Edukira zuzenean joan

Anni Albers: Ikusmena ukitu

katalogoa

Bederatzigarren kapitulua. Tapizgintza

Anni Albers

Izenburua:
Bederatzigarren kapitulua. Tapizgintza
Egilea:
Anni Albers
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2017
Neurriak:
29 x 22 cm
Orrialdeak:
135 or.
ISBN:
978-84-95216-80-9
Lege gordailua:
BI-1478-2017
Erakusketa:
Anni Albers: Ikusmena ukitu
Gaiak:
Ehungintza-artea
Aipatutako artistak:
Albers, Anni

Tapizgintza hariak elkarrekin lotzeko artearen hasiera-hasierako garaiko ehungintza mota bat da, oraindik ere indarrean dagoena eta segur aski etorkizun handia bezain oparoa izango duena. Bere zentzu zabalenean, ehundutako plano bateko kolore-eremu desberdinak eta azaleko tratamendua elkarrengandik bereizteko balia daitezkeen teknika mota guztiak jasotzen ditu terminoak. Zentzu hertsiago batean, terminoak ehungintza-teknika jakin bati edo haren aldaera bati egiten dio erreferentzia, zeinaren arabera bilbeko haria, irazkia osotara estaliz, berarekin bilbatzekoak diren ehunaren sekzioen gainetik bakarrik pasatzen baita. Haria, orduan, bidean topatzen dituen alboko bilbe-hariekin edo irazkiko hari batekin ehotzen da ertzetan, eta atzera buelta harturik, behin kalatu-aldaketa eginda, bere eremuan sartzen da ostera.

Tapizgintza izaera piktorikoko ehungintza modu bat da, diseinu-ehungintza ez bezala, horrek kontraste-eremuak errepikatzean bait datza. Lanerako darabiltzan formek esanahi betea hartzen dute bai beren horretantxe bai antolakuntza piktorikoaren baitan beren artean sortzen diren erlazioen bidez. Elementuen aniztasunak eta kokapen askeak —diseinu jakin baten mugen barruan betiere— ahalik eta egitura-eskema libreena erabili behar izatea eskatzen dute; izatez, ehute-prozesuaren mekanizazioarekiko horren dira independenteak, ezen azken ehundaka eta milaka urteetan denbora aurrezteko garatutako asmakizunak apenas erabili baitaitezke lan horretan. Hau lan artistiko bat da, eta, beste arte plastiko askok bezala, artisauaren eskuari material eta teknika alorrean eman dakiokeen erantzunik zuzenena —hau da, libreena— ematea eskatzen du, eskulangilea baita hemen materia esanahi bihurtzeko ardura duena.

Tapizgintza hariz sortutako formen bidezko adierazpen mota bat bezala irudikatzen badugu, esan beharra dago langintza horren adibide aipagarrienetako batzuk ehunak moldatzeko lehen esperimentuak egin ziren garai urrunekoak direla. Izan ere, badirudi ehunaren erabilgarritasunaren gaineko kontzientziaren susperraldiak, hura fabrikatzeko erraztasun gero eta handiagoari lotuta, indarra kentzen ziola, nolabait, ehunak bitarteko artistiko gisa zuen potentzial magikoari. Mendeetan zehar, hariek formaren hizkuntzan izan duten erabilera praktikotasunaren zerbitzura jarritako erabilera bati bide emanez joan da, pixkana-pixkana. Ehun baten erabilgarritasunaren alderdiak hainbesteraino menderatzen du ehunari gaur egun ematen diogun balioa, ezen, adibidez, tapiz bat —hau da, irudi ehundu bat— baloratzen dugunean, gehiago begiratzen baitiogu lan horrek izan ditzakeen abantaila praktikoei, lanak adierazpen piktoriko gisa —hau da, berez formaz dihar- duen obra gisa— izan ditzakeen merituei baino.

