Edukira zuzenean joan

Anni Albers: Ikusmena ukitu

katalogoa

Hirugarren kapitulua. Diseinuaren notazioa

Anni Albers

Izenburua:
Hirugarren kapitulua. Diseinuaren notazioa
Egilea:
Anni Albers
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2017
Neurriak:
29 x 22 cm
Orrialdeak:
135 or.
ISBN:
978-84-95216-80-9
Lege gordailua:
BI-1478-2017
Erakusketa:
Anni Albers: Ikusmena ukitu
Gaiak:
Ehungintza-artea | Lan-prozesua | Teknika eta materialak
Aipatutako artistak:
Albers, Anni

Ehuna moldatzeko antzea oinarrizko ehunetan bakarrik baletza, oso erraza litzateke irazkia eta bilbea elkarrekin lotzeko jarraitu beharreko argibideak diseinatzea, hariak nola gurutzatzen diren modu grafiko batean erakutsita. Gainera, zenbakien bidez adierazi ahalko litzateke zein irazki-hari goratu edo beheratu txanda bakoitzean, sarga bakunen kasuan maiz egin ohi dugun bezala. Baina ehunen moldaketak eta lanketak direla eta, kontua konplikatu egiten da, eta ezinbestekoa zaigu notazio modu sinplifikatu bat erabiltzea.

Industriak ehunak diseinatzeko sistema estandarizatu bat hobetsi du, aldaera gutxi batzuk gorabehera, bai ehundegi mekanikoen bai ehundegi pedaldunen ekoizpenean aplikagarria dena. Diseinuaren notazio-sistema horrek paper laukiduna baliatzen du euskarri gisa. Bertikal distantziakideen arteko tarteak irazkiko hariak irudikatzen dituela ulertzen da, eta horizontalen artekoak, modu bertsuan bereiziak eta aurrekoekin angelu zuzenean gurutzatuak, bilbeko hariak irudikatzen dituela. Hala, eratutako laukitxoek irazkiaren eta bilbearen arteko intersekzioa irudikatzen dute. Irazkiko hari bat goratzen denean, laukitxo bat betez adierazten da. Horrenbestez, laukitxo huts batek bilbea agerian dagoela esan nahi du. Hori da oihal baten ehun-egitura zehatz-mehatz adierazteko behar den guztia, nahiz eta, jakina, ez duen ehunaren irudikapen naturalista bat eskaintzen.

Oihal batean gurutzatzen diren harien ordena diseinatu eta erregistratzen denean, begien bistan geratzen da zeintzuk diren ehuna osatzen duten elementuak eta zenbat diren oinarrizko ehun-egituran parte hartzen duten irazki- eta bilbe-hariak. Unitate horrek egiturazko osagai guztiak ditu bere baitan eta funtsean hori da ehun bati buruzko informazio gisa behar den guztia. Hala ere, unitate horren zenbait errepikapen behar izaten dira diseinu baten eskema ezagutzeko. Lehen unitatea errepikapenetatik argi bereizteko, halakoxetzat markatu beharra dago. Normalean, unitate hori diseinuaren beheko ezkerraldean kokatzen da, eta besteen artetik bereizteko, kolore desberdin batez margotzen da (gorriz unitatea, urdinez errepikapena), edo, zuri-beltzeko irudikapenen kasuan, bitarteko grafiko desberdin bat erabiltzen da. Batzuetan, unitatearen mugak beheko ezkerraldean markatzen dira, diseinuaren kanpoaldean. Gisa horretan, unitatea lehen begiratuan bertan ezagut daiteke eta berehala jakin daiteke zenbat irazki-hari eta zenbat bilbe-hari behar diren ehuna moldatzeko.

Salbuespen gutxi batzuk salbu —gaza-ehuna, adibidez—, edozein ehun mota diseina daiteke modu horretara. Oihal bat moldatzeko deskribapen luzeenak ere —erabili beharreko hariak, ehun-egiturak eta, azkenik, ehuntze-lanaren sekuentzia— aise adieraz daitezke notazio soil horren bidez, beharrezko den informazio osoa eskainita. Ehunaren egitura nolakoa den ulertzeko, aski izan daiteke haren diseinua irakurtzea, hura benetan moldatzeko prozesu luzetik pasatu beharrik izan gabe. Ehun baten irudikapen errealista eta neketsuaren aldean, zeinak batez ere ehunaren kanpoko itxura erakusten baitigu, notazio honek, moldatzen errazagoa eta azkarragoa izateaz gainera, badu abantaila nabarmen bat: argi erakusten dizkigu oihalaren azalean ageri ez diren egiturazko elementuak, modu naturalista batean soilik distortsio bidez agerrarazi ahalko liratekeenak. Historiako ikerketa-lanetan, gainera, ehungintza-lan komertzialean hain arrunta den notazio-sistema hori luze eta zabal erabiltzeak asko erraztuko luke, kasu askotan, datuak erregistratzeko lana. Harrigarria da ikustea nola batzuetan informe landu batera jotzen den, harien egituraketa diseinuen idazketa-kodera transkribatu ordez. Baldin diseinuen notazio-takigrafia, gorago esan dugun moduan, tresna baliagarria bada ehun-egiturak moldatzeko, lagungarria da ere ehunak aztertzeko orduan, hau da, jadanik egina den egitura bat identifikatzeko orduan. Material zati bat analizatzerakoan, bilbe-hari bakoitza edo irazki-hari bakoitzaren jarraipena egiten da, kontrako hari sistemarekin egiten duen gurutzaketa angeluzuzenetan zehar; beraz, bilbe-hari baten gainetik gurutzatzen den altxatutako irazki-hari bakoitza notazio-sistemaren arabera markatuta geratzen da.

Aztergai den oihal zatia ebakita, hala ahal izanez gero, asko errazten da hari bakoitzak egiten duen bidearen arrastoari jarraitzeko prozesu hori orratz luze bat erabiliz egin ohi da. Izan ere, bilbe-harian zehar ebakitzen bada, adibidez, hariak egiten duen bidea zeharkako sekzioan ikus daiteke goitik begiratzen denean, eta bilbearen hurrengo hariak banan-banan goratu daitezke; horrela hobeto ikusten dira harien arteko intersekzioak, oihalaren aurkian bakarrik ageri direnean baino. Gauza bera gertatzen da irazkiko hariek egiten duen bidearen arrastoari segitzen zaionean ere. Oihala disekzionatzeko prozesu horretan, lupa bat oso lagungarria gerta daiteke.

Jakina, oihal bat aztertzeko orduan, harien egituraketaz gainera, beste elementu batzuk ere identifikatu behar dira: irazkiko eta bilbeko harietako bakoitzaren kolorea adierazi behar da diseinuaren bazter batean; hari-zuntzaren bihurdura eta kolorea adierazi behar dira, hala nola, zer materialez egina dagoen hura; bai eta hazbete, zentimetro edota definitzen den luzera-neurriaren unitate bakoitzeko erabilitako irazkiko zein bilbeko hari kopurua ere. Behin datu horiek ezarrita, egiaztatu dugu oihal bat erreproduzitzeko beharrezko den informazio guztia. Izan ere, ehungintzaren prozesua inferentzia kontu bat baino ez da.

[Itzultzailea: Rosetta Testu-Zerbitzuak, S.L.
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]