez gero edo haria bukatu eta harila aldatu behar izanez gero hala egin behar izaten baitzen. Gainera, irazkia zabaltzea eta ehundutako oihala biltzea modu automatikoan egiteko modua bilatu beharra zegoen. Bestalde, irazkiko hariak zabalera zehatz bateraino luzatuko zituen tresna bat ere asmatu beharra zegoen, hau da, zentimetro gutxi batzuez behin doitu beharrik izango ez zen txantiloi bat; izan ere, eskuzko ehungintzaren kasuan, hala egitera behartuta zeuden. Arazo horiei konponbidea emateko prozesua mendeetan luzatu ez bazen ere, berrogeita hamar urte baino gehiago behar izan ziren beharrezko gailuak asmatu ahal izateko.

Beste aurrerapen batzuek bilbeko haria alde batetik bestera pasatzeko prozesuan potentzia kontserbatzeko moduarekin zuten zerikusia. Gaur egun erabiltzen den ehundegi estandarrean, ehundegia funtzionarazteko behar den potentziaren erdia, gutxienez, bere baitan hari metro pila bat daramatzan anezka astun bat aurrera eta atzera behar besteko abiaduran jaurtitzeko behar izaten dela kalkulatzen da. 1844an, John Smith delako batek bilbeko haria kalatuan zehar pasarazteko orratzak zerabiltzan ehundegi bat patentatu zuen. 1949an, Estatu Batuetan, anezken ordez bilbe-garraiagailu arinak erabiltzearen azpiko printzipio horretan bertan oinarritutako makina bat eraiki zen. Kasu honetan, bilbea ez da jarraitua, baina behar besteko luzera du oihala alderik alde zeharkatzeko eta oihal-bazterretan errematatua izateko. Modu horretan lan eginda aurrezten den potentziak egungo ehundegi estandarra baino bi edo hiru aldiz azkarragoa den ehundegi honen erabilera errazten du. Gainera, ehundegi honek abantaila erantsi bat dauka: bilbea hautatzeko aukerak ohiko lautik seira bitarteko hautabideetatik harago zabaltzea. Gaur egun arte ehundegi honek ez du oso erabilera zabala izan, bere prezio altua dela-eta, seguruenik, eta ehungintza ikerketarako institutuetan baino ezin daitezke modelo gutxi batzuk ikusi.

Beste asmakari bat modu elektromagnetikoan eragindako hautaketa-sistema bat duen ehundegia izan zen. Korronte elektromagnetikoa hautagailu gisa erabiltzeko lehenengo esperimentuak Eugene Vincetik egin zituen; 1856an, Jacquard hari-bereizketa selektiboko sistema bat patentatu zuen, modu elektromagnetikoan eraginda ibiltzen zena. Bada beste ehundegi mota bat —gaur egun, zabalera murritzeko laginak ehuntzeko modeloa bakarrik dago eskuragarri—, ehundegi hagaxkadunaren printzipio bera aplikatzen duena; hau da, elektromagnetikoki eragindako gailu batek abiarazten du hagaxken hautaketa. Gaur egun, ehundegi hori ere ez da asko erabiltzen; izan ere, nahiz eta ehun mota batetik bestera erraz pasatzeko abantaila handia izan, oso prezio altua du.

Gure makineria konplikatu egin da; gure lan egiteko modua, azkartu. Hala ere, garai bakoitzak modu bertsuan bizi izan ditu, segur aski, bere lorpenak, eta soilik atzera begiratzean iruditzen zaigu geldoa aurretik gertatutako guztia. Etorkizunetik guri erreparatzen digutenean, gu ere geldotzat hartuko ote gaituzte?

[Itzultzailea: Rosetta Testu-Zerbitzuak, S.L.
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Bibliografia

  • Alfred Barlow, The History and Principies of Weaving by Hand and Power, Filadelfia: Henry Carey Baird & Co., 1878.
  • Wendell C. Bennett eta Junius B. Bird, Andean Culture History, New York: American Museum of Natural History Handbook Series, 1960.
  • Junius B. Bird, “Before Heddles Were Invented”, Handweaver and Craftsman, 3. liburu- kia, 3. zk., 1952.
  • Junius B. Bird eta Joy Mahler: “America’s Oldest Cotton Fabrics”, American Fabrics, 20. zk., 1951–52.
  • M.D.C. Crawford, The Conquest of Culture, New York: Greenberg: Publisher, 1938.
  • M.D.C. Crawford, The Heritage of Cotton, New York eta Londres: G. P. Putnam’s Sons, 1924.
  • George T. Emmons, The Chilkat Blanket (Memoirs of the American Museum of Natural History, III. Liburukia), New York: The Museum, 1907.
  • Luther Hooper, Hand-Loom Weaving, New York eta Londres: Pitman Publishing Corp., 1920.
  • Luther Hooper, “The Loom and Spindle”, Washington, D.C.: Smithsonian Institution, Annual  Report 19131914.
  • “New Textile Machines Are Ahead”, Fortune, 1949ko otsaila.
  • H. Ling Roth, Studies in Primitive Looms, Halifax, Ingalaterra: Bankfield Museum, 1950.
  • G. Schaefer, “The Principle of the Loom”, Ciba Review, 16. zk., 1938.
  • John Watson, The Theory and Practice of the Art of Weaving by Hand and Power, Filadelfia: Henry Carey Baird, 1869.
  • Ehungintzari eta, bereziki, eskuzko ehungintzako teknikei buruzko bibliografia osoago baterako, ikus Florence House, Notes on Weaving Techniques.