Helen Frankentalher: Araurik gabe margotzen
Sarrera
Helen Frankenthaler, Horma irekia (Open Wall), 1953
Iruzkinak
Jackson Pollock, Zirkunzisioa (Circumcision), 1946
- Izenburua:
- Jackson Pollock, Zirkunzisioa (Circumcision), 1946
- Erakusketa:
- Helen Frankentalher: Araurik gabe margotzen
- Gaiak:
- Emakumea artean | Artea eta emozioa | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Konposizioa | New Yorkeko Eskola | AEB | New York | Artistak | Jackson Pollock
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismo Abstraktua
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Frankenthaler, Helen | Pollock, Jackson
Artista gaztea zelarik, Helen Frankenthaler zeharo txundituta geratu zen Jackson Pollocken teknika heterodoxoarekin. Izan ere, mihiseak bere estudio traketseko lurrean zabaldu eta zuzenean margotzen zuen haien gainean Pollockek. Pintura bota eta tantaka isurarazten zuen energia neurrigabe batek bultzaturiko mugimendu indartsu eta espontaneoekin.
Hitz hauexekin kontatzen zuen Frankenthalerrek berak:
“Garai hartan, berrogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, haren azkeneko pinturak aletegi bateko zoruan zabalduta ikustea, hura guztia barneratzea, haiei buruz txantxetan aritzea, aletegiko zoruan obra lau alboetatik zeharkatzea edo horman zintzilikatzea, ahalik eta modu guztietan bira emanda. Begiratzea. Eta begiratzea. Gau hartan bertan geroago itzultzea, berriro begiratzeko, eta biharamunean, beste behin ere begiratzea”.
Pollocken keinu-abstrakzioak aurrez aurre ikusi ondoren, Frankenthaler bere estudioko lurrean zabaldutako mihise handien gainean margotzen hasi zen, kolaz edo bestelako inprimazioren batez egin ohi den prestakuntzarik gabe. Koloreak ehunean bertan sartzea ahalbidetzen zuen horrek. Pintura, trementinaz edo bestelako disolbatzailez diluituta, zuzenean isurtzen zuen mihise gainera, eta akuarelaren antzeko trinkotasun arin eta gardena lortzen zuen emaitza gisa.
1952ko udazkenean, Mendiak eta itsasoa mihisea sortu zuenean, Frankenthalerrek birdefinitu egin zuen pintura abstraktuaren kontzeptua, eta hartu-eman berria hasi zuen kolorearen, espazioaren eta formaren artean. Mendiak eta itsasoa izan zen “busti eta zikindu” teknikarekin sortutako lehen obra. Ondoren beste batzuk egin zituen, hala nola atal honetan bertan aurkituko duzun Horma irekia.
Zenbait unetan, Frankenthalerrek askotariko tresnak baliatu zituen pintura mihisearen gainean aplikatzeko eta manipulatzeko: belakiak eta pintzelak, trapuak eta baietak, baina baita xehetasunak eta lerro finak sortzeko aukera ematen zioten objektuak ere, edo are espatulak, artean heze zegoen pinturaren gainazalean marrazkiak edo marrak egiteko. Eskuak eta hatzak ere baliatzen zituen, prozesuaren gainean kontrol zuzenagoa eta pertsonalagoa behar zuenean.
Frankenthalerrek jarrera malgua izan zuen tresna eta metodoekiko, arauekiko loturarik gabe.
Hara zer zioen artistak berak gai horri buruz:
“Edozer erabiltzen dut. Brotxa handiak. Espatulak. Askotan, burdindegi on batera edo bazar batera joaten naiz gauza bila. Behin, koadro bikain bat egin nuen espagetiak zerbitzatzeko koilara batekin. Asko erabiltzen ditut belakiak, makilekin lotutako belakiak, hala nola belakizko fregonak, kristalak garbitzeko arraspak, haizetakoak garbitzeko eskuilak. Eta, batzuetan, baita lepahori-ilez eginiko pintzel on bat ere. Aldatu egiten da. Bai. Batzuetan, gamuzazko eskuzorro bat eta neure eskua, segun eta zer asmatu nahi dudan eta segun eta koadroak zer premia ageri duen; izan ere, asko ikasten duzu zeure pinturari erreparatuz; utzi egin behar diozu esaten zer gehiago behar duen, non eta nola”.
Pollockek asto gainean margotutako Zirkunzisioa (1946) obra ere jasota dago erakusketa honetan. Pintura mihise osoan tantaka isurtzean datzan all-over drip teknika garatu baino urtebete lehenago sortu zuen artistak lan hori eta, bertan, erritualekin, arketipoekin eta mitologiekin lotutako gaiak aztertu zituen. Konposizio trinko horrek gainjarritako elementu figuratiboen zatiak, lerro erritmikoak, keinuen pintzelkada adierazkorrak eta kolore biziak ageri ditu. Izenburuak iniziazio-erritu baten irudikapena iradokitzen du, errealitate oniriko eta sinboliko batena. Margolan hori inspirazio-iturri izan zuen Frankenthalerrek bere zeinu eta sinbolo piktorikoak sortzerakoan, irudimena aske uzteko bitarteko gisa.