Edukira zuzenean joan

Anni Albers: Ikusmena ukitu

katalogoa

Seigarren kapitulua. Hariak elkarlotzeko antzinako teknikak

Anni Albers

Izenburua:
Seigarren kapitulua. Hariak elkarlotzeko antzinako teknikak
Egilea:
Anni Albers
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2017
Neurriak:
29 x 22 cm
Orrialdeak:
135 or.
ISBN:
978-84-95216-80-9
Lege gordailua:
BI-1478-2017
Erakusketa:
Anni Albers: Ikusmena ukitu
Gaiak:
Ehungintza-artea | Ekoizpen artistikoa | Lan-prozesua | Masa-kultura | Teknika eta materialak
Aipatutako artistak:
Albers, Anni

Hastapenak interesgarriagoak izaten dira lanketa-prozesuak eta amaierak berak baino. Hastapenak esplorazioa esan nahi du, hautaketa, garapena, egiaztatua izan denak eta tradizionala denak oraindik mugatu ez duten, zedarritu ez duten bizitasun indar handiko bat. Gure lanean bilaketaren abentura benetako grinaz bizi dugunok, hastapenetara itzultzeak geure burua besteen lanetan islatuta ikustea esan nahi du: ez lanaren emaitzan islatuta, lanaren prozesuan baizik.

Horregatik, ikusminez beterik begiratzen diet historiaren estreinako eginahalei, ez hainbeste jakin-min historiko batek bultzatuta, hau da, atzera begiratzeko gogo hutsak zirikatuta, baizik eta aurrerantz iraganeko ikuspuntu batetik begiratu eta zeharbidez esperimentatu ahal izateko urratsez urrats lortutako arrakastaren gozamena.

Horretan datza ikaskuntza. Eta urrutiko garaietarako, ehungintzaren hastapenetarako nire itzul-bidaia horretan, nire ikasleak ere bide lagun izan nahi nituzke. Nola hasi zen hau dena? Teoria bat baino gehiago dago horren inguruan; eta ez baitakigu zehazki nola hasi zen dena, zilegi dugu aieruka aritzea. Animalien larruak dira, segur aski, oihalen prototipo hurbilena. Lauak eta tolesgarriak dira, eta, beraz, baliagarriak zaizkigu oso modu espezifikoan. Geure burua estal dezakegu haiekin, eta bigarren larru-geruza horrek hotzetik babesten gaitu, eguzkitik eta haizetik. Aterpe eman diezagukete, teilatu eta hormen lanak eginez. Bitarteko baliagarriak dira gauzen garraioan aritzeko. Erabiltzen ez ditugunean, tolestu egin ditzakegu, hau da, haien tamaina txikitu dezakegu, eta, zentzu horretan, miragarriak dira, harriarekin edo zurarekin alderatuz gero.

Beharbada, hain ezaugarri bereziko material bat fabrikatzeko ideiak norabide horretarantz bideratu zuen lana; beharbada, baina, gauzak ez ziren imitazio bidezko ikaskuntza baten ondorioz hasi, baizik eta, sinpleki, azal zati bigun bat, zurda bat, aihen bat edo beste zernahi gauza beste zerbaiten zati bati gehituz eta modu batera edo bestera lotuz; era esperimentalean alegia, aplikazio berehalako bat bilatzeko inolako asmorik gabe. Lotura edo juntura horiek egiteko modu desberdinek, jakina, emaitza desberdinak dakartzate. Teknikaz den bezainbatean, horretan dago gako nagusia, eta beharbada interesgarria izan daiteke teknika horiek hemen banan-banan aztertzea.

