Max Beckmann: urmargoak eta pastelak
Marie Swarzenskiren erretratua
Artistaren egongela
Iruzkinak
Topaketa gauean
- Izenburua:
- Topaketa gauean
- Erakusketa:
- Max Beckmann: urmargoak eta pastelak
- Gaiak:
- Emakumea artean | Konposizioa | Perspektiba | Biluzia | Genero-margoa | Drama | Prostituzioa | Drama
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismoa |
- Teknikak:
- Pastela
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Beckmann, Max
Max Beckmann dramatismoaren maisua izan zen. 1920ko hamarkadan egindako margolan askotan, egoera misteriotsuen bat‑bateko irudiak agertzen dira. Iraulitako argizariek edo lanparek, hankaz gora dauden altzariek eta antzeko arrastoek, ikuslea gogoeta egitera bultzatzen dute. Lehenengo begiradan badaude gauza batzuk argi, Topaketa gauean irudian gertatzen den moduan. Lanpara txiki baten laguntzaz burdel ilun bateko eszena argi ikus dezakegu. Atzealde beltz-beltzean, pintzelkada gutxiekin eta ia karikatura itxuraz eginda, esmokina daraman gizontxoa ageri da. Eskuinean, irudiaren ertzean, emakume zahar bat dago, eta haren besoa apur bat beherago ikusten da. Bien artean, tamaina handiko eta plastikoki ongi zehaztuta dagoen emakume baten gorputz biluzia ageri da zintzilik. Badirudi emakume zaharraren keinuak joko sadiko batean parte hartzera gonbidatzen gaituela, sexuen arteko kontraste handiko harreman batera. Hala ere, badira xehetasun bitxi batzuk: emakumearen eskuak bururantz okertuta daude, lotuta daukaten sokak askatzear daudela ematen du, eta hankak luzatuta ditu, zabalduta... Benetan haragi zati baten antzera eskegita dagoen irudia al dugu ikusgai? Beckmannen lanen artean badira hankaz gora dauden beste irudi batzuk ere, hala nola zintzilik edo erortzear dauden gizonak. Baina lan hau interpretatzea nahiko zaila da...
Mayen Beckmann: Galleria Umberto margolanarekin antzekotasunak ditu. Han gizon bat zintzilik ageri da, eskailera batetik jausten balego bezala; behin eta berriz agertzen dira erortzen diren irudiak. Oraingo irudiak ez du adierazten emakumeari ezer txarrik gertatzen zaionik; zintzilik baino ez dago. Ez dut erasorik dagoenik atzematen. [...] Askotan, aurkitutako irudiak erabiltzen ditu Beckmannek,, eta alderantziz jartzen ditu. Eskultura baten argazkia adibidez: emakume bat zutabe baten gainen behatz puntetan, hankak guztiz irekitzen ditu, argazkia ateratzen du, ondoren eskultura egiten du argazkitik abiatuz, eta etzan egiten du [...] Hemen, gorputza ia-ia, ahaleginik egin gabe zintzilik mantentzen dela sentitzen dugu, zutik egongo balitz bezala; eta badirudi emakumeak ez duela ia pisurik .
1928an, Topaketa gauean egin zuen urte berean, Beckmannek Palkoa margotu zuen. Margolanean dagoen emakume erakargarriak eta atzealde beltzak berebiziko efektua sorrarazten dute. Emakumea esmokina daraman gizon batekin dago, baina gizonak beste toki batetan jarrita du arreta. Hau beste adibide bat baino ez da, Beckmannek behin eta berriz bikote aldenduak hainbat roletan erakusten egin zituen lanen artean. Palkoa Pitsburgeko Carnegie erakustaldira bidali zuen artistak, eta laudatu egin zuten. Ameriketako Estatu Batuetan lortu zuen arrakastarik garrantzitsuena izan zen hura. Geroago, Beckmannek hitzaldi batean bere lan artistikoetan ageri diren kolorerik argi eta ilunenen arteko kontrastea azaldu zuen:
«Zurian eta beltzean bakarrik ikusten dut nik Jainkoa entitate gisa, bere burua etengabe berritzen eta formaz aldatzen duen moduan, beti aldatzen ari den mundu drama handi batean».