Chagall. Urte erabakigarriak, 1911−1919
Autorretratua, 1914
Erlojua (La Pendule), 1914
Iruzkinak
Magoa (Ytzhak Leibusch Peretz-en ipuinerako marrazkia, yiddishez argitaratua Vilniusen, Kletzkin, 1917) [Le Prestidigitateur (Illustration pour le conte de Ytzhak Leibusch Peretz publié en yiddish à Vilnius, chez Kletzkin, en 1917)], 1915
- Izenburua:
- Magoa (Ytzhak Leibusch Peretz-en ipuinerako marrazkia, yiddishez argitaratua Vilniusen, Kletzkin, 1917) [Le Prestidigitateur (Illustration pour le conte de Ytzhak Leibusch Peretz publié en yiddish à Vilnius, chez Kletzkin, en 1917)], 1915
- Erakusketa:
- Chagall. Urte erabakigarriak, 1911−1919
- Gaiak:
- Artea eta literatura | Judaismoa
- Teknikak:
- Marrazkia
- Artelan motak:
- Pintura
Vitebsk-era itzultzea bere buruarekin, paisaiarekin eta familiarekin berriz topatzea izan zen Chagallentzat. Topo egin zuen, halaber, bere kulturarekin eta bere erlijioaren usadioekin, komunitate judu hasidiko batean hazi baitzen artista.
1905eko errusiar Iraultzatik, judu intelektual eta aberatsek, hirietan postu garrantzitsuak betetzen hasiak zirenez, lehenago ukatuta zituzten zenbait askatasun eskuratu zituzten. Chagall Arteen Garapenerako Judu Elkarteko kide egin zen, eta lanean buru-belarri aritu zen bertan, erakusketak antolatzen eta enkargu garrantzitsuak hartzen, esaterako, lanbide eskola bateko horma-irudiak berak margotu zituen.
Kultur tradizio horretan, herri kontakizunak, askotan, ideia erlijiosoen garraiobidea izaten ziren. Isaac Peretz idazleak bildu zituen kontakizun horietako asko bere ipuinetan. Magoa da horietako baten izenburua, Chagallek marrazki sail batekin hornitu zuena. Hau da marrazki haietako bat, eta istorioaren pertsonaia nagusia erakusten du…
“Misterioaren beraren irudia zen: zarpak janzten zituen, eta kapela zimur baina oraindik baliagarria zeraman. Eta Jainkoak sudur erabat judua eman zion arren, bizarrik gabeko aurpegia erakusten zuen, kristauen moduan. Bidaiatzeko agiririk ere ez zuen eramaten, eta inork inoiz ez zuen ikusi janaririk ukitzen, kosher izan ala ez. Inork ez zuen asmatuko nor zen. Galdetzen bazioten ea nondik zetorren, berak erantzuten zuen “Paristik”, eta nora zihoan galdetuta, berriz, “Londresera” erantzuten zuen berak (…). Areto bat alokatu zuen eta magia-ikuskizunak eskaintzen hasi zen. Eta nolako magia!”.
Mago zarpail eta iruzurgilea, ez helbiderik eta sorterririk ez zuena, eskuinean ageri da lan honetan, bere botereak erabiliz eszenatokian. Bere zarpengatik eta kapelagatik antzematen ahal dugu nor den, baina bere garrantziagatik ere bai, gainerako pertsonaiak baino dimentsio handiagoa duelako. Haren magia eszenaratzen da mahaiaren hegaldi horretan, eta airean ibiltzeko duen gaitasunean, naturaren legeei muzin egingo balie bezala.
Peretz-ek kontatutako ipuinean, senar-emazte behartsu batzuentzat mahaia jaztea eta janari ugariz hornitzea lortu zuen magoak, nola inork ez zekiela, Pazko egunaren bezperan. Ikaratuta, senar-emazteak lasterka joan ziren rabinoarengana galdetzera ea jaki haiek jan zitzaketen edo hura guztia deabruaren lana ote zen. Etxera itzuli eta afaria oraindik haien zain zegoela ikusi zutenean, berehala ulertu zuten magoa, egiaz, Elias profeta zela, beraientzako miraria egin zuena.
Peretz-en testuak ezagutu zituenean, bere haurtzaroa eta herria gogoratu zituen Chagallek, berak azaltzen zuenez:
“Irudi eta figura judu behartsu eta ederrak orrialde zurien gainetik dabiltza hegan (…) ez dira ba, gure barnean haurtzarotik ibili, hara eta hona, aztoratuta? Doinu horiek, sabbat eguna, ostiral gauak, belusezko kapelak, lehenengo amodioak, salmoak gogora ekartzen dituzten paisaiak, abeslari nekatuaren azken tonuak eta juduak, juduak lurrean eta zeruan.”.