Momiak biltzeko erabilitako oihal zaharrenetako batzuk —bost mila urte omen dituzte— duela gutxi atera ditu argitara Frédéric Engele-k, Paracas-en (Peru) egindako indusketetan. (Ikus Journal de la Société des Américanistes, 49. alea, 1960, 7–36. or.). Aihenen antzera elkarrekin bihurritutako ihi batzuk dira, hau da, material zurrunak beste malguago baten bidez uztartuak, estera bat eratzen dutenak, tolesgarria norabide batean eta zurruna bestean. Segur aski, hurbilago daude saskigintzatik ehungintzatik beragatik baino, ehungintza gaur egun ezagutzen dugun eran ulertuta. Izan ere, antzeko metodo bat erabiliz egindako saski batzuk ere aurkitu zituzten hilobi horretan bertan. Zuntzak elkarrekin lotzeko modu hori berriro aurkituko dugu aurrerago ere, ehungintzara bidean —itxura guztien arabera— eboluzionatuz doan teknika bat bezala. Hor dugu, beraz, ehungintza-tekniken sorburuetako bat, baina oraindik ezin dugu esan ehunki horiek benetako oihalak direnik.

Zenbait egileren arabera, saskigintza ehungintzaren arbaso zuzena da. Hala ere, gure aieruek beste bide batetik eraman gaitzakete, agian ehungintzaren garapenaren ildo nagusitik hurbilago dagoen batetik.

Imajina dezakegu, garai hartan, material batzuen luzetarako zati motz, bigun eta tolesgarri batzuk baino ez zituztela izango eskura, eta, beraz, oihalgintzaren historian goiz hasi zela zati horiek elkarrekin estekatuz gainazal lauak moldatzeko prozesua. Emaitzak nahitaez behar zuen izan oihal ireki bat, sare baten antzekoa, larruek dituzten ezaugarrietatik (trinkotasuna, sendotasuna, pisutasuna eta opakutasuna) oso urrun zegoena. Arrantzarako eta garraiorako edota baita ilea estaltzeko ere (Perun ilerako sare batzuk aurkitu dituzte, oso-oso antzinakoak) erabiltzen zen oihal arin eta tolesgarri haren erabilgarritasunak haren egitura-elementuak luzatzeko gogoa sorrarazi bide zuen, eta ondorioz, horrek zuntzaren irutea ekarri zuen azkenik. Soka-mutur luze eta malguekin lan egin ahal izateko aukerari esker, ehundura-metodo berriak asmatu ziren. Begiztak (bere forma guztietan), sareak, edo txirikordak egin, ehuntze-lanaren emaitza berdina zen beti, aldaerak aldaera: gainazal lauko hedadura ia bidimentsional eta tolesgarri bat. Hain zen oinarrizkoa egitura fabrikatu berri hura, ezen “material” deritzogu [ingelesez] oraindik ere hari, “oihal”-ez gainera. Gure antzinako historian jada, horrek zerbait gehigarria eransten zien naturako objektuei, gauzen erresuman espezie berri bat bezala agertu zen zerbait.

Korapiloak, sareak eta begiztak, ehuntzeko teknika gisa elkarrekin lotura dutenak, apenas behar dute tresnarik: makila bat akaso, ardazketaren ondoriozko ehungai ordurako ia amaigabea —hots, haria— biltzeko harilarena egingo duena; eta beste makila bat, agian, lanaren uniformetasuna segurtatzeko kalibre gisa erabiltzeko. Teknika horietako bakoitzak oihal irekiak ematen ditu. (Ikus xehetasun gehiago hemen Textiles of Ancient Peru and Their Techniques, Raoul d’Harcourt, Seattle: University of Washington Press, 1962). Begiztek eta, aurrerago, kakorratz-lanak eta puntu-lanak elastikotasuna gehitzen diote oihalari; elementu bakarreko teknikak dira hirurak, oihala egiteko hari-luzera jarraitu bat darabiltenak. Puntu-lana eta kakorratz-lana arabiarrek asmatu zutela uste da. Laginik zaharrenak arabiarren garaiko Egiptoko hilobietan aurkitu dira, eta zaharrenak ez dira gure aroko VII edo VIII. mendekoak baino lehenagokoak (ikus Kristin Bühler, “Classification of Basic Techniques”, Ciba Review, 63. zk., 1948).

