Max Beckmann: urmargoak eta pastelak
Mendi paisaia
Quappiri hondartzako kafetegian egindako erretratua
Iruzkinak
Errusiako pabilioiaren eraisketa
- Izenburua:
- Errusiako pabilioiaren eraisketa
- Erakusketa:
- Max Beckmann: urmargoak eta pastelak
- Gaiak:
- Artea eta politika | Ibilbide artistikoa | Argia | Perspektiba | Erakusketak | Hiri-eszenak | Erbestea | Nazismoa | Alemania
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismoa | Objektibotasun Berria
- Teknikak:
- Akuarela
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Beckmann, Max
1938ko martxoa da, eta Max Beckmann Parisera itzuli da. Berriki egindako Mundu Erakusketarako eraiki ziren behin‑behineko pabilioien eraisketa ikusten ari da. Eskuinetara, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko eraikina ikus daiteke, aldamioz inguratuta. Teilatuan, Vera Muchina-k egindako monumentuzko irudien aztarnei antzeman diezaiekegu. Zaldi bat eta gurdi bat ikus daitezke irudiaren ezkerreko aldean. Iturri bateko ur‑emari indartsuak ikuspegia zailtzen badu ere, gurdiak karga bitxia daramala antzeman dezakegu. Bekcmannek hainbat ikuspuntu uztartu zituen: hartara, ikuspegia azalera bakarrean bilduz, dinamismo handia sortu zuen.
Mayen Beckmann: ... obra hau bereziki interesgarria da espazioari dagokionez. Izan ere, balkoitik behera begiratzen ari gara, urrutira. Sakonera leundu egiten du plaza handi bat, iturriak dituena, pintatuz… eta irudiari ematen dion trinkotasuna ordura arte inoiz ikusi ez bezalakoa da.
Halaber, ikus dezakegu Beckmannek inolako zeremoniarik gabe erakusten digula nola lurreratzen duten Reich‑aren arrano itzela, Josef Thorak-ek egina. Gurdian eramatekotan dira. Aurrez aurre egon zen, Albert Speer-rek diseinatutako Alemaniako Etxearen teilatuan. Izan ere, mota horretako «arte»aren arabera neurtzen zituen Adolf Hitler «Führer»ak sorkuntza lan guztiak. Gogora dezagun, bada, garai hartako egoera: aurreko urtean, Max Beckmannen 590 obra bahitu zituzten, Alemaniako museoetan, arte moderno klasikoari lotutako maisulanak bahitzeko kanpainaren barruan. Obra horietako asko Arte Degeneratua zeritzon erakusketa entzutetsuan izan ziren ikusgai, Munichen. Jendearen artean artisten kontrako haserrea pizteko antolatu zen erakusketa hura. Hartara, Beckmannek, eta beste artista ugarik, izan zuten aukera bakarra erbesteratzea izan zen.
Interesgarria da aipatzea, paper gaineko beste hainbat lanen antzera, obra hau ere faltsutu zutela. Obra faltsuaren egilea Albert Paraz [al´beer pa´rass, french] izan zen, Käthe Rapoport von Poradas‑en [Kayta ´rapoport von po´rada, german] laguna. Bidenabar, Vienako aristokrata horren erretratu erakargarria ikus daiteke Frankfurteko Städel museoan. Porada moda kazetari izan zen Parisen, eta 1929 eta 1932 artean Beckmanni lagundu zion, Frantziako hiriburuan egiten zituen egonaldi luzeetarako ostatua bilatzen. Halaber, 1939 arte, haren obraren inguruko erakusketak antolatu zituen. Hala, bada, aristokrataren eskuetan ziren paper gaineko obra batzuk kopiatzen saiatu zen Paraz. Are gehiago, hain kopia onak egin zituen, ezen arte merkatuan saldu zituen inolako arazorik gabe.
Mayen Beckmann: Käthe Poradak oso modu argian jokatu zuen. Haren eskuetan ziren benetako obrak saldu zituen artearen salerosketan jarduten zuen Parisko emakume baten bidez, eta bitartean, bere kontura saldu zituen Parazek egindako kopiak. Eta, noski, jende guztiak pentsatu zuen: koadro horiek saltzen ari bada, benetakoak izan behar dute.
Halabeharrez, 1958an, bai kopia bai originala Erhard Göpel-en eskuetara heldu ziren, hots, Bekcmannen lagun min baten eskuetara. Harrezkero, faltsutze kasu gehiago geratu dira agerian, eta haien berri ematen da erakusketaren katalogoan.