Claes Oldenburg: hirurogeiko hamarkada
Kalea (The Street), Judson Gallery
Iruzkinak
Sarrera
- Izenburua:
- Sarrera
- Erakusketa:
- Claes Oldenburg: hirurogeiko hamarkada
- Gaiak:
- Artea eta umorea | Artearen historia | Tamaina | Kapitalismoa | Kontsumoa | Herri-kultura | AEB | Coosje van Bruggen | Frank Gehry
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Figuratiboa | Espresionismo Abstraktua | Pop Artea
- Artelan motak:
- Eskultura | Instalazioa | Performance
- Aipatutako artistak:
- Oldenburg, Claes
Ongi etorri Guggenheim Bilbao Museora eta Claes Oldenburg: hirurogeiko hamarkada erakusketara honetara, inoiz egin den zabalena Claes Oldenburgen lan berritzaileari eskainita. Artelan horiek AEBko artearen hamarkada sutsuenetako batean egin zituen, 1960koan, hain zuzen.
Erakusketak museoko bigarren solairu osoa hartzen du. Erakusketa lankidetzan antolatu da, Vienako Museum moderner Kunst Stiftung Ludwig museoarekin batera, eta BBVA Fundazioak babestu du. Zorte ikaragarria dugu, halaber, erakusketa antolatzen artistak berak eta bere estudioak lagundu baitigute.
Suedian jaiotako estatubatuar hau mundu osoan zehar dauden bere eskultura erraldoiei esker da ezaguna. Horietako asko bere emazte Coosje van Bruggen artistarekin batera sortu zituen; van Bruggen 2009an hil zen.
Botilatzarrak, matxarda izugarri handiak, izozki-kono itzelak: eskala erraldoian egindako lan hauek autoritatea hankaz gora jartzen dute, egunerokoa arrotz bilakatzen baitute.
Oldenburgen artelan ironiko eta analitikoek 1960ko hamarkadan dute abiapuntua. Garai horretan, bere lanak pop artea delakoaren barruan sailkatu zituzten; baita New Yorken egiten zen performance arte erradikalean ere. Irudi garrantzitsua izan da pop artean, performancean eta instalazio-artean. Baina Oldenburg kontsumogaien poeta ere badugu. Objektua kulturaren transmisore bihurtzen da, gizarte kapitalistaren irudimenaren, nahien eta desioen ikur indartsua.
Estatu Batuetako lehen abangoardia mugimendua, alegia, Espresionismo abstraktua, abiatu zenean, New York bihurtu zen nazioarteko arte-munduaren arreta gune berria. Nolanahi ere, Espresionismo abstraktuak zalantza ekarri zion arteari. 1950eko hamarkadaren amaieran, AEBko artea bidegurutze batean zegoen; batzuek ziotenez, krisialdian.
Batzuek zioten pintura hilda zegoela. Beste batzuk, aldiz, arte figuratibora itzultzearen aldekoak ziren.
Egiazko aldaketa egiteko garaia zen.
“Artistek denetarik egiten dute”, adierazi zuen Oldenburgek. “Amorrazio moduko bat da, inguruko munduan parte hartzeko, abstrakzioaren lehorte eta ukazioaren ondoren”.
Erakusketaren gune didaktikoak bisita ditzakezu bigarren solairuko korridorean eta 201. aretoan. Gune horietan, bisitariei Claes Oldenburgen sortze-prozesua azalduko da 1980–90ko tamaina handiko bi lanen bidez: Il Corso del Coltello (Labana-ontzia I haren parte zen) eta Binokularrak (Binoculars). Lanok Coosje van Bruggen-ekin eta lagun Frank O. Gehry arkitektoarekin elkarlanean egin zituen. Xehetasunak testuen, estudioko materialaren, fotogramen eta filmen bidez emango dira.
Espero dugu erakusketaz gozatzea.