Oihal horiek oso tolesgarriak eta arinak dira, nahiko material gutxi erabili baitzen haiek fabrikatzeko prozesuan. Nahi bezalako forma eman dakieke, eta tamainari dagokionez, erabilgarritasunak eta zentzuzko erabilerak ezartzen dituzten mugak baino ez dituzte. Gaur egun, oinarrizko ehuntze-metodo horiekin esperimentatzen dugunean, ehungintza-produktuen funtsezko nolakotasunez jabetzen gara, eta, haien artean, gaur egun ere oraindik erabiltzen diren prozedurak hasten gara ikusten, perspektiba zabal baten baitan. Eta hortxe ikus ditzakegu ere geure buruak, aurrerapen jakin batzuetako soka-mutur solteak aztertzen eta, inoiz, aurrerapenok gaur egungo beharrizanetarako doitzen, batzuetan neurri-aldaketa huts bat eginez: lokarria erabili, agian, hariaren ordez.

Larruekin alderatuta —tamaina mugatukoak eta forma aldetik ere praktikotasun gutxikoak denak—, ehungintzaren asmakizun horiek bide berri eta zabalak urratu zituzten. Forma erregularreko oihal-hedadura luzeak sortzeko bidea ematen zuten. Oihalaren trinkotasuna helburu berri gisa agertu bide zen berehala: ezaugarri irabazi berriak naturak eskaintzen zituen desiragarriekin konbinatzea zen asmoa.

Elementu bakarreko tekniken bazterketa erabatekoa etorri zen orduan, bi hari-sistema independenteren erabilera zabaltzen hasi zenez geroztik: bata finkoa, bestea higikorra. Hariok elkarrekin lotzea izan zen haiekin lan egiteko aurreneko moduetako bat. Zutariak (edo hari bertikalak) tenkatzeko —hori da, hain zuzen ehundegi ororen zeregin nagusia—, goiko barra edo ardatz batetik zintzilik jarri eta pisu batzuk (haztakinak edo haztarriak) lotzen zitzaizkien beheko partean, edo, besterik gabe, goiko barraren eta azpiko beste baten artean tenkatzen ziren. Bilbe-hari bikoitz batek angelu zuzenean gurutzatzen zuen hari multzo hori —egun irazkia deitzen duguna—, alde batetik bestera, eta bere bi zuntzen bihurrituen artean irazkiko hari bat edo bat baino gehiago korapilatzen zuen. Era horretan ehotako oihalak K.a. 2500 urte ingurukoak dira, eta Junius Bird-ek Peruko iparraldeko kostan egindako indusketetan aurkitu zituen; korapiloak ageri dituzte bazterretan, pasaldi bakoitzaren ondoren eginak, beraz, nire ustez, orduko hariak oraindik motzak zirela esan liteke. Toki horretan gaur egun ehuntzen diren piezetan ere agertzen dira antzeko korapiloak. (Ikus Junius Bird eta Joy Mahler, “America’s Oldest Fabrics”, American Fabrics, 20. zk., 1951–1952ko negua; ikus, baita ere, Junius Bird, Andean Culture History, New York, American Museum of Natural History Handbook Series, 15. zk., 1960). Garai urrun hartan ere —zeramika aurreko garaian, hain zuzen—, elkarrekin bihurritutako harizko egitura korapilatsuak moldatu izan ziren, hautatutako irazkien transposizio bidez moldatu ere, eta efektu espazial fin askoak lortzera ere iritsi ziren. Oihal horiek irazkizkoa dute aurkia, bilbe bihurdikatuen arteko tarteak oso zabalak dira, eta irazkiak beren tokian tinko estututa daude. Eraginkortasun handiko teknika bat da hori, inondik ere, baina denborarekin gaina hartu zion ehungintzarenak, zeina, aurrerago agerian geratu zen bezala, are eraginkorragoa suertatu baitzen, denbora aurrezten laguntzen zuten —eta, azkenean, jardueraren mekanizazioa ekarriko zuten— gailuetara irekiagoa. Ameriketako lehen oihal horiek baino are zaharragoak dira oraindik (izan ere gaur egun arte aurkitu diren zaharrenak dira) 1961ean Hans Helback-ek Catal Hüyü-eko indusketan, antzinako Anatolian, aurkitutakoak. Karbono- 14aren datazio-metodoaren arabera, K.a. 6500 urte ingurukoak dira (ikus Archaelogy, 16. liburukia, 1. zk., 1963ko udaberria, 39–45. or.). Argazkitan zuntzak elkarrekin korapilatuz egindako lanak ageri dira, bai eta, egilearen arabera, bihurrituz egindakoak ere, nahiz eta nekez bereizten ahal diren.

