Helen Frankentalher: Araurik gabe margotzen
Jackson Pollock, Zirkunzisioa (Circumcision), 1946
Iruzkinak
Sarrera
- Izenburua:
- Sarrera
- Erakusketa:
- Helen Frankentalher: Araurik gabe margotzen
- Gaiak:
- Emakumea artean | Artea eta emozioa | Artearen historia | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Konposizioa | Lan-prozesua | New Yorkeko Eskola | AEB | New York | David Smith | Jackson Pollock | Kenneth Noland | Lee Krasner | Mark Rothko | Morris Louis | Robert Motherwell | Giza harremanak
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismo Abstraktua
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Frankenthaler, Helen
“Arau bakarra da ez dagoela araurik. Dena da posible... Arrisku-kontua da guztia, nahita harturiko arrisku-kontua”.
Helen Frankenthalerren hitzokin egiten dizugu ongietorria Helen Frankenthaler: Araurik gabe margotzen izeneko erakusketa honetara. Esposizio hau Florentziako Palazzo Strozzik eta New Yorkeko Helen Frankenthaler Fundazioak antolatua da Guggenheim Bilbao Museoarekin lankidetzan eta BBVA Fundazioaren babesarekin.
Hirurogei urtez, Frankenthalerrek ibilbide oparoa izan zuen margolari, grabatzaile eta eskultore gisa.
Bisitatzear zauden erakusketa honetan, 27 margolanen eta hiru eskulturaren bitartez aztertzen da artistaren bilakaera. Guztiak 1953 eta 2002 artean sortuak dira.
Erakusketan, beste sortzaile batzuek eginiko pinturak eta eskulturak ere ageri dira: Jackson Pollock, Mark Rothko, David Smith, Anthony Caro, Robert Motherwell, Morris Louis eta Kenneth Noland artistek egindakoak, hain zuzen. Haiek guztiek izan zuten eraginik Frankenthalerren ibilbide artistikoan, eta, kasu batzuetan, gainera, harreman pertsonal estua izan zuten artistarekin. Pieza hauetako batzuk Frankenthalerren bilduma pertsonalekoak dira.
Proiektu honetan, artistaren lagunartea erabakigarria da; izan ere, argigarri gisa erabiltzen da Frankenthalerrek berak eginiko berrikuntzak testuinguruan kokatzeko. Margolariak kontu handiz aukeratu zituen bere adiskiderik gertukoenak, eta sormena suspertu zioten lagunak izan zituen inguruan.
Helen Frankenthaler 1928an jaio zen New Yorken, eta familia judu kultu batean hazi zen. Bere sorterriko Dalton School ikastetxean trebatu zen, eta gero Vermonteko Bennington College ikastegian. 1949an Manhattanera itzuli zen, eta bere estudioa ireki zuen bertan.
1950az geroztik, bost urtez, harreman sentimentala izan zuen Clement Greenberg kritikari ospetsuarekin. Hark New Yorkeko Eskolako artista asko aurkeztu zizkion; haietako batzuk funtsezko figurak izan ziren gerraosteko arte estatubatuarrean.
1950eko abenduan, Adolph Gottlieb artistak Frankenthalerren lanetako bat aukeratu zuen Fifteen Unknowns: Selected by the Artists of the Kootz Gallery (Hamabost ezezagun: Kootz Galeriako artistek hautatuak) izeneko erakusketa kolektiborako. Hurrengo urtean, parte-hartzailerik gazteena izan zen 9th Street Exhibition of Paintings and Sculpture (9. kaleko pintura- eta eskultura-erakusketa) delakoan: Jackson Pollock, Willem eta Elaine de Kooning, Hans Hofmann, Lee Krasner, Robert Motherwell eta beste egile askoren lanak egon ziren bertan ikusgai.
1952an, bere berrikuntzarik handiena txertatu zuen Frankenthalerrek: “busti eta zikindu” teknika, alegia. Gerora beste artista batzuek ere baliatu zuten teknika hura. 1958an Robert Motherwellekin ezkondu zen, eta 1971ra arte egon ziren elkarrekin. Bere bizitzan zehar, Frankenthalerren inguruko artistek berak bezalakoxe konpromiso irmoa izan zuten esperimentazioarekiko: batzuk adiskide izatera iritsi ziren; elkar ikustera joaten ziren bata bestearen estudioetara, eta iritzi-truke oparoa izaten zuten gutun bidez. Horretaz gainera, Frankenthalerrek haien lanen bilduma egiten zuen: Manhattango bere etxea apaintzeko erabiltzen zituen obra haiek ederki erakusten dute zer-nolako lotura afektibo eta emozional sakonak zituzten.
Frankenthalerrek inoiz ez zion utzi pintatzeko modu berriak arakatzeari, material berritzaileak baliatzeari. Arauekiko interesik ez zuenez, behin eta berriz berrasmatu zuen bere burua. Frankenthalerrek abstrakziora bideratu zuen bere jarduna, eta bere lengoaia piktoriko propioa garatu zuen forma, irudi, zeinu eta sinboloekin. Bere irudiak misteriotsuak eta anbiguoak izatea nahi zuen, pertsona bakoitzarentzat esanahi desberdinak edukitzea. Era berean, bere lanak ederrak izatea nahi zuen: “Pintura eder orok”, esan zion museo bateko arte-arduradunari bere bizitzaren azkenetan, “premia- eta urgentzia-sentsazioa izaten du; badirudi nahitaezkoa dela artistak obra hori sortzea, nahitaez sortu beharrekoa balitz bezala”. Piezak noiz eginak diren alde batera utzita, Frankenthalerren abstrakzio poetikoak betiereko orainaldi batean bizi dira.