Chagall. Urte erabakigarriak, 1911−1919
Gela horia (La chambre jaune), 1911
Paris leihotik (Paris par la fenêtre), 1913
Iruzkinak
Abere-tratularia (Le marchand de bestiaux), 1912
- Izenburua:
- Abere-tratularia (Le marchand de bestiaux), 1912
- Erakusketa:
- Chagall. Urte erabakigarriak, 1911−1919
- Gaiak:
- Kolorea | Mugimendua | Erbestea
- Mugimendu artistikoak:
- Fauvismoa | Kubismoa
- Artelan motak:
- Pintura
Umetan, abere-azokara joatea gertaerarik zirraragarrienetakoa zen Marc Chagallentzat, Vitebsk hiri txikian zeraman ohiko bizimoduaren asperdura eteten zuena. Neuch osabaren gurdian joan ohi zen. Horrela gogoratzen zuen margolariak:
“Zutaz gogoratzea ahaztu zait, Neuch osaba txikia. Elkarrekin joaten ginen abereen bila larrera. Zeinen zoriontsu egiten ninduen triki-traka zebilen zure gurdi hartan zurekin joateko aukera emateak!”.
Umearen zirrara hori, bidaiaren irrikan egotea eta bideko bizipenak, han zebiltzan pertsonaiak ezagutzea, abereen bizimoduaren soiltasun eta edertasun xaloak eragindako harridura… hori guzti hori dago margolan honetan [Abere-tratularia, 1912].
Koloreen erabilera ez da naturalista, baina ez digu eragozten lana osatzen duten osagaiak ezagutu eta balioestea. Kolorea erabiltzeko modu horrek zirrarazko eduki are handiagoa emateko aukera eskaintzen dio artistari. Hemen, “Fauvismoa” izeneko joerako artisten antzera erabiltzen ditu koloreak Chagall-ek.
Erabilera horren adibide ona da ernari dagoen behorraren irudia osatzen duen gama kromatikoa, gorri eta arrosen artekoa. Haren bizitasunak behartu egiten gaitu arreta haren irudira eramatera, eta haren barnean hazten den bizi-indarra nabarmentzen du.
Abereak, pertsonaiak eta objektuak nolabaiteko simetrian daude kokatuta mihisean. Hala ere, konposizio honetan nabarmentzen dena figuren arteko tentsioa da: lanak eskuinalderako mugimenduaren sentsazioa igortzen duen arren, buru horiek zein bere aldera begira daude.
Mugimenduaren inpresio hori areagotu egiten da koadroan antzematen den forma geometrikoen hurrenkerari esker, lurrean dauden triangeluak, esaterako. Bolumenak soiltzeko geometria erabiltzea Kubismoaren herentzia da, artistak Parisen ezagutu zuen joerarena.
Hala ere, errusiar arte herrikoiaren eragina ere igartzen da. Ildo horretatik, historialariek nabarmendu nahi izan dute Chagallentzat noraino izan ziren garrantzitsuak lubok direlakoak: XVIII. eta XIX. mendeetako grabatu herrikoiak ziren, eta istorioak kontatzen zituzten irudi soilen bitartez; irudi horiek ertz argiak zituzten eta kolore leuneko azaleraz beteta zeuden. Lubok direlako horiek komikiaren aurrekari errusiartzat jotzen dira.
Edonola ere, Ekialde nahiz Mendebaldeko artegintzaren, Parisko abangoardien eta bere Errusiako sorterriko baliabideak erabiliz, bere lengoaia sortzea lortzen du Chagallek margolan honetan, eta lengoaia hori bere ikuspegi poetikoa islatzeko baliatzen du. Horrekin ekartzen du shtetl direlakoen irudi maitagarria, alegia, gehienbat juduak bizi zireneko hiri txiki haiena, Europako erdialdean eta ekialdean eraikitzen zirenena. Horrela, herriminetik ekartzen du gogora haurtzaroko paradisu galdua.