Irudiak mugimenduan. Guggenheim museoetako bildumako gaur egungo argazkiak eta bideoak
Sarrera
Mariko Mori, Lur garbia (Pure Land)
Iruzkinak
Anna Gaskell, Izenbururik gabea (desilusioa) [Untitled (override)]
- Izenburua:
- Anna Gaskell, Izenbururik gabea (desilusioa) [Untitled (override)]
- Erakusketa:
- Irudiak mugimenduan. Guggenheim museoetako bildumako gaur egungo argazkiak eta bideoak
- Gaiak:
- Artea eta literatura | Artea eta emozioa | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Sormena | Perspektiba | Tamaina | Dualtasuna | Sentimenduak | Beldurra
- Artelan motak:
- Argazkia | Instalazioa
- Aipatutako artistak:
- Gaskell, Anna
Instalazio honetan, Anna Gaskell artista iparramerikarrak serie desberdinetako argazki-sorta bat konbinatu du, 1996 eta 1999 urte bitartean egindakoak. Serie horietako bi, zehazki Miraria (Wonder) eta Desilusioa (Override) izena dutenak, Lewis Carroll-en Alice-ren abenturak lurralde miresgarrian ipuinean oinarrituak daude, Gaskellen irudiek narratiba lineal bati jarraitzen ez badiote ere. Bertako protagonista, Alice, aurremantala daraman neska da, eta nahiko beldur eragiten duen ametsezko mundu batean bizi dela dirudi. Zerua urdina eta belarra berdea izan arren, azpian ezkuturik dagoen zorigaiztoko zerbait gertatzen ari dela dirudi. Ipuinean Alice bere tamainaren frakzio batera murriztua geratzen den bezala eta geroago proportzio erraldoi batzuk lortu arte hazten den bezala, Gaskellek argazkiaren dimentsioak aldarazi ditu efektu hori bera lortzeko. Tamaina aldarazteko, Gaskellek perspektiba erabiltzen du baita ere, Aliceren oina lehen planoan ikusten dugun irudian adibidez, oina era barregarri batez handiagotua duelarik.
Gaskellek bere efektuak eransten dizkio Lewis Carrollen fantasiari. Argazki batzuetan bi Alice ikusten ditugu ispilu-simetria arraro batean, nahastea eragiten duen bikoizketa bat sortzen duen simetria izanik. Argazkietako batean bi Alice horiek elkarlotuak daude. Batek sudurretik heltzen dio besteari, ahoz ahoko arnasketa egiten ari balitzaio bezalaxe, edo beharbada bere doblea ito nahian. Beste argazki batean bikiak bata bestearen ondoan etzanda daude, baretasun morboso batean. Beste argazki batean Alice urratu nahian tiraka ari diren neska talde baten menpe dagoela dirudi. Baina neska horiek Aliceren beraren zati berriak izan daitezke, eta baliteke iletik tiraka aritzea Alice haztea eragozten saiatzen ari direlako mina egin nahian baino gehiago —haurrek nerabezaroan sartzen direnean sentitzen duten nahastearen irudi hunkigarria, alegia—.
Nerabeen beldurra Gaskellek ondoren egin zuen serie batean ere aztertu zuen. Serieak Larrua (Hide) du izena eta erakusketa honetan dago ikusgai. Miraria eta desilusioa serieak bezalaxe, Larrua haurrentzako ipuin batean oinarritua dago —Grimm anaien kontakizun kezkagarri batean—. Ipuin horretan neska gazte bat animalia baten larruaz mozorrotzen da aitarekin ezkontzea eragoztearren. Gaskellek kandelez argiztatutako etxe dotore eta gotiko batetik noraezean dabilen neska gazte batzuk erakutsiz lantzen du zorigabeko istorio hori. Hemen ere, irudiak anbiguoak dira eta intriga sexuala, susmoa eta beldur-ikara sorrarazten dute.