Badakigunez oihalgintzako prozedurarik moldagarrienak bakarrik balio dezakeela askotariko formak sortzeko eta forma horiek askotariko modutan antolatzeko eta askotariko kolorez eta gainazal-tratamenduz hornitzeko, teknika oinarrizkoenaren bila jo beharra daukagu. Zeren denbora aurrezten, ekoizpena azkartzen eta, ondorioz, handitzen zuen gailu bakoitzarekin, lan espezifiko baten inguruko mekanizazio ezinbestekoak prozesu orokorraren aukerak mugatzen zituen. Ehun-egiturarik oinarrizkoena tafetanezko lotura da, noski: irazkiko eta bilbeko harien txandakako gurutzaketa. Baina ehun-egitura hori irazkiko eta bilbeko harien banaketa orekatuan oinarritzen den bitartean, eta gaur egun gehien erabiltzen ditugun oihalak —hau da, gure milioika metro muselina— ekoizteko balio duen bitartean, tapizgintzak banaketa desorekatu bat du oinarri: bilbeak osotara estalitako irazki oso bakandu bat, hain zuzen. Gorago adierazi dugun moduan, tapizgintzak badu beste berezitasun bat: bilbea, ertz batetik bestera pasatzen ibili ordez, dagokion kolore-eremu edo gainazal-tratamenduko eremu espezifikoaren barruan bakarrik mugitzen da. Bilbeko hariak biraketa-puntuetan edo irazkiko hari baten inguruan biratzean elkarrekin lotzeko moduak bereizten ditu elkarrengandik tapizak moldatzeko teknika desberdinak; hariak elkarlotzeko moduak eragina du, beraz, diseinuaren egitura formalean.

Hariz egindako aurreneko obra piktorikoetako bat ehun marrazkidun bat da; bertan, irazkiko hari flotatzaileek, ehun bakunezko gainalde batean banatuta, eratzen dute diseinua. New Yorkeko American Museum of Natural History-ko Arkeologia Saileko Zuzendari Junius Bird-ek aurkitu zuen, 1946an Peruko iparraldean egindako indusketa batean, K.a. 2500 urte inguruko beste hainbat ehunekin batera. Hegazti bat ageri da bertan, eta bere itxura eta egitura aldetik adimen handiago batek asmatutzat jotzen da. Berehala ahazten gara gizakiak duela lau mila urte jada bereganatua zuen pentsamendu-diziplina ikaragarriaz. Esanahia formaren bitartez bakarrik transmititu daitekeenean, esanahi hori modu deskriptiboan irudika dezakeen hizkuntza idatzi bat ez dagoen tokietan, adibidez, zuzeneko komunikazio hezigarri horrek indar handia duela ikusten dugu, eta hainbesterainokoa da indar hori, ezen informazioa transmititzeko metodo gehigarriak dituzten beste kultura batzuena ere gainditzen baitu. Gaur egun, hitzek hartu ohi dute beren gain, alde handiz hartu ere, gure adierazpen espresiboen edukiaren zatirik handiena. [Ikusi Pasture (1958) eta La luz II (1958)].

Harpeetako pinturarekin batera, hari-zuntzak izan ziren gure lehen esanahi-transmisoreetako batzuk. Perun, konkistaren garaian —XIV. mendean— kultura idatziak, orokorki ulertuta, oraindik ere garabiderik izan ez zuen toki batean, ezagutzen dugun ehungintzako kulturarik bikainetako bat aurkitzen dugu, ez hutsune horren ondorioz, baizik eta, nire ustez, hutsune horri esker. Beste garai batzuetan eta munduko beste toki batzuetan, garapen maila handiko ehunak lortu dira, konplexuagoak agian ikuspuntu teknikotik begiratuta, baina batek ere ez du bitarteko espezifiko honen adierazpen-berehalakotasuna mantendu bere historian zehar. Ildo horretan, atzera balioztatu behar ditugu ehungintzaren artearen goren puntutzat jo izan ditugun lorpenak: Gotikoko, Errenazimenduko eta Barrokoko tapiz handi ospetsuak; Ekialde Urruneko brokatu eta damasko preziatuak; Errenazimenduko oihalak. Lan horiek, ehungintzaren artean lorpen ikaragarriak izanagatik, halako ilustrazio monumental batzuen papera jokatzen dute lehenik eta behin, edo dekorazioaren osagarri izatearen betekizuna dute. Ehunkiak arte txikiago baten tokira baztertu izanaren erantzuleak dira, nire ustean. Baina lanaren dimentsioak alde batera utzita —zati txiki bat izan edo horma bat adinakoa izan—, oihal bat goi-mailako artea izan daiteke, baldin eta komunikazio-berehalakotasunari eusten badio bere bitarteko espezifikoan.