Oihal horien garapen maila lehenago aipatu ditugun beste horiena baino askoz txikiagoa da.

Hariak elkarrekin bihurritzeko teknikak —bilbe-hari bikoitz batekin lan eginez gero, ikusi dugun bezala— ehun zurrun eta astun samar bat ematen du. Baina zuntzak bilbatzeko modu horrek badauka ezaugarri berezi bat: irazkia tarte berdinetan banatuta egotea bilbearen bihurrituen artean. Hari lodiagoak edo finagoak erabiliz, tarte hori doitu egin daiteke, irazkiko hariak bereizten dituzten ondoriozko bihurdura handiago edo txikiagoei esker. Izan ere, kontinente guztietan erabili den teknika bat da hori, Bühler-Oppenheim doktorearen arabera. (Ikus Ciba Review, 1947ko urria). Ipar Amerikako Ozeano Bareko ipar kostako chilkat-ek ere zuntzak elkarrekin bihurritzeko teknika hori erabiltzen zuten beren burusi zeremonialak egiteko. Baina kasu honetan, bilbeak osotara estaltzen du irazkia eta berekin ditu diseinuaren elementu guztiak.

Angelu zuzenean elkar gurutzatzen duten harien zutikako sistema batean behin lanean hasita, hurrengo berezko urratsa bilbe bakarra zerabilen teknika sinplifikatu bat zen, itxura guztien arabera, hau da, txandakako irazki hariak hautatzen dituen eta pasaldi bakoitzean hautaketa alderantzikatzen duen bilbatze mota bat. Garrantzi handiko urrats bat izan zen hura, ehungintzari bide eman ziona, hain zuzen. Abantaila nabarmena zuen hariak bihurritzeko teknikaren aldean: hariaren luzeraren erdia nahikoa da alderik alderako pasaldi bakoitzerako, eta emaitza oihal arinago bat da. Gainera, prozesua askoz azkarragoa da. Denbora eta lana aurreztea, bai orduan bai orain, adimen seinale nabarmena da eta garrantzi handiko faktorea, produktibitatea den bezainbatean. (Batzuek uste dute hasierako gizarteek —gizarte primitibo direlakoek, alegia— ez zutela guk gaur egun dugun neurrian bizi denboraren presioa. Baina aski dut begiratu bat ematea hozkailuari ohartzeko zenbat denbora ematen didan gailu horrek etengabe opari, egunero janari bila borrokan ibili behar izatetik libratuz).

Hasieran, hariak elkar gurutzatzeko teknikak, orain ehunak egiteko teknika peto bihurtuak, oso aurrerabide geldoa izan zuen, nonbait, eta zuntz bihurritu baten edo gehiagoren ondotik edo bi zuntz bihurrituen artean baino ez zen erabilia izan. Hala, ehuntze-lan bati hari-tarte homogeneoak ematen zitzaizkion hasieran, baina hori berriro aztertzen zen lanak aurrera egin ahalean. Zuntz bihurritu bidezko hasiera hori beranduagoko ehungintza landuko pieza askotan aurkitzen da. Teknika hori, gaur egun, zuntz zurrunekin erabiltzen da gehienbat: pertsianak, oin-zatarrak eta abar egiteko; beraz, dagoeneko ez da ehungintzaren garapenaren joera nagusia. Izatez, aspaldi desbideratu zen hartatik. Hala ere, nik uste merezi duela berarekin esperimentatzea gerora sor daitezkeen erabilera espezifikoetara begira, edo, besterik gabe, ehungintza-prozesu estrukturalei buruzko ezagutza sendotze aldera.

