Max Beckmann: urmargoak eta pastelak
Autoerretratua
Tailerra
Iruzkinak
Suge erregea eta emakume otarraina
- Izenburua:
- Suge erregea eta emakume otarraina
- Erakusketa:
- Max Beckmann: urmargoak eta pastelak
- Gaiak:
- Generoa eta sexualitatea | Mitologia | Kolorea | Konposizioa | Sinbologia
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismoa | Objektibotasun Berria
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Beckmann, Max
Lan honen izenburua Suge erregea eta emakume otarraina da, eta maitagarrien ipuin batetik atera dela ematen du. Hala ere, ez da ezagutzen hemen azaltzen den irudiei lotutako iturri literariorik. Beckmannek bi izaki bitxi eta hibrido elkartu ditu. Sexuen arteko borrokari lotutako amesgaizto batetik irten direla dirudi. Erregearen gorputza sendo eta lodikote ageri da toga horiaren azpian, eta estatua baten itxura du. Munstro besoekin bat, matxarden gisako eskuak ditu, eta erreginaren gorputzaren goiko zati bitxia gogor estutzen du. Buru ñimiñoa du, eta koroa txikia darama. Badirudi, togaren azpitik ateratzen den sugearen gorputz meheak ez duela lotura organikorik ar erraldoiarekin. Emaztegaiak, aldiz, osotasun harmoniatsua du. Krustazeoen gisako burua eta buztana ditu. Oihal zerrendek gorputzaren beheko zatia estaltzen diote, baina berna erakargarri bat eta orkatila mehe bat ikus daitezke.
Zein ezkontza beldurgarri zuen buruan Beckmann-ek, irudi honen sortzaileak? Hainbat burutapen sor daiteke. Esaterako, lan honek sugearen inguruko gurtza irudika dezake. Izan ere, Berlin ondoko Spreewald deritzon basoko tradizioetan gurtza horren aztarnak aurkitu dira. Edo, beharbada, sorkuntzaren mitoak irudikatu nahi izan zituen, adibidez, mundua inguratzen duen sugearen kasua. Baina Beckmann gizakiaren izaeraren ikusle ironikoa zen, eta horregatik litekeena da izaki fantastiko hauek irudi handitu gisa erabili izana, mundu errealean gizonen eta emakumeen artean izaten diren harreman groteskoen eta liskarren berri emateko. Edonola ere, pintura hau eztei opari bitxia da. Izan ere, Bernahrd eta Cola Heiden senar‑emazteei oparitu zien 1934an. Gero, Berlingo arte bildumagileek obra hau Indianako Unibertsitateko arte museoari utzi zioten oinordetzan.