Komunikazio-berehalakotasun horrek bitartekoaren eta diseinuaren artean interakzio estu-estu bat egotea eskatzen du. Margotutako aurpegi bat eta ehundutako aurpegi bat ez daude sorkuntza-lege berdinen esanetara, eta zenbat eta estuagoa izan prozesuaren eta formaren arteko lotura, orduan eta handiagoa izango da ondoriozko inpaktua. Ehungintzaren arteak duen indarraren zati handi bat alferrik galdu da, mendeetan zehar, margolanen ehunkizko bertsioak sortzeko ahaleginean; horretarako, iraganeko pintore handien aurretiazko zirriborroak oinarritzat hartu izan dira sarri askotan, Rafaelenak esaterako. Baina lan bat beste arte-forma batera aldatzeak, forma hori oso handia izanagatik, ez du zertan arte-lan bikainik sortu. Aitzitik, bai jatorrizko kontzeptuak, bai transposizioak berehalakotasun falta hori bera nozitzen dute biek. Horrek ez du esan nahi gotikoan edo ondoko garaietan goi mailako tapizik egin ez denik. Adarbakoitzaren Tapizak goi-mailako artelanak dira, noski, eta ehungintzaren izaera ukaezina dute osagai. Baina gure museoetako hormak estaltzen dituzten tamaina handiko tapizetako asko ez dira beren tamaina handiak edo kokalekuak pentsaraz liezaguketen bezain munta handikoak. Eta gainbehera doan tradizio hori berpizten saiatzen ari direnen aldetik gaur egun egiten diren ahaleginetako asko ez daude ondo bideratuta, zeren, behin berriro, alor horretatik kanpora daudenengana zuzentzen baitira, lanak distira galdua duen tokietan bizitasun berri bat sustatzearren. Horren adibide garbia dira Frantziako tapiz lantegi ospetsuetako lanak: gaur egun han egiten ari diren piezak, teknikoki, oso goi-mailakoak dira, baina balio dekoratibo hutsekoak sarritan. Salbuespen bakan batzuetan bakarrik baino ez dira tapizak benetako artelanak; hala nola irudi hauen kasuan, non artistek batez ere zati lauak landu zituzten [Cassiopée, 1963].

Nire ustez, Peruko antzinako piezak dira artelanak, klima lehorrari esker kontserbatuak eta moldatu zirenetik ehunka edo are milaka urtera argitara atereak. Artelanak dira, adibidez, Tiahuanaco aroko tapizak —tapizak zentzu piktorikoan zein teknikoan—, handiak zein txikiak, beren panteoiko jainkoak irudikatzen dituztenak; bai eta beste garai batzuetako lanak ere, beren munduko bizitzaz beteta daudenak. Hor daude, halaber, elkarloturiko lerroz edo formez osatutako lan guztiz burutsu eta sarritan korapilatsuak. Bertan agertzen diren pertsonaiak, animaliak, landareak, eskaile-formak, sigi-sagak, irudikatutako motiboa edozein delarik ere, ehulearen hizkuntzan asmatuta daude denak. Ingerada ondo markatuak behar diren tokietan, hariak propio maneiatzen dira horretarako, batzuetan oso modu harrigarri eta burutsuan, pieza batetik bestera desberdina izan daitekeen asmamen-gaitasun txundigarria erakutsiz. Metodo berezi bat, adibidez, irazkiko hariak ez ezik bilbekoak ere elkarlotzean datza. Erliebe-efektuek lanari indarra eman diezaioketela uste den tokietan, irudimenez eta trebetasunez gehituak eta landuak dira efektuok, lanari sendotasuna eman diezaiokeen beste edozer bezala. Ehunkizko lan horiek fantasia infinitukoak dira harien munduan: indarra edo bizitasuna, misterioa edo inguruneko errealitatea transmititzen dute; itxura eta eraketa aldetik txit askotarikoak dira, baina oinarrizko kontzeptuen kode batera lotuak daude beti. Ehunkizko lan horiek, bada, egundo gainditu ez den kalitate maila bat ezartzen dute.