Ehungintzaren abantaila agerian geratzen da hala. Bilbea, hari bakarra kasu honetan, ondo estutu daiteke, eta, ondorioz, nahiko oihal trinkoa baina arina lor daiteke. Bestalde, ehuntze-lanaren emaitza angeluzuzen itxurakoa izango da nahitaez: ehulearen eskuen irismenak —bilbea sartzean— mugatuko du haren zabalera; irazki-tokian lot daitekeen irazki kopuruak eta oihala biltzeko ardatzak (edo ehun-subilak) bil dezakeen oihal kopuruak, berriz, luzera. Zuntzak elkar gurutzatzeko modu hori oso ongi egokitu zen irazki-harien armazoia edo, geroago, oinohola bezalako tresnekin, zeinek, pixkanaka, abiadura handitzen lagundu baitzuten, eta horrekin, oihal-ugaritasun berealdiko bat sortzen, bai kopuru aldetik, bai barietate aldetik. Ehungintzak gainerako ehuntze-teknika guztiak gainditu zituen milaka urtean zehar, baina gaur egun galdetzen hasi beharko genuke ez ote duten bera gaindituko orain lehen planora pasatzen ari diren beste metodo batzuek, hala nola puntu-lanak edo paper-fabrikazioaren antzeko isurketa-prozesuak.

Txirikordatzea dugu antzinako beste tekniketako bat, non “txirikorda” hitzak oihal-zerrenda estuei egiten baitie erreferentzia. Gaur egun, erabilia da oraindik ere, oin-zatarren edo, noski, txirikorden fabrikazioan. Elementu anitzeko teknika bat da, ez ordea irazki-bilbe sistemaren motakoa, zeren kasu honetan irazkia bilbe bihurtu eta irazki bilakatzen baita atzera, elkartruke etengabeko batean, hariak elkarrekin lotu ahala. Perun egindako ustiaketetan, elaborazio izugarri bihurriko txirikordak aurkitu dira, oso-oso ederrak, kultura horrek ehuntze-lanarekin izandako engaiamenduaren neurria agerian uzten dutenak. (Ikus txirikordatzearen teknikari buruzko azterketa xehe bat hemen: Raoul d’Harcourt, Ciba Review, 12. liburukia, 136 zk., 1960ko otsaila; eta baita egile beraren Textiles of Ancient Peru and Their Techniques ere). Ilezko ohialak ere oso antzinakoak dira. Alfonbragintzan —hau da, ehun-gai astunen ehungintzan— iritsi zuten beren gorena Ekialdean; batez ere, noski, Pertsian. Oso teknika erraza da, eta hori dela eta, diseinua aukeratzeko orduan, handia da askatasuna, beste edozein ehungintza-teknikan baino askoz ere handiagoa. Alfonbrek osagai dituzten pertsiar eta turkiar korapiloak artilezko hari-mutur motzak dira, aldameneko bi irazki-hariren inguruan lotuak eta euren artean aurkirantz erakarriak. Korapilo ilara oso bat zabalera osoan zehar txertatu ondoren, ehun bakunezko bilbe bat edo bi sartzen dira. Korapiloak eta bilbeak atalka tinkatzen dira, eta sardexka baten antzeko tresna pisu baten bidez beren lekuan kokatzen. Zenbait errenkada osatutakoan, gainazala muxarratzen da.

Korapilo bakoitza kolore desberdin batekoa izan daitekeenez, ilezko oihalen diseinu-aukerak amaiezinak dira ia. Margolan puntillista bat izango litzateke segur aski teknika honen bidez erdiets litekeen goren mailara gehien hurbiltzen den adibidea, baina, jakina, lanak izugarrizko denbora pila hartuko luke. Horren ondorioz, neurri handi batean, egungo eskuzko korapilo-alfonbren diseinuek eremu lau handiak txertatzen dituzte, eta hala, asmaketa erraz bezain burutsu horren erabilera mugatu bat egiten duten diseinuetan oinarritzen dira.

Belusak ere, jakina, ilezko ehunak dira, baina kasu honetan irazkiak eratzen du ilea. Beranduko eboluzio bat dira, oso sofistikatua, eta gailu bereziekin tresnatutako ehundegietan baino ezin dira fabrikatu.

Mekanizaziora bidean egindako urratsek, itxuraz, abantailak ez ezik mugak ere ekartzen dituztenez, atzera begiratu eta arretaz aztertu beharko genuke ehungintzak berekin ekarri zuen itxura erregularreko oihal hori, bidean ezer galdu ote dugun ikustearren. Ehungintza-jarduera antzinakoenek, bai eta mendebaldeko industrializazioa edo kontzeptuak oraindik iritsi ez diren eskualdeetan indarrean dauden eskuzko ehungintza-moldeek ere oihalen forma kontuan hartuta dihardute. Badira antzinako atorrak, kolonaurrekoak, irazki-hariak gehituz edo kenduz zabalago ehundu zirenak sorbaldetan gerrialdean baino (gure besaburuko betegarrien konkista aurreko bertsioa dira). Egungo Guatemalan ere badira atorra batzuk gerrialdean bilbe-tarte handiagoak utziz ehunduak, gerriko baten azpian errazago tolestu ahal izan daitezen. Eta hor dira ere pontxoak, quechquemitl deiturikoak, Puebla eta Hidalgo (Mexiko) estatuetako konkista aurreko jantzi mota bat. Ehuntze-prozesuan, halako itxura tridimentsional bat ematen zaie, izkina baten bueltan egindako ehuntze-lan konplikatu baten bidez. (Ikus Bodil Christensen, “Otomi Looms and Quechquemitls from San Pablito, State of Puebla, and from Santa Ana Hueytlalpan, State of Hidalgo, Mexico”, Notes on Middle American Archaelogy and Ethnology, Carnegie Institution of Washington, Division of Historical Research, 78. zk., 1947ko urtarrilak 20).

Gaur egun, itxuraren problema hori, jantzigintzarekin lotua jeneralean, eraginkortasunez konpontzen da gero eta protagonismo handiagoa hartzen ari den puntu-lanaren prozesuaren bidez. Gure galtzerdiak, gure barruko arropa, baita larru itxurako oihalak ere, gaur egun prozedura horren bidez fabrikatzen dira. Itxuraren abantailaz gainera, kasu honetan irazkia prestatzeko lan neketsua aurrezten da, eta, kasu askotan, produktuaren elastikotasuna ehundutako zuntzen egitura horizontal-bertikalaren ondorio diren oihal egonkorrak baino hobeto egokitzen da gure egungo premietara. Azken horiek joskintza-lan neketsua edo drapeatu konplexu bat behar izaten dute, forma ematerakoan. Gainera, gure zuntz sintetiko berriak moldagarriak dira, kasu batzuetan, eta fabrikazio-prozesuan bertan, eta ez geroago, moldatutako edo itxuratutako oihal motak erabiltzera bultzatzen gaituzte gero eta gehiago.

Hala, beraz, begirada atzera, oso atzera luzatuta, ehungintzaren teknikaren goraldia ikuskatu ahalko dugu han urrutian, eta aurrera, oso aurrera luzatuz gero, haren nagusitasuna ahultzen begiztatu ahalko dugu agian.

[Itzultzailea: Rosetta Testu-Zerbitzuak, S.L.
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]