Oihal koptoak ere, jakina, arnas handiko ehun-lanen artean sartu beharrean daude; zenbait egilek lan onenen zerrendaren buruan kokatzen dituzte. Oinarrizko ehun-egituretatik abiatuta moldatuak izan ziren, eta irudiek, beraz, ehunaren berezko eraketa mantentze dute. Sarritan, alde leunen eta korapilatsuen ehunezko justaposizio peto-peto bat ageri dute. Baina oso aurreratuak izan arren, haien luze-zabalera mugatua agerian geratzen da Ameriketako antzinako piezen hari-erabilera ausartagoarekin alderatzen direnean.

Hala Ekialde Hurbilean nola Ekialde Urrunean erabili izan den teknika bat soumak delakoa da. Bilbeko hari bat irazkiko hari baten edo biren inguruan bilduz —koloreak alda daitezke ertz batetik bestera pasatzerakoan— eta itzulerako pasaldian biltzeko mugimenduaren norabidea aldatuz, ehun bakun artekatu bat, sarria eta sendoa molda daiteke, ehunki piktorikoak egiteko oso egokia.

Ehungintzaren arteak une goren asko izan ditu, jakina, garai eta toki desberdinetan, bitartekoaren eta formaren arteko interakzio arrakastatsuaren adibide gisa aipa litezkeenak. Erabateko alderdikeriaz jokatzea leporatuko didate, Peruko ehunkizko produktuei diedan mirespena dela-eta, baina egia da ehungintzaren artearen adibiderik bikainenak direla niretzat. Baina hemen, nik uste, beste inon baino gehiago ikas dezakegu. Hemen ikas dezakegu ez dela ezinezkoa asmaketa jostalaria lanbide bati datxekion diziplinarekin konbinatzea. Gure gaur egun daukagun jolaserako joerak iparra galtzen du sarritan, eta gehiago da atentzioa deitzeko modu bat, benetako berrikuntza sinesgarri bat baino. Mugarik ezak formarik eza baino ez dakar, inora ez garamatzan nahasketa bat. Baina nire ustean, forma da —forma hori edozein delarik ere— gure salbabidea.

Gaur egun haztamuka gabiltza oraindik. Ehuleek sorkuntza piktorikora hurbiltzeko egin dituzten ahaleginek kasu puntualetan bakarrik lortu dute gure interesa artearen adinako indarrez erakartzeko behar besteko maila. Lurralde berriak konkistatzeko —hau da, esanahia transmititzeko beste bide batzuk bilatzeko— saio esperimental horiek eskulturarenean sartzera ere iritsi izan dira inoiz [Dark River, 1961].

Baina gaur egun, eta denbora batez oraindik, hariak, nire iritzian, adierazpide gisa erabil daitezke. Eta hariz egindako gauzen izaera nomadaren itxura praktikoak iritzi hori sustatzen du. Gero eta gehiago eta azkarrago mugitzen gara batetik bestera, eta aiseago mugitzen uzten diguten gauzek erakarriko digute arreta. Gure arropa gero eta arinagoa den bezala eta gure mugimenduak errazteko diseinatua dagoen bezala, aldean eramaten ditugun gainerako gauzak ere halaxe izango dira etorkizunean. Eta gauza horien artean bihotza alaituko digun artelan bat sartu nahi izanez gero, guk agian irudi ehundu bat eskuko mural gisa eramango dugu gurekin, batetik bestera ibiltzeko orduan biribilkatuta eramateko modukoa izango dena. Ekialde Urrunak, jakina, aspaldi gauzatu zuen ideia hori, artelan biribilkatuen itxuran. Beharbada guk ere geure bertsio propioa aurkitzeko modua egin ahal izango dugu, noizbait.

[Itzultzailea: Rosetta Testu-Zerbitzuak, S.